HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Gros Auzoa

Gros Auzoa



Fermin Muñoz Echabegurenek
egindako idazlanaren moldaketa.
Itzultzailea: Jon Muñoz

Gros auzoan barrena paseatzen ari zarela, hango etxeak, kaleak eta plazak ikusiko dituzu, jendea dendetan sartu-atera ikusiko duzu, baina antzeman ere ez diozu egingo nolakoa zen garai batean. Orain dela ehun urte, urrunago joan gabe, Gros esaten zaion auzo hau hondartza handi bat bezalakoxea zen, dunak eta hondar muinoak nonahi, errekatxo bat erdi-erdian, eta, han-hemen, etxe gutxi batzuk besterik ez, txiki samarrak; haietara iristeko ez zegoen bide errazik, hondarrez eta harri-koxkorrez jositako bideak besterik ez.



Eta historian barrena abiatzen bagara, ehunka urte batzuk lehenago, orduan Donostia osoa ere hondartza zen. Etxe bakan batzuk baizik ez zeuden, gaur egun Parte Zaharra esaten diogun leku horretan, harresiz inguratuak. Pixkanaka-pixkanaka Donostia handitzen hasi zen, gero eta jende gehiago bizi zen han, etxeak ugaritzen ari ziren harresietatik kanpo, inongo antolamendurik eta ordenarik gabe, nahasian.
Orduan, donostiarrek garbi ikusi zuten harresiak bota beharra zegoela, eta geroztik "zabalgunea" esan zitzaion kanpoalde hura antolatu beharra zegoela. XIX. gizaldiko kontuak dira horiek, baina, urteak joan urteak etorri, 1863. urtea arte ez zituzten harresi haiek bota. Hura izan zen gaur egun ezagutzen dugun Donostiaren abiapuntua. Aurrena, Erdialdeko kaleak egin zituzten, eta hango etxeak eraiki. Gero Urumea ibaia bideratu beharra zegoela ikusi zuten, mareak gora egiten zuenean urak zeharo hartzen baitzituen ibai bazterreko hareatza haiek.




Eta Gros? Garai hartan ez zegoen han auzorik, dunaz betetako hondartza bat zen oraindik. Hango hondarra inguruko baserritarrek erabiltzen zuten beren lurrak hobetzeko, buztintsuegiak ziren eta. Donostiako bazter hartako muino haiek ez zuten oraindik bestelako baliorik donostiarrentzat.