Gizarte mailako aldaketak, berrikuntzak eta mugimendu demografikoak izan ohi dira hizkuntza-egoera berrien erantzule. Honakoa da XIX-XX. mendeetan Industria-Iraultza jasan duten hirietan hizkuntzek / hizkerek jasan duten bilakabiderako ikertzaile ezagunenek erabili ohi duten eskema: eskualdeetako hizkuntza-aldaera ruralak eta aldaera urbano ez estandarrak hartu-emanean jartzen dira, eta beren arteko nahasketa bat gertatzen da (Bortoni-Ricardo 1985; Trudgill 1986; Maehlum 1986; Siegel 1993 -Trudgill-ekiko kritikoa-; Nordberg 1994; Thomas 1997; Lodge 1998). Hona ondoren zein hizkuntza-gertakari datorren:
a) Hirira iritsi diren dialekto edo aldaki dialektal desberdinak berdinkaratzeko joera dago.
b) Nabarmenak, deigarriak, arras markatuak edo dibergenteak diren berezitasunak galtzen dira eta hedatuenak direnak nagusitzen; cf. Hinskens (1998: 43).
c) Erregulartasun morfofonemikoa indartzen da.
d) Ordura arteko aldaera dialektalen edo estilistikoen kokapen funtzional berria gertatzen da eta adiera –balio sinboliko- berria hartzen dute identitatearen edota konbergentziaren / dibergentziaren aldetik; hor zeharreko ikerketetarik ondorioztatzen denez balio sinbolikoen interpretazioa egitean baitezpadako dira irekitasuna, malgutasuna eta kontu handiz jokatzea.
Donostiako hizkeraren kasuan arestiko lau gertakari horiek edo horietarik batzuk gertatu ote diren eta gertatu baldin badira zein norabidetan gertatu diren esan ahal izateko dagoen baino ikertuago beharko luke egon eskuartean darabilgun gaiak: ez dirudi, esaterako, a) ezaugarria bete denik, baina honetaz mintzatzeko azken hiru ezaugarriek ongi azterturik beharko lukete egon: artean, Donostiaren inguruko berri batzuk ematea ez da kalterako izanen. Dakigunez, Donostia ez da industriaren aldetik anitz nabarmendu den hiria, zerbitzuak eta salerosketa dira beharbada beraren ezaugarri nagusienetarik. Halaz ere, hiri izanik, bi eratako jendeak bederen ingurarazi ditu azken mende honetan: batetik inguruko herri txikietako era guztietako lagunak, bizibidea bilatu beharrez hirira jo dutenak; hauetarik anitz nahitaez behar zuten euskaldunak. Beste aldetik Gipuzkoaz kanpoko donostiartuak ditugu, Espainiako beste hiri batzuetarik zetozen erdaldunak: denetariko langileak ere izanen ziren bai, baina gizarte maila goraxegoa zuten lanbide liberaletako lagunak ere ez dira guti izan eta berebizikoa izan da gaztelaniaren prestijioa goratzen hauek eduki duten garrantzia, bai bederen euskaldun anitzek, eta jakina, donostiar anitzek beren hizkuntzaz izan duten bazterketa bezainbatekoa.
XX. mendeko bigarren erdiaren atal handixko bat ezagutu dugunok sumatu uste izan dugunez, Donostiara etorri diren herri txikietako euskaldunak, gipuzkoarrak gehien bat, ez dira Donostiako mintzora egokitu, ez dute beren euskara aldatu eta goierritarrak Goierriko euskara ematen zuen Donostian euskaraz jarduten zuenean eta azkoitiarrak ere beretik - baina ikus artikulu honetako 4.1.8. atalean dioguna-; iduri luke Donostian denborarekin inguruko hizkeren ezaugarriak hein batez neutralizatuko zituen euskarazko subestandar urbanoa ahula zela, beren ezaugarriez emeki gabetuko zituena eta euskaldun etorri berriei Donostiako erak kutsatuko zizkien eredua ahula zela. Donostian euskaldunek osatzen zuten azpigizartea ahula zen botere linguistikoaren aldetik, euskara bera baitzen ahul zegoena. Alde honetatik, Donostian hizkera estandarrik izan baldin bada, gizartean goranahiei bideak irekitzen zizkiena, linguistic market delako horretan kapital linguistikoa eskaintzeko ahala zuena -cf. Sankoff & Laberge 1978-. erdara zen eredu estandar hori.
