Arpuxa kalean


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Arpuxa kalean

Arpuxa kalean

Toribio Altzagak
sortutako
bakarrizketa


1922



Jatorrizko bertsioa PDFn


Arpuxa kalean
Toribio Altzagak sortutako bakarrizketa

1922



Arpauso kalea du bere izena Tolosako kale batek, baina herrian Arpuxa deitzen diote, eta hortik bakarrizketa honen izena.

Egintaria: Xanti Xudur-motz. Berrogei bat urteko gizasemea, sudur-luzea bera eta Tolosar amorratua. Langile jantzia

(Ezkutazapia igotzerakoan Tolosako kale edo zuhaizti bat ikusiko da. Berehala agertzen da Xanti xudur-motz oso haserre, marmarioka)


Xanti: Gezurra dirudi, Tolosa eder, berdin gabe honetan infernuak egon behar duela; eta hortxe dago, Arpuxa kalean, teilatutik lehenbiziko bizitzan; nire etxean!

Nire etxean, bai. Infernuko Patxik sor ditzakeen zitalkeri zorrotzenak nire emazteak sortu dizkit. Infernu berbera etxean jarri ez dit ba!

Nork esan behar zidan nire Mai Batixtak horrela bihurtu behar zuela! Ezkongaietan hori zen neskatxa atseginarekin. Nirekin ezkontzeko aurrean baba zeriola, nik esaten nizkion txorakeriak entzuten egon zen.

Edozein esaera hutsengatik esango zidan: - Jas! Hau Xanti xelebrea, Jos! Honek asmatuko dituenak Jus! Zuk esateko ez da asko.

Eta jas! eta jos! eta jus! lerdea zeriola egoten zen begiratu txorrotxak niri boteaz, par-irri xamurrak niri eginaz, eta gorputz guzia jira-biratuaz, nire esaera motzak kilimakatzen balute bezala.

Hura emakumea, hura; eta haiek egunak haiek!

Erdipurdi xamar joaten banintzaion berriz, horrek egiten zituen algarak. Nire balantzak, estropezu eta zilipurdiak halako grazi bat egiten zioten.

Izan ere, ez zegoen orduan horrentzat bere Xanti xudurmotx besterik.

Nire txurrutak burua txoratzen zioten.

Ezkondu baginen ezkondu ginen!

Biharamunetik, guztia goikoaz bera jiratu zen.

Lehengo begiratu txorrotz, maitekorren ordez, kopeta ilun haserrea; par-irri xamurren tokian esaera minak; eta nire txurrutak ez zioten batere graziarik egiten. Ez ziran bada lehen baino batere motelagoak.

Emakumeak horrelako aldaketa egitea! Eta hori nire andreak bakarrik! Beste, bere kideko tolosar emakumeak ez dute batere aldaketarik egin:

Olio laurdeneko Brijida, Xantus Xolumuxeneko Xaturnina, Xalda-garbieneko Kaxiana, Albainu-lodieneko Pillipa…

A! Azkeneko honek, bai, aldaketa txiki bat egin du. Kokots azpian lehen ez zuen bizar xorta ikusgarri bat azaltzen du orain.

Baina, zein baino zein maitekorrago, laztanago, atseginago. Izan ere, gazte eta zahar; Tolosan bezain emakume alai eta maitagarririk ez da inon ezagutzen. Nire emaztea ez besteak, e?

Nire andreak ez zuen tolosarra izan behar, Kintanapallakua izan behar zuen.

Alaba berriz bera bezala jarri du. Ama baino ere ahozabal eta lotsagabeagoa da. Lehengoan niri egin zizkidan lotsagabekeriak… Esan nion:

Nire aitari horrelakorik esaten ausartu bazina, lau erdi egingo zintuen.

Erantzun ez ziran bada nire aitak nire antza izango zuela. Horrek kiskaltzen jarri ninduen eta esan nion:

Nire aita? Zure aita ez bezalakoa zen nire aita… zer uste duzu zuk,… nire aita…

Hala, ama alaben artean infernu gorria jarri didate hortxe, Arpuxa kalean, teilatutik lehenbiziko bizitzan

Oso ernegaturik jartzen naiz, eta heriotza izugarrian nire burua botatzen dut… dela Bertonea, dela Bustamantenea eta han pixka bat lasaitzen naiz.

