2.4. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Bost urtean »  2.4. Agerraldia

Toribio Altzaga. Bostu Urtean

LAUGARREN AGERRALDIA

IV

Pantxo eta Txilborra. Honi Terexak ateraino laguntzen dio.

(Txilborra lehengo bera da, lehengo aurpegi bera, lehengo begiratu ilun bera, eta, lehen bezala beti haserre antzean hitz egiten duela, alde guzietara begiratu txarrak boteaz. Jantzia ez du lehengoa. Soineko onak, sonbrailua, oinetako handi samarrak baina garbiak eta eskuetan eskumakila. Atzeko ate aldera, Terexa aurretik duela iritsiko da: Orduan Terexak alde egingo du, Txilborraren jantzi berriek harritzen dutelako keinua eginaz. Hori ikustean, Txilborra, lehengoaz gain sutan jarriko da, eta Terexa joan den aldera begira, haren keinu berak eginaz, eta begiratu zorrotzak boteaz, iseka egiten dio)



TXILBORRA Eeee! Ez al dun orain egin behar: Uum! (Behatzarekin sudurrari helduaz).

PANTXO Baina, mutil...

TXILBORRA Antxeta horri begira; marama janzten dutelako, besteei iseka ari behar. Egin ezan berriz ere: Eeee! (Terexa joan den aldera begira, eta lehengo keinua eginaz).

PANTXO Hator aurrera (Txilborra aurreratzen da). Oso aldatua aurkitzen haut. Besterik dirudik. Zer da?

TXILBORRA Zer den? nire anaiaren txatxukeria bat.

PANTXO Izan ere, Juxtoz galdetu nahi nian. Ezer ba al dakik? Hiru urte izango duk haren berririk ez dudala.

TXILBORRA Ez, noski. Nola izango duzu bada? Beste luditik bidaltzen ez badizu behintzat...

PANTXO Zer esan duk?

TXILBORRA Juxto hil zen.

PANTXO Hil!

TXILBORRA Horra bizi beharrak zer ekartzen duen. Azkenean ere hil.

PANTXO Nire lagun zahar gizajoa! (Horra, zuzen bizi zen hura hil; eta hau, berriz, gose eta zikin tartean iraun hala ere) Hil zuan, beraz!

TXILBORRA Hiltzeko hobea zen, txatxu hura.

PANTXO A zer errespontsua eskaintzen dioan!

TXILBORRA Hark behar bezalakoa.

PANTXO Ez dezaala horrelako astakeriarik esan.

TXILBORRA Bazeneki zer egin didan...

PANTXO Hark gauza txarrik ezin egin.

TXILBORRA Ez, e? Ez dakizu ondo...

PANTXO Zer egin dik, bada?

TXILBORRA Zer egin didan? Laurogei mila duro utzi dizkit, txatxu hark!

PANTXO Juxto gizajoa! Zuen guzia!

TXILBORRA Laurogei mila duro!

PANTXO Hik behar ez bezalako anaia.

TXILBORRA Bai: nik behar ez bezalako anaia... Nik behar nuen anaia bat, tartean-tartean «boxt pextako» bat emango zidana; ez, batetan, burutik behera laurogei mila duro botako zizkidana... Errazago hil da hura, ni biziko naizen baino!

PANTXO Laurogei mila durorekin bizi hintekeela uste diat.

TXILBORRA Laurogei mila duro horiekin, ez naiz ni bizi. Ni bezala, ezertaz gogoratu gabe, ezeren arretarik izan gabe, ezertan oldoztu gabe; txoriak bezala, batera eta bestera, nahi nuen aldera ibili, nahi nuen tokian etzan, nahi nuenean jaiki, nahi nuena eginaz bizi zen batentzat, laurogei mila durorekin aurkitzea zer den ba al dakizu?

PANTXO Suertea egitea.

TXILBORRA Ederra.

PANTXO Hik hainbeste aitatzen huen suertea, horixe duk. A! Orain, Aereo Klu-ra joan hinteke, egun guzian etzanda egotera.

