Toribio Altzaga


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  Toribio Altzaga

Toribio Altzaga. Bostu Urtean



Toribio Altzaga



Bost Urtean



Ez du inork Alzaga jaunak hainbat eskubide Euskal teatroaren barrutian buru eta zuzendari agertzeko.

Beraz, antzerki-sorta honi haren lan batez hasiera emateko beharrean gaude.

Bidezkoa da. Omengarria da guretzat.

Soroarekin hasia eta aldi hartan Iraola, Ilarramendi, Uranga, Bengoa, Gorostidi eta batez ere Pepe Artola alai eta «xelebrea» lagun zituela, Toribio Alzaga, gure teatrotxoan, etengabeko lanean ari izan da egundaino.

1888garren urtean lehenengo antzerkia argitarazi zuen: «Aterako gera» eta ordu ezkero urtean-urtean, oparo bere luma bizkorretik etorri zaizkigu: «Txanton Piperri», «Anboto», «Bernaiñoren larriyak», «Txibiribiri», «Oleskari berria», «Amantxi», «Osaba», «Mutilzarra», «Neskazar», «Zalaparta», «Tantarrantan», «Biozberak», «Andre Joxepa Tronpeta», e. a.

Baita ere, beste hizkuntzetatik euskaratu ditu: Shakespeare-ren «Macbeth» (Irritza); eta Lotik idatzi eta Figueroak antzerkiratutako «Ramuntxo», orain arte gurenda handiena izan duen euskal antzerkia.

Hau asko ez delarik, beste egileen bizpahiru antzerki eraberritu eta osatu ditu: Soroaren «Barrenen arra» eta «Ezer ez eta festa».

Aitaturiko idazlanez gainera, Alzagak eginahal gailen eta egokiena «Donostiako Iztunde Ikastolan» zuzendari eta erakusle bezala bete du.

Tepsisen gurdiari uztartuta hor dabil Euskal Herria zeharkatzen euskaldun guztien poza eta txalo-jotze artean. Aida! Ez du akuilurik behar.

Antzezkizun edo jaiak ehunetik (100) gora eratu eta ospatu ditu bere «lagundiarekin». Gehienetan Alzaga jauna aurretik duelarik, eta berak gertakizunak, lehiaketak eta janzkera ere zuzenduaz.

Benetan, Alzaga teatro-gizona dugu; eta maisu jator honengandik ikasi dute Beorlegi eta Egilegor hotsandikoek; Irigoien, Areitiourtena, Zabalbeazkoa Goikoetxea, Eizagirre, Lertxundi, Olea, Bikandi, Lizarraga... andereño polit eta lerdenak guziak;... Etxeberria, Mujika, Antzeluz, Urkiza, Agote, Zubizarreta, Zaldua, Dorregarai (g.b.), Muro, Goikoetxea, Zubimendi, Arizmendi jaun iaioak; eta ez luzatzeagatik hemen ipintzen ez ditudan hamaika beste neskatila eta gizaseme bikainik, euskaraz ongi mintzatzen eta antzezten ikasi dutenak.

«BOST URTEAN» deritzan antzerkia ez da agian Alzagaren onena. Bere argitaratu gabeko lanetatik hau hautatu dugu, ordea, erraza, atsegina eta bizi-bizia delako; zeharo «altzagatarra».

Guztia esateko: Alzagaren euskara ez da apika sakon, jori eta ederrenetakoa; jakintsuek hutsegite eta erdarakadak aurki liezazkiokete. Akats hauek «Macbeth» itzulpenari buruz ageriagoan edo daude.

Baina euskara garbia ez da nahikoa antzerkiak egiteko; eta Alzagak gaiari dagokion hizkera erabiltzen daki: arina, herrikoia edo, hobeto esateko, kalekoa, donostiarra, Bilintx bezala.

Honelakoa dugu «Bost Urtean». Agerraldiak ondo josi eta amaituak ditu; elkarrizketa gatzdun eta zorrotza; eta izkirimiri artean zenbait egia mardul... «Txilborra» eta lagunak ezin hobeto ikusi eta taxutuak daude eta abagune eta egokierak berez sortu eta erabakiak.

Guztia ederki begiz jo eta neurtua inori gogait egin ez dakion. «Bost Urtean» lehenengoz Donostian 1922garren urtean «Antzoki zaharrean» antzeztu zuten eta luzaroan iraun eta bizi dadila euskaldunen poz eta jolaserako.

L. AIANBE.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org