HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Historia de Donostia - San Sebastián »  Donostiako hiribildua XV. mendean: nola bizi ziren donostiarrak

Donostiako hiribildua XV. mendean: nola bizi ziren donostiarrak




XV. mendean, Donostia hazi egin zen alor guztietan, bai biztanlez, bai ekonomian, bai administrazioan... Hazkunde horrek indartu egin zuen Donostiak Gipuzkoako probintzian zuen garrantzia, eta aurrera eginarazi zion hiri nagusi izateko lehian.



Kantauri aldean, ordea, Bilbo nagusitu zitzaion Donostiari Gaztelako artileen salerosketan. Bilboren nagusitasunak nazioarteko merkataritzako joan-etorrietan Donostiak zeukan jarduna eta garrantzia aztertzera bultzatu zituen donostiarrak. Merkataritzako sareez baliatzeko eta haiek kontrolatzeko lehian nagusitu nahirik, erabaki zuten ahalik eta gehien baliatzea bere porturik onenaz: Pasaiako portuaz.



Merkatarien eta arrantzaleen Donostia

Erdi Aroko Donostia hesiz itxi hura irudikatuz gero, uste izatekoa da hango biztanleek ez zutela beste lanbiderik arrantza eta merkataritza izan ezik. Baina harresiz mugatua egoteak ez zuen esan nahi donostiarren jardun ekonomikoak batere zerikusirik ez zuenik inguruko lurraldearekin. Aitzitik, aspalditik ohi zituzten itsasoko zereginez gainera, donostiarrek basozaintzan eta nekazaritzan ere jarduten zuten, eta baita industrian ere: burdinoletan, hain zuzen. Garai hartan, lanbideen eta zereginen nahasketa hori ohikoa zen Europako hiribildu guztietan.

Laboreak lantzen zituzten, jakina, hura baitzen Erdi Aroan Europa osoko biztanleen jatekoaren oinarria, baina Donostia aldean biltzen zen labore kopurua ez zen nahikoa Donostiako biztanle guztiei jaten emateko. Horregatik, asko dira gariaren eta artatxikiaren inportazioen berri ematen duten garai hartako dokumentuak. Alea, bertakoa edo kanpokoa, Balentegiko, Rodabarriako, eta Zurriolako errotetan ehotzen zuten; azkeneko biak San Bartolomeko mojenak ziren.

Sagarrondoak eta mahastiak ziren Donostiako barrutian lantzen ziren elikagai nagusiak. Sagar eta mahats hura Donostian bertan kontsumitzen zuten, bai baitziren sei ardotegi eta hiru sagardotegi. XV. mendean zehar, gero eta ardo gehiago ekoitzi eta merkaturatu zen Donostian, eta hala bultzatu zen ardogintza eta zabaldu ziren mahasti sailak, eta legez arautu zen nekazari lana 1.

Inguruko basoei etekina atera nahiak liskarretan sarrarazi zituen Donostia eta Hernani, Donostiako barrutiko hegoaldeko mugak zirela eta. Nekazariak betidanik ari izan ziren bai abeltzaintzan eta bai basozaintzan, aziendaren bazka basotik ateratzen baitzuten. Baina ez ziren nekazariak basotik etekina ateratzen zuten bakarrak; olagizonek eta ontzigileek ere gogotik ustiatzen zuten basoa, eta zur kopuru handiak ateratzen zituzten handik beren langintzetarako. Liskarra sortu zen, beraz, nekazarien eta olagizonen zein ontzigileen artean. Burdinolek, batez ere, egur-ikatz pila behar izaten zuten. Díez de Salazar-en kalkuluen arabera, XVI. mendearen hasieran Gipuzkoan ziren 110 burdinolek 300 milioi kilo egur behar izaten zituzten urtean.

XV. mendean zehar, basoa gero eta gehiago ustiatu zuten; alde batetik, Donostian gero eta jende gehiago bizi zelako, eta, bestetik, Hernanin burdingintzak goraldi handia izan zuelako. Bi herri horietako ordezkariek 1379an izenpetua zuten ituna zaharkitua gelditu zen, eta tirabirek eta liskarrek mende eta erdi iraun zuten. Eztabaida gogor hura ez zen 1537 arte baretu, *Chancillería*k sententzia eman zuen arte, alegia.