TXILBORRA Ederki eman ere! Etzateko betarik dudala uste al duzu? Banku batetik bestera, honelako gizonarengandik beste harakoarengana, hemen papera hartu, bestera eraman, bateko firma, besteko idaztia... A! eta letra ederra dudala esan didate...

PANTXO Bazekiat: Bakailao-xaltxak...

TXILBORRA Bai zera: Bankuko buruak.

PANTXO Hori besterik duk.

TXILBORRA Egun guzian, eroen gisa ibili batetik bestera, buru guzia nahasteraino, eta gauean ere, bi edo hiru aldiz jaikitzen naiz, paperak ondo gordeak ote dauden ikustera. Hau ez da bizitzea! Presiliyuan daudenak ere, ni baino hobeto izango dira! eta, guzia laurogei mila duro zikin horiengatik!

PANTXO Mutil: ez dezaala horrelako astakeriarik esan. Besterik ez bada, herorrek ezagutu behar duk, lehen baino hobeto aurkitzen haizela. Lehen baino txukunago, garbiago jantzi...

TXILBORRA Jantzia!... Oraingo aldian, lasaiago ibiltzen nintzen nire praka zaharrekin.

PANTXO Osasunerako ere, orain daramaan biziera askoz egokiagoa duk. Gizajo horrek, beste osasunik izango duk orain.

TXILBORRA Zaude isilik! Nire gisa nenbilenean, zuk esaten duzun bezala, zikin eta gose, Bulebarreko aulkietan edo perreran lo egiten nuela, aditu al duzu behin ere Txilborrak gaixotasunik izan zuenik? Ezta hagineko minik ere! Orain, berriz, janzkera txukun hauekin, biziera egoki honekin... katarroa! harrapatu dut. Txilborrak katarroa! Gezurra dirudi!

PANTXO Horiek lehengo krakak dituk.

TXILBORRA Bai; krakak lehengoak izango dira, baina katarroa oraingoa da.

PANTXO Lehengo ibilera txarren ondorioa duk hori.

TXILBORRA Baliteke... Ibilera txarretan nenbilela harrapatu izan banu, han igaro beharko nuen, ahal nuen bezala; baina laurogei mila duro dituen gizon bati nola utzi sendagilea etxera ekarri gabe...

PANTXO Izan ere, hiri ferratzailea ekarri behar ziaten.

TXILBORRA Ez zen batere txarragoa izango. Etorri eta lehenbiziko lana, mingaina ikusi behar omen zidan. Nik katarroa mingainean banu bezala. Hark, bai, bere jakitea mingainean izango duela.

PANTXO Hik, berriz, oin muturretan..

TXILBORRA Gero, ergel hark harrarazi zidana,... Ez diot behin ere barkatuko... zital hari!

PANTXO Badakik, bada, ezer hartu gabe sendatzerik ez dagoela.

TXILBORRA Bai, baina... hark harrarazi zidana...

PANTXO Besteek ere hala hartzen ditiztek: sendagaiak, botikak...

TXILBORRA Sendagaia besterik izan ez balitz...

PANTXO Zer harrarazi dik, bada? Pozoia? Benenoa?

TXILBORRA Benenoa besterik izan ez balitz...

PANTXO Zer da, bada, harrarazi diana?

PANTXO Zer den? Txokolatea! Txokolatea harrarazi dit!... Txilborrak, txokolatea!... (Behatzarekin txokolatea hartzeko keinua eginaz).

PANTXO Horren txarra baderitzok, ez hartuarekin, kito.

TXILBORRA Ez hartu? Esaiozu hori Mikela Zirrikitoni, esaiozu.

PANTXO Zergatik ez?

TXILBORRA Badakizu zein den Mikela Zirrikiton?

PANTXO Nik, ez.

TXILBORRA Donostian ez da izango bat hura ezagutzen ez duenik.

PANTXO Bai, baduk bat: ni.

TXILBORRA Emakume berritsu, koipe-lustre, saltsa-jario, besteren nahaspiletan sartzeagatik, salduko luke atzeko aldea.

