Nerea Agirre Zulaika
Zuhaizti ikastetxea
C kategoria
Amona maitea:
Gutun hau idazten ari naizen bitartean negar malko bat erortzen ari zait masailean barrena.
Ezin zaitut ahaztu eta pentsatzen dut toki hobean egongo zarela. Baina zurekin egon nintzen azken egunean, ezin izan nizun agur esan eta horregatik ari natzaizu hitz hauek idazten zauden tokian zaudela jaso ditzazun. Orduan zure bihotzaren taupadak bakarrik entzuten nituen eta ezin baitzinen ezta mugitu ere egin. Koman sartu zinen egunean joan nintzaizun bisitatzera. Medikuarengana hurbildu nintzen eta nola zeunden galdetu nion. Ez zidan erantzun eta horrek gauza bat bakarrik esan nahi zuen: ez zeundela oso ondo.
Orain kanposantuan barrena noa eta hemen lorez inguraturik zure hilobiaren ondoan dagoen banku batean esertzera noa. Hemen jendea , kanposantuan, bakoitza bere iragan zurbil eta gogorraz ari da pentsatzen eta ez dago gizakiaren ez soinu ezta zaratarik ere. Baina badago zaratatxo bat, zuhaitz batean dagoen txoritxo batek egiten duena. Bera oso gustura dago udaberria iritsi delako, baina nire bihotzean negua da nagusi zu joan zinen egunetik.
Ezin izan dut zugan pentsatzeari utzi eta biak batera egin ditugun gauza guztiei bizia ematen diet nire buruan. Baina oraindik hemen egongo bazina beste hainbat gauza egingo genituzke biak batera.
Zeu zinen konprenitzen ninduen pertsona bakarra eta horregatik ari naiz gutun hau idazten.
Jakin nahiko nuke zuk zer daukazun zure buruan bueltaka. Baina ezin dut jakin ez zaudelako nirekin.
Hilerrian dauden hilobi asko eta asko hautsez, goroldioz eta beste hainbat gauzez tapaturik daude, inor ez delako bisitatzera joaten, baina zure kasuan ez da hori inoiz gertatu. Egunero etortzen naiz zuri bisita egitera, eta egunero lore berriak jartzen dizkizut. Arrosak, margaritak, krabelinak eta beste hainbat lore.
Negu inguruan goiz aldean etortzen naiz, udaberrian berriz txoritxoen kantuak dauden eguneko orduan, osterantzean oso bakarrik sentitzen bainaiz. Pertsonen konpainian egotea ez zait gehiegi gustatzen eta naturaren soinuak bakarrik alaitzen dit nire bihotz triste eta zurbil hau.
Udan, iluntze inguruan etortzen naiz, oso polita egoten baita zure hilobia. Ilunabarrean, eguneko azken izpiek harrian grabatutako zure izena argitzen dute.
Hodei laranja eta gorriek berriz zerua kolore polit harrigarriez alaitzen dute, paisaia ikusgarriak utziz.
Udazkenean, eguerdi inguruan egiten dut eguneroko bisita nire txoko maitagarri honetara. Hilobiaren atzealdeko zuhaitzen hostoak erortzen dira eta zuri tapaki bero eta goxo bat egiten dizute.
Zurekin bizi nintzenean egunero esaten zenidan zu ez zeundenean ez egoteko triste, beti
egongo nintzela zure bihotzean gordeta eta nik ere berdina esaten nizun, nire bihotzean betirako egongo zinela. Nire gurasoak joan zirenean oso triste jarri nintzen baina zurekin biziko nintzela jakin nuenean nire bihotzaren tristura baretzen joan zen pixkanaka-pixkanaka.
Orain ez naiz umea eta nire buruaren jabe naiz, baina zure hitzak betirako eramango ditut nire gogoeta eta pentsamendu guztietan.
Banku xume honetan idatzi dizut gutun hau eta orain zure hilobiaren ondoan utziko dut. Ez dabil haize gehiegirik, baina badaezpada ere harri polit eta txiki bat jarriko dut gainean.
Hemendik aurrera ez naiz egunero etorriko, bizitzaren joan-etorriak beste toki batera gidatu bainau.
Agur amona, zure hutsa beti izango da nabaria nagoen toki guztietan, baita zure irribarre ederra ere.
|