HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEŃANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   



ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Historia de Donostia - San Sebastián »  EASO EDERRA: 1864-1936

EASO EDERRA: 1864-1936






IV

Luis Castells



XIX. mendearen erdialdean, gorakada handia izan zen Europako mendebaldean.

Garai hartako burgesia saiatu eta ekinak kapitalismoa eta teknologia elkartu zituen. Aldi hartako bultzada handia ezin hobeki adierazten dute orduantxe bidea egiten hasiak ziren bi tresna asmatu berrik: lurrunontziak eta burdinbideak. Garraioak eta komunikabideak industrializazioari lotu zitzaizkion, eta denek batera hazkunde aldi iraunkor bat jarri zuten abian, ordu arte inoiz izan ez zen modukoa. Ekonomiaren oparotasun hark itxaropen handiak sorrarazi zituen bazterretan.

Aurrerabide haiek berehala izan zuten eragina hirietan. Biztanleek berehala antzeman eta bereganatu zituzten aldaketak, baina hirietako azpiegitura zahar eta zaharkitua ez zegoen haiek bideratzeko prestatua. Beraz, udaletako agintariak berehala konturatu ziren hiria modernizatzen hasi beharra zeukatela, eta erantzuna eman behar zietela hiritarren premia berriei. Hori bera gertatu zen Donostian ere. 1864tik 1936ra, sekulako aldaketa izan zuen: gotorleku mugatu hura hiri ireki eta kosmopolita bihurtu zen, eta orduko ezaugarri haiek gordeak ditu, gaur egun ere, bere izatearen baitan.





Zabalgunea





XIX. mendea bete-betean zegoela, Donostia gotorlekua zen oraindik, bai tankeraz eta bai izatez, Erdi Aroaren bukaeraz geroztik izan zen bezalaxe. Babeslekuz inguratua eta estutua egoteak militar kutsua ematen zion Donostiari, eta zeharo mugatzen zizkion hazteko eta handitzeko aukera guztiak. XIX. mendearen erdialdean izan ziren garrantzi handiko gertaera batzuek lozorrotik atera zuten Donostia, eta etorkizun berri baterako bidea erakutsi zioten.
Zabalguneak

Zabalguneak dira, hirigintzak Europan sortu zituen arazoak konpontzeko, XIX. mendean aukeratu zen irtenbidea. Urteak joan, urteak etorri, biztanleria hazten ari zen Europako hirietan; jendea etxeetan pilatuta bizi zen, eta agintariei arazo larri hura konpondu beharra egokitu zitzaien. Negozioen bidez aberastua zen burgesia bera ere kezkatuta zeukan hirietako bizitzaren hondamen hark. Kezka horrexek bultzatu zuen burgesia espazio berriak agintariekin batera antolatzera, eta hiriak zabaldu ahal izateko konponbide berriak taxuz, neurriz, eta zentzuz bideratzera. Arau zehatz batzuen arabera antolatutako kale eta auzo-sareen bidez ordenatu zuten eremu berri haien hazkundea. Arau haiek ez zituzten besterik gabe eman; behar-beharrezkoak ziren, biztanleen gehiegiagatik eta etxebizitzen premia handiagatik lehenbailehen eraiki behar ziren orube huts haiek ondo antolatzeko. Hirigintzako arazoak konpontzeko modu hark eman zion tankera indar betean zegoen kapitalismoak gizartean sortu zuen ordena berriari. Eta eredu hura erabat bete zen Donostian.

Zabalguneen ereduak Pirinioak zeharkatu zituen, eta Espainiako hirietan barrena zabaldu zen. Cerdák Bartzelonarako proiektatu zuen zabalgunea eredugarria izan zen garai hartako hirigintzan. Donostiako udalak Bartzelonari jarraitu zion eraikuntza lanen aurreko urratsak egiterakoan 1. . Agintariek planoen lehiaketa baterako deialdia egin zuten, etorkizuneko hiriaren eredua aukeratzeko. Hamabi proiektu aurkeztu ziren deialdi hartara. Udalak Antonio Cortázarrek egindako proiektuari eman zion lehenengo saria, eta hura aplikatzea erabaki zuen. Baina ez zion uko egin lehiaketa hartan bigarren izan zen proiektuari, Martín Saracíbarrenari: gauza asko atera zituen handik Cortázarren proiektua hobetzeko.