Arrantza eta arraina saltzea ziren donostiarren ohiko lanbideak. XIV. mendearen bukaeran sortua behar zuen, seguru asko, arrantzaleen kofradia, San Pedroren izenpean; indar eta bizitasun handiko sektorea zen arrantzaleena. Arrantzaldia itsas aingiraren arrantzarekin hasten zen; gero meroa eta legatza harrapatzen zituzten. Maiatzaren erdialdean sardinaren aldia izaten zen, eta hegaluzearena, berriz, uztailetik urria bitartekoa zen. Gero, aste batzuetan arrantzara atera gabe egoten ziren. Itsasontzietako maisuek ontziak konpontzeko beta hartzen zuten geldialdi haietan, eta amuko arrantzan aritzeko ere bai; gero, berriz itsasoratzen ziren, bisiguak harrapatzera.

Bakailaoa harrapatzera, berriz, Gran Soleko eta Irlandako kaletara edo arrantza-guneetara joan behar izaten zuten. Baleak harrapatzen ere ibiltzen ziren, harik eta, XIV. mendean, balea Kantauri itsasoan bakantzen hasi zen arte, ur hotzagoen bila beste norabait joanda. Nolanahi ere, badirudi baleak ez zirela erabat desagertu Kantauri itsasotik, eta nahiko maiz etortzen omen ziren, XVII. mendea arte, gutxienez.

Baliabide horiek guztiak ustiatu beharrak salerosketa bultzatu zuen. Merkataritzako harremanen bidez etekina ateratzen zitzaien soberakinei; baina, batez ere, Donostiak behar zituen lehengaiak ekarri beharra egokitu zitzaion merkataritzari, zeren eta, arestian esan dugunez, Donostia ez baitzen, nekazaritzaren aldetik, bere burua asetzeko lain. Donostiar asko merkatari egin zen, beraz. Negozioak eta tratuak nola atera, hartara izango ziren edo ez aberatsak ondarez, eta goi mailakoak edo behe mailakoak gizarte mailaz. Negozioetan arrakasta handi-handia izan zuten merkatariak Donostiako hiribilduko hierarkiako lehenengo lekuetan egokitu ziren.

Tankera horretako ekonomiak aurrera egingo bazuen, azpiegitura egoki bat behar zen, eta, beraz, Donostiak arreta handiz zaindu zuen alderdi hori. Arestian esan dugunez, Donostiak hiru portu zituen: Urumeakoa, Kontxakoa eta Pasaiakoa, *el Pasaje*.
Hiri barnea

Donostiako biztanleria ugaritu egin zen garai hartan, dokumentuek alde guztietatik argi eta garbi adierazten dutenez: gero eta lur, larre eta baso gehiago ustiatzen zituzten donostiarrek, parrokia berriak sortu zituzten -San Pedrokoa Pasaian eta San Pedrokoa Igeldon-, etxeak lehen baino altuagoak ziren, orubeak zatitzen zituzten... 1500. urtearen inguruan, Donostiak 4.500 biztanle omen zituen, eta haietatik 3.000 harresien barruko hirigunean bizi ziren.

Urgull mendiak eta babeslekuen perimetroak mugatzen zuten berez Donostia. Begi hutsez ikusita, era askotako eraikinen multzo nabar bat zen Donostia, baina eraikin bakan batzuk nabarmen ageri ziren nahaspila hartan: harresi barruko bi parrokiak -San Bizente eta Santa Maria-, Erregimentuaren etxea -Santa Anako kapera-, kartzelak, goi mailako leinuen dorretxeak eta jauregiak -Engómez, Aguinaga, Elduayen... familienak-.

Hasierako harresi zaharra XV. mendearen bukaeran indartu zuten. Zazpi ate zituen, eta haietatik bi besterik ez zituzten egunero irekitzen: Lehorrekoa eta Itsasokoa. Gauez itxi egiten zituztenez, harresi barruko Donostia harresiz kanpoko Donostiarekin ezin komunikaturik gelditzen zen, ofizialki behintzat. Baina donostiar asko ibiltzen zen gauez sartu-irten hesiaren gainetik salto eginez; eta goi mailako familia batzuek ate isilak ere bazituzten, berek bakarrik erabiltzen zituztenak.

Harresi barneko eraikuntzen egitura eta ardatz nagusia honelakoa zen: bederatzi kale, alde batetik, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zihoazenak; eta sei kale, zeharka, Urgull mendiaren magala eta lehorreko aurrealdea lotzen zituztenak. Eraikin guztiak lurrez eginak ziren, eta kalean barrena ibiltzea ez zen batere erraza, oso kale estuak baitziren: haietako batzuk lau metro zabal besterik ez ziren. Gizonak eta abereak estu-estu gurutzatzen ziren kaleetan; merkatariek kalean ipintzen zituzten salgaiak; harakinek hantxe hiltzen zituzten abereak... 1489an, sute batek Donostiako hiribildua erre ondoren, ordenantzek agindu zuten egokitu zedila leku zabal bat Embeltran kalearen eta harresien artean, hantxe plaza bat egiteko. Horrela sortu zen "Plaza Zaharra", hala esango zitzaion geroztik, eta han egin zuten aurrerantzean donostiarrek auzo bizitza eta han izaten zituzten jendarteko harremanak.

