|
Honakoa 1:15.000 eskalako DONOSTIAKO MAPA toponimiaz hornitzeko ETNOGINTZAn burutu dugun material bilduma da.
Lanaren abiapuntua 1989an Aranzadi Zientzi Elkarteko Luis del Barrio eta Josu Tellabidek egindako ahozko toponimia bilketa izan da, eskala kontuak medio, bertan jasotzen diren bi mila toponimo ingurutik mapan bederatziehun bat adierazten direlarik. Murrizketa egiterakoan irizpide nagusia, generikoen kaltetan, ahalik eta izen propio gehien libratzen saiatzea izan da.
Maparen neurriek beste soilketa bat ere eragin dute, gehien batean, hiriaren erdialdean kokatzen diren eta erreferente fisikoa desagertua duten toki izenek pairatu dutena. Horrelakoetan, nahiz eta mapan agertzen ez diren, etorkizunean, nahi izanez gero, auzo, kale, plaza nola edozein eraikuntza izendatzeko baliagarriak izan daitezkeenaren ustetan, mapan agertzen direnak bezala, normalizatu egin ditugu, aurretik izartxo bat dutela adierazten direlarik.
Lanaren bigarren oinarria, nola ez, artxibo eta liburutegietan burututako bilketa dokumentala izan da. Atal honetan lanaren helburua ahalik eta aipamen gehien biltzea izan da, toponimoak egun erreferente fisikorik baduen edota ahoz badirauen erreparatu gabe, jokaera horren arrazoi nagusiak bi izan direlarik. Lehenik eta behin, 1813ko hiriaren txikizioa medio, Donostiako Udal Artxibategia, oro har, nahiko pobrea izanik, erreferentzia eta konparaketetarako hiriko edozein aipamen toponimikoren balioa, nolabait esan, bikoiztu izana. Bigarrenik, nahiz eta ahozko aipamenik ez izan, dokumentu bidez ezagututako hainbat toponimo kokagarriak eta berrerabilgarriak izatea. Dena den mapan horrelako gutxi batzuk besterik ez dira adierazten.
Aipamen dokumental eta kokapenen gaiari eutsiz, topatu dugun arazorik nabarmenena, forma bereko toponimo bat baino gehiagoren notiziak, argibide faltan, nola antolatu izan da. Horrelakoetan kokapen zehatzik gabeko aipamenak elkartuz fitxa bakar bat osatzea erabaki dugu, normalizazioari begira, geografia gutxietsi gabe, gure ustez behintzat, garrantzitsuena formari buruzko informazioa baita. Horrela, gerta daiteke, izen bera duten bi baserrik adibidez, erreferentzia dokumental berak izatea, zeini zein dagokion antzematea ezinezkoa gertatu baitzaigu.
Materialen antolaketarako erabili dugun fitxa honakoa izan da:
- Hasieran eta maiuskulaz normalizatutako forma. Izartxorik gabe mapan adierazten direnak eta izartxo batekin, eskala dela eta, mapatik at geratu direnak. Hasieran maiuskulazko formarik agertzen ez denean soilik aipamen dokumentalak direla esan nahi da.
- Forma normalizaturen eskuinean, bi puntuen segidan, letra etzanez, aipamen dokumentalak doaz eta letra zuzenez, 1989an Aranzadikoek bildutako ahozko formak. Biak ematen badira, tartean puntu eta koma bat ezarri da.
- Azkenik, normalizatutako formen fitxetan, 1989ko ahozko bilketan, 1:5.000 eskalan, toponimoari dagokion kokapen kartografikoaren zenbakia eta burutu dugun mapan bakoitzak daraman hizki mota, hots, identifikazio geografikorako kodea, eta kokapen koadrikula adierazten dira.
Donostia, 1996ko otsaila.
Ikusi hemen txosten osoa
|