Isabel II.a erregina Donostiara noizean behin bisitan etortzea izan zen gertaera haietan lehena. Bisita haiek 1845ean hasi ziren, medikuak itsas bainuak hartzeko gomendioa egin baitzion erreginari. 1865ean eta 1868an ere, erregina Donostiara etorri zen. Bestalde, 1854an, Donostia Gipuzkoako hiriburu izendatu zuten behin betiko, eta gertaera hark ere garrantzi handia izango zuen Donostiaren etorkizunean. Zerbitzuak eta administrazioko zeregin berriak Donostian kokatu behar izan zituzten, beraz. Erreginaren etorrerak eta hiriburu izendatu izanak jende asko erakarri zuen Donostiara. Gipuzkoarrak hiriburu berrira etortzen ziren probintziako erakundeetan egin behar izaten zituzten zuzemenak egitera. Erreginaren bisitaldiek, berriz, gortea ere Donostiara ekartzeaz gainera, modan jarri zuten Donostia aristokraten artean, eta hala aukeratu zuten leku berri hura beren harremanetarako eta lagunarterako.

Jende asko etortzen zen, beraz, Donostiara, baina lehorreko komunikabideak oso eskasak eta desegokiak ziren. Donostia hiri militarra zenez, errepide nagusitik alboratuta zegoen, bazter batean, eta, barrualdetik zetozenentzat, Donostiako sarbidea ez zen batere egokia, oztopo eta traba handikoa baizik. Hori konpontzeko, Madriletik Irunera doan bidearen lotunea inauguratu zuten 1847an, errepide nagusia gaur egungo Askatasunaren Hiribidera desbideratu ondoren. Burdinbidea izan zen, ordea, Donostiara zetorren jendearen joan-etorria gehien erraztu zuen komunikabidea. *Compańía de los Caminos de Hierro del Norte* zeritzan enpresak 1858an hasi zituen Gipuzkoan trenbidea eraikitzeko lanak. Madriletik Irunera zihoan burdinbidea 1864an inauguratu zuten, eta Donostian geltoki bat zuen: Norteko Geltokia. Eragin ezin handiagoa izan zuen burdinbidearen etorrerak Donostian: ordu arte erabili ziren zalgurdi deserosoak baztertuta gelditu ziren, bidaiak merkeagoak eta erosoagoak baitziren trenez, eta bidaiarien eta bidaien kopurua ugaritu egin zen.

Burgesiak berehala sumatu zuen zer-nolako aukerak zekarzkion Donostiari jende etorrera handi hark. Merkataritzak Donostian tradizioz izan zuen alde eta molde bakarreko jarduera -itsaso bidezkoa, alegia- aldatu beharra zegoela erabaki zuten burges batzuek. Beharko, nahitaez, Donostiako portua guztiz
mugatua gelditu baitzen! Bazegoen portua zabaltzea, bai Badian edo bai Urumea ibaian, baina oso erabaki zaila zen hura, kontu handiz aztertu beharrekoa, arriskuan jar baitzezakeen Donostiaren etorkizuna.




1860 aldera, indarra hartzen hasi ziren beste negozio batzuk, salerosketak baino askoz ere irabazi handiagoak eman zitzaketenak: industria eta turismoa. Dirutza handiko familia batzuek -Brunet familiak, besteak beste- berehala sumatu zuten bazegoela hor irabazpide handi bat, eta bere inbertsioen zati bat bi alor horietara bideratzea erabaki zuten. Baina bai negozio berrien aldeko enpresaburu saiatuek eta bai negozio zaharren aldekoek harresien oztopo eta muga handia zuten aurrez aurre, hesi hark ez baitzion hiriari uzten ez zabaltzen eta ez negozioak egiteko behar ziren azpiegiturak abian jartzen.