Baina, han, ere sortzen didate beste iskanbila berria. Guztiak nire sudurretik tenk egin behar. Ez dakit nik, induljentziak irabazten direla edo zer uste duten. Pillipe txurrutek batik bat teinkada batzuk ematen dizkit… lehengoan kana t’erdi luzatu zidala uste nuen.

Eta gero xudur-motx deitzen didate. Jakin nahiko nuke, horrelako teinkadak emanda, nork edukiko lukeen sudurra honenbestean.

Baina, nola nahi dela ere Tolosako kontu hasten gera eta etxeko nahigabe guziak ahazten zaizkit.

Izan ere, hemengo edertasunak, hemengo alaitasunak…A! San Joanetan ere hemengo festatxoak.

Goizetik zer poztasun neurrigabea. Ez dirudi besterik guztiei loteria erori zaigula.

Gero prozesioa; San Anton bere txintxarriarekin txilin-txilin joaz. Eta mutil-gazteak eskopetak honela hartu eta kale kantoi batera eta San Joan ikustean raa! Berehala beste kantoira eta San Joan azaltzean raa!

Gero, hemengo eta hango adiskideak azaltzen dira; eta Kaixo Tripaki! Eup Prakax! Eta batekin baso erdia, bestiarekin osoa, elkarrekin bazkaldu, arratsaldean ibili batera eta bestera jo eta tira, eta arratsean, zumardi txikira.

Zumardi txikia! Non ikusten da hango alaitasun eta neurri gabeko poztasuna? San Joan gauean Tolosan diren gizon eta emakume guztiak hara jotzen dute. Nire atsoa ez besteak, e?

Eta musika dela, danbolina dela, gazte eta zahar guztiak leher egin arte dantzan Aupa! Urtean behin San Joan! Zumardi txikia San Joan gabean ikusi ez duenak ez daki alaitasuna zer den.

Jaungoikoak galdetuko balit niri, zerua nolakoa egin litekeen; esango nioke:

Jauna, betor Tolosara, ikusi beza zumardi txikia San Joan gau batean, eta badaki zer egin.

Eta horrelako zeru ederra dagoen herri batean, infernurik izan al liteke?

Izan liteke bai, eta hortxe dago, Arpuxa kalean, teilatutik lehenbiziko bizitzan. Nire etxean.



Joan den urtean, zumardi txikiko jai zoragarri hura bukatu zenean nire buruari egiten nion:

Eta nik, orain, zeru eder honetatik aterata infernura joan behar al dut? Ez noak ni etxera. Eta itzuli atera nintzen.

Baina San Frantziskora ia iritsi nintzenean Duxolekin aurkitu nintzen, eta kopeta iluna jarririk oihu egin zidan:

Arpuxa kalera!

Burua makur-makur egin eta etxe aldera hartu behar izan nuen.

Bidean Pillipe txurrutekin aurkitu nintzen. A zer teinkada eman zion nire sudurrari! Uste nuen oso osorik atera zidala!

Pillipe txurrut nire emaztearen senar-gai izana da, eta esan nion:

Hiregatik nagok ni infernuan sartua. Hiregatik, bai, mutur beltz, praka jario. Zergatik ez hintzen nire andrearekin ezkondu? Ez duk hori lagunari egiteko aziyua! Lagun txar bat haiz hi!

Eta etxera joan nintzen

Baina alperrik da. Arpuxa kalean izango da nahi den infernua; baina, Santa Mariako eliza zutik dagon bitartean, Portaleko iturriak ura ematen duen bitartean, Zumardi berdingabeak hostoz apaintzen diren bitartean, eta tolosar bat bakarrak irauten duen bitartean, Tolosako herria zeru zoragarri bat izango da; poza eta alaitasuna alde guztietan izango dira, eta ohitu bezala, San Joanak etortzean ibiliko gera…

(Abestuaz eta dantzatuaz)
Igarondotik
Igarondora

(Ezkutazapia jaisten da)

AMAIA




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org