Hura ez zen osasunerako batere giro ona, eguzkiak ez baitzuen kale estu haietan jotzen, eta donostiarrek etxetik kanpora botatzen baitzituzten zakarrak eta ur zikinak. Etxebizitzen orubeak, berez, zortzi metro luze ziren fatxada osoan alderik alde, eta hamabi metro sakon. Eremu horren heren bat, barrualdeko izkina alegia, leku ireki bat zen, eta han zeukaten baratza eta eskorta. XV. mendean, biztanleria ugaritzeak handitu egin zuen bizilekuen balioa. Etxebizitzen premiak etxeen altuera igoarazi zuen, bi solairutik hiru solairura, eta luzeran ere zatitu egin zituzten etxeak, etxebizitza gehiago izateko. Harrezkero, etxebizitza bakoitzak lau metro izango zituen fatxadan, eta solairu bakoitzak bi gela izango zituen kale aldera.

Eraikinen oina lurrezko zoruaren gainean zegoen finkatua. Han izaten zuten donostiarrek lantokia edo denda, ukuilua, eta eskorta. Lehenengo solairuan sukaldea eta logelak egoten ziren, eta azkeneko solairuan, berriz, biltegia. Etxeen egitura zurezkoa zen, eta, beraz, suteak maiz izaten ziren. 1489ko suteak ia Donostia osoa erre zuen. Hiriguneko seiehun etxeak erre ziren. Sugarrak itzali zituztenean, harrizko hiru eraikin besterik ez ziren gelditu zutik. Errege-Erregina Katolikoek Donostiako hiribildua harriz berreraiki zedila erabaki zuten, suteek kalte gehiagorik egin ez zezaten. Jende askok, hala ere, ez zuen agindu hori bete, harria oso garestia baitzen. Hurrengo mendeetan ere sua etengabeko mehatxua izan zen donostiarrentzat.

Herri xehearen bizilekuen ondoan, Donostiako goi mailako familiak harrizko dorretxe eta jauregi handi eta zabaletan bizi ziren, herritar apalenak pilatuta bizi zirela kontuan hartu gabe.




Urumeakoari "portu txikia" esaten zioten, eta ibai bidezko joan-etorrian zegoen espezializatua.

Inguru haietan bazegoen kapera bat, Santa Katalinari eskainia, eta izen hori bera jarri zioten portu hari eta Santa Katalinaren babespean sortu zen merkatarien eta marinelen kofradiari. "Portu handia" edo Kontxakoa ainguratoki xume bat izan zen hasieran, eta, 1440an, kaia egin zioten, edo "Molla", donostiarrek euskaraz betidanik esan izan diotenez.

Pasaiako portua beste biak baino gehiago zen, bai edukieraz eta bai segurtasunez. Haren egokitasunak berehala piztu zuen inguruko herrien interesa. Donostiak gogor defendatu zituen bere eskubideak: Pasaiako uren eskumena beretzat bakarrik omen zuelako, bere beste bi portuetan bezala, ukatu egin zien Errenteriari eta Hondarribiari beren ontziek Pasaiako portua erabiltzeko baimena. Pentsatzekoa denez, bi hiribildu horiek ez zioten amore eman nahi izan Donostiaren erabaki hari, eta Pasaiako portua bereganatu eta erabili ahal izateko lehiek, auziek, eta liskarrek mende askotan iraun zuten. Auzitegietan izan ziren tirabirez gainera, etsaitasun hark gerra zikin bat sortu zuen maiz hiru herri haietako biztanleen artean, lapurretak, suteak, eta elkarri egindako beste kalte batzuk tartean zirela.

Hiru portu horien zeregina osatzeko, baziren beste sarbide batzuk ere ibaitik eta lehorretik, kostaldea eta barrualdea harremanetan jartzen zituztenak. Bide nagusiek bi modutako ibilbideak izaten zituzten nahasian; alegia, denbora puska batean salgaiak mandoen bizkarretan eraman behar izaten zituzten, eta beste denbora puska batean ontzietan, *pinaza* eta *gallupa* esaten zitzaien ontzi motetan, eta alderantziz gero. Donostian, Urumea ibaia barne bide natural bat zen: Hernaniraino joan, Hernani zeharkatu, eta Nafarroako erreinuan sartzen zen. Urumea ibaiaren bokaleko barrak traba eta oztopoa egiten zion ontzi askori, baina azpialdea laua zuten ontziak aise igaro zitezkeen handik. Bidasoa ibaiak ere antzeko aukerak eskaintzen zituen, eta nafarrak berehala ohartu zitzaizkion horri. Berako eta Lesakako salgaiak aurki bideratu zituzten Bidasoa ibaian barrena, Hondarribiko porturaino. Hautabide horrek kalte egin zion Donostiari, zeren eta, bestela, Bidasoan barrena zebilen joan-etorri hura Tolosako bidean barrena iritsiko baitzen Donostiara, lehorretik. Donostia, beraz, lehia gogorrean ibili zen Hondarribiarekin Nafarroatik zetozen salgaiak bereganatzeko.