Traba arkitektoniko hark ez zion, ezta ere, handitzen uzten Donostiako biztanleriari. 1860an, Donostiak 14.115 biztanle zituen, eta, haietatik, 9.156 Erdi Aroko barrenalde hartan bizi ziren, estu-estu eta pilatuta. Harresietatik kanpoko auzoetan, Amaran eta San Martinen, herri xehea besterik ez zen bizi. Harresien barruan, berriz, nahasketa handia zegoen; oso maila sozial desberdineko jendea bizi zen itxitura hartan elkarrekin: burgesak eta haien neskame-morroiak, eskulangileak, eta herritar arruntak. Harresi barruko biztanleen kopurua gero eta gehiago ari zen handitzen, baina, bazter itxi hartan, gero eta leku gutxiago zegoen. Etxebizitzak egiteko premia handia zegoen, beraz, baina ez zegoen lekurik; etxeen altuera igo behar izan zuten, hortaz, eta gero eta jende gehiago pilatzen zen bizitegietan; donostiarrak osasunerako arrisku handian bizi ziren, beraz, etxe haietan. Goi mailako eta behe mailako jendeak, denek nahi zituzten harresiak bota, denek nahi zuten hiria zabaldu eta handitu.

1863ko apirilaren 22ko Errege Agindu batek plazaratu zuen berria: harresiak botatzeko baimena. Donostia ez zen handik aurrera gotorlekua izango, haren inguruko babeslekuak lurrera bota behar zituzten. Berri hark sekulako poza sortu zuen donostiarrengan, eta, ospatu ere, gogotik ospatu zuten. Erabaki hark bazituen, hala ere, alderdi ilun eta katramilatsuak -lurren jabetza, lanak finantzatu beharra...-, eta, eztabaida eta auzi haiek konpontzeko negoziazioak eta elkarrizketak zirela medio, ezin izan zituzten harresiak hurrengo urtea arte bota. Bitartean, udala hiri berria eraikitzeko prestatu zen, eta Europan gehien erabiltzen zen baliabidea aukeratu zuten horretarako: zabalgunea.








Cortázarrek udalak deialdian eskatu zituen oinarriak bete zituen; alegia, merkatari kutsu handiko hiri bat proiektatu zuen. Salerosketak erraz egin ahal izateko moduan antolatu zuen hiria. Helburu horri jarraiturik, dendetarako eta saltokietarako gorde zituen erdialdeko oruberik onenak, eta lehentasuna eman zien salgaiak garraiatzeko loturei, beste edozein irizpideren gainetik. Hortaz, bi lonja kokatu zituen badian, portutik gertu, eta portua burdinbidez lotu zuen Norteko Geltokiarekin. Burdinbide horrek Zabalgunea erdi-erditik zeharkatuko zuen. Urumea ibaia bideratzea ere proposatu zuen, bi ertzetan zamalanerako kaiak ipintzeko.



Azpiegitura haietarako behar zen lekuak ez zuen toki askorik uzten aisiarako zuhaitz eta landarezko guneak egiteko. Cortázar, ordea, ez zen asko estutu horregatik, zeren eta biztanle dentsitate handia proposatu baitzuen metro koadro bakoitzeko, eta estu samarrak proiektatu baitzituen kaleak ere. Alde batera utzi zituen irizpide estetikoak, eta baita higienikoak ere, merkataritzako negozioen eta lurraren espekulazioaren mesedetan 2. Horrez gainera, oso kontuan hartu zuen turismoa, ordurako garbi baitzegoen irabazpide handiak ekarriko zizkiola Donostiari.

Cortázarrek leku berezi bat gorde zuen udatiarrentzat, badiaren aurrez aurre. Klase dirudunak hiriaren erdialdean kokatu zituen, gaur egun Askatasunaren Hiribidea dagoen lekuaren inguruan. Etxe sail handiak proiektatu zituen toki hartan, itxiak, eta erdian patio bat zutenak; etxeak 350etik 370eraino metro koadro ingurukoak ziren. Azkenik, aldiriak -San Martin eta Amara- herri xehearentzat gorde zituen, eta hasiera-hasieratik izan zuten, beraz, kutsu herrikoi handia auzo horiek. Cortázarrek, esan beharrik ez dago, irizpide guztiz klasista baten arabera banatu zituen hiriaren alderdiak.




