Lehenengo irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Biak bat »  Lehenengo irudia

Egintza bakarra

Iruña bidea. Atzean eta aldamenetan zuhaitzak




Lehenengo irudia

I

Bata
(Ezkutazapia igotzerakoan, eskuinetik Bata azalduko da. Jaieguneko arropekin jantzia, bizkarrean txamarra zintzilik eta alpargata zuri- zuriak. Bide asko ibiltzeko eran dator baina ezkerrera iristean bat batetan gelditzen da)

Bata: Oi! Berriz ere bi bide! Orain asma ezak aizkora, zein den Iruñerako eta zein Kantalapiedrarako. Hau ez da fundamentua. Bideak ez dira horrela egin behar.

Nik galdetu nuen Iruñera nondik joaten den, eta esan zidaten bideari jarraitu eta zuzen-zuzen Iruñeko zezen plazara iritsiko nintzela. Zuzen-zuzen Santoñako presidiora iristen ez banaiz.

Izan ere bi pauso eman ordurako, bide bat ezkerrera bestea eskuinera, bata gora, bestea behera…Nola asmatu!

Arestian ere, okerreko bidea hartu, eta han joan naiz aldapa gora, ordubeteko bidean, bart arratseko babarrunak botatzeko zorian.

Ttonttorrean herri txiki bat zegoen, eta alderatu naizenean mutil koxkorrak oihuka hasi dira: zikiratzailea! zikiratzailea! – Niregatik ari ote dira - niregan egin dut.

Berehala herriko agure eta atso, neskazahar eta mukizu guztiak, batzuk erratzarekin, besteak gorosti makilekin, alderatu zaizkit, denak oihu eta deiadarka. Gutxiena zioenak “txerria” zioen (Zer egin ote du zikiratzaileak herri hartan).

Ni ez naiz zikiratzailea! oihu egin diet: Ni Iruñera San Ferminetako zezenak ikustera noa.

Hango garrasiak orduan. Sortu diren petralkeri zitalenak bota dizkidate (Zer egin ote du zikiratzaileak).

Honetan ikusten dut amorru bizian niregana datorrela atso lodi bat, piper morrua zirudien sudur mamitsu batekin, begietan betaurreko batzuk beribiletako farolak bezalakoak, eta biboteak berriz kale-garbitzaileen erratzak baino handiagoak. Sua botatzen zuen, eta ukabila altxa eta zuzen-zuzen niregana zetorren.

Nik orduan atzera egin eta esan diot:

Etxekoandre ni ez naiz zikiratzailea, ni Iruñeko zezenetara noa.

Eta hala dio:

Ez zara zezenetara joango, nik lehenbizi hesteak atera gabe.

Baina emakumea, nola nahi duzu San Ferminetako zezenetara joatea… hesterik gabe. Hesteak behar beharrezkoak ditut.

Guztien artean ez dakit nola ez nauten txirtxilatu.

Nolabait ere ihes egin dut; eta nire burua urruti xamar nabaritu dudanean, atzera begiratzen dut, eta han zeuden oraindik besoak jaso eta ukabilak erakutsiaz. Nik orduan iseka egite arren zikiratzaileen antzera txistua jo diet.

(Txistua jotzen du)

Hango kazkabarra, orduantxe. Herriko harri guztiak handi eta txikiak nire gain bota dizkidate. Nik uste dut harri koskorren tartean harako atso lodi haren piper-morruen antzeko sudurra ere etorri dela. Hark jo banindu kontuak. (Zer egin ote du zikiratzaileak).

Ordu bete herri hartara igotzen? Hamar minutuan zapla! Galdutako bidera jaitsi naiz, eta bideari berriro jarraitu diot, eta berriro… estropezu egin dut.

Bi bide! Nola asmatu. Eta ez etxe bat inguruan, nori galdeturik ere ez…

(Bat batetan ezkerretara begiratuaz)

A! Han dator gizaseme bat, eta berak esango dit. Horri eskerrak. Hemen da bera.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org