|
Toribio Altzaga. Bostu Urtean
IV
Pantxo eta Txilborra. Honi Terexak ateraino laguntzen dio.
(Txilborra izan litekeen gizonik arloteena da. Berrogei bat urte izango ditu, baina bere itxura hondatuak zaharragoko antza ematen dio. Ile luze eta bizar nahastuek ia aurpegi guzia estaltzen diote, begi bizi-biziak agertzen zaizkiola bakarrik. Txima gainean, begietaraino boina zikin bat sartua dauka. Alkandora txurik ez dauka, musuzapi zikin halako batek kolkoa gordetzen dio. Jantzi guzia zikin eta hautsia. Honetan, abarketa zikin zuloz josiak.
Beti haserre antzean hitz egiten du, eta alde guzietara begiratu txarrak boteaz.
Atzeko ate aldera, Terexa aurretik duela iritsiko da. Orduan Terexak alde egingo du, behatzarekin sudurra gordeaz.
Hori ikustean, Txilborra, lehengoaz gain sutan jarriko da, Terexa joan den aldera begira, hark bezala sudurrari helduaz, eta begiratu zorrotzak boteaz, iseka egiten dio).
TXILBORRA Uum! Nongo printzesa ote haiz, hanka baldar hori!
PANTXO Baina, mutil...
TXILBORRA Simaur tartean jaio, simaur tartean bizi, eta, orain etxe aberatseko pixontzi garbitzaile dagoelako, horri begira. Uum! (Berriro behatzak sudurrera eramanaz eta Terexa joan den aldera begira).
PANTXO Hator aurrera. (Txilborra aurreratzen da). Hire lasaikeriagatik duk guzia. Garbi eta txukun azalduko bahintz, ez liakete horrelako isekarik egingo.
TXILBORRA Ni ere, hori bezala jantziko banindute, txukun eta garbi, apain eta dotore azalduko nintzateke.
PANTXO Bai; hiri ere mantal zuria jarriko diagu. Ederki emango huke, to.
TXILBORRA Mantal zuria baino, hobe nuke nik hamar errealeko txuleta.
PANTXO Hori ere hire eskuetan daukak bada.
TXILBORRA E? nire eskuetan balego, laster litzateke nire eztarri zuloan barrena.
PANTXO Lana egin ezak.
TXILBORRA Lana?
PANTXO Bai, lana. Lanik egiten ez bada, honetatik (Behatzarekin ahoa erakutsiaz) ez zagok.
TXILBORRA (Pantxok bezala behatzak ahora eramanaz) Honetatik ez dagoela?
PANTXO Ez.
TXILBORRA Eta hor, Aereo Klu-n eta beste toki aberats askotan, egun guzian etzanda dauden horiek zer lan egiten dute?
PANTXO Hori duk gauza bat hik ez dakiana.
TXILBORRA Egia. Hori da nik ez dakidana. Baina, nik ikusten dudana da honetatik (Jateagatik) ederki egiten dutela; eta, honetatik (Edateagatik) ederkiago oraindik.
PANTXO Horiek beren bizibidea izango ditek. Hik ere, nor izan bahintz, beste bizierarik eraman behar huen.
TXILBORRA Nor izan banintz? Ez al naiz, bada, nor?
PANTXO Hire anaia gizajoa, hi aurrera ateratzeagatik saiatu den bezala, eta alferrik.
TXILBORRA Nire anaia...
PANTXO Hire anaia, bai; hik behar ez bezalako anaia; Juxto, gizajoak, nire bitartez, hogei mila pezetaraino aurreratu nahi zizkian, eta gehiago ere bidaliko zian hi zerbait lanetan jartzeagatik...
TXILBORRA Hori da: nik lana egiteagatik. Bejondeiola! Ni lanean lehertzeagatik!
PANTXO Zergatik ez? Juxtok zerekin egin duela dirua uste duk? Lanarekin!
TXILBORRA Zer egin behar zuen! Esan ezazu hark suertea izan duela, eta besterik ez. Nik ere, nire anaiaren suertea izan banu, Aereo Klu-n etzanda egongo nintzen egun guzian.
PANTXO Bai; hik, suertearekin edo suerterik gabe, etzanda egon beharko duk.
TXILBORRA Ez da egoten nahi duen guzia.
PANTXO Mutil, ez duk hik lotsaren apurrik ere.
TXILBORRA Ez jauna.
PANTXO Baina...
TXILBORRA Jateko ez badut, zertarako dut lotsa?... Lotsa!... A zer gauza lotsa!
PANTXO Jateko ez duala. Ez, noski. Alfer bat haizelako.
TXILBORRA Bai jauna.
PANTXO Hik ez duk lanik egin nahi.
TXILBORRA Ez, jauna.
PANTXO E?
TXILBORRA Ez, jauna, ez.
PANTXO Orduan nola bizi nahi duk?
TXILBORRA Txoriak bezala. Txoriek ere ez dute lanik egiten. Batera eta bestera nahi duten aldera ibili, nahi duten tokian etzan, nahi dutenean jaiki, nahi dutena egin. Hori gauzaren edertasuna!