1864an behin betiko onartu zen Cortázarren planoan oinarritu zen Donostiako Zabalgunea. Udalak plano haren ardatz nagusiak mantendu zituen, baina garrantzi handiko aldaketa batzuk egin zizkion, haren etxe eta jende metatze hura zertxobait arintzeko. Hortaz, hasiera-hasieratik erantsi zizkion Saracíbar finalistaren proposamen batzuk.
Aldaketa horiek asko hobetu zuten Cortázarren hasierako proiektua, eta hark hasieran pentsatutakoaren oso bestelako kutsua eman zioten hiriari. Merkataritzari Cortázarrek eman zion nagusitasuna zertxobait apaldu zuten, turismoaren baliabideak hobeto erabili ahal izateko. Turismoa indartzeak ez zuen esan nahi merkataritzari uko egiten zitzaionik, baina bisitariak erakarriko zituen hiri atsegin bat egiteari eman zion udalak lehentasuna.

Bi proiektu haien arteko aldea ezin hobeki adierazten du hiri zaharretik Zabalgunera doan tartea -gaur egun Bulebarra dagoen tokia- antolatzeko irtenbideak. Cortázarrek etxe multzo nahasi bat pentsatua zuen leku hartarako: aduana, antzokia, azokak... Saracíbarrek, berriz, zumardi bat proposatu zuen, lorategiz eta zuhaitz txukun eta egoki zainduz betetako leku bat, bertakoen eta kanpotarren gozamenerako bereziki egina.

Bi hautabide horien artean aukeratu beharrak eztabaida gogorra sortu zuen Donostiako burgesiarengan. Auzitan zegoena ez zen bakarrik leku haren itxura eta tankera: Donostiaren etorkizun ekonomikoaren bi kontzeptu elkarren aurkako zeuden aurrez aurre. Ez da harritzekoa, beraz, eztabaida hura oso gogorra izatea, auzi hura ezin garrantzitsuagoa baitzen. Cortázarren eta Saracíbarren aldekoen arteko liskarrek eta tirabirek -*Alamedistak* esaten zitzaien Saracíbarren aldekoei- dimisioa ematera bultzatu zituen zinegotzien erdiak 1865eko maiatzean, eta, hartara, hauteskundeak egin behar izan ziren. Alamedazaleek irabazi zituzten botazio haiek.




1866an eman zuten Zumardia edo Alameda eraikitzeko baimena, eta hala erabaki zuten auzi hura eta jarri zituzten Donostiaren hazkunderako oinarriak. Turismoa eta zerbitzuen sektorea hartu ziren batez ere aintzat hiria zabaltzeko eta handitzeko egitasmo haietan. Eraikuntzako lanak helburu horretara makurtu zituzten, eta, horregatik, dotoreak, txukunak, eta erakargarriak egin zituzten etxeak eta kaleak, goi mailako udatiarren gustukoak izan zitezen.

Zabalgunea eraikitzeko lanak bizkor jarri ziren abian, eta gelditu gabe jarraitu zuten, harik eta Bigarren Karlistaldia hasi zen arte (1872-1876). Lehenengo aldi hartan, 1866tik 1874ra bitartean, 177 lur sailetan eraiki zituzten etxeak, Zumarditik Hiribiderainoko tartean. Eraikin horien artean, aipagarriak ziren Bretxako Azoka (1871), Santa Katalinako Zubia (1872), eta Gipuzkoa Plazaren inguruko etxeak, 1867tik 1882ra bitarte eraikiak. Gipuzkoa Plazaren erdiko lorategia udaleko lorezain Pierre Ducassek asmatu eta egin zuen.






OHARRAK




1 Udalak harresiak botatzeko aukera handiak zeudela ikusi zuenean, eta erabaki hori legez bideratu zuen Errege Ordena eman ere baino lehen, Bartzelonara bidali zuen Rocaverdeko markesa, hango zabalgunearen nondik norakoaz dokumenta zedin. 1862. urtea zen.

2 Cortázarrek onartu zuen berak metro koadro bakoitzeko proposatzen zuen biztanle dentsitatea *higienearen onerako ohi dena baino* handiagoa zela. Klima ona izateak higiene gutxi horren ondorio kaltegarriak baretuko zituelako uste osoa zuen.
Haren proiektuan, kaleak 10etik 20raino metro zabal ziren. Bartzelonan, kaleak, gutxienez, 20 metrotik 30 metrora zabal ziren; eta Madrilen, berriz, 15 metro zabal ziren, gutxienez. Cortázar orubeetako ahalik eta bolumen gehiena eraikitzeko erabiltzearen alde zegoen, eta ez zuen eraikuntzarako erabil zitekeen espaziorik eraiki gabe utzi nahi.