Nafarroatik zetorren salgaien joan-etorriak gorabehera handiak izan bazituen, Arabatik zetozen salgaiena gero eta gehiago indartu zen, Gipuzkoako bide sarea antolatu eta handitu ahala. XV. mendean indar handia hartu zuten bai San Adrian mendatetik igarotzen zen pasabideak eta bai Tolosako hiribildutik igarotzen zenak;
biak Donostiako portura zeraman bidean zeuden. Handik abiatzen ziren ontziak Atlantikoko edo Mediterraneoko kostaldeetara. Atlantiko aldeko frantses kostaldearekin -Baionarekin batez ere- eta Iberiako Penintsulan Sevillaraino iristen zen tartearekin izan zituen Donostiak itsaso bidez harremanik estuenak.

Mende horretan utzi zuten alde batera luxuzko ehunen edo apaingarrien garraioa, ordu arte ohikoa izan zena. Haien ordez bolumen handiko salgaiak garraiatzen zituzten, luxuzkoak ez zirenak, eta herritarrek beren eguneroko bizitzan behar zituztenak; hau da, burdinak, oihalak, eta elikagaiak: laboreak, arrainak, lekariak, gatza, ardoak, eztia... Garai hartako dokumentuetan aipatzen den iltzeen, soken, galipotaren eta gerrarako tresnen inportazioak argi eta garbi erakusten du Donostia gotorleku mehatxatu bat zela, eta, baita ere, inguruan ontziolak zituela.

Donostia beti aleen eskasian zegoenez, hiribilduko kontzejuak kezka handia izan zuen luzaroan biztanleak laborez eta lekariz hornitzeko. Horregatik agindu zuen portuan ainguratzen zuen ontzi bakoitzak han bertan deskarga zezala zeramatzan jangaien erdia, donostiarrei saltzeko 2. Jangai haien prezioari hainbat udal zerga eransten zitzaizkion, eta baita %10 ere, erreinuko *alkabala* nagusiak ordaintzeko.

*Alkabala* zeritzan zerga hori kendu egiten zuten bolada baterako, hondamen bat, ezurte bat edo premia handiko garai bat egokitzen zenean, eta horixe egin zuten 1489ko sutea izan zenean. Azkenerako, zerga hura ordaintzeko modu hori bertan behera utzi zuten, eta XVI. mendearen hasieraz geroztik kopuru finko bat ordaindu behar izaten zen.










Oligarkiaren nagusitasuna Donostiako Erregimentuan



Arestian esan dugu XV. mendean Donostiako biztanle kopurua handitu egin zela eta ekonomiak ere gora egin zuela. Pixkanaka-pixkanaka handitu izanak bizitasun handia eman zion politikari eta gizarteari; espezializatu egin ziren, eta askoz konplexuago bihurtu ziren bai bata eta bai bestea. Kontzejua kudeatzeko lanak gero eta garrantzi handiagoa izan zuen, bai Donostian bertan, bai Gipuzkoako lurralde osoan, eta bai erreinu osoan.

Udalaren autonomia kontzejuan hezurmamitua zegoen; hura zen hiribilduak aginterako zuen erakunde nagusia. Haren eskumen nagusia biztanleen bizimodua antolatzen zuten arauak ematea zen, eta kontzejuaren ordezkariak izendatzea ere bai 3. Hasieran, batzar ireki bat izango zen, ziur asko, eta bizilagun izateko eskubidea zuten biztanle guztiek parte hartuko zuten. Baina biztanle kopurua horrenbeste hazi zen, non ezin baitziren bilera haiek behar bezala egin. Beraz, kontzejua aldatu egin zen, eta kontzeju itxi bihurtu zen: herritarrek aukeratutako ordezkariak besterik ez ziren joaten bilera haietara. XII. mendetik XV. mendera bitarte, oso biztanle gutxik izan zuen kontzejuan eskua. 1480 inguruan bukatuko zen, seguru asko, kontzeju horren bilakaera; "Erregimentu" bihurtu zenean, hain zuzen; Erregimentu izate hori kontzeju itxiaren aldaera bat zen, eta bi ezaugarri nagusi zituen: bizilagunek mugatua zuten aginpidera iristea, eta erregeak ahalmen handi-handia zuen Erregimentu hori kudeatzeko lanetan esku hartzeko.

