|
Toribio Altzaga. Bostu Urtean
VI
Axun, Damasa eta Patrixio. Hauei Terexak ateraino laguntzen die.
AXUN (Atzeko atetik deika) Aurrera, aurrera! (Damasa eta Patrixio atzeko atean azaltzen dira. Terexak ateraino lagunduko die, eta gero alde egingo du. Damasa eta Patrixio senar-emazteak dira. Bata emakume gorputz handikoa, bestea berriz tatarra. Damasa Axunen etxean neskame izana da, eta oraindik hala balego bezala hitz egiten du, beti «Etxekoandrea» ahotik zintzilik duela. Patrixio diru gutxiko amerikano bat da. Bere Damasarekin txoraturik dago, eta honek agintzen dio haur bat balu bezala).
DAMASA (1) Etxekoandrea!
AXUN Nola zarete, nola?
DAMASA Oso ederki, etxekoandrea, oso ederki.
AXUN Eta zure senarra?
DAMASA Patrixio.
AXUN (Patrixiori esku emanaz) Patrixio, bai. Ez nintzen gogoratzen.
PATRIXIO Ondo, eta berori?
AXUN Ongi; eskerrik asko.
PATRIXIO Eta berorren senarra?
DAMASA (Patrixiori, zuzenduaz). Senar jauna.
PATRIXIO Senar jauna?
AXUN Txit ondo; laster etorriko da.
PATRIXIO Eta berorren...?
DAMASA (Patrixiori zuzenduaz). Ez da beste inor etxean.
PATRIXIO Etxeko guztiak ondo beraz?
AXUN Bai, Jaungoikori eskerrak. Zatozte aurrera, zatozte. (Aurreratzen dira, eta Axun aulki luzean esertzen da). Eser zaitezte. (Patrixio aulki luze aldera esertzera doa eta Damasak galarazten dio).
DAMASA Ez, hor ez; eser zaitez hemen (Beste aulki bat ematen dio, eta Damasa bere ondoan esertzen da).
AXUN (Aulki luzeagatik). Ez al duzue hemen eseri nahi?
DAMASA Eskerrik asko, etxekoandrea; hemen oso ederki gaude. Ez da hala, Patrixio?
PATRIXIO Oso ederki.
AXUN Nahi duzuen bezala.
DAMASA Badoaz, beraz, Amerikara?
AXUN Bai; ostegunean joateko asmoa dugu.
DAMASA Ondo ibili, bada, etxekoandrea; ondo ibili... eta lehenbailehen etorri.
AXUN Lau edo bost urte egon beharko dugula uste dut.
DAMASA A, Amerika! Zenbat gauza esaten dizkidan nire Patrixiok.
AXUN Izan ere, amerikanoa duzu senarra.
DAMASA Bai, andrea: Lasturko amerikanoa.
AXUN Xexenak bezala?
PATRIXIO Lasturren jaio, eta gaztetan Amerikara joana.
DAMASA Baina hau Amerikan txantxetan izan omen zen.
AXUN Txantxetan?
PATRIXIO Panpetan!
DAMASA A bai! Izen hori ezin buruan sartu zait.
AXUN Mendian, beraz...
PATRIXIO Bai, andrea. Baina haiek mendi ikaragarriak...
DAMASA Bai, noski.
PATRIXIO Hango abere ikaragarriak.
DAMASA Bai, noski.
AXUN Eta, hango irabazi...
PATRIXIO Ikaragarriak.
DAMASA Bai, noski.
AXUN Beraz, diru mordoxka ederra ekarriko zenuen?
DAMASA Bada... Ez noski.
PATRIXIO Ez, andrea. Osaba batengana joan nintzen, eta hura hil zenean utzi zidan apurrarekin hona bihurtu nintzen.
AXUN Ezagutzen ditut nik behintzat Panpetan oso aberatsak, ahaltsuak, indar handikoak.
DAMASA Hau Lasturkoa izan, ordea. Intentzioa bai, baina indar gutxikoa.
PATRIXIO Damasak osatzen ditu nire indar ahulak. Honen eskuetan bost koarto, beste askorenetan bost mila erreal baino gehiago dira.
DAMASA Honen esatekoak, etxekoandrea.
PATRIXIO Ez dakit zer egiten dion diruari, bera bezala luzatzeko.
DAMASA Zer gauzak, e?
PATRIXIO Ezkongaitan, neroni bakarra bizitzeko, ezin iritsirik bezala ibiltzen nintzen; eta, orain, biak, nik behin ere ezagutu ez dudan lasaitasunarekin bizi gara.
DAMASA Baina, Patrixio...
PATRIXIO Orain bezain ondo, ez naiz ni behin ere bizi izan.
AXUN Hobe, hobe. Atsegin dut jakitea.
PATRIXIO Gero, mokadu goxo batzuk jartzen ditu...
DAMASA Ez dezazula esan...
PATRIXIO Honen trebetasuna jakiari emateko, hemengo tipula punta, hango olio tantoa, besteko baratxuri alea, hurrengo porru-perrexil puxka...
DAMASA Baina, Patrixio...
AXUN Beraz, zuri ez zaizu ezkondua damutu?
PATRIXIO Ezta damutuko ere!
DAMASA Aditu al du, etxekoandrea?
PATRIXIO Hiru lagun ibiltzen ziren elkarrekin...
DAMASA Badaki beroien lehengusuenekoa eta...
AXUN Bai, bai.
PATRIXIO Ruperta, Norberta eta Damasa. Eta nire buruari galdetzen nion: norekin ezkonduko haiz? Ruperta? Norberta? Damasa? eta barrenak erantzuten zidan: Damasa!
DAMASA Zer gauzak, etxekoandrea...
AXUN Beraz, zuk hiruren artean aukeratu zenuen.
PATRIXIO Bai, andrea: Ruperta, Norberta eta Damasa. Baina Damasarekin gelditu.
DAMASA Exkaxenarekin.
AXUN Bere gogokoa izanez gero...
PATRIXIO Bai, bai: Damasa, Damasa.
(1) Ezkerretik eskuinera: Patrixio, Damasa, Axun.
|