IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2003 - 14. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Denbora

Denbora




DENBORA



Nire mahaian nago eserita, zerbait idatzi nahian. Ez dut gairik aurkitzen, ezin naiz kontzentratu.

Azkenik, lehenengo ikusten dudan objektuari buruz idaztea erabaki dut: lorontzia. Baina ezin dut. Zer idatziko dut? lorontzia loreak ipintzeko da, buztinezkoa da,... ez. Ez da oso gai erakargarria.

Galduta nago, eta denbora aurrera doa.

Erlojuari begiratu, eta mahaian eseri naizenetik, hamabost bat minutu igaro direla konturatu naiz. Ordu-laurden bat daramat paper zuri baten aurrean; boligrafoa eskuineko eskuan, eta ezkerreko eskua buruan, ileen artean mugiaraziz. Beno, behintzat gaur ostirala da, eta idazlana astelehenerako da. Denbora soberan daukat.

Bakarrik nago etxean, eta erlojuaren orratzen tik-tak-a besterik ez dut entzuten. Beti aurrera, gelditu gabe.

Erlojuari pixka batez begira egoten zarenean, orduan konturatzen zara zein baliagarria den denbora. Ezin duzu alferrik galdu, ez baita inoiz geldituko. Nahiz eta erlojua gelditu (pilak bukatu zaizkiolako), denborak aurrera jarraitzen du.

Konturatu naizenerako, badaukat gaia idazteko: Denbora. Gainera, egin dudan sarrerarekin, idazlan bat beharrean, ipuin bilakatuko dut.

Aita iritsi da lanetik. Nekatuta dago, eta ez du hitz egiteko gogo handirik:


- Kaixo -esan du gogo handirik gabe.
- Kaixo, aita, zer moduz gaur? zerbait berririk?
- Bai, baina geroago kontatuko dut, ama etortzen denean, bestela bi aldiz errepikatu beharko dut.
- Beno, ikusten dut oso nekatuta zaudela, nik etxeko lanekin jarraituko dut.

Eta horrela egunero; astegunetan oso nekatuta egoten da aita. Nahiz eta gero, oporretan edo asteburuetan askoz ere alaiagoa izan.

Baina beno, denbora aurrera doa, eta nik, nire ipuinarekin jarraitu behar dut.

Berriro ere kontzentrazioa galdu dudala konturatu naiz. Denbora joan egin zait. Ikusten? Beti ari gara denborarekin jolasean. Azken finean, gure etsairik handiena da; heriotzara gehien gerturatzen gaituena da eta.

Zer egingo diogu? Ezin dugu ezer egin denboraren aurka. Gizakia oso boteretsua da, baina badaude gauza batzuk, gizakiaren eta baita beste gauza garrantzitsuagoen gainetik daudenak. Adibidez, denbora.

Zerbait noiz hasi eta noiz bukatzen den adierazten digu. Aita afaria prestatzen hasi da, eta isiltasunean, atearen hotsa entzun dut. Ama da. Duela urte bat inguru, korrika edo footinga egiten hasi zen. Orain astearte eta ostiralero joaten da, gaur bezala.

Atetik sartu bezain laster, (arnasestuka oraindik) arropa izerditua kentzen du dutxan sartzeko.

Batzuetan denboraren ezaguera galtzen dugu, eta gauzak oso azkar edo oso poliki igarotzen zaizkigu. Adibidez dutxan sartzerakoan. Konturatzen zarenerako, hamar minutu pasatu dira, eta aita edo ama datoz, ura aurreztu behar dela esanez. Edo ikastolan, ingeleseko klasean gaudenean, erlojuari begiratzen diogu, eta gelditu dela ematen du: oraindik ordu-erdi falta da?

Denboraren ezaguera kontrolatzearena ez da bakarrik gertakarien araberakoa, baizik eta pertsonen izateko erarena ere bai. Pertsona bat oso baikorra denean, gauza txarrei alde ona bilatzen saiatzen da; eta pertsona bat oso ezkorra denean, gauza txarretan geratzen da giltzapeturik, gertakari txar horrek ere alde onak izan ditzakeela konturatu ezinik.

Ama atera da dutxatik, eta ea afaltzeko zer nahi dudan galdetu dit:


- Zopa nahi duzu, ala entsalada nahiago duzu?
- Zopa hobe -erantzun diot nik.

Segidan, ea idazten ari nintzena zer zen galdetu dit. Nik etxeko lanak direla erantzun diot, ez baitut nahi inork nire ipuina bukatu baino lehenago irakurtzerik.

Afaltzeko garaia da. Zopa oso goxoa zegoen, eta bigarrenez oilaskoa jan dugu; oso goxoa ere bai.

Afalostean aitari buruko-min handia jarri zaio, eta amak sendagai bat eman dio.

Nik uste dut denbora ere oso sendagai ona dela, gauza batzuetarako behintzat. Bihotzean min handia egiten duten gauzetan adibidez, denbora izaten da sendagairik hoberena. Luzaroan, gertatutakoa ez gogoratzen saiatzen gara, horrelako gauzak ez baitira inoiz ahazten.

Oso goiz jaikitzen naizen egunetan, egun osoan zehar izugarrizko logura izaten dut, eta oheratzeko momentua noiz iritsi zain egoten naiz.

Momentu edo egun berezi bat lehenbailehen iristea nahi dugunean, erlojuaren edota egutegiaren mende egoten garenez, denbora oso poliki igarotzen dela dirudi; baina denborak ez du inoiz bere erritmoa aldatzen, gu gara aldatzen garenak.

Goizean goiz, aita ni esnatzera etorri da, baina ni esnatua nengoen, idazten:


- Zertan ari zara hain goiz?
- Nire ipuina bukatzen aritu naiz.
- Oso ondo. Jarraitu lasai, nik gosaria prestatuko dut. Beno, gero utziko didazu irakurtzen, ezta?
- Noski, baina bukatutakoan.

Aita larunbat eta igandeetan oso irribarretsu jaikitzen da. Ama jaiki denean, eztabaidatxo bat izan dugu. Nik nahiko borde erantzun diot, eta bera mindu egin da.

Batzuetan, denboraren kontrola edukitzea gustatuko litzaidake. Aurrera edo atzera mugitzeko. Momentu hauetan errebobinatzea gustatuko litzaidake, esan dudana ez esateko, baina ezin da. Barkamena eskatu diot.

Pentsatzen ari naizela, amonarekin gogoratu naiz. Berarekin konfiantza berezi bat daukadala konturatu naiz. Ez dakit zergatik, baina amonarengan denbora azkarrago doala dirudi. Geroz eta azkarrago ari da zahartzen. Beno, egia esan, denak ari gara zahartzen egunero, baina uste dut pertsona helduei gehiago nabaritzen zaiela.

Nire ipuinari amaiera emateko ordua iritsi da. Azken finean, denbora definizioa duen hitz bat da, denontzako berdina dena. Baina denok ez dugu berdin sentitzen; bakoitzak bere ikuspegia duela uste dut. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta mundu bakoitzak bere erlojua du; nahiz eta mundu bakoitzeko erlojuek berdintasun bat izan: denak doazela aurrera eta ez direla inoiz geldituko, esna dauden bitartean.




IRATI FERANDEZ ERKIZIA

D kategoria

12 - 14 urte