PANTXO Bada, txoriek bezala jan ere egin beharko duk... a! Bulebarreko balkoi batean, hor egoten duk andre bat txoriei ogia ematen. Hara joan beharko duk, hik ere otordu bila.
TXILBORRA Ederki eman ere. Usteko duzu egongo naizela han ahoa zabalduta: a! (Aho zabalik jarriaz) ogi papurren eskean.
PANTXO Txoriak bezala bizi behar baduk...
TXILBORRA Gainera, ez lidakete utziko zeladoreek. Edozein gauzarengatik han naramate perrerara. Ez dakit zenbat aldiz eraman nauten Bulebarreko aulkietan lo nengoelako.
PANTXO Ederki egina.
TXILBORRA Bai, e? Ez dituzte bada besteak eramaten. Ikusten ditut nik makina bat ni baino okerrago dabiltzanak, baina, aberats itxurakoak badira, utzi nahi dutena egiten. Txilborra bezalakoak badira berriz: perrerara.
PANTXO Ez dezaala hori esan.
TXILBORRA Lehengo gauean ere, neska eta gizaseme aberats itxurako batzuek, mozkor-mozkor eginda, ikaragarriko iskanbila zerabilten. Enrike! oihu eginaz, han zebiltzan, eroen gisa zilipurdika, marruka esaten zutela «hordikeria eta urdekeriarik gabe ezin bizi litekeela Donostia».
PANTXO Berriketak...
TXILBORRA Baina, neska txapel handidunak ziren, gizasemeak berriz kaballero itxurakoak, eta muturrez aurrera eroriko ez baziren, serenoak berak lagundu zien kotxe batera igotzen.
PANTXO Jakingo zitean zer egiten zuten.
TXILBORRA Zer jakin behar zuten mozkor haiek!; polakra ederra zeukaten...
PANTXO Mozkor haiek ez; baina serenoak bai.
TXILBORRA Txilborra izan balitz...
PANTXO Berdin izango zuan.
TXILBORRA Bai, zera. Hara: Herenegun gauean gertatua da hau. Goizaldia izango zen, bakar-bakarrik nindoan, inorekin ezertan sartu gabe, eta bake-bakean abesten ari nintzen: «Bete betia zaude...» Honetan, nondik eta nola ez dakidala, agertzen da sereno bat, eta perrerara eraman behar nauela, besotik heltzen dit. —Baina, gizona, zergatik eraman behar nauzu, ni inorekin ezertan sartzen ez banaiz? —Jendeari lo egiten uzten ez diozulako.
PANTXO Ederki egina.
TXILBORRA Inori kalterik egiten al nion bada?
PANTXO Bai; lo egiten ez huen uzten. Serenoak ondo eta ondo esan zian.
TXILBORRA Orduan, niri Bulebarrean lo egiten uzten ez didatenean, zergatik ez dituzte eramaten serenoak perrerara?
PANTXO Hura lo egiteko tokia ez delako.
TXILBORRA Hura lo egiteko tokia ez bada, eraman bada lo-tokiren batera: Hotel Maria Cristina edo, Continental edo... baina ez perrerara. Hura al da, bada, lo-tokia? Hango lastairak baino hobeak dira Bulebarreko aulkiak.
PANTXO Hiretzako haiek ere gehiegi dituk.
TXILBORRA Bai; ni sonbrailuarekin eta dotore jantzia ez nabilelako.
PANTXO Hi, alferrontzi bat haizelako.
TXILBORRA Eta zer? Alferrontziek ez al dugu bizi behar, besteek bezala? Aberatsek bakarrik bizi behar al dute hemen? A zer aterakeria! Orduan, alferrontziak garela eta, zakurren antzera eraman arrastaka Amarako etxola hartara, eta garbitu han, txarrangilak bezala.
PANTXO Zerbait garbitzea ondo beharrekoa izango huke.
TXILBORRA Alferrontziak beste edozein adina ez bagina bezala!
PANTXO Hire gurasoek hi hazi hinduten bezala; etxean, gaztetan, ikusi duanarekin: hik ez huke horrela egon behar.
TXILBORRA Ez, noski. Hori diote guztiek: nik ez nukeela honela egon behar.
PANTXO Hiri eman ziaten eskola onarekin...
TXILBORRA Hori esan. Badakizu eskolan zer letra nuen, e? Bada, orain, lehen baino ere hobea egiten dudala uste dut.
PANTXO Eta, hala ere, zikina beste janik ez duala nahiago egon.
TXILBORRA Kaiko portalea badakizu nola berritu duten, e? Bada aldameneko horma zuri-zuri zegoen, eta ikatz koskor bat hartu eta...
PANTXO Zuri-zuri irauteko itxura ederra.
TXILBORRA Zaude. Ikatz koskor bat, mutur kamutsa gero, hartuta, jarri nuen (Idazten balu bezala) «Urdaia». Hura ikusi zutenean, guztiak, harriturik, ahoa zabalduta gelditu ziren. Ez dakit nola jan ere egin ez zuten. Badakizu nor den Bakailao-xaltxa?...