Donostiako hiribilduaren sorrerak berak ekarri zuen erregeen esku hartze handi hura; ez baita ahaztu behar Donostia sorreraz *realengo*koa zela -erregerena, alegia-, eta horregatik erregeek beren erreinuko gainerako lurralde guztiak bezain erne zaintzen zituzten hiribildu hartan zituzten interesak. Hortaz, Gaztelako erregeak maiz samar hasi ziren Donostian esku hartzen, Alfontso XI.aren erreinalditik (1312-1350). XV. mendearen bukaerarako, Errege-Erregina Katolikoek behin eta berriz esku hartua zuten beren interesen alde Donostiako barne kontuetan. 1489ko sutearen ondoren egin ziren Ordenantzetan gorpuztu zen, hain zuzen, argi eta garbi kontzejua Erregimentu bihurtu zuen aldaketa. Nahiz eta aldaketa hori sutea gertatu baino lehen izan, idatzi izanak berak adieraziko luke 1489 izan zela Donostia, bai tankeraz eta bai erakundeen aldetik, "berriz sortu" zen urtea.

Donostiar gehienek -herri xeheak edo, gaztelaniaz garai hartan esaten zioten bezala, *el común*- izaten zuten, hala ere, noizbehinka parte hartzeko aukera, bai erabaki bereziak hartu behar zituen kontzeju nagusietan, bai Erregimentura iritzi eta aholku ematera pertsona bereziak etortzen zirenean... baina, oro har, haien parte hartzea oso mugatua gelditu zen. Erregimentuko karguak berritzen zituzten hauteskundeetan ezin parte harturik gelditu zen herri xehea, eta makina bat liskar izan zen arrazoi hori zela medio. Pixkanaka-pixkanaka, udalaren aginpidea familia gutxi batzuen esku gelditu zen, Donostiako familiarik ahaltsuenen esku, eta haiek bizitza osoan berentzat gordetzen zuten aginpide hori. Ez da harritzekoa, beraz, izen jakin batzuk behin eta berriz aurkitzea Erregimentuko kideen zerrendan: Miguel Ochoa de Olazabal, Juan Martínez de Sarastume, Martín Martínez de Isturriaga, edo Nicolás de Sagastízar dira batzarkideen izenik aipatuenak 1489tik 1512ra bitartean.

Erregimentuak hiribilduaren pribilegioak zaintzen zituen, kontzejuaren errentak eta ondasunak -*propios* zeriztenak- kudeatzen zituen, zerga ordaintzeko erroldak egiten zituen, herritarrek *derrama* esaten zitzaion aldi bateko zerga berezia ordain zezaten, hiria behar bezala hornitua egongo zela bermatu behar zuen, eta merkatuaren legeak beteko zirela ere ziurtatu beharra zeukan...
Erregimentuko kideak ziren orobat hiribilduaren interesak auzitegietan, *Chancillería*n eta Gortean defendatzen zituzten ordezkariak. Kontzejua kudeatzeko lana gero eta korapilatsuagoa eta espezializatuagoa zen, eta hartarako behar ziren kargu berri ugari sortu ziren: alkateak, maiordomoak, zinpekoak, sagramenteroak, eskribauak, probestuak edo amabiak...

1489ko Ordenantzek kontu handiz mugatu zituzten beren eskumenak, beste inoren eskumenekin liskarrik sor ez zedin. Bestalde, 1511koek gutxieneko epe bat ezarri zuten, bi urtekoa, inor berriz aukeratua izateko. Arau horrek karguan txandaka egotera behartzen zuen, eta, horrela, interes berak zituzten taldeak edo familiak hobeto konpondu ahal izan ziren elkarrekin. Agian, arrazoi horregatik ez ziren izan Donostian XV. mendean Europako hiri askotan izan ziren leinuen arteko iskanbila eta borroka gogorrak. Zergak biltzea eta bakea iraunaraztea, horiek ziren erregeek Donostian esku hartzeko izaten zituzten arrazoi nagusiak. Zergak biltzerakoan erregeek gero eta gutxiago estutzen zituzten bizilagunak. Itsasoaren hamarrenak -ontziratutako salgaiena batez ere- eta *alkabalak* -salerosketarenak- ziren erregeei berez zegozkien zergak. Erregeek gero eta maizago salbuetsi zuten Donostiako hiribildua zergak ordaintzetik, ezbeharrak izaten zirenean batez ere: suteak, izurriak...

