6. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Biozberak »  6. Irudia

Biozberak

VI



Mariano jauna ta Izpitza



Izp.- Beriala juateko...

Mar. j.- Nor dezute gaizki?

Izp.- Lenago’re askotan ikusi izan duen señorita andaluz ura.

Mar. j.- Orduan, ator aurrera.

Izp.- Oso larriturik bigaldu naute.

Mar. j.- Exeri adi.

Izp.- Bañan beriala juateko ta...

Mar. j.- Exeri adi. (Biyak ezertzen dira.) Zuen señorita orrek, eta orain irten diran beste oiek biyak, gaitz bera ditek: biozberak dituk; eta, gaitz orretan, sendagilleak zenbat eta nekezago iritxi, obe izaten dik.

Izp.- Bai; baña gaxo dagonak...

Mar. j.- Gaxo dagonak ere bai. Ik ez dakik neskatx oiek zer kasketaldiak izaten dituzten.

Izp.- Kasketaldiak? Gure andaluz orrek beñepin bai.

Oraindik ez da egun asko, entzun nuen ai!, ai!, ai! marruaka ari zala. “Gure andreak gaizki egon bear dik” neregan egin nuen; lasterka biziyan bere gelara igo nitzan, eta... abestutzen ari zala erantzun zidan.

Mar. j.- A, bai! Beren erriko erara: “ai!, ai!, ai!"

Izp.- Aistin asi da ostera ai!, ai!, ai!, ta mirabei ere esan diotet: “Etzazutela jaramonik egin, abestutzen ari da ta”. Bañan karraxika etorri zaizkit, oso gaizki dagola esanaz, eta beriala beorren billa etortzeko. Nork asmatzen du noiz dagon antsika ta noiz abestutzen!

Mar. j.- Zuen andere orren eta emengo bi gazteen gaitza...orain irten dan Adolfo ori dek.

Izp.- Eta, beste neskatxa askorena ere bai.

Mar. j.- Urterokoa dek! Urak artzera etortzen diranen artean, urtero izaten dek gazteren bat edo bat, neskatxa guztien buruak nastu tzen dituana.

Izp.- A, bai! Urtero! Juan dan urtean ere, gogoratzen al da arako On Pepito ura? Neskatxa guztiak zoraturik bere ondotik...

Mar. j.- Bai... ta iñork ezin arrapatu...

Izp.- Ta ori, ankamotza zalarik.

Mar. j.- Alaxen dek.

Izp.- Onenbesteko zurruma, takoiekin.

Mar. j.- Bai; baña beste ainbesteko kutxa, diruz ondo ornitua, bazikan, ordia.

Izp.- Aurtengo onek ere ez du esku-utsik izan bear.

Mar. j.- Ez; ondo dagona dek.

Izp.- Ala dira susmurrak.

Mar.j.- Bai; diruduna, azkarra ta zintzoa.

Izp.- Ala dirudi. Eta etxe ontako sendi au, beorrek aspalditik ezagutzen duena izan bear du?

Mar. j.- Ain aspalditik! Andre Jaxinta onen senarraren aita, sendagille oso azkarra ukan.

Alkarrekin ikasten ibildu gindukan, eta nere lagunik maitiena izan ukan.

Izp.- Orra beaz...

Mar. j.- Arren semiarekin ezkondu zanian, au oraindik aur bat ukan; emezortzi urte bazituben ere...

Izp.- Ondo gazterik...

Mar. j.- Bai. Beriala bi nexka abek izan zizkikan, senarra il zitzaiokan, eta ogei ta bat urte zituenerako alargun gelditu ukan. Geroztik, or zebillek alaben kiria dirudiyela.

Izp.- Iru aizpak deitzen diote emen askok.

Mar. j.- Etziok gaizki. Bañan oraindik ere, zarrena zalegarriagoa dek.

Izp.- Ala esango nuke neuk ere.

Mar. j.- Bi gazteak oso biozberak dituk. Edozein gauzarekin aidian jartzen diranak. Orain, dalako Adolfo ori sartu zaiotek buruan, eta beren orrekin oso txoraturik zioztik.

Izp.- Bai, noski.

Mar. j.- Zuen etxeko andaluz orri agur egiten ikusten badute, ikaragarrizko iskanbillak jartzen dizkitek...

Izp.- Eta gurea, berriz, Adolfo abekin ikusten duen bakoitzean, ai!, ai!. ai!, marruaz itotzeko zoriyan jartzen da.

Mar. j.- Ura ere biozbera dek eta.

Izp.- Ez nolanaikoa ere.

Mar. j.- Gero, oien buruan, txorakeriya, uskeriya, aizea besterik etziok. Beren buruan txukundu, leundu, apaindu... Aistiyan ikusi baitukan emen... Exkerra’k azkarrago pintatu zizkikan aldare nagusiko santu guztiyak, oiek beren arpegiak baño. Ai, Izpitza! Orrelako emazte bat artu izan baukan, egun gorriyak ikusi biarko itukan.