Donostiaratutako gipuzkoar horien euskararen ezaugarriak hirian higatzeko, neutralizatzeko eta aldarazteko ahala duen subestandar urbano bat ez baldin badago, hiritartuek beren jatorrizko mintzoa egiten jarraituko dutela itxaron dezakegu eta horrek Donostiako hizkuntza-aldakortasunaren maila areagotzea eragiten du, “bertako eredua” gehi kanpoko beste batzuk baitaude batera hirian. Donostiara bizitzera etorriak edo Donostiara ezkonduak donostiar batekin esposatu baldin badira, horien seme-alaben hizkeran beharbada guraso donostiarraren hizkera nagusituko da, baina bereziki herritik Donostiara ezkondua ama baidin bada, bidialektalismo maila zenbait itxaron dezakegu familia horretan. Esaterako, Antiguan aldaera hauek eman dituzten lekukoak bi gurasoetarik bat Donostian ez sortua zutenetarik dira: itte(n) & iten ‘egiten’, attu ‘aditu’. dittuna ‘dituena’, zittuen ‘zituzten’. due & dute, iñular ‘ilunabarra’, giñun ‘genuen’, giñitun & ginitun ‘genituen’. Donostiara ezkondutakoa ama ala aita den alde batera utzirik, lan hau egiteko baliatu ditugun lekuko donostiarren gurasoetarik bat sortzez donostiarra ez zen kasuetan azterketa dialektala zinez konplexua eta uste genuen baino anitzez zailagoa gertatu dela aitortu beharrean gaude, beti ez baita aise izan ezaugarri bat benetako Donostiako ezaugarria den ala kanpotik sartutako aldaera den ziurtasunez jakitea. Kontrol talde gisa erabiltzeko eta garantiazko juzkuak egin
ahal izateko, bi gurasoak donostiarrak dituzten adineko pertsona kopuru bat beharko genuke eta hauexei galdegin ea donostiarrekiko elkar-hizketetan eta inkestagintzan atera zaizkigun hizkuntza-aldaera horiek Donostiako ezaugarri jatorrak diren ala kanpoko kutsu zenbait duten. Kontrol lan hori egiteko zail da, ordea, ezaugarri horiek dituzten donostiar kutsurik gabekoak egun aurkitzea, eta bereziki Donostia urbanoan da zaila.
Hiriko egitura soziodemografikoa herri txikietakoa baino konplexuagoa da eta hori hizkerak ezagun du. Eman dezagun adibide bat: zat / zait lehia ez da guztiz ezezaguna Donostiako inguruko herrietan. Esate batera, Andoainen zat eta zait ditugu: Zarautzen zat bildu zuen Azkuek mende honen hasieran, baina zait bildu da 1985.ean. Orion ere Azkuek zat bildu zuen, baina J. Arostegi oriotarrak dioenez zat ez da Orioko aldaera (Irizar 1991: 167). Donostiako kaian guk zat eta zait bildu ditugu aita zarauztarra zuen lekuko batengandik; Pasaia San Pedron ere ageri da gustátzen za(t) (EAEL). Altzako Patxiko Arzak bertsolariak (1859-1928) ere nere denboran etzat aztuko darabil (Zabala 1968: 110); Marzelino Soroaren lanean ere badator: neri gustatze etzat -ducat-ekin erriman bada ere- (Anton Caicu, 12). F. Imazek ere badakar zat (Zabala 1963: 49 eta 117); Pepe Artolaren lanean ere bada zat (1961: 34). Aieteko Lugaritzen, bestalde, etzak ‘ez zaik’ bildu du Koldo Artolak (EAEL). Hau guztia ikusirik nekez izan lezake inork i gabeko aldaerak Donostiakoak direlako zalantza, eta halaz ere guk ez dugu gaia bat ere garbi ikusten oraindik. Korapilo hau askatzea azterketa xeheagoen baitan dagoela uste dugu eta lan hori egin gabe dago oraino.