Eta, izan ere, hiribilduko prokuradoreek ziotenez, ezbehar horiek behin eta berriz porrokatzen eta hondatzen omen zuten Donostia. Arau berezi edo salbuespen horiek zergak ordaindu beharra behin betiko indargabetzea ekarri zuten azkenerako. Luzarora, salbuespen horiek *kaparetasun unibertsala*ren adierazpena indartuko zuten.

Gaztelako erregeen kanpo politikak -bakearekin eta gerrarekin zerikusia zuenak batez ere- eragin handia izan zuen Donostian, kontuan hartu behar baita Donostiak harreman handia zuela kanpoaldearekin. XIII. mendeaz geroztik, Kantauri aldeko hiribilduek harreman sare estu bat zuten nazioarteko portu askorekin, merkataritza zela medio; baina, erregeak herrialderen batekin gerran hastekoa zela jakinarazten zuen bakoitzean, harreman sare hori desegiteko zorian egoten zen.

Bolada luze batean -XIV. mendearen erdialdea arte, oro har- Kantauri aldeko portuak gogotik ahalegindu ziren politikaren gorabeheretatik aparte egoten eta zeinek bere itunak egiten, zeinek bere negozioak babesteko. Donostiak ere estrategia hori erabili zuen, harik eta Gaztelaren eta Frantziaren arteko itunak -oso lotura sendoa izan baitzen hura, batez ere 1369tik 1474ra bitartean- Donostiako hiribildua eta Kantauri aldeko beste hiribilduak Gaztelako erreinuaren kanpoko politikaren gorabeherei eta aldaketei nahitaez atxikitzera behartu zituen arte. Errege-Erregina Katolikoek aginpidea hartu izanak erabateko aldaketa ekarri zuen Gaztelaren kanpo politikara. Frantsesak, ordu arteko aliatuak, etsai bihurtu ziren. 1476an, frantsesek Donostiari eraso zioten. Donostiako hiribilduak lehenik, eta Errege-Erregina Katolikoek gero, Donostiako harresiak indartzea erabaki zuten. Handik gutxira, La Mota gaztelua eraiki zuten Urgull mendian. Ordu arte merkataritzako lekua izan zena gotorleku bihurtu zen.

Erregeek Gipuzkoan esku hartu zutenean, lurraldea baketzeko izan zen, eta ahalegin horretan, Donostiako kontzejuaren laguntza izan zuten. Horretarako, erregea hiribilduetako ermandadeez baliatu zen, haien interesak bat baitzetozen erregearenekin. Azken finean, bakea eta arau idatzia errespetatzea ezinbesteko betekizunak ziren merkataritzak aurrera egingo bazuen.

Donostiak gogotik parte hartu zuen ermandade bakoitzean. Hasieran, zigortzeko aginpidea besterik ez zuten izan ermandade horiek, eta, hala, oso bizkor jarduten zuten gaizkileen kontra. Pixkanaka-pixkanaka, epaitegiei eta administrazioari zegozkien aginpideak ere beretzat hartuz joan ziren. Aginpide horietako batzuk korrejidorearen, alkate nagusien edo beste lege-barruti batzuen zenbait aginpideren kontrakoak egokitu ziren, baina tirabira haiek ermandadearen alde erabaki ziren beti, eta hala indartu zen ermandadea erakunde gisa, kontzejuen gainetik. Eta ermandadearen baitan, donostiarrak gero eta goragoko mailara ari ziren igotzen.


Nolakoa zen Donostiako gizartea XV. mendearen bukaeran

XV. mendearen bukaeran, Urgull mendiaren oinean zegoen gotorlekua zen Donostiaren ezaugarri nagusia. Harresiek mugatzen eta baldintzatzen zuten bai merkataritzaren jarduera, bai gizarteko mailen arteko hierarkiak eta bai gizarteko bizitza bere konplexutasun osoan.

Pertsonak eta abereak estu-estu ibiltzen eta gurutzatzen ziren hiribilduko kaleetan barrena. Kalean mota askotako lanbideak eta klase sozialak elkartzen ziren, eta kolore askotako eta tankera askotako halakoxe irudi bat eratzen zuten. Zalaparta hartan ez zen harritzekoa gaskoierazko hitzak entzutea, gaskoierari belaunaldiz belaunaldi eutsi baitzioten donostiar batzuek: bizilekua Donostian ia hasieratik hartutako merkatari gaskoien ondorengoek. Baina herritar gehienek euskaraz hitz egiten zuten. Hizkuntza hizketarako besterik ez zuten. Gutxi batzuek besterik ez zekizkiten idazketaren hastapenak, eta gutxi horiek ez ziren beti Erregimentuko kideak izaten.

