HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Gros Auzoa »  Zurriola zabalgunea: 1911

Zurriola zabalgunea: 1911


       



1886 aldera eraikia zen Urumearen ezkerraldeko harresi sendoa, eta horri esker egin ahal izan zen Sortaldekoa esan izan zaion zabalgunea.

Ibaiaren beste aldean, berriz, hondarrezko ezponda bat zegoen, buruhauste handiak sortzen zituena. Are gehiago, ezkerraldeko horma jaso ahal izateko, ibaian ere lanak egin behar izan ziren, eta horrek ekarriko zituen hondar mugimenduek hamaika buruhauste sortu zuten.
Hondarrak maiz trabatzen baitzuen Urumea ibaiaren bokalea bera, eta baita Santa Katalina zubiko hiru begietatik bat itsutu ere.

Eragozpen horiek ikusita, erabaki zen horma bat eraiki beharra zegoela lehenbailehen Urumearen bokaleko eskuinaldean, eta, modu horretara, itsasoari puska handi bat kenduko zitzaion gainera. 1907ko apirilaren 7ko Errege Agindu batek behar zituen lanak egiteko baimena eman zion udalari. Baina bi urte joango ziren, hala ere, harik eta, 1909an, udalari oraindik balizko besterik ez ziren lur horien gainean proposamen bat egin zitzaion arte. A. L. Vogel jaunak eskaintza hau egin zion udalari: berak jasoko zuen ibaia bideratzeko beharrezkoa zen horma hura, eta baita itsasoari kenduko zitzaizkion lurrak eta Reina Regente kalea lotuko zituen zubi bat ere, eta horren truke, berak Itsas Kursaal bat eraikiko zuen lur horiexetan. Udalak baiezkoa eman zion, baina, kontuak kontu, proiektu hura ez zen egin, eta azkenean bete egin zen baimenean adierazia zegoen epea.


       

Berandu gabe, beste proposamen bat egin zitzaion udalari. Frantses talde batek A. L. Vogel jaunarenaren oso antzeko asmo bat proposatu zuen: Urumea ibaia bokaleraino bideratuko zuten, eta ibaiaren bi aldeak lotuko zituen zubi bat eraikiko zuten. Horren truke, 12.000 m2 emango zizkion udalak, Itsas Kursaal bat egin zezaten han. Oraingoan udalak bere eskaintza hobetu zuen, hitz eman baitzuen eragile talde hari salduko zizkiola, elkar hartutako prezioan, itsasoari kenduko zitzaizkion gainerako lur guztiak. Kontratu hura 1911ko otsailaren 18an sinatu zuten.

Baina gauzak ez ziren uste bezain errazak izan. Kontratua sinatu eta hurrengo hilabetean, eragile talde hark jakinarazi zion udalari berei emana zitzaien baimen hura Sociedad Inmobiliaria y del Gran Kursaal Marítimo de San Sebastián zeritzan elkarte sortu berri bati utzi ziotela. Azkenean udalak onartu zuen baimen hura elkarte hari eskualdatzea, eta hala hasi ziren beraz Urumea ibaiko bokalea eskuinaldean bideratzeko lanak.

Lur sail berri haiek urbanizatzeko proiektua egin beharra zegoen ordea, eta asmo horrek protesta handiak sortu zituen Colon Pasealekuko billetako jabeen artean, ordu arte ikuspegi paregabea baitzuten itsas ertzean. Goicoaren proiektua atalka ari zen tankera hartzen, etxeak eraiki ahala ematen baitzuen udalak aldez aurretik pentsatuta zeuden kaleak egiteko baimena.
Aldi berean, zabalgune berri hari izen bat jartzeko premia sortu zen, ordu arte Urumea ibaiaren eskuinaldea eta Colon Pasealekuaren ondoko hondartza zeinek bere erara izendatzen baitzituen. Azkenean XIII. mendeaz geroztik erabilia zen izen bat aukeratu zuten, eta, hala, udalak, 1917ko irailaren 12ko bilkuran Groseko zabalgune berri hari Zurriolako Zabalgunea deitzea erabaki zuen, eta baita ere hondartzari eta 1921eko abuztuaren 14an inauguratuko zen zubiari ere. Hurrengo urtean, 1922ko uztailaren 29an, inauguratu zen Gran Kursaal kasinoa. Urte hartan bertan, 1922an, onartu zen itsasoari kendu zitzaion eremu hura, Zurriolako Zabalgunea, urbanizatzeko proiektua, Juan Machimbarrenak eta Luis Díazek egina, proiektu hura hobetsi baitzuen udalak lehiaketara aurkeztu ziren bosten artean. Proiektu hark José Goicoak 1891n egindakoa handitu eta zabaldu zuen, eta hari zor zaizkio gaur egun Nafarroa Hiribidea esaten zaion kalea, bai eta Colon Pasealekuaren eta hondartzaren artean dauden kaleak ere.

Gauza bitxia da ikustea nola Machimbarrenaren eta Díazen proiektu horretan hainbat eraikin bota beharra aipatzen zen -besteak beste, Oblaten komentua eta Txofre zezen plaza-, eta nola orube hartan plaza handi bat egiteko asmoa zegoen. Proiektu haren atal hori ez zen 1974 arte egin.