HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Gros Auzoa »  Okendo etxearen berri

Okendo etxearen berri


Anton Bono de Okendok 1429an hartu zuen Donostian bizilekua. Garai hartako gizartean itzal handia omen zuen haren familiak, gauza ziurra baita haren seme Juan Bono de Okendok beretzat hartua zuela itzal handiko familientzat bakarrik gordetzen ziren karguetako bat, Santa Maria elizari zegokion zaintza berezia, 1464tik 1471ra.





Okendo esaten zaion etxe hori almirante ospetsuaren aita Miguel de Okendo jeneralak eraiki zuen, XVI. mendearen bukaeran. Etxe hori pinadi batean zegoen, Ulia mendiaren magalean, eta baliteke jeneral horrek etxe hori udako egoitza gisa nahi izatea, bere familiak bai baitzuen etxe bat hiriko harresien barruan.

Familia horren noblezia agiria, berriz, ez zen Okendo, San Millan baizik, eta hauxe da leinu horren historia. Antonio de Okendo (1577-1640) almiranteak bere testamentuan garbi idatzita utzi zuen bere nahia, alegia, erregeak berari edo bere ondorengoei noble titulu bat ematen baldin bazien, Okendo izenari atxikia egon zedila titulu hori. Nolanahi ere, noblezia agiri hori ez zion erregeak Okendoren seme Antonio Feliperi eman, haren biloba Miguel Carlos de Okendori baizik. Eta Karlos II.a erregeak 1689an almirantearen bilobari noble titulu bat eman zionean, honek ez zuen aitaren leinuaren deitura aukeratu, amarena baizik, eta hala izendatu zuten San Millango markes.

Itxura denez, San Millan familia horrek Zizurkilen zuen oinetxea; oñaztarren alderdiari atxikia zegoen, eta garrantzi handiko betekizunak izan zituen XV. mendean Ahaide Nagusien artean izan ziren liskarretan. Borroka eta iskanbila haien ondorioz, 1457an leinu horren dorretxeari dorrea bota zioten Gipuzkoako Anaidiaren aginduz, beste dorretxe batzuei bezala. San Millandarrei mendeku hartzeko eta XVI. mende osoan zehar iraun zuen jauntxoen aurkako erasoaldi handi baten barruan.`
Beraz, XVIII. mendearen erdialdera Okendo etxean, ordu arte Manteo baserria esaten zitzaion hartan, ez ziren Okendotarrak bizi, beste familia bat baizik, bizimodua hango lurrak lantzen ateratzen zuena. Hala ere, lur haien jabetza Okendo familiarena edo San Millango markesena zen.

Manteo izena Okendo etxea dagoen inguruari lotuta gelditu da. Toponimo horren jatorria ezezaguna da, baina erroak bota ditu bazter horietan, izen hori bera hartu dute-eta lur horietan eraiki izan diren eraikin batzuek: San Antonio Abad ospitaleak, adibidez, Manteoko ospitalea ere esaten baitzitzaion.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran gaur egun Gros auzoa den lurretan zeuden hondar sail haiek urbanizatzeko asmoa sortu zenean, San Millango markesa zen sail haien jabe nagusietako bat, eta, hartara, udalarekin auzitan ibili zen behin baino gehiagotan bere jabetzakoak zituen lurretan kaleak antolatu eta lerrokatu beharra iritsi zenean. San Millango markesak 1939an utzi zion udalari Okendo etxearen edo Manteo baserriaren jabetza. Harrezkero etxe hori bi aldiz eraberritu du udalak: 1950ean eta 1986an; bigarren aldi horretan Kultur Etxe gisa erabili ahal izateko lanak egin ziren. 1964ko urtarrilaren 17ko Ministerioaren Aginduak probintziako monumentu izendatu zuen Okendo etxea.


Antonio Okendo almirantea 1577an jaio zen; aita hil zitzaionean ikasketak utzi zituen, eta etxe hartako seme nagusia nola zen, bere familiaren ondasunak administratzeko zeregina egokitu zitzaion.



Itsas armadan sartu zen, Felipe II.a hil zelarik, eta han erantzukizun handiko kargu asko izan zituen, batez ere gerra ekinaldi askoren ardura. Besteak beste, turkiarren aurkako ekinaldiak Mediterraneo aldean; Ozeano Atlantikoko kostaldeko ekinaldiak Indietara bidean zihoazen espainiar galeoiei erasotzen zieten kortsarioen aurka; bera izan zen baita ere Sevillako Kontratazio Etxeak bidaltzen zituen ontzi lerroen arduraduna, Indietako Ontzidien eta Kantauriko Eskuadraren Kapitain Jenerala izendatu zutenez geroztik. Bere leinua Gipuzkoako leinu gorenetako bat zen, baina bera bizi izan zen garaian leinuak galduxea zuen ordu arte euskal gizartean izana zuen garrantzi handia. Alderdietan antolatutako gizartea desegin egin zen XVI. mendean, Ahaide Nagusien arteko liskarren eta borroken ondorioz, eta harrezkero, Gipuzkoan behintzat, pertsonak ez ziren leinu edo alderdi jakin batekoak izateagatik definitzen, etxe edo oinetxe ezagun batekoak izateagatik baizik, eta oinetxe horretatik hartzen zuen zeinek bere izena. Mende horretan bertan familien jatorria hirugarren mailaraino mugatu zen, eta erabaki jakin batzuk hartu ziren senidetasuna ahultzeko; alegia, leinuak ez zuen ordurako Erdi Aroan gizartea antolatzeko eta egituratzeko lotura gisa izan zuen indar handia.


Okendo almirantea aipatu dugunean ikusi dugu nola noble titulu bat lortu nahi izan zuen bere familiaren izena betikotzeko, baina nahi hori ustel atera zitzaion, eta zapuztuta gelditu zen.

Ikusi dugu baita ere donostiarrek Okendo etxea edo Manteo etxea esaten dioten oinetxe horrek ez ziola familiari izena eman, alderantziz baizik, XVI. mendearen bukaeran almirante ospetsuaren aitak Ulia mendiaren magalean landetxe bat eraikitzea erabaki zuelarik, orduan hartu zuen etxe hark jabearen familiaren izena.