HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Gros Auzoa »  Lehenengo urratsak: 1849

Lehenengo urratsak: 1849

Historia



Nolanahi ere, hiriko harresi barruan donostiar batzuk zabalgune berria nola egin pentsatzen hasiak ziren bitartean, merkatari aberats batek begiz joak zituen ordurako Santa Katalina zubitik harago zeuden hareatza haiek. José Gros zuen merkatari hark izena, eta Donostiatik kanpoko lur sail mordoxka baten jabea zen. Merkatariaren senak esango zion hondarrezko eremu haiek balio handikoak izan zitezkeela noizbait, eta, izan ere, asmatu zuen azkenean. Beraz, hamaika gorabehera, eztabaida eta negoziazioren ondoren, José Grosek hondar sail haien zati handi bat erosi zion Udalari; 1849ko ekainaren 1a ageri da erosketaren dokumentuaren izenburuan.

Dokumentu horretan bertan aditzera ematen denez, hondar sail haiek ez omen zuten "herriarentzat inongo baliorik", eta "musu truk ematen zaizkie lur horiek hobetu nahi dituzten partikularrei". José Gros jaunak erantzukizun eta ardura hau hartu zuen bere gain dokumentu hartan: "hondar sail horiek ondo landu eta gobernatu, eta hondarra besterik ez dagoen tokian erein-lurrak, baratzak eta lorategiak egin, eta, horrez gainera, zuhaitzak eta zuhaixkak landatu, edo lur haietarako gehien komeni diren landare motak bestela, era horretara berdetu daitezen bazter haiek eta izan daitezen emankorrak". Beldurrik gabe esan daiteke egun hura izan zela, 1849ko ekainak 1, Grosen sorrera eguna, artean ez baitzituen baserri gutxi batzuk besterik, sakabanatuak eta modu txarrean urrutiratuak.

José Gros jaunak ez omen zituen erosi berria zuen hondar eremu haren zeuzkan eskubideak puska batean ezertarako erabili. Hortaz, hango hondarra, batetik, baserritarrek erabiltzen zuten, arestian esan dugun bezala, lur buztintsu haiek hobetzeko, eta, bestetik, eraikitze lanetan zebiltzanek, Donostian garai hartan egiten ari ziren herrilan askotan sortzen ziren zuloak betetzeko, batez ere tren geltokia eraikitzeko lanetan, hura baitzen hondar sailak erosteko asmoa Donostian aldi hartan egin zen eraikuntza adieraziz lanik nagusia: Norteko geltokia, 1864ko abuztuaren 15ean inauguratuko zena.




Baina iritsi zen azkenean merkatari hark lur haiei etekina aterako zien eguna. 1872ko otsaileko dokumentu batean idatzitakoaren arabera, Katalina zubitik Flamenkoenea baserrirainoko bide berriko zuloa betetzeko erabiltzen ari ziren hondarrak José Gros jaunarenak ziren. Baserri hura zubi horren eta Ulia mendiaren artean omen zegoen. José Grosek dokumentu horretan bertan esaten duenez, zumardiak eta ibilbideak egiteko lanak prestatzen ari zen, eta lan horiek ezin omen ziren behar bezala egin, hondar horiek bide horretara eramaten zituztenek traba eta enbarazua besterik egiten ez omen zutelako. Udalak arrazoia eman zion José Gros jaunari, baina ez dirudi haren kezkak eta arazoak han bukatu zirenik. Handik bi urtera, Uliako hogeita hamar jabe eta auzokide arranguran ziren Gros jaunak bidea itxi zielako. Urte haietan Donostian gogotik ari ziren lanean hiria zabaltzeko lanetan. Harresiak boteak zeuden, Cortazarren hirigintza plana antolatua eta zehaztua zegoen, zabalgunea tankera hartzen hasia zen. Urumea ibaia bideratu beharrak Groseko hondarra erabiltzeko premia ekarri zuen, eta handik sortu ziren makina bat auzi eta erreklamazio. José Gros 1880ean hil zen, eta haren seme Tomasek, 1841ean Enbeltran kalean jaioa, hartu zuen bere gain familiaren negozioen ardura. Handik aurrera, Tomas Grosen izena eta haren koinatu Juan Iribasena, Agueda Grosekin ezkondua, auzo horren historiari estu-estu lotuta egongo ziren hirigintza planak aurrera egin zuten urteetan. Haiek baitziren auzo berri bat eraikitzekoak ziren lur haietako gehienen jabeak.