HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Historia de Donostia - San Sebastián »  HIRI BATEN HISTORIAK

HIRI BATEN HISTORIAK








Pablo Fernández Albaladejo



Hiribildu nagusia eta hiria



XV. mendearen bukaeran, Donostia argi eta garbi zen merkatarien eta militarren leku bat. Eta halaxe erretratatu zuen, 1492an, Arzendjaneko apezpikuak, martiri hil zenak, Santiagora bidean Donostiatik igaro zenean. Erdi Aroko merkatarien hiri hura militarrek gotorleku bihurtu zuten, eta, hala, Espainiako Koroak aurki jo zuen begiz. Geroztik, Donostiak hainbat ekinaldi militarretan lagundu zion Koroari, eta, zerbitzu haiengatik esker ona erakusteko, erregeak tituluak eta mesedeak eman zizkion Donostiari.

Donostia Gaztelako Koroaren baitan mailaz igo zenean, haren inguruko udalerriek susmo gaiztoz begiratu zioten. Erdi Aroko leinuak alderdien arteko borroka gogorrean ari ziren Gipuzkoako lurretan. Hiribilduek Ermandade zeritzan erakunde berdintzaile bat eratu zuten Gipuzkoa osorako, jauntxoen nahiei eta eskakizunei behar bezala aurre egin ahal izateko.

Giro hartan, Donostia erregearen begiko izatea ez zuten batere ondo hartu Gipuzkoako gainerako hiribilduek. Baina, hala eta guztiz ere, Donostia gora egiten hasia zen hiri nagusi izatera bultzatuko zuen bidean. 1626an, Lope de Isastik Donostia goraldi betean zegoela esan zuen -*Compendio Historial de Guipúzcoa*-. Ordurako, Gipuzkoako lurraldeak ospe handia zuen Gaztelako gortean, bere tradizioagatik eta zerbitzu asko egina zelako Gaztelako erregearen alde -*cosas notables*-. Donostiaren ospeak, ordea, jo eta pasa egiten zuen beste edozein hiribildurena, eta erregeek oso aintzat hartua zeukaten. Mesede eta titulu asko eman zizkioten aurrerantzean ere; besteak beste, hiri titulua, Gaztelako erregeak Donostiara bisitaldi bat egin eta handik oso gutxira emana; eta, Hiri Txit Prestu eta Txit Leialaren titulua ere bai, 1699an. Azken titulu horrekin, Gipuzkoako probintzia osoak zeukan ohore maila bera iritsi zuen Donostiak.





Burujabetza

Napoleonen inbasiotik (1808) I. Karlistaldira (1833) bitartean, foruzaletasuna indartu egin zen. Garai hartan, nahaste handiak izan ziren politikan. Zalantzaz betetako eta ziurtasunik gabeko giro hartan, foruzaletasunak garai berrietara moldatzeko eta egokitzeko ahalmen handia izan zuen. Eduki berriak bereganatu zituen, eta, 1830eko hamarraldirako, erabateko aukera politiko eta kulturala eskaintzen zuen; zabaltzeko bidean zegoena, gainera.

Urte haietan beretan, Donostia krisialdi batean sartuta zegoen. Bertako negozioak oparoak izango baziren, merkataritzaren liberalizazioa behar zuen nahitaez hiriak, baina foruaren bitartez indarrean zeuden mugek ez zioten, inolaz ere, liberalizazio hura lortzen uzten. Ezin zion, ezta ere, Koroari laguntzarik eskatu, zeren eta, garai hartantxe, absolutismoaren azken hondarretan baitzegoen erregetza, eta ez zuen, beraz, liberalizaziorako ino1ako eskaririk aintzat hartzeko asmorik.