Ohiko Euskal Dialektologiako lanetan tokian tokiko hizkera ongi eta leial ordezkatzen duten lekuko edo berriemaile fidagarriak aurkitzea izaten da lehen helburua: Donostian frankotan badirudi helburu hori ezin erdietsizkoa dela eta kosta egiten zaio ikertzaileari hiria den bezalakoa dela onartzea: jabetu beharko luke ez dela endogamia maila handiagoa duen herrixka urrun bateko hizkera aztertzen ari. Donostiakoa baizik. Halaz ere, aldeak alde, lekuko batzuk beste batzuk baino fidagarriagoak direla biltzen diren hizkuntza-ezaugarriek berek salatzen dutenez, ezina dirudien amets horren baitara ahalik eta gehien hurbiltzeko itxaropenaz dialektologialaria lanari lotzen zaio.
Donostiako euskera edo Donostiako hizkera aztertu nahian bagabiltza, ezin ditzakegu Euskal Dialektologian orain artean erabili diren ikuspegi berberak baliatu. Orain arteko azterketek erkidego aski homogeneoetako hizkerak aztertu dituzte: lekukoen gizarte-sarearen egitura ez zen sobera konplexua eta hizkeraren ordezkari leialak ziren, beren jaioterriari arras loturik bizi izandako lekukoak hautatzen ziren ahalaz. Baina hirietako lekukoen errealitatea ez da berdina izaten eta lanak izaten dira beren gizartezko sareen berri gardena izaten; cf. Milroy (1980) eta Requena (1996). Barne migrazioa edo urbanizazioa jasaten ari den eremu batean hizkuntza-arauen arteko lehia edo gatazka gertatzen da. Litekeena da hirietako biztanleen arteko % 50-a ez izatea hirian sortua; inoiz, 30-50 urte bitarteko biztanleen artean, % 70-era irits daiteke hirian sortuak ez direnen portzentaia (Nordberg 1994: 2). Donostiako zifra zehatzik ez badugu ere, hona Hondarribian egun zer egoera dagoen: 1996ko erroldan. bertan sortuak ez ziren biztanleria guztiko % 46’3a besterik, erdiak kanpotik etorriak ziren; jabetzen gara arazoa konplexuagoa dela oraindik, baina harritzekoa ote da egungo gazte hondarribitarrek beren artean euskaraz dihardutenetan herriko bereko hizkera ia bat ere ez erabiltzea, txantxetarako ez bada?
