IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2003 - 14. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Aspaldiko adiskide hori

Aspaldiko adiskide hori




Aspaldiko adiskide hori:


Badakit, bai, ez zaizula batere gustatzen nirekin mintzatzea baina oraingo honetan ezin nintzen ezer esan gabe gelditu; ondorioz, gutun hau bidaltzen dizut.

Ez dakit ondo gogoratuko zaren gure azken topaketaz baina aurrekoak bezain tamalgarria izan zenez, eskutitz hau idaztera bultzatu ninduzun. Egunak dira honetan pentsatzen dudala, beno, egia esan urteak. Betidanik izan zara berekoi, bakarti, maltzur... baina gehien kezkatzen nauena sortzen duzun tristura da. Beti hain ilun! Gutxienez bizitasuna emango bazenio zure jokaerari! Oso kaskagogorra zara gainera eta hori ez da batere atsegina. Beti zuk eduki behar duzu arrazoia eta badakizu ni ez nagoela horren alde. Garai batean denoi irabazi zenigun baina ohar zaitez pixkanaka aurre hartuko diogula besteok elkarrekin zure botereari.

Ez dut uste jendeak gogoko zaituenik ezta izango ere. Ni bezalakoa bazina, ez litzateke horrenbeste buruhauste gertatuko. Saiatzen naiz atsegina izaten, gozoa, alaia eta baketsua, baina ez dut beti lortzen. Nire barnean bazaitudala uste dut, zuria ez den guztia ona ez dela onartzen dut.

Ez dut ulertzen zure jokabidea, horregatik ere idazten dizut, zure jokabidea nolakoa den ezagutu nahi dut, ulergaitza zait eta. Zergatik heriotzaren ondoren beltzez jantzi? Ez al dago kolore biziagorik? Nahiko tristura dago maite dugun norbait joatean, gainera tristura handiagoa jasateko beltzez jantzita joan behar bada. Ikatza bezain iluna da, zakarra, aberastasunik gabea, zergatik orduan beltzez?


Ni esnea bezain zuri,
zu, aldiz, txipiroien tinta bezalakoa beltz-beltza.
Ni xaboiaren aparraren antzera zuri, distiratsu,
zu, ordea, bikea bezain beltz eta kirasdun.
Hain gara ezberdinak ondoan egonda ere!
Zu betuna baino beltzagoa,
ni, Edurne Zuri baino zuriago.
Zu galipota baino ilunagoa,
ni, berriz, elurra baino argiago.
Neu eguna bezain bizi eta alaia,
zeu gaua bezain isil eta bakartia.
Ez dago ez bata ezta bestea parekatuko gaituenik.
Horregatik gure esku dago dena.
Elkarri gorroto diogula antza. Hala ere elkarren beharra dugu, osagai baikara. Nola
demontre bestela gutun hau? Bai, zu tinta beltza, ni paper zuria. Bion arteko
kontrastearen bidez eduki latzak, alaiak sortzen baititugu. Erremediorik gabe nahitaez
elkarrekin.



ZERGATIK EZ?



Adio, agurrik ez


Txuria

Amaia Lopez Oreja

D kategoria

12 - 14 urte