euskaraz.net
Parcour kirola

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Parcour kirola



Kirolak

Parcour
Kalean dauden oztopo, koska eta gainerakoak gaindituz ibiltzeko artea da parcourra. Kirol arriskutsutzat hartzen da.
David Bellek sortu zuen, Frantzian, bere aitari esker. Bera ez zen gainontzeko mutil guztiak bezala hazi, militar baten antzera baizik. Aitak txikitatik entrenatu eta prestatu zuen gero fisikoki trebea izan zedin. Halaxe sortu zen gaur egun kalean egiten den parkourra.

Kirol arriskutsu hau egiten duten pertsonei traceur deitzen zaie.

Gehienak gazteak izaten dira, 14 eta 30 urte bitartekoak. Pertsona trebe hauek geroz eta gehiago trebatzen dute beren abilezia, salto eta oztopo gehiago eta zailagoak gaindituz. Dena den, egunero egiten duten entrenamendu fisiko eta psikikoa da garrantzitsuena.

Kirola egiten hasi aurretik, edozein arte edo kiroletan bezalaxe, gutxieneko beroketa egin behar izaten dute eta, gainontzeko kiroletan bezala, geroz eta ariketa zailagoak egiten dituzte.

Kirol honetan aritzeko, lehenengo, leku eta une aproposa topatu behar ditugu. Ondoren, gorputza behar den moduan prestatu behar da, beroketa ariketak eginda. Gero, taldekideekin zer jauzi egin pentsatu eta zirkuitua prestatu behar da. Horiek egindakoan, prest gara abenturari heltzeko.

Hainbat jauzi mota daude:

Spring Jump: luzerako jauzi mota bat da, eta hau egiteko garrantzitsua da abiadura hartzea. Oin batekin bultzatu eta airean daudela oin aldaketa egiten dute, beste hankarekin erortzeko. Hau egin eta gero, lurrean kiribildu ohi dira normalean, minik ez hartzeko.

Esku jauziak: mota honetako jauzietan, hanken luzera motz gelditzen denez, eskuak erabili behar dira hurrengo paretera heltzeko.

Tik-tak jauziak: jauzi hauek egiteko, behar den luzera hartu behar da eta, ondoren, kontrako paretean oinarrituta, beste paretera jauzi egiten da.

Oztopoak gainditzeko jauziak: kaleko trabak gainditzean datza. Horretarako, hankak tolesten dira, oztopoa ukitu gabe igarotzeko.

Jauzi itsua: jauzi hau trabaren beste aldean zer aurkituko dugun jakin eta ikusi gabe egiten da. Oso arriskutsua da.

Backflip jauzia: pareta batetik atzerantz bira eginez salto egitean datza.

Flip: aurrekoaren antzekoa da, baina hau aurrerantz egiten da.
Herri Ametsa