Herritar gehienak alfabetatu gabe egoteak ez zien inolako kezkarik sortzen agintariei; osasunak, ordea, bai. Zinegotziak berehala arduratu ziren osasun kontuak konpontzeaz, eta, hala, San Martin ospitalea sortu zuten harresiz kanpo, legendunentzat. 1495ean, hiltegi bat eraiki zuten, eta han akabatzen zituzten harrezkero abereak, ordu arte harakinek kalearen erdian hiltzen baitzituzten. Hiltegi hura harresien barruan jaso zuten, Zurriola aldean, bazter hartan gogor jotzen zuten haizeek eta mareek hondakinak eta haien usain txarrak uxatuko zituztelakoan. Sua zen garai hartako agintarien beste kezka nagusia. Agintariek bere gain hartu zuten suteak itzaltzeko ardura, eta ahalegindu ziren ur biltokiak (edarrak) sua itzaltzeko beti prest egon zitezen.

Izadia eta elizaren ospakizunak ziren donostiarren bizitza antolatzen zuen urteko egutegiaren ardatzak. Oro har, bi irizpide horiek bat egiten zuten ospakizun nagusi batzuetan, hala Gabonetan edo San Joanetan; urteko bi solstizioetan, alegia. Jai egunak ziren orobat erlijiozko hiru pazkoak, santuen egunak, lanbideen patroien egunak, eta ekonomiako jardun baten "sasoiaren" hasierak: itsasketak, mahats biltzea, uzta biltzea, egur biltzea...

Elizak markatzen zuen eguneroko bizitzaren nondik norakoa, kanpai hotsaz orduak adieraziz. Hala eta guztiz ere, elizak ez zuen izan Donostian hiri hurbil batzuetan bezain eragin handia, elizbarrutiaren hiriburuan, Iruñean, izan zuen bezainbatekoa, adibidez. Alor honetan ere Donostiako oligarkiak bere agintea inposatu zuen: lortu baitzuen elizaren kargu nagusia, "kanpoko ofiziala" edo apezpikuaren ordezkaria, Donostiakoa izan zedila eta Donostiako benefiziatua. Donostiako oligarkiako kideek hartu zuten maiz beren gain kargu hori, eta bai ederki baliatu ere beren aginpidea zabaltzeko.

Donostiako biztanle guztiak berdinak ziren legearen aurrean. Gizartean zuten maila, beraz, baliabide ekonomikoen bitartez adierazten zen. Zein lanbidetan aritzen ziren, hartara izaten ziren aberatsagoak edo behartsuagoak herritarrak. Bere irabazien arabera sailkatuta aipatuko ditugu lanbide batzuk, handienekotik gutxienekora: merkatari handiak, burdinolen jabeak, ondasun higiezinak errentan jartzen zituztenak -hiriko etxeak, baserriak-, erdi mailako dendariak eta dendari txikiak, lur ondasunen jabeak (ez denak maila berean), arrantza eta itsasketa, eskulangintza, eta, azkenik, jornaleko lana. Maila goreneko bi zeregin ere baziren donostiarren lanbide ugarien artean: elizgizonak eta eskribauak.

Bizilekua leku batean edo bestean kokatua izateak beste hierarkia modu bat sortzen zuen donostiarren artean. Harresien barruan edo kanpoan bizitzeak garbi bereizten zituen harresiz kanpoko *kolazioetan*
-Igeldo, Altza, Artigas eta *Pasaje de Aquende*- bizi ziren donostiarrak harresien barruan bizi zirenengandik.

Azken hauek eskubide osoko hiritarrak ziren, eta harresien barruan bizi beharra zegoen baita ere kontzejuaren edo Erregimentuaren ordezkari izateko, eta, 1397. urteaz geroztik, Gipuzkoako Ermandadearen ordezkari ere izateko.

Harresien barruan, familia handia edo txikia izateak -ahaide kopuru handia edo txikia izateak, alegia- gizartean norberak zuen maila ere adierazten zuen. Gurasoez eta seme-alabez bakarrik osatutako familiak bizi maila apalekoak izaten ziren; oligarkia, berriz, leinu bereko ahaide askoko multzo batean biltzen zen. Hiribilduko jauregietan eta dorretxeetan baizik ezin zitezkeen eroso bizi hainbeste ahaidez osatutako familiak; ahaide handiez gainera, ahaide txikiak, ezkon-ahaideak eta zehar-ahaideak eta morroiak bizi baitziren elkarrekin.

Ezkontza bidezko politika ondo pentsatu batek indartu egin zituen handiki haien interes ekonomikoak. Aldareak itun estrategikoak finkatu zituen elkarren osagarri ziren negozioen artean. Ezkontzaren bidez oso lotura errentagarriak antolatu eta zigilatu ziren; adibidez, itsasgizonen zein merkatarien eta burdinolen jabeen artean 4. Donostiako handiki jendeak ez zion baserri aldeko jabetzari ere ukorik egin. Gertaera horrek ñabartu egiten du hiriko gizarteari betidanik egotzi izan zaion zerbait: bere baserri inguruneari bizkarra eman izana.