1832an, Donostiak *Oroitza Liburu* bat aurkeztu zuen, Claudio Antón de Luzuriagak iradokia, non ez zen hark berak idatzia ere. Liburu hartan, garbi adierazten zen donostiarrek oso lotura gutxi zituztela probintziako agintearekin. Donostiak Gipuzkoatik bereizteko baimena eskatu zion erregeari, hala, bere jatorrietara itzuli ahal izateko; alegia, Gipuzkoa probintzia izan aurretik eratua zuen merkatarien "errepublika" izan nahi zuen berriz ere Donostiak. 1840an, Nafarroaren baitan sartzea eskatu ere zion gobernuari. Jarrera horrekin bat eginez, Donostiako udaleko ordezkariek uko egin zioten Gipuzkoako Batzar Nagusietara joateari, 1847. urtea arte. Urte hartan, Donostiaren eta Gipuzkoaren arteko harremanak baretzen hasi ziren.
Hiri errepublika

XVIII. mendean, Donostia merkatarien errepublika bat zen, bai bertako bizilagunentzat eta bai kanpotarrentzat. Eta horrela deskribatu zuen Donostia ingeles bidaiari anonimo batek 1700. urtean -*Saint-Sebastian in relation to their Government, Customs and Trade*-. Gizon hark era berean ohartarazi zuen bai Donostiak Gaztelako erregeari zion mendetasuna eta bai foruak ematen zion izaera berezia. Foruak halakoxe babes politiko bat ematen zion Donostiari, bahe baten modura, erregeak egin zitzakeen gehiegikerien aurrean. Mende hartan, Borbon etxeak hartu zuen Gaztelako tronua Austria etxearen ordez. Errege leinu berri haren nahiek kolokan jarri zuten foruaren arautegia, bai eta bertakoek foruari zioten atxikimendua ere.

Joaquín Ordóñez gaztelar apaizak Donostiak XVIII. mendearen erdialdera zuen oparotasunaren berri eman zuen 1761ean. Hango hirigintzaren bikaintasuna aipatu zuen, eta baita negozio txikien zein handien goraldia ere. Lonjek, Kontsulatuak, eta Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak argi eta garbi erakusten zuten Donostiaren betetasuna.

Donostiaren lehenengo historia beste apaiz batek idatzi zuen, Donostian jaiotako gizaseme batek: Joaquín Antonio del Camino y Orellak (1754-1819). Caminok ez zuen aintzat hartu nahi izan ordu arteko tradizio historiografikoa, ez baitzion askotan iturrien egiantzekotasunari jaramon handirik egin, eta kontakizun zehatza egin zuen. Ausardia handiz jokatu zuen, garrantzi handiagoa eman baitzion historia zibilari, eta gogotik apaldu zuen apaizek historiako aipamenetan ordu arte izan zuten nagusitasuna. Liburu hartan, ziur asko, gizon hark bere neurrira ekarri zituen beste batzuek aldez aurretik neurriz gora eramanak zituzten aipamenak, oso kontuan hartu bide baitzuen Donostiaren ibilbide berezia. Baina, hala eta guztiz ere, gizon hark berariaz aukeratu zuen kontatzeko modu hura, garai hartako moduak alde batera utzirik.

Gipuzkoan ez zuten batere gogo onez hartu Caminoren lan hura, laudorio handiak egiten baitzizkion Donostiaren berezitasunari. Kontu eta arreta handiz idatzi bazuen ere, gizon hark ez zuen baztertzerik izan Donostiak eta Gipuzkoak aspaldi- aspalditik elkarrenganako zuten ezinikusiaren aipamen luzea. Bestalde, liburu horretan eta beste batzuetan, apaiz hark Euskal Herriko eta Gipuzkoako politikaren berezitasuna goraipatu izanak haren aurka jarri zituen Ilustrazioko historialariak. Juan Pérez Villamilek bere esan guztiak gaitzetsi zizkion, abarkadun batek idatziak zirela esanez. Polemika hori gorabehera, Camino Espainiako Historiako Akademiako kide izendatu izanak eta *Diccionario Geográfico-Histórico de la Real Academia de la Historia*n parte hartu izanak behar bezala egiaztatzen dute jakintza handiko historialaria zela.