PANTXO Ez dik beste zer saldu handirik izango orduan.

TXILBORRA Lehenago, ezagutzen ere ez banindu bezala, ez agur eta ez adio, haren ahoa ez zen niretzat zabaltzen «mozkor zikina» deitzeko ez bazen. Laurogei mila duroen jabe egin naizenetik, berriz, ezin etxetik bota dut.

PANTXO Laguntzaile bat baduk, beraz.

TXILBORRA Ederra bera. Nire amaren ezkonahizpa omen da, nire izeba jatorra, berak dioenez; eta bere iloba naizen aldetik, ezin utziko omen nau. Lehenago uzten ninduen, bada! Lehenago ez zen bere ilobaz askorik gogoratzen!

PANTXO Herorrek ere ez hion askorik adieraziko.

TXILBORRA Katarroarekin gelditu nintzenean, etxeaz jabetu zen eta buruz gain egin zidan. Haren agindu beharra... oihu eta garrasi, etxe guzia airean zeukan. Bere arrantzak, bere marruak, Isturindik entzungo ziren. Txokolatea hartu, diozu? Hartu beharko! Txokolatea ez ezik katilua ere ez dakit nola harrarazi ez zidan.

PANTXO Hiretzako gogo ona horretan erakutsi dik.

TXILBORRA Bai; horretan, eta gero belarri ertzera zipliki-zaplaka esaten... zera... azken nahia, testamentua egin beharko nuela... Hara... Ez dakit orduantxe nola Zirrikitona bi puska egin ez nuen.

PANTXO Nolanahi ere, egin behar den gauza duk.

TXILBORRA Bi puska?

PANTXO Azken nahia!

TXILBORRA Bai; baina, hori, nik nahi dudanean. Orain, behintzat, ezertarako betarik ez daukat. Laurogei mila duroek doministiku bat egiteko astirik ez didate uzten.

PANTXO Eta, izeba delako horri, zer esan hion, bada?

TXILBORRA Esan? Uxatu egin nuen, laster asko, atso sorgin hura.

PANTXO Hori duk!

TXILBORRA Baina, alferrik. Hurrengo egunetako batean han etorri zitzaidan, neska fardel batekin: hortz ustel, katu begi, txima jario... bere iloba omen du. Izeba zirrikitona bada, iloba gehienaz ere heste-mina izango da. Huraxe omen da niretzako andregai polita.

PANTXO A! Ez litzaiake bat gaizki etorriko.

TXILBORRA Andregaia? Andregaia baino, hobe nuke nik oilo salda beroa.

PANTXO Baina, oilo salda berotzeko, emazte bat beharrekoa duk.

TXILBORRA Emazteak, ez dakit berotu, baina, oilo salda hartu, bai, egingo luke lasai asko nire bizkar. Lehen, ez zidan niri inork andregairik eskaintzen; eta, orain, andregaiak, izebak, guzietatik eman nahi didate. Zer sorgin nahaste-borraste da hau!

PANTXO Zer izango duk... Esan diat, bada. Hori duk suertea.

TXILBORRA Bai; suertea lehorrez. Nik, lehen, ez nuen ahaiderik, ez nuen parienterik, mendian zizak bezala, bakarra nintzen; eta, orain, eltxoa bezala bazter guzietatik ito behar nautela sortzen zaizkit.

PANTXO Lehenago ere hor izango hituen, baina, nork hiri begiratu orduan?

TXILBORRA Begiratzen didate, bada, orain: begiratu, jarraitu eta jan egingo naute. Mikela Zirrikitonek une batean ez nau uzten. Leihoa irekitzen badut, aurreko etxekoak, eta aldamenekoak, denak agurka hasten zaizkit lehengusuak direla esanaz...

PANTXO Hala izango dituk-eta.

TXILBORRA Kalean banoa, hemengo neska arrain-saltzailea, otarra utzi eta etorriko zait iloba dela esanaz, hango ogi-banatzailea izeba dela, besteko agure baldarra osaba, kale-garbitzaile guztiak lehengusu egin zaizkit...

PANTXO Ez hago gaizki..

