euskaraz.net
Mendizabal II.

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 92 2008/05 »  Mendizabal II.



Donostia auzoka

Mendizabal II. Nire ametsa egi bihurtu da
Oier Mendizabal 24 urteko pilotari añorgatarrak binakako txapelketa irabazi du Aimar Olaizolarekin batera. Txiki-txikitatik datorkio pilotarako zaletasuna. Añorgan egin zituen lehen urratsak.
Norengandik datorkizu pilotari izateko grina?

Txikitatik datorkit. Txikitan nire anaiarekin jolasten nintzen etxe ondoko frontoi txiki batean. Amassorrain ikastolara etortzen nintzenean ere beti pilota eramaten nuen poltsikoan.

Grina txikitatik datorkizula diozu, baina argi al zeneukan pilotari izango zinela?

Ez, ez nuen batere argi. Pilota eta futbola gustatzen zitzaizkidan, baina azkenean pilota aukeratu nuen.

Non ikasi duzu pilotari buruz dakizun guztia?

Orduak pasatu ditut frontoian eta hor asko ikasten da. Irakasle onak ere izan ditut; horien artean, Mikel Unanue.

Asko kostatu al zitzaizun pilotaren munduan sartzea?

Bai, asko kostatu zitzaidan. Afizionatuetan ere partida asko jokatu nituen eta nahiko gogorra izan zen guztia. Lan handia egin behar da zerbait lortu nahi bada.

Noiz pasatu zinen afizionatuetatik profesionaletara?

Orain dela bi urte pasatu nintzen, eta poz handia hartu nuen.

Ba al duzu idoloren bat?

Mikel Unanue izan da beti nire erreferentzia, asko ikasi dut berarekin.

Eta etsairik ba al duzu?

Ez dago etsairik, aurkariak baizik. Aldageletan gaudenean lagunak gara, baina partida hasten denean bakoitzak berea egin behar du. Gure artean oso ondo moldatzen gara.

Zer estrategia erabiltzen duzu partidatan?

Hainbat aurkariren kontra aritzen naizenez, besteek dituzten gabezietan oinarritzen naiz partida aurrera ateratzeko.

Espero al zenuen hain azkar txapelketa bat jokatzerik?

Ez, hasieran Zearra zen titularra, baina lesionatu egin zenez, gero nigan pentsatu zuten. Finalaurrekoetara pasatu ginenean, nik jarraituko nuela esan zidaten.

Harro sentitu al zinen Aimarrekin bikotea osatuko zenuela jakitean?

Aurreko lan guztiari etekina ateratzeko aukera izan da. Pena eman dit ordezkoa izateak, baina bai, harro sentitu naiz.

Zer sentitu zenuen finalera iristean?

Amets bat egi bihurtu zela.

Eta txapela irabazi zenuenean?

Sari handi bat dela, eta nire ametsa azkenean benetakoa zela.

Aimarrekin zer moduz moldatu zara?

Asko lagundu dit, oso erraza da berarekin jokatzea.

Partida irabazi zenuten, baina nolakoa izan zen?

Partida polita bezain gogorra izan zen. 15-7 galtzen ari ginenean asko sufritu genuen, baina azkenean, irabaztea lortu genuen.

Jokatzen ari zaretean, entzuten al dituzue jendearen oihuak?

Aldageletatik oso argi entzuten genituen, baina kantxara ateratakoan partidan kontzentratu behar duzu, nahiz eta oihuak entzun.

Zer duzu nahiago binaka ala banaka aritzea?

Nahiago dut binaka aritzea, errazagoa baita. Baina meritu handiagoa du banakako txapelketa irabazteak.


Oier Mendizabal autografoak sinatzen

Amassorrain

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena