IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2007 - 18. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Bingen Elortza

Bingen Elortza
IZENBURUA EZ DA BEHARREZKOA, EZTA?


Bingen Elortza Larrea
Zurriola ikastola
D kategoria
Sari nagusia



Donostian, 2006ko azaroaren 2an



Koldo Mitxelena literatur lehiaketako epaile estimatu horiek:

Ezer aipatu aurretik, komenigarria iruditzen zait adieraztea gutun hau ez dela lan bat. Berez, lehiaketako antolatzaileei bidali beharko nieke eskutitza, baina alfer samartuta nagoenez, zuei idaztea erabaki dut. Hau dela eta, gutuna lehiaketako antolatzaileei ahalik eta azkarren helarazteko eskatzen dizuet.

Urtero bezala ,saririk irabazi edo ez, parte hartzeari ere garrantzirik eman gabe eta amaren ohiturak jarraituz, lehiaketako sari banaketara joateko asmoa dugu. Beno, egia esan, amak bakarrik du hori egiteko asmoa, izan ere, gu ia kokoteraino gaude urtero protokolo bera jarraitze horrekin. Barka iezadazue atrebentzia, baina urtea joan urtea etorri, gogo gehiago dut hemezortzi urte bete eta denboralditxo batean behintzat, literatur lehiaketako sari banaketez ahazteko. Zoritxarrez, bost urte falta dira oraindik horretarako.

Eta noski, ez dagoenez aitaren semerik nire amari ohitura hori ahaztaraziko dionik, pentsatu dut <> eta ordenagailuaren aurrean jarri eta eskutitz hau idazten hasi naiz. Zertarako? Nire ustez oso argi dago,ezta? Bizpahiru proposamen egin nahi dizkizuet emanaldia... itxurosoagoa izan dadin.

Literatur lehiaketako sari-banaketara joan naizen bakoitzean, aurkezle ezberdin bat egon da urtero. Eta egia esan, pare bat bakarrik egin zaizkit ezagunak. Horregatik, denok ezagutzen dugun aurkezle bat proposatu nahi dizuet: Peter Pan. Argi dago aski ezaguna dela, izan ere, bai helduek (beraien haurtzaroaz geroztik) eta bai haurrek ezaguna dute. Kontratuaren gorabeherak utzi niri, nire lehengusu txikiaren lagun mina baita.

Zergatik banatzen dira sarituak eta gainontzekoak? Sari bat irabazi dute,eta haren bila joan behar dute,eta ahalik eta ordenatuen.. Ongi. Baina idatzi dituzten moduko idazlanak idatzi ondoren, pentsatzen dut, (agian ez,e) nahiko buruaskiak direla euren izena entzun ondoren altxa eta bakar-bakarrik eszenatokira igo eta saria jasotzeko. Bestalde, beraietako batzuek ere memento txar bat pasatzen dute. Adibidez, Mikelek, nire lagun batek, oso txarto pasa zuen. Oso lotsatia da eta zailtasun handia du lagunarte berrietara egokitzeko, eta noski, han, lagunengandik urruti eta pertsona guztiz ezezagunen artean, oso arrotza sentitzen zen. Eta bere kasuan behintzat, libre izan balitz lekua aukeratzeko, gure ondoan eseri eta primeran pasako zukeen. Horrela eramangarriago egingo litzateke emanaldia, denok lagunartean egongo ginateke eta. Hirugarren proposamentxo bat ere badut, eta aipatzea gustatuko litzaidake. Jakingo duzuen bezala, nola ez, aipatuei eta aipamen berezia dutenei koloretako txarteltxo batzuk ematen zaizkie. Dagokien oroigarria jasotzeko, eskailera azpian opariak jasotzeko dauden guneetara joan, izen-abizenak esan eta txartela eman behar da. Nahiz eta antolaketa primerakoa den, gertuagotik jarraitzea proposatzen dizuet, inoiz gertatu ez baldin bada ere, gehien bat opariak mostradoretik urrun daudelako, lapurren bat ere suerta daitekeelako tartean. Eta ezinezkoa dirudien arren, bada jendea opari horiek erraz lapurtuko lituzkeena. Adibidez: pentsatu Dalton anaiak suertatzen direla. Denok erremedio erraza jarriko genioke, ezta? Lucki Luck-i deitu eta kito. Baina zoritxarrez, gure Luck maitea lehengoan hil zen auto istripu batean, eta orain ez dago inor sari tentagarri horiek gaizkileen atzaparretatik salbatuko dituenik. Baainaaa, beti ere nire aholkua jarraituz gero, inoiz baino seguruago egongo dira.

A, eta... asko eskatzea izango litzateke doaneko freskagarrien postutxo bat eskatzea? Beno, berdin dio, moldatuko naiz hala ere.

Baina, dena den, zorionak eman nahi dizkizuet denoi egiten duzuen lanagatik. Epaileei horrenbeste lan irakurri eta epaitzeagatik, antolatzaileei dena zehatz-mehatz prestatuta edukitzeagatik,eta orkestrari (bide batez, asko gustatzen zaizkit musika jotzen duten etenaldi horiek, ez lokartzen laguntzen didalako, batik-bat) obrak horren ondo prestatzeagatik. Eta ez naiz inori losintxa egiten ari.

A,bai, eta amaren partez komunak ea auditurium-etik gertu dauden, amona joango dela-eta, eta inkontinentzia duela. Nork pentsatuko zuen horrenbeste urtetan sari banaketara joaten ibili ondoren komuna inoiz erabili gabe jarraitzen duela!

Eongo gatxik! (proposamenak egin ondoren, zergatik ez?),

Iņigo Sarasa





P.D.:Lehen ez zela lan bat esan dut, baina...beno,mmmm.. lan bat izan daiteke.