TXILBORRA Lehengoan, Ikatz kalean nindoala, ume mukizu pila bat atera zitzaidan «osaba!» oihuka. Eltxoak bezala, eltxoak bezala! Azkenean, atzo..., zeladore kankailu bat bada, belarri bat bestea baino luzeago duena. Lehenago bi bider eraman ninduen Bulebarreko aulkietatik perrerara. Orduan ez ninduen ezagutzen. Bada, atzo, etorri eta eskua txapelean honela jarriaz, xamurki-xamurki esan zidan: aditzea izango nuela hura ere ahaideetakoa zela... Laurogei mila ahaide sortu zaizkit niri!

PANTXO Hori duk alde guzietatik suertea.

TXILBORRA Baina, entzungo duzu halakoren batean, ahaide guztiak airean bidali ditudala. Airean, gero!

PANTXO Horrenbeste bidaltzeko, besoetan indar puska bat ere beharko duk.

TXILBORRA Besoetan ez; oin muturretan behar dut nik indarra.

PANTXO Nonbait behintzat, bai.

TXILBORRA Gero, ahaideak utz itzazu alde batera; Donostian diren alproja txar guztiak ondotik ditut berriz.

PANTXO A! Hire lehengo adiskideak, hire lehengo lagun kutunak.

TXILBORRA Lokatza eta zikina dariela, bizkarretik zintzilik jartzen zaizkit, soineko guziak koipez betetzen dizkidatela; beren usain zikinarekin zorabiatzen nautela; eta «kaixo, lagun zaharra!» batek, «eup, Txilborra!» besteak, marruskatzen naute legamia bezala.

PANTXO Horrek esan nahi dik hitaz ez direla ahaztu.

TXILBORRA Nahiago nuke, bada, ahaztuko balira. Eta, guztiek eskapen bera egiten didate.

PANTXO Bazekiat: «boxt pextako» bat.

TXILBORRA Asmatu duzu. Halaxe da.

PANTXO Gehiago eskatuko luketela uste al duk? Ederki eman ere!

TXILBORRA Ederki eman ez dakit; baina, nik emanez gero ederki hartuko luketela, bai; hori badakit.

PANTXO Zer duk, bada, «boxt pextako» bat?

TXILBORRA Zer den? Alfer haiek irabazten ez dakiten dirua.

PANTXO Nolanahi ere haiek ez dutena.

TXILBORRA Haiek ez dutena, badakit nik zer den: lotsaren apurrik ez dute haiek.

PANTXO Jateko ez badute, zertarako ditek lotsa?

TXILBORRA Jateko ez dutela... alferrontzi batzuk direlako.

PANTXO Eta zer? Alferrontziak ez al ditek bizi behar besteek bezala?

TXILBORRA Ez, jauna: arlote zarpail horiek ez lukete bizi behar ere.

PANTXO Hi bezalako aberatsek bakarrik bizi beharko ditek hemen!

TXILBORRA Zirtzil likiskeria horiek ez behintzat.

PANTXO Orduan, alferrontziak direla-eta, zakurren antzera eraman, Amarako etxolan garbi ditzaten.

TXILBORRA Batzu-batzuk garbitzea ez litzateke bat ere kalterik izango.

PANTXO Alferrontziak beste edozein adina ez al dituk bada?

TXILBORRA Besteena zurrupatzeko, bai. Besteen bizkar zaunka eta zurrut egiteko ere bai. Horretarako, bai.

PANTXO Ez badute, zer egingo ditek bada?

TXILBORRA Zer egingo duten? Lana egin dezatela.

PANTXO Lana? Aberatsek egin behar ditek lana.

TXILBORRA Eginarazten didate niri nahikoa.

PANTXO Ezer ez badute, zer galdurik ez badaukate... zertarako lan egin behar ditek? Zer galdua dutenek lan egin dezatela!

TXILBORRA (Pixka batean Pantxori begira egon ondoren) Eta... zuk diozu hori?

PANTXO Bai; nik hori esan diat.

TXILBORRA Bai, baina, ez da zure baratzako letxua.

PANTXO Ez; hire baratzako tipula duk.

TXILBORRA Nirea?

PANTXO Hik lehen esaten huena. Hiri entzuna diat nik.

TXILBORRA Gauza gehiago ere entzungo zenizkidan niri baina...

PANTXO Bai; Donostian badagoela gauza eta, gauza den bitartean, guztiok elkar hartuta bakean bizi behar genukeela...

TXILBORRA Zarpatzar horiekin? Ez bakean eta ez gudan.

PANTXO Hik, orain, baduk gauza, eta, gauza denez gero, duenak ez duenari emanaz...

TXILBORRA Zer? Nire diruak arlote horiek mantentzeko ditudala uste duzu? Horixe behar genuke orain! Horretarakoxe nabil ni buru eta belarri; mozkor, likiskeria horien zintzurrak asetzeko!

PANTXO Mutil: herorrek lehen esaten huena esan diat.

TXILBORRA Lehen... lehen... Orain ez dago lehengo konturik!

PANTXO Hori duk. Esan ezak hik ere, besteak bezala, bost urtean gauzak goikoaz behera bihurtu direla.

TXILBORRA Bihurtu diren bezala.

PANTXO Hi behintzat, bai, bihurtu haiz.

TXILBORRA Bai noski. Nik, lehenago, ez nuen ezertan oldozten, ni ez nintzen ezertaz gogoratzen, nik, buruan, ez nuen ezer edukitzen...

PANTXO Sabelean ere ez askotan.

TXILBORRA Orain ditut nik katramila hauek guziak.

PANTXO Bai: hi lehen, orain eta beti, kaiku bat izan, gizajo hori.

TXILBORRA Dirurik ez nuenean ez neukan ezertarako lan egin beharrik. Dirua hartu dudanetik lanean hasi behar izan dut. Nire anaia txatxuaren laurogei mila duroek lan egitera beharrarazi naute.

PANTXO Anaia txatxua... Anaia onegia!

TXILBORRA Egun guzian zoratzen, arnasa hartzeko betarik gabe; beti buruan nire paperak eta nire diruak ditudala, beti zalantzan, beti kezketan; gauean ere ezin lo eginik, ametsetan ere nire ondasunekin...

PANTXO Esnatuta ere ametsetan habilela uste diat.

TXILBORRA Eta gero, alproja txar horiek guziak nire ondotik, beren betiko eskapen nardagarriarekin; ahaideak beste aldetik, iloba! osaba! lehengusu! deiadar egiten didatela; andregaiak, Mikela Zirrikiton, testamentua, katarroa, sendagilea, txokolatea... Hau al da biziera? Eta, guzia, laurogei mila duro zikin horiengatik.

PANTXO Mutil, kanpoaz aldatu haiz; baina, barruaz, lehen bezain kirtena hagoela ikusten diat.

TXILBORRA Ni, diru tartean sartuta erotu egingo naiz.

PANTXO Erotu, ez; izatekotan herdoildu.

TXILBORRA Nola?

PANTXO Diruak ez dik egiten herdoila besterik eta.

TXILBORRA Bai: herdoila eta buruko mina.

PANTXO Lehen baino gauza bat gehiago.

TXILBORRA Nire ondoeza, nire zorigaitza, nire ezin bizia, diru horrek ekarri dit. Nire anai txatxuak errazago egin zituen laurogei mila duroak, nik hemen zuzendu eta gordeko ditudan baino.

PANTXO Kirtenkerian, urtetik urtera aurrerago hoala ikusten diat.

TXILBORRA Ez al dut, bada, ondo esaten? (Haserre antzean eta geroago eta biziago).

PANTXO Hik, ondo, ez esan eta ez egin.

TXILBORRA Bai; zuk, beti, zer esana baduzu.

PANTXO Nik, beti, egia esaten diat.

TXILBORRA Ni, beste handiki horietako bat banintz, ez zenuke horrelakorik esango.

PANTXO Handikiei eta txerrikiei, nik, beti, gauza bat esaten zieat; eta gauza hori duk...













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org