Donostiako familia ahaltsuenek kontzejuko karguetan arituz jotzen zuten gizarte mailan goia. Udaleko agintean aritzeko mugak gero eta gehiago zorroztu zituzten XV. mendean zehar, harik eta hiribilduko oligarkiaren esku bakarrik geratu ziren arte, beste edozeini sarbidea itxirik. Ezbehar batek bultzatu zuen, ustekabean, udaleko karguak mugatze alderako bilakaera hura: 1489ko suteak. Hiribildua berreraikitzeko behar izan zen bolada luze hartaz baliatu ziren kontzejuko kideak beren aginpidea handitzeko. Haien nahimenek zerikusi eta eragin handia izan zuten Donostiako Ordenantza berriak idazterakoan. Errege-Erregina Katolikoek urte hartan berretsi zituzten Ordenantza haietako arauen bitartez, hiribilduko herri xehearen jardunak eta egintzak gutxiestea lortu zuten, eta baita, askotan, indargabetzea ere. Zorrotz murriztu zuten kofradien jarduna eta egitekoa, eta bizilagunei debekatu egin zieten presio taldeak antolatzea: ligak eta monopolioak, adibidez.

Sutea izan eta hurrengo urteetan, elkarrekin bizi ezina gero eta indar handiagoz zabaldu zen donostiarren artean. Handikien amarru eta azpijoko ilunek protestak eta iskanbilak sorrarazi zituen herri xehearengan. 1491an, Martín de Olarriaga (edo Elorriaga) bizilagunak hitz hauekin salatu zien egoera hura Errege-Erregina Katolikoei: "La dicha villa está puesta en poder de diez o doce vecinos e de los carniceros e marchantes, a quien ellos gratifican e con quien reparten lo que los vecinos e común de la dicha villa han mal llevado". Eta batere zalantzarik gabe salatu zuen asmo txarrez ari zirela: "con intención de con el trabajo de los pobres reedificar sus casas e recrescer sus hasiendas" 5.

Errege-Erregina katolikoek jaramon egin zieten salaketa gogor haiei, eta aldaketa batzuk egin zituzten ordenantza haietan. Beste ordenantza multzo baten bidez bukatu ziren, 1511n, hasierako ordenantza haiei egin zitzaizkien zuzenketak. Hala eta guztiz ere, XIV. mendeaz geroztik, gutxienez, abian jarria zen kargu bereganatze hark aurrera egin zuen, familia ahaltsu haien eraginez, eta, hala, beretzat bakarrik hartu zuten kontzejua aurrena, eta Erregimentua gero. Egoera katramilatsu samar horretan zeuden, bada, donostiarrak XVI. gizaldia hastera zihoanean.




OHARRAK

1
Mahasti sailak ugaritzeak nekazari lana indartu zuen, eta agintariek arautu egin zuten lan mota hura. 1508ko "Ordenanza de podavines" edo "inaustarien Ordenantzak" besalarien lan baldintzak arautu zituen. Besteak beste, Inaustarien Kofradian nahitaez izena eman beharra zegoen mahastiak inausten lan egin ahal izateko; eta, gainera, inaustariek halako babes sozial bat bazuten, gaixotu edo hilez gero.

2
Hori ematen dute aditzera 1489ko Ordenantzetako 97tik 99ra bitarteko artikuluek.

3
XV. mendearen bukaeran, Erregimentuak bi alkate zituen, bi zinpeko nagusi, lau zinegotzi, bigarren mailako lau zinpeko, bi zinegotzi portuzain, bi sagramentero, kaleko bi fiel, sei mendizain eta maiordomo poltsazain bat. Zerrenda horrek argi erakusten du norainoko konplexutasuna eta espezializazioa iritsi zituen udalbatzak.

4
Hala, adibidez. Engómez familiaren eta Pérez de Ojanguren familiaren arteko ezkontza; Olazábal familiaren eta Aguinaga familiaren eta La Pandilla familiaren artekoa; eta, beranduago, Elduayen familiaren eta Alceta familiaren eta Amézqueta familiaren artekoa.

5
Martín Olarriagak eta beste bizilagun batzuek Errege-Erregina Katolikoei helarazi zieten errekurtsoa, 1489an onartu ziren udal ordenantzak salatzen zituena. J. A. García de Cortázarek aipatua *Historia de Donostia-San Sebastián* liburuan; M. Artola (ed.), 2000, 85. orrialdea.