Zabalgunea


I. Karlistaldia bukatu zenean, bateratzeko urratsak egiten hasi ziren Euskal Herriko foruzaleak eta Espainiako moderatuak. Gobernuak ordu arteko aduanak ezeztatu zituen, eta kostaldean ezarri zituen. Azkenean, bete zen, beraz, aurreko hamarraldietan Donostiak behin eta berriz egina zuen eskaria. XIX. mendearen bigarren erdialdean Donostiak izan zuen goraldi handiak eskari haren zilegitasuna baieztatu zuen.

Pablo Gorosabelek, 1868an, erakundeen arteko harreman berri hura zer-nolakoa zen adierazi zuen, honela deskribatu baitzuen Gipuzkoa: "*pequeña comarca de la nación española*" -"Espainiako nazioko eskualde txikia"- (*Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa*). Sei urte lehenago, Donostia Gipuzkoako beste herri guztien maila berean zegoela esan zuen (*Diccionario Histórico-Geográfico-Descriptivo de los pueblos... de Guipúzcoa*). Donostiaren jarrerak berak berresten zuen hiriak eta probintziak interes berberak zituztela aldi hartan. Donostia buru- belarri sartua zegoen zabalgunea eraikitzeko lanetan; zabalgunearekin batera Donostia "berriz sortu" zela esan daiteke, eta hura eraikitzeko proiektuak jende askoren borondatea elkartu zuen. Zabalguneak aurrerabidean gora egiteko aukera eskaintzen zuen, eta, gainera, Donostiak biztanleriaren, hirigintzaren, eta ekonomiaren aldetik hazteko eta handitzeko zituen arazoak konpontzeko bidea ematen zuen.

Garai hartako giroarekin eta elkar hartzearen aldeko jarrerarekin bat eginik, historialariek uko egin zioten "zeinek bere" historia egiteari, eta kronika baikorrak eta itxaropentsuak egiteari ekin zioten. Unean uneko gertaera multzo bat kontatzeari eman zitzaizkion, erabakitasun osoz alde batera utzirik haiek *historialari sintetikotzat* zeuzkatenen interpretazio orokorrak. Carmelo Echegaray eta Serapio Múgica izan ziren joera haren ordezkari nagusiak.


Ikuspegi horren arabera, Donostiaren historia gauza eta gertaera bitxien kontaketa soilera mugatu zuten, eta gogotik gaitzetsi zuten gertaera haiek banan-banan zehatz aipatzetik haragoko edozein interpretazio emateko aukera. Historialari haiek Caminoren obratik atera zituzten datu asko eta asko, baina, hala eta guztiz ere, orokortasunerako joera historiografiko gehiegizkoa zuela egotzi zioten historialari hari. Baldomero de Anabitarte eta, XX. mendearen erdialdera, Adrián de Loyarte izan ziren Donostiaren historiaren berri eman zuten joera horren aldeko historialari nagusiak.


1963an, harresiak bota izanaren lehenengo mendeurrena ospatu zenean, Donostiaren historiari buruzko hitzaldi sail bat antolatu zuten Donostian. Hitzaldi haietan, Aramburu Olaránek dei egin zien han bildutako adituei: hurbil zitezela iraganera, baina nostalgiaren mugak alde batera utzirik. Ikuspegi kritikoa proposatu zuen, joera historiografiko berriak aintzat hartu ahal izateko.

Eskaera hark berehala eman zituen fruituak: José Luis Banús y Aguirrek *Forua* eman zuen argitara; Caminoren liburua ere argitaratu zuten, Fausto Arocenaren hitzaurrearekin. Garai hartan bertan sortu zen, orobat, *Grupo Doctor Camino de Historia Donostiarra*. Harrezkero, mintegi horrek ikertzaileen lana bideratzen, plazaratzen, eta jendaurrean zabaltzen du. Esan liteke talde horren lanak eta asmoak zabalgune arkitektonikoaren osagarri moduko bat direla kulturaren aldetik, herritarren oroimen kolektiboa eratzen, eraikitzen, eta zabaltzen ahalegintzen baita, behinola donostiarrek hiria bera eraiki eta zabaldu zuten bezala.