euskaraz.net
Reala: Riesgo

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 88 2007/11 »  Reala: Riesgo



Elkarrizketa

Asier Riesgo
“Nire desioa Realarekin txapeldun izatea da”
Asier Riesgo (1983ko urriaren 6an Deban jaioa), Realeko atezaina, zoriontsu egingo duzu espageti batzuk prestatuta. 24 urteko beste edozein gazte bezala, gustu arrunteko mutil jatorra da Asier. Realeko ustekabe handienetakoa bihurtu da. Oso gaztea izan arren, 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatu du, eta Realean gero. Amaikak Bat taldetik etorri zen Realera, eta 2002-2003 eta 2003-2004 denboraldietan Eibar taldean jokatu zuen Realak utzita. Munduko txapeldunorde izan da 20 urtez azpikoen mailan.


Nola hasi zinen futbolean jokatzen?

Txiki txikitan hasi nintzen. Nire aitarekin hasi nintzen futbol zelaietara joaten eta, gero, aitak lagunekin jokatzera bultzatu ninduen. Halaxe izan zen nire hasiera.

Betidanik izan nahi al zenuen atezain?

Honetan ere aitak du eragina. Nire aitak bultzatu ninduen atezain izatera. Hori izan zen erakutsi zidan lehenengo gauza, eta gero besterik ez dut izan buruan.

Gogoratzen al duzu Realarekin jokatutako lehenengo partidua? Nolakoa izan zen?

Gogoratzen dut, bai! Batez ere lehenengo partidua, Levanteren aurkakoa. Tentsio handia, emozio asko eta sentsazio pila bat. Polita izan zen.

Zure forma fisikoa mantentzeko ezer berezirik egiten al duzu?

Ez, normalean, ez. Etxean gauza normalak jaten ditut. Agian, gantz kontuarekin gauza batzuk kentzen ditugu, baina, oro har, janari normala jaten dut.

Inoiz izan al duzu futbola uzteko moduko lesiorik?

Ez, zorionez, ez dut modu horretako lesiorik izan, eta hala jarraitzea espero dut.

Partida bat amaitzen duzunean, zer emozio edo sentipen duzu?

Nik uste emozio hori emaitzaren araberakoa izaten dela. Partidua ondo atera bada, sentsazio onak; eta galdutakoan, triste. Emaitzaren arabera.

Gogoratzen al duzu anekdota barregarririk?

Bai. Futboletik kanpo, neska batek, 11-12 urteko neska lasartear batek, etxera deitu zidan eta ez zuen hitz egiten, negarrez entzuten nuen. Jokoan, ez dakit, ez daukat gogoan. Beti gertatzen zaizu zerbait, baina ezer berezirik ez. Ez dut aipatzeko moduko ezer gogoratzen. Hori bai, nire oroimenean beti izango da Madrilen gertatu zitzaiguna, bonbarena; sei minutu falta zirela, kanpora atera behar izan genuen futboleko arropa eta guzti.

Gustatzen zaizu neska-mutil gazteek kalean ezagutzea?

Ez dit ilusio berezirik egiten. Askotan, faena da ezaguna izatea. Gauza asko mugatzen dizkizu, eta zer egiten ari zaren begira egoten dira askotan.

Nola bizi izan zenuen Eibarren egindako denboraldia?

Oso ondo. Nire ustez, oso garai ona izan zen. Urte eta erdi egin nuen bertan. Lehenengo urtea gogor samarra izan zen, azken unean salbatu ginelako; baina bigarrenean askoz hobeto moldatu ginen, eta oroitzapen ezin hobea dut taldeari, zuzendaritzari eta zaleei dagokienez.

Amorrortu entrenatzailearekin denbora luzez aritu zara lanean. Nolakoa da zuen harremana?

Ona. Amorrortuk konfiantza izan zuen nigan, eta ni konfiantza hori itzultzen saiatu nintzen. Esker ona besterik ez dut Jose Marirentzat.

Orduan, laguntzat daukazu?

Laguntzat, ez. Guk genuen tratua entrenatzailearen eta jokalariaren artekoa zen, eta, azkenean, berak ere jokalari gisa hartzen ninduen.

Kanpoan partida bat jokatzerakoan, izaten al duzue hiria bisitatzeko astirik?

Ez, ez daukagu denborarik. Goazen lekura goazela, hotelean sartuta egoten gara eta, agian, ordubeteko buelta bat ematen dugu, baina ez zaigu beste ezertarako denborarik geratzen.


Bat-batean
Zenbat autografo sinatzen dituzu egunean?
Ez dakit, egunaren arabera.

Futbolaria izango ez bazina, zer izango zinateke?
Ez daukat garbi, beste kirol batean aritzea gustatuko litzaidake.

Zer moduzko ikaslea zinen txikitan?
Normala (barrez).

Gehien miresten duzun futbolaria?
Ba... Casillas.

Donostian galtzeko leku bat?
Haizearen orrazia.

Bidaiatzeko leku bat?
Australia.

Musika talde bat?
Gatibu.

Pelikula bat?
Gladiator.

Jaki bat?
Espagetiak.

Desio bat?
Realarekin txapeldun izatea.

Elena Arrue, Andrea Camara, eta Leire Cruz

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena