2.1. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  2.1. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

BIGARREN EKITALDIA

Iruditegia lehenengo ekitaldian bezala. Lehenengo ekitalditik bigarrenera bost urte igaro dira.



LEHENENGO AGERRALDIA

I

Pantxo eta Lukax

(Lukax oso aldatua dago. Aberastu da, eta aurpegian ezagun du bere ezin edukia. Urrezko betaurrekoak dauzka eta jantzia oso apaina. Lehengo apaltasunaren ordez azaltzen du. Ezkuta-zapia igotzean ezkerreko atetik irteten dira biak, egonaldia amaitu balute bezala).



PANTXO Ostegunean etorri ginen.

LUKAX Bart arrats arte ez nuen jakin. Berorrek gaztigatu zidan arte.

PANTXO Bai; atzo arratsaldean mandatua bidali nizun.

LUKAX Ikusi duen bezala, gure hartu-emanak garbitzera berehala etorri naiz.

PANTXO Eta behar bezala garbitu ere. Horretan nire gogoa bete duzu.

LUKAX Eskerrik asko.

PANTXO Ikusten dudanez, Amerikan izan garen bost urte hauetan, zerorri ere ez zaizu gaizki joan.

LUKAX Ez, jauna, ez. Amerikak orain ez daude han. Hemen daude, hemen, egiazko Amerikak. Dirua egin nahi duenak ez du inora joan beharrik. Hemen bezalako erraztasunik ez du inon aurkituko.

PANTXO Ez zenuen lehen hori esaten.

LUKAX A! Baina, bost urtean, ludiak egin du aldaketa bat, lehen bost gizalditan egiten ez zuena.

PANTXO Bizibide berriren bat aurkitu duzu, beraz?

LUKAX Ezta bat ere, zaharra berritu baizik.

PANTXO Nola, ordea?

LUKAX Hara: orain denbora gutxi arte, etxe-sariak, errentak, urteak joan eta urteak etorri, beti berean egoten ziren; nagusiek diru bera jasotzen zuten, eta, guk, bitartekoek, huskeria bat besterik izaten ez genuen. Gaur ez dago horrelako konturik. Sei duroko errentan dago? Hamasei jarri. Zortzi ditu? Hogeita bostera igo. Hamar dauzka? Hogeita hamarrera edo berrogeira jasoarazi.— Tartekoek asmatu duguna da hau.

PANTXO Asmaketa ederra.

LUKAX Honela, nagusiek askoz gehiago ateratzen dute; guk, berriz, nahi duguna. Eta guztiak ondo!

PANTXO Guztiak, ez. Ordaindu behar dutenek ez dute horrelakorik esango.

LUKAX Bai; etxe-zuloetan oihu eta garrasi, antsi eta negarrak ugari izaten dira. Baina, irten bedi kanpora, eta, behin ere baino diru gehiago hondatzen dela ikusiko du, lehen baino apainketa garestiago eta ikusgarriagoak azaltzen direla, inoiz baino alaitasun eta jostatu nahi gehiago dela. Nik, alderdi guzietan, algara besterik ez dut entzuten. (Atzeko ate aldera eginaz).

PANTXO Zokoetan malkoak ere isil asko isuriko dira.

LUKAX Ez zaio zokoari begiratu behar.— Gero, etxe-sari igotze honekin batean, hasi da etxe oso eta etxebizitza hutsen salketa, eta, hor dago, hor, diru egitea. Hutsen ordeko etxeek egiten dute orain dirua, hautsa bezala; eta goizean erosi eta arratsean saldu, eskutik eskura gelditu gabe ibili, erokeria bat irabazten da. Nik, bost egunean, etxe baten salerosiarekin, bat ere gezurrik esan gabe, sei mila duro garbi-garbiak sakelan sartu ditut.

PANTXO Bai, baina horrela etxe-sariak, errentak, lehengoaz gain igoko dira, eta jendeak ezin ordaindua etorriko da.

LUKAX A! Ezin duena kanpora. Bat bidali orduko badatoz hamar etxe eske, eta edozein errentatan. Nahi dena eskatu arren ez die axolarik.

PANTXO Ez die axolarik, ez. Esan ezazu, hobeto, beste alderdirik ez dutela. Bizi behar badute, zuek horretara behartzen dituzuela.

LUKAX Den bezala dela, horrela egiten da dirua. Lehen bezala, egun argitu orduko hasi, eskailera gora, eskailera bera, bateko aurpegi txarra, besteko esaera motza ikusi eta entzunaz, inurria bezala ibiliaz, ezer egiten dela uste du? Bai, zera: hori gauza zaharra da. Gaurko egunean behar dena da: begia zorrotz, azala latz eta bihotza lasai.

PANTXO Horrek ezin bizia ekar lezake, ordea...

LUKAX Noiz, orain bezain ondo, bizi izan da jendea? Behin ere ezagutu al da orain bezalako diru ezin gordea? Orain adina gurtarin, auto? Orain adina antzoki? Orain adina jai? Orain bezalako jate eta edate garestiak? Orain bezala, ez da behin ere ludia aurkitu!

PANTXO Baliteke...

LUKAX Neroni ere, lehenago, hemendik Asteasura joateko... hemendik Asteasura hutsa... ezin iritsirik ibiltzen nintzen. Orain... datorren astelehenean Alemaniara noa, han egun on batzuk igarotzera. Hau da ondo bizitzea!

PANTXO Ez dute guztiek hori esango.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org