Neke da gizartezko sareketaren aldetik guztizko eta jatorrizko donostiar garbiak diren lekukoak aurkitzea, bi gurasoak donostiarrak eta ahalaz auzo berekoak dituztenak, eta hain zuzen hauxe da orain arteko euskararen inguruko dialektologiako lanen aldean Donostiako honek duen berezitasuna, hizkuntza-aldaera bat Donostiakoa dela esateko ez dela aski Donostian erabilia izatea: hein batez aspaldikoa behar du izan Donostian, eta XIX. mendean idazkietan ageri baldin bada, hobeki. Espero zitekeenez eta hirietan ohikoa denez, Donostia bi gurasoetarik bat bederen donostiarra ez duten euskaldunez josirik dago, eta horrek izugarri areagotzen du hiriaren barreneko hizkuntza-aldakortasun maila, hala interpertsonala nola intrapertsonala. Ez da aise ezaugarri bat Donostiakoa den ala kanpokoa den erabakitzea; donostiar garenok ere nahiko lan izaten dugu horretan. Hautatzen ditugun lekukoak sortzez “kaxkariñak” izatea funtsezkoa da, baina ez da aski. Ahalaz, hala aita nola ama, biek behar dute donostiarrak izan. Eta euskararen izaera eta egoera diren bezalakoak eta ez bestelakoak direlako eta Donostiaren geografia hedadura handia delako, lekuko donostiar horien bi gurasoak donostiarrak izatea ere ez da aski; ahal dela biek auzo berekoak behar dute izan. Horregatik lan honen emaitzen kalitatearen giltza gutxienez bi iragazkitan finkatu behar dela iruditzen zaigu: lekukoaren gizartezko sareak ongi ezagutzea baitezpadakoa da, batetik, eta donostiar jatortzat hartu ditugun egungo euskaldunek darabiltzaten aldaerak XIX. mendeko idazkietan agertzea aldeko frogatzat har daiteke gutiz gehienetan. Zernahi ere den, XIX. mendeko euskal idazle donostiarren hizkera eta hizkuntza-ezaugarriak aztertzean ere harri berean behaztopa gaitezkeela begien bistan dagoen gauza da; esate baterako, J. V. Etxagarairen aita donostiarra zen baina ama urrestildarra; Fermin Imazen aita Alegikoa zen eta ama tolosarra (7); Pepe Artolaren lehen emaztea zizurkildarra zen eta bigarrena zarauztarra.
Dagoeneko esan dugunez, eredu estandar bat dagoen edo sortzen den lekuetan, goi mailako jendeen artean gertatzen da nabarmena estandarizazioaren indarra eta bereziki hirietan gertatzen da hori: tradiziozko hizkera urtuz doa apurka-apurka eta dialekto urbano subestandar berri bati uzten dio bere lekua. Ikusteko dagoen gauza da Donostian egun sortzen edo indartzen ari den eredua dialekto urbano subestandar bat ote den, baina ez dago inolako zalantzarik egun Donostian tradiziozko euskera guztiz ari dela itzaltzen eta urtzen. Donostiako euskera zeukan koloreaz gabetzen ari da etengabe, dialect levelling izendatzen den prozesuan sarturik dago bete-betean eta gailentzen ari den eredu estandarrak Donostiako bereko hizkeraren kolorea zenbateraino gordeko duen zail da iragartzen, baina ez dirudi biziki handia izanen denik ezta inolako kontsolidazio dialektalerako baldintzak sumatzen direnik ere. Eredu estandarraren eta folk hizkeren arteko adbergentzia edo goitik beherako eragin diglosikoa gaitza da egun euskaraz leku batzuetan; Donostiako euskeraren aldetik galbidean dauden aldaeren adibideak dozenaka eman daitezke (8):
arratzian ‘iluntzean’, asnasa ‘arnasa’, auxen ‘hauxe’, baluteke ’ balute’, batzoi ‘baratxuria’, beatzaz ‘berari buruz’, bejela ‘bezala’, beranduba da ‘berandu da’, despaziyo ‘emeki, mantxo” (9), dizka ‘dizkio’, ekatzute ‘ekar ezazue’, ementxen ‘hementxe’, enreamakilla! ‘nahasle denari esana’, etera ‘atera’, far ‘barrea’, gaixti ‘garestia’, garagarril ‘ekaina’, ginbeleta! ‘kirtena!, kaikua!‘. ibildu ‘ibili‘, itzazo itsasoa’, ixiri ‘eseri’, ,jatena ‘bazka’, laja ‘utzi’, lanbat ‘larunbata’. mañon ‘baina’, marruaz ‘negarrez’ (10), mesere ‘mesedea’. naskitzu ‘dizkidazu & iezazkidazu’, nastutu ‘nahasi’, nau ‘dit’, oju ‘oihu’, onenian ‘agian’, suba ‘sua’, sugur ‘sudurra’, txarki ‘gaizki’, txinistu ‘sinetsi’, Uliya ‘Uilia alderdia’, zaitia ‘zaitez’, zube ‘sugea’. Zurriyola ‘Groseko Zurriola’...
