IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Kultura »  Donostia Antzerki Saria »  Antzerkiaren Nazioarteko Eguna »  Antzerkiaren Eguna 2007

Antzerkiaren Eguna 2007
Nazioarteko mezua 2007
Bere Gorentasun Bin Mohammed Al-Qasimi Xeike Sultana
AEBko Kontseilu Goreneko kidea – Sharjah-ko agintzailea


Eskolako nire lehen urteetan hasi zen, hain zuzen, antzerkiaz dudan liluramendua, eta orduz gero gogoa bahiturik nauka mundu magiko horrek.

Hastapenak xumeak izan ziren. Izan ere, adimena eta izpiritua aberasteko eskolaz kanpoko jardueratzat hartu nuen nik hasiera batean ezustean egindako topatze hura. Hori baino askoz gehiago izatera iritsi zen, ordea, neure burua antzerki produkzio batean leporaino sartuta ikusi nuenean idazle, antzezle eta zuzendari gisa. Gogoan dut politikari buruzko antzezlan bat izan zela eta garai hartako agintariak sutan jarrarazi zituela. Gauza guztiak bahitu zizkiguten eta antzokia begien aurrean itxi ziguten. Hala ere, ezin izan zuten soldadu armatuen bota astunek antzertiaren izpiritua azpian harrapatu. Izpiritu hura babes bila abiatu zen eta noizbait neure izatearen barren-barrenean gorde zen, neure burua antzerkiaren ahalmen zabalaz erabat jakitun eginik. Eta orduan antzertiaren egiazko sustraiak era ezin sakonagoan zirrara eragin zidan, eta erabat sinetsirik gelditu nintzen antzerkiak nazioen bizitzan izan zezakeen eraginaz, batik bat oposiziorik edo iritzi desberdinik ezin ametitu dituztenen aurrean.

Antzerkiaren boterea eta izpiritua sakonki errotu ziren nire kontzientzian Kairon, unibertsitate garaiko urteetan. Irrikaz irakurtzen nuen antzertiari buruz idatzitako ia-ia guztia, eta eszenatokietan antzezten zenaren luze-zabalei antzemateko gauza izan nintzen. Kontzientzia hori are sakonago errotu zait hurrengo urteetan, antzertiaren garapenean izandako azken emaitzei jarraitzen ahalegindu naizen neurrian.

Antzinako greziarren garaitik hona antzertiaz idatzi diren testuak irakurriz, argitasun handiz jakin dut nolako barne-magia eragin dezaketen antzertiak dituen mundu ugariek. Bide horietatik iristen da antzertia arimaren sakontasun ezkutuetara eta askatzen ditu giza izpirituaren barren-barrenean gorderik dauden altxorrak. Horrek indartu du nik antzertiaren ahalmenean beti izan dudan fede aldaezina. Izan ere, antzertiaren bitartez maitasuna eta bakea zabaltzeko gizakiak daukan batasun-tresna gisa duen ahalmen horretaz ari naiz. Antzertiaren ahalmenak elkarrizketarako bide berriak irekitzeko aukera ere ematen du: arraza desberdinen artean, etnien artean, kolore nahiz sinesmen desberdinen artean. Horrek guztiak irakatsi dit besteak diren bezala onartzen, eta sinestarazi dit ongian gizateriak bat eginik jarrai dezakeela, eta gaizkian, berriz, gizateria zatitu baino ezin dela egin.

Egia da antzertiaren kodeek berezkoa dutela ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka. Noizbait, ordea, zentzu komuna nagusitu eta giza naturak bere osotasunean bat egingo du on, garbi eta bertutezkoa den ororekin.

Antzinako garaietatik gizateriak pairatu dituen gerrak beti sen txarrek eragin izan dituzte, soil-soilki edertasuna ezagutzen ez dutenak. Antzertiak balio ematen dio edertasunari eta batek esan lezake artearen beste ezein formak ezin duela edertasunaren berri eman antzertiak baino zintzoago. Antzertia edertasunaren adierazpide guztiak biltzen dituen gordailua da, eta edertasunari baliorik ematen ez diotenek ezin diote bizitzari baliorik eman.

Antzertia bizia da. Inoiz ez da izan historian orain bezalako momenturik, gure gain baitago gerra hutsalak eta beren buru izugarriak altxatzen dituzten dotrina-desberdintasunak salatzea, horiek zokoratuko dituen kontzientzia egiazko eta arduratsua falta baita. Bortizkeriazko gertaerekin eta itsu-itsuan egindako sarraskiekin bukatu beharra daukagu. Irudi horiek gaurko munduan eguneroko gertaera bihurtu zaizkigu; horiek baino larriagorik bada, hala nola, oparotasun gaiztoaren eta txirotasun zitalaren arteko osinak eragindako desberdintasunak edo HIES bezalako gaixotasunak, munduko bazter asko harrapatzeaz gainera, eurak errotik ateratzeko egin diren saiorik onenak garaitu baitituzte. Gaixotasun horiek dira, lehorteak eta basamortu zabaltzeak bezalako sufrimendu-bideekin batera, egiazko elkarrizketaren faltak ekarri dituen zoritxarrak, egiazko elkarrizketa izango bailitzateke mundua leku hobeago eta zoriontsu bihurtzeko bide segurua.

Antzertiaren Jendea: ekaitzaren erdian harrapaturik eta inguratzen ari zaizkigun zalantza eta susmoaren hautsak itsuturik egongo bagina bezala da.

Ikusteko ahalmena ia erabat lausotu zaigu eta gure ahots kirrinkariak, nahiz eta burrunbada hotsaren eta zatiketaren eraginez ia ez diren aditzen, bata bestearengandik urruti edukitzen saiatzen dira. Egia esan, antzertia bezalako arte-formek hain modu berezian adierazten duten elkarrizketan dugun fede sakon errotua ez bagenu, honez gero gu zatitzeko harririk irauli gabe uzten ez duen ekaitzak aurrean hartu eta noranahi bidaliak egongo ginen. Horregatik gogor aurre egin behar diegu ekaitza pizten inoiz nekatzen ez direnei. Aurre egin behar diegu, ez eurak suntsitzeko, baizik eta euren ekaitzen hasieran utzitako atmosferaren gainean gu nagusitzeko. Ahaleginak bateratu behar ditugu eta erabili gure mezua komunikatzeko eta nazioen eta jendeen arteko senidetasunaren bila dabiltzanekin adiskidetasunezko loturak egiteko.

Gu hilkorrak gara, baina antzertia bizia bera bezain betierekoa da.

Bin Mohammed Al Qasimi sultana


Antzertiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko mezu hau erabiltzeko gonbita egiten dizuegu, beti ere ondoko testua ere irakurriz:

Antzertiaren Nazioarteko Eguna 1961ean sortu zuen Antzertiaren Nazioarteko Erakundeak (ITI). Antzertiaren Nazioarteko Eguna urtero ospatzen da martxoaren 27an, ITI guneen eta antzertiaren nazioarteko komunitatearen ekimenez. Hainbat ekitaldi nazional eta nazioarteko egiten dira ospakizuna nabarmentzeko.

Ekitaldi horien artean, nagusienetako bat Antzertiaren Nazioarteko Eguneko Mezua mundu osoan zabaltzea da. Mezu hori normalean mundu mailako garrantzia duen antzertiko pertsona ospetsu batek idazten du Antzertiaren Nazioarteko Erakundeak gonbidaturik, eta bertan gaiaz dituen gogoetak elkar banatzen ditu. http://www.iti-worldwide.org