Izp.- Ez da gezurra.

Mar, j.- Ire emaztea besterik dek.

Izp.- Zakarra da! (Jeikiaz.) Bañan langille amorratua, ta iñor bezin artakua. Nere emazteak gizonezkoa izan bear zuen!

Mar. j.- Ala dek.

Izp.- Eguna argitu baño len, aren abotsa entzungo da: oju emendik, deadar andik, neskame ta morroi guztiak jeiki azi ta lanean jarri arte.

Mar.j.- Esnatzalle egokiya.

Izp.- Bereala, egaztiak iltzia dala, sua piztu, mai-ontziak gertu jarri, gelak antolatu; bera beti lenengo, bera beti aurretik, bera guzien gain.

Mar. j.- Egiya dek.

Izp.- Gero, otorduak maniatu ta bakoitzari berea eman arazi, etxeko gora-bera guzien kontua eraman; egun guzian gelditu gabe, gabian ere berdin... Ollarrak kukurruku egingo du, ta oraindik nere emaztearen abotsa entzungo da gure etxean!

Mar. j.- Txinisten diat.

Izp.- Ori bai. Len esan detan bezela, zakarra da.

Guztiak bere menpean egon bear...

Mar.j.- I’re bai.

Izp.- Ala ari danean, ez du iñor ezagutzen: guztiak bere azpian euki bear ditu...

Mar. j.- I’re bai.

Izp.- Ta gogor egitia alperrik da; bada, dana dala, azkenean bere oinpean jartzen du.

Mar. j.- I’re bai.

Izp.- (Zalantzan pixka bat egon ondoren.) Bai: ni ere bai.

Mar. j.- Bai. noski.

Izp.- Bañan ala egiten da lana gure etxean. Lertzeraño! Bai, bada: guztiak ezin bizi sendagilleak bezela...

Mar. j.- Sendagilleak... (Jeikiaz.) Orain lan asko egiten dezute, egiya dek; bañan igaroko dek uda, ta atseden, lasaitasun osoan geldituko zerate. Sendagilleak, berriz, bere lanari jarraitu bear ziok. Uda ta negu, eguraldi on eta txar, gau eta egun, sendagillea beti bere arazoan. Gorputzean biotzak bezela, gizartean sendagilleak gelditu gabe ari bear dik: tik... tik... tik... tik...

(Zaldi-zintzarri otsa entzuten da.)

Izp.- Gure mutillak izan bear du. (Leiora juan eta andik ojuka.) Jexux! Ia oitu baño azkarrago ibiltzen aizen bañan zaldiak lertu azi gabe gero... Ta ordurako iritxi ara, ta emen gertu egon; badakik jaun batzuek eraman bear ditukala, ta beste emakume batzuek etortzeko dirala, ta betikoak uretxera eraman bear ditukala. Egunerokoa ez dedilla gertatu, ta juan ta etorri ta ibilli azkar; zaldiai begiratu ondo. (Izpitza izketan astian, zintzarriotsa ixilduko da. Gero, Izpitza’k “egu nerokoa ez dedilla gertatu” esaten duenian.

zintzarri-otsa asiko da berriro, ta urrutiratzen juango da. Izpitza leiotik Mariano jaunagana biurtzen da.) Esanak esan, eta alperrik.

Mar. j.- Orain bezelako lardaskan esaten badizkak beintzat, bai.

Izp.- Arretik ez dute jartzen.

Mar. j.- Oraintxe joateko ordua diagu ba, onezkero zuen andaluzari igaroko zitzaiokan da...

Izp.- Makurrak dira sendagilleak. Gaitzak alde egin da a gero gaixoa ikustera juan. Orrela neu ere sendagille izango nitzake!

Mar. j.- Ori txantxetako gaitzetan. Egiyetakua danean, garaiz juan nai izaten diat. Ez, askotan bezela, sendagilleari ez deitziagatik, luza ta luza; ta azkenik, onenian ezer egin ez liteken garaian, itoka ta lasterka billa etorri. Sendagillea ez dek asarretzen azkarregi deitu zaiolako, beranduegi deitzen dalako baizik.

Izp.- Ori ondo, Ori ondo.

Mar. j.- Bañan zuen andaluz orrekin, zer egitia nai dek? Orrek bear duen sendagaia zer dan bazekiagu: Adolfo.

Izp.- Orain esan du egiya! Neuk ere igarria neukan!

Mar. j.- Ta nola sendagai ori nere eskuan ez dagon; eta nola nere eskuan balego, ta orri emango banio, etxe ontan bertan bi iskanbil izango nituken. gaitz bera dutelako ta sendagai beraren zale diralako... orra zergatik len esandakua esan didatan.

Izp.- Bai, bai...

Mar. j.- Baña orain garaia diagu, ta guazemak.

Izp.- Ederki, ederki. (Atzeko ateruntz egiten dute.)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org