euskaraz.net
Egiako leku ederrak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Egiako leku ederrak



Donostia auzoka

Egian ere bada leku ederrik

Badirudi Donostia Frantziako Pasealekuan bukatzen dela eta tren geltokiaren beste aldean ez dagoela ezer. Egian ere badugu makina bat leku eder. Egiak mugakide ditu beste hiru auzo: Gros, Intxaurrondo eta Loiola. Toki aldapatsua den arren, gazteak gustura jolasten gara bertan.

Egiako ezagunenak Gladysenea parkea eta Tabakalera museoa dira, kanpotik etortzen direnentzat, batez ere. Parkea lorez, belarrez eta zuhaitz bereziz josita dago, eta naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Hiri barruan dagoen parkerik politena da. Tabakalera museoa tabako lantegia izan zen garai batean. Orain, berriz, hainbat erakusketa egiten dira bertan, eta jende asko hurbiltzen da bertara; turistak, batez ere.

Bi plaza nagusi ditugu Egian: Martin Santos Plaza –guk Plaza Handi deitzen duguna– eta Plaza Berria. Haur eta gazteentzako gozoki-denda asko daude, baita tabernak ere gurasoentzat.

Egian kirola egitea gustuko dugunez, kiroldegia daukagu gimnasioarekin, frontoiarekin eta futboleko, eskubaloiko eta saskibaloi kantxekin. Bada futbol-zelai bat ere, Matigotxotegi izenekoa, eta Zuhaizti igerilekua. Azken hau nahiko berria da, eta kirola egiteko aparta. Udan hainbat jarduera antolatzen dituzte bertan: igeriketa, eskrima, yoga, eta abar.

Kultur etxean ere hainbat ekintza egiten dira. Gazteen lokala dago kultur etxearen barruan, baita liburutegia ere. Tailer mota asko antolatzen dituzte bertan: besteak beste, musika, dantza, plastika eta informatika.

Egiak antzoki modernoa du, Gazteszena izenekoa, 1998ko maiatzaren 27an inauguratua. Guztira 264 lagunentzako jarlekuak ditu, eta beste 500 lagun har ditzake zutik. Denetarik egiten da bertan: antzerkiak, ikuskizunak, dantza-erakustaldiak, kontzertuak, eta abar.

Eta laster bi anbulatorio ere izango ditugu.

Hainbat ikastetxe ere baditugu Egian: Zuhaizti, Maria Reina, Presentacion de Maria eta Aitor Ikastola.

Egiako jaiak, Porrontxoak, irailaren erdialdean izaten dira, eta jende asko etortzen da kanpotik. Ura, irina eta arrautzak botatzen ditu jendeak, eta giro aparta izaten da. Etorri nahi baduzue, gonbidatuta zaudete!
Aitor Ikastola



Egiako eraikin ederrenetako bat: Tabakalera