HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Historia de Donostia - San Sebastián

Historia de Donostia - San Sebastián








SARRERA

Euskal Herriaren historia *itsasoz* eta *burdinaz* egina baldin badago, Donostiaren historian itsasoak eskaintzen dituen aukera guztiak daude bilduta. Itsasorako eta merkataritzarako senak sorrarazi zuten Donostia, eta itsasoak eta merkataritzak tankeratu dute, mendez mende, donostiarren bizimodua. Merkatariak, kapitainak, eta kortsarioak berdin-berdin abiatu ziren itsasoetan barrena eta negozioetan barrena, bi zeregin horiek ez izanik beti etekin handikoak, baina bai arrisku handikoak. Gizon haien asmoek eta ausardiak argi-ilunez mugarritu zuten Donostiaren bilakaera, eta kemenez landu zuten hiri horren alderdirik ausartena.

XIX. mendean zehar, ozeanoaz bestaldeko bidaldiak bakanduz joan ziren, Amerikako koloniak burujabe egin ziren heinean. Harrezkero, itsasoz haraindiko abenturak ezin zitezkeen Pío Barojaren liburu gogoangarrienetan baizik goza. Baina donostiarrek ez zuten etsi, ez zituzten beren balentriak iraganera mugatu nahi izan. Itsasoaren ertzak berak bultzatu zituen itsasoaz baliatzeko modu bareago bat aukeratzera: turismoa. Donostiak udaldiko hondartza ospetsu izateko ahaleginera bildu zituen indarrak, baina ez zuen, horregatik, merkataritzan zuen tradizio luzea inondik ere ahaztu. Ekonomiaren hainbat alor gogotik landu izanak eta kultura behar bezala bultzatu eta aintzat hartu izanak eman dio gaur egun duen itxura eta tankera Donostiari.

Donostiaren bilakaera bitxiak aspalditik erakarri izan du ikertzaileen arreta. Baina haiek denek eragozpen berbera izan dute: Wellingtonen soldaduek 1813an Donostia porrokatu zutenean artxibo guztiak erre izana. Gertaera horrek aurreko mendeetako lekukotasun nagusiez gabetu ditu historialariak, eta iturri sakabanatuetan ikertzera behartu; bide zail eta arrisku handikoan sarrarazi ditu, beraz.

Iraganarekiko interesa 1963. urtean berpiztu zen, Donostia erre izanaren CL. urteurrena zela eta egin ziren ekitaldietan. Kulturako agintariek dokumentu historiko batzuk berrargitaratu zituzten, eta historiaren zaletasuna bultzatu zuten, *Grupo Doctor Camino de Historia Donostiarra* sortuz. 1981ean, Donostiari erregeak forua eman ziola zortziehun urte bete zirela eta, gai bakarreko kongresu batek bultzada handia eman zion Donostiaren historiari. Erdi Aroa eta erakundeak izan ziren kongresu hartan gehienbat aztertu ziren alderdiak. Harrezkero, historiografiak aurrera egin du, atzera begiratuz betiere, unibertsitatearen, adituen, eta erakundeen bultzadari esker.

Donostiari buruzko historiografiak egin duen azken ekarria J. A. García de Cortázar, J. Mª Imízcoz, L. Castells, F. Luengo, P. Fernández Albaladejo, eta M. Artola irakasleei zor zaie, 2000. urtean *Historia de Donostia-San Sebastián* argitaratu baitzuten, Artola jaunaren gidaritzapean. Gaurko argitalpen hau liburu horren emaitza da. Hurrengo orrialdeetan, irakurleak liburu horren laburpen bat aurkituko du, laburra eta, laburra izanagatik, zehatza. Kapitulu bakoitza jatorrizkoen laburpena da, eta liburu hartan gaztelaniaz luze kontatuta dauden gertaerak liburu honetan euskaraz labur kontatuta daude, baina, hori bai, egileen antolamenduari eta arrazoibideari zorrotz jarraiturik.

Sei historialari horiek aldi berean landu dituzte bai ikerketarako bide abstraktuenak -boterea hartzeko estrategiak, alderdi politikoak, eredu ekonomikoak, eta presioko taldeak...-eta bai herritar soilak erraz uler ditzakeen kontuak. Kapitulu bakoitzak eskaintzen du bai garai bakoitzeko oinarrizko arazo handiak ezagutzeko bidea eta bai garai bakoitzeko donostiarren bizimoduaren berri izateko aukera, gertutik erakusten baitigu hainbat kontu jakingarri: non eta nola bizi ziren donostiarrak, zertan lan egiten zuten, nola bizi ziren emakumeak, nola dibertitzen ziren herritarrak...