Datiboko morfema bigarren pertsonako singularra nahiz plurala denean ohikoa zen -zkitzu atala ere –zaizkitzu, dizkitzu diskitzutet- ez da entzuten egun Donostiako kaleetan; ezaugarria, gainera, ez da markatua, ez da soilik donostiarrena: Orion, Usurbilen, Lasarten. Igeldon, Hernanin. Pasaian, Errenterian -Lezo sal buespena da-, Oiartzunen, Irunen eta Hondarribian ere badago ezaugarri hori, baina egun neke da honelakorik donostiarren ahotik entzutea, non eta ez den adineko lagun batengandik.
Ez dezagun pentsa, bestalde, soilik gurean ari direla herri hizkerak urtzen. Estandarizazioaren garaiaren hurbiltasunagatik sentitzen dugu hori, hizkuntzaren batasun esplizitua duela hogeita hamar bat urte hasi zelako eta egun ere inoiz baino areago Euskaltzaindia erabakiak hartzen eta hedarazten ari delako. Iruditzen ez bazaigu ere, hemendik kanpo industrializazioaren ondorio den urbanizazio eta homogeneizazio prozesua herri hizkerak koloregabetzen ari da. Italiako egoeraz diharduen Sobrero-ren 1997ko azterketa batean (Görlach 1999: 187), erregistro estandarren hedapena eta dialekto nabarmen edo markatuen beheraldi “drastikoa” aipatzen zaizkigu. Danimarkan soilik herritarren %5a mintzo da dialektoan: Kopenhageko eredua da nagusi dabilena. Era berean, bizimoduaren homogeneizazioa hainbat lekutan eredu edo aldaki urbano direlakoen nortasuna ere ahultzen ari da: Belgikan, industrializatu gabeko Brujas hiriko hizkera urbanoa mendebaldeko flamenkera orokorrak irentsi du, azken honek etorkia nagusiki rurala edo suburbanoa duen arren (Taeldeman 1998: 16).
Tradiziozko eredua ahultzean sor daitekeen dialekto urbano berri honen berezitasuna leku batzuetan besteetan baino markatuagoa izaten da. Esaterako, leku batzuetan hizkuntza-desberdintasun bertikala edo diastratikoa -gizartezkoa- nabarmenagoa da beste batzuetan baino; suediera erabil dezakegu adibide gisa: Finlandiako Närpes-en erlatiboki homogeneoa da mintzo duten suedieraren aldakia, baina Suediako Eskilstunakoa, berriz, gizarte aldetik arras estratifikaturik dago, aldakortasun interindibiduala handia da (Ivars 1994: 206).