PANTXO Nik, ez.
TXILBORRA Nork ez du ezagutzen Bakalao-xaltxa?
PANTXO Nik, ez diat ezagutzen.
TXILBORRA Bada, Bakailao-xaltxak ikusi zuenean, hala dio: «Mutilak, honelako letra egiten duen gizonak ez likek hi hagoen bezala egon behar»... Eta guztiak aho batetik ari ziren.
PANTXO Hire antza izango zitean.
TXILBORRA Azkenean, ba al dakizu zer zioen Brakaxek? Makina bat ezagutzen dituela, nahi dutena jan, nahi dutena edan eta automobilean lasai asko dabiltzanak, nire letren antzekorik ere egiten ez dakitenak.
PANTXO Eta, zer?
TXILBORRA Zuk esan duzuna: nik ez nukeela honela egon behar.
PANTXO Baina, horretarako, hire letra eder horrekin, lan egin behar huke.
TXILBORRA Lana? Egin dezatela lan aberatsek.
PANTXO Hori duk.
TXILBORRA Nik ezer ez badut, zer galdurik ez badaukat... zertarako lan egin behar dut? Zer galdua duenak egin dezala.
PANTXO Orduan, horma zuri-zuri hura zikinduaz jarri huen «Urdaia» jan beharko duk. Besterik ez. Ez dituk besteak lanean ariko urdaia taxutzen, hik, alferkerian hagoela, mauka-mauka jateko.
TXILBORRA Besteek egin dezatela nahi dutena. Nik ez diot inori lan egiteko agintzen.
PANTXO Baina, besteen lanarekin bizi nahi duk.
TXILBORRA Ez dezazula uste nik ludi guzia niretzat lanean aritzerik nahi dudanik. Ez naiz ni horrelakoa. Nik ez dut horrenbesterainoko zalerik. Nire anaiak bidali nahi zizkidan hogei mila pezetak ere ez ditut nahi. Gehiegi dira. Ni gutxiagorekin asetzen naizen gizona naiz.
PANTXO Orain bezala bahoa, haizearekin ase beharko duk.
TXILBORRA Gutxi gehiago behar dut bada. Nik ez dut beste askok bezalako handikeria zalerik. Nik ez dut inorekin ezertan sartu nahi. Nik guztiei bakean utziko diet. Ez uste nik inori kalterik egingo diodanik. Bai, zera. Bakarrik, badakizu, sakelak hutsak eta barrenak gur-gur egiten didan garai hartan, nahiko nuke etortzea bat edo bat, eta esatea: Txilborra, to «boxt pextako» bat. Eskerrik asko.— Ederki zatozak.
PANTXO Bai, eta haiek ahitzean...
TXILBORRA Beste «boxt pextako» bat. Ez dut gehiago behar. Nik gehiago eskatuko nukeela uste duzu? Ederki eman ere!
PANTXO Ederki eman, ez zekiat; baina inork emango balik ederki hartuko hukeela; bai, hori bazekiat.
TXILBORRA Zer da, bada, «boxt pextako» bat?
PANTXO Zer den? Alfer batek irabazten ez dakien dirua.
TXILBORRA Hemen den adina dirurekin! Zoko guziak beteak daude; eta, azkenean erakustokietan, eskaparateetan ere, urre xaharrak jartzen dituzte, piper poteak balira bezala. Han, eguzkitan alferrik galtzen edukitzeko ordez, zenbatez hobeto izango litzateke noizean behin: Txilborra, to «boxt pextako» bat.
PANTXO Hiretzat, bai. — Diru haiek lanaren ikurpen bat dituk. Diruak dirua egiten dik.
TXILBORRA Dirua egiten duela?
PANTXO Bai, bada.
TXILBORRA Zer egin behar du! Diruak ez du egiten herdoila besterik.
PANTXO Hire esku zikinetan, ez noski. Baina, bai lanaren bitartez buruz eratzen denean.
TXILBORRA Buruz edo hankaz, nik ikusten dudana da Donostian badagoela dirua, Donostian badagoela gauza; eta gauza den bitartean bizi gaitezen bake ederrean, guztiak elkar hartuta.
PANTXO Bai; hi alferkerian, eta besteak lanean.
TXILBORRA Kale guzietan hor daude dendak, begietatik sartu nahi digutela hainbeste zer jan, hainbeste zer edan... begietatik sartzeko ordez, sar diezagutela ahoko zulotik eta kito.
PANTXO Egunetik egunera kirtenago aurkitzen haut.
TXILBORRA Ez al dut bada ondo esaten? (Haserre antzean eta gero eta biziago).
PANTXO Hik, ondo, ez esan eta ez egin.
TXILBORRA Bai; zu beti aberatsen alde.
PANTXO Ni, beti egiaren alde.
TXILBORRA Kaballero itxuran azalduko banintz, ez zenuke horrelakorik esango.
PANTXO Kaballero itxuran, eta alproja itxuran, beti, gauza bat esango diat, eta gauza hori duk...
|