Azkeneko orrialdeetan, liburuan aipatzen diren gai nagusiei buruzko bibliografia bat dago. Irakurleak haren bidez aurkituko ditu laburtu beharrez aipatu gabe utzi ditudan alderdi eta xehetasun asko. Ikerketa zehatzago bat egin nahi izanez gero, irakurleak hobe du egileek berek jatorrizko liburuan egin dituzten aipamenetara jo, liburu haren zordun baita orain aurkeztu dizuedan liburu hau.



ELENA LEGORBURU FAUS
2001eko martxoa

AURKEZPENA

Miguel Artola jaunak zuzendu duen taldeak zehaztasun eta zorroztasun handiz egin duen liburu honi esker, badugu lan bat gure hiriaren historia guztia hartzen duena. Zientzi lan honen helburua gaurko nahiz bihar-etziko gizaldiei egungo egunean daukagun giza, ekonomi eta hirigintza garapen hau zergatik daukagun azaltzeko giltzarriak ematea da.

Bagenuen honelako lan baten beharra. Alegia, gure historian izan diren gauzarik inportanteenak kontatzeaz gainera, hiriak joan deneko 800 urte hauetan zer bilakaera izan duen -auziz eta kontraesanez betea, askotan- sakonagotik erakutsiko ziguna.

Dena dela, esan dezadan Udalaren ekimen hau ez dela hiriari eta hiritarrei omen egite bat izan den Atarian-la ciudad de tu vida erakusketa bikainaren segidan halabeharrez etorri.

Izan ere, hiria berriz pentsatu behar dugu, hiri moderno eta lehiakor bat izan dadin Donostia Europako hirien artean, gizarte kohesionatu bat izango duena eta kultura eta aisia gaietan berezitua. Horrek, jakina, jatorria ondo ezagutu beharra eskatzen digu aurren-aurrena, donostiarren bizipenak eta Donostiak gorderik duen arima.

Garai txarra daukagu orain. Lan hau irakurriz gero, ordea, ikusiko dugu lehen ere gertakari tragikoak eta une latzak asko izan ditugula. Baina, inoiz ere ez zigun etsipenak gainik hartu, eta izaera berezia duen gure hiri honen izpiritu liberal eta abangoardia zaleari esker, aurrera egin izan dugu, eta horrek berak ematen digu kemena hemendik aurrera ere ilusioa piztu eta, denon artean, gauza berriak egiten segitzeko, Donostiako gizon-emakumeen aurrerapena eta ongizatea bermatze aldera.

Izan zirenei eta izango direnei zor diegu apustu eta ahalegin hau.

ODON ELORZA
Alkatea







Miguel Artola (ed.)

Testua:
Luis Castells Pablo
Fernández Albaladejo
José Ángel García de Cortázar
José María Imízcoz
Félix Luengo

Bertsio laburtua:
Elena Legorburu Faus

Azaleko irudia: Zurriolako zubia,
Luis Amann eta Ramón Alonso, *Donostia postatxarteletan*, 1993

Edizioaren ©:

Donostiako Udala, 2001
Igentea, 1
20003 Donostia
Telefonoa: 943 481 000
Faxa: 943 481 072

Editorial Nerea, S. A., 2001
Juan de Laborda, 2
20280 Hondarribia
Telefonoa: 943 645 743
Faxa: 943 646 027
nerea@nerea.net



Jatorrizko testuen ©:
Miguel Artola, 2000
Luis Castells, 2000
Pablo Fernández Albaladejo, 2000
José Ángel García de Cortázar, 2000
José María Imízcoz, 2000
Félix Luengo, 2000

Bertsio laburtuaren ©:
Elena Legorburu, 2001

Itzulpenaren ©:
Jon Muñoz, 2001

Diseinua eta koordinazio teknikoa:
Editorial Nerea

ISBN: 84-89569-56-8
Lege gordailua: S. S. -346/01

Eskubide guztiak erreserbatuta daude. Ezin da liburu hau, ez osorik eta ez zatika, erreproduzitu edo igorri, ez baliabide elektronikoz eta ez baliabide mekanikoz, ez fotokopiaz, ez grabatuz, ez beste edozein sistemaz, eskubideen jabeek horretarako baimena aldez aurretik eta idatziz ematen ez badute.