Lekukoen gizartezko alderdia ohiko dialektologia lanetan baino hertsiago zaindu beharreko atala dela adierazi dugu. Ondorioa begien bistakoa da: Donostiako euskera dialektologia tradizionalaren ikuspegitik aztertzeko soziolinguistikaren ekarria aintzat hartu behar da. Nahiz ez den urbe industrializatu bat, Donostia gutxi asko hiri bat da: nahitaezkoa da ekukoen ikuspegi ahalik eta holistikoena edukitzea, osoena, euskaldun horien bizia eta beren historia linguistikoa gogoan hartzea: bizitzarekiko ikuspegia, bizitzeko modua, hizkuntzaren erabilpenaren osagai ideologikoa... Baina ez bedi horregatik pentsa lanaren helburua guztiz berritzailea denik, ez horixe: lan hau dialektologia tradizionaleko saio bat gehiago da, euskarak horren beharrezko dituen horietarik bat gehiago. Beste batzuen aldean zehatzagoa eta punttalakurloago behar du izan nahi eta nahi ez, baina helburua ez da inondik ere egun Donostian nolako euskara egiten den aztertzea, hori soziolingusitikaren jarduna da, ez dialektologiarena, ez gara Donostiako euskera mintzatua bitarteko harturik soziolinguistika lan bat egiten ari, guk Donostiako bereko hizkera bildu eta aztertu nahi dugu, arau estandar berriarekiko horrenbeste hartu-emanik eduki ez duten adineko euskaldun donostiarren mintzoa da gure arreta bilduko duena, ez egungo Donostian egiten den euskararen aldakortasuna neurtzea eta deskribatzea. Euskaraz bederen dialektologia urbanoa oraingoz dialektologia tradizionalaren bidetik egin beharra dagoela irizten diogu, ezinezkoa baita soziolinguistika lan sendo eta txukunik Donostian egitea aldez aurretik bertako hizkeraren nondik norakoak aztertu gabe. Viaplanaren hitzen eta ideien inguruan murgiltzea eta nondik nora jo argi edukitzea komeni litzaiguke:
Per dialectologia urbana se sol entendre la branca més evolucionada de la dialectologia social. Té com a característiques pròpies el caràcter marcadament urbà i l’aplicació sistematica de tècniques adoptades de les ciències socials, i especialment de la sociologia. El caràcter urbà la diferencia de la dialectologia regional, que ha situat històricament el seu àmbit específic en el marc rural; l’aplicació sistemàtica de les tècniques de les ciènces socials la diferencia de la dialectologia social tradicional, que ha aplicat tècniques pròximes a les de la dialectologia regional (1996: 175).
Diaiektologia tradizionaleko helburua duen azterketa sakon bat izatea lagungarri da ondoren soziolinguistikako lan xuxenak gauzatzeko. Arazo zaharrei ohiko dialektologiak eman erantzunak deusetarako irakurri gabe eta atera ondorioak gogoan hartu gabe egin dituzten soziolinguistika analisiak arazoz beterik egon izana gertatu zaie behin baino gehiagotan Ameriketako hainbat soziolinguistari; baitezpadakoa da soziolinguistikaren abiapuntua ohiko dialektologiaren ondorioetan oinarritzea, soilik haiek ezaguturik abia daiteke honelako lan moderno bat; hemen eta nonahi. Halako jarduna itsuaren alferrikako berrikeria baizik ez litzateke, “epatatzeko” nahikaria baino ez; aldaketa prozesu batean barreneraturik dauden hizkuntza-aldaera edo formen antolaketa eta hurrenkera ulertzeko eta egoki interpretatzeko nahitaezkoa da ordura artean aldaera horiek eduki duten egitura, funtzionaltasuna eta balio sinbolikoa hein batez bederen ezagutzea; baita zein lekutan erabiltzen ziren eta non ez, zein testuingurutan eta zertarako jakinaren gainean izatea ere; dialektologiak ez du aztertzen soilik aldaera baten existentzia edo inexistentzia.
Oharrak:
7.- Ez zaigu iruditzen, dena den, Fermin Imazen bertsoetan Donostiako euskera islatzen denik.
8.- Adibide gehienak Igeldotik eta Usurbildik Antiguara jaitsitako senarremazte batzuen alaben jardunetik (1963-1982) atereak dira: ez bedi pentsa, bestalde, adibideok soilik Donostiako ezaugarriak direnik, aldameneko herrietan ere ageri dira; Donostian galtzen ari direlako dakartzagu hona.
9.- Aginagan espaziyoz artzak edo espaziyua artzak esan ohi da lan edo edari zenbait lasai eta presarik gabe hartzeko eskatzean.
10.- Pertsonetarako erabiltzen da Donostian eta badira adibideak Soroaren antzerkietan; Aginagan behiez esaten da.
|
|
| |
 |
 |
|