Mañaxi ta Koxme


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Burruntziya »  Mañaxi ta Koxme

Toribio Alzaga



Iruditegia erri txikiko etxe bateko gela nagusia. Atzean sarrerako atea. Ezker-eskuitan ateak. Atzeko orman asara (cómoda) bat, jostalluz eta antzezkiz betea. Alkiak batean eta bestean zabalduak. Alkietako bat txiki-xamarra.



I



Mañaxi ta Koxme



Mañaxi etxekoandria da. Berrogei ta zortzi urte ditu; arpegi zorrotza ta izakera zorrotzagoa. Betaurreko aundi batzuek begietan dauzka, ta alki txikian exerita braka batzuei arabakiak jartzen ari da. Koxme, bere aldamenean zutik dago; ogei ta iru urteko mutil gaztia da.

Koxme ¿Beaz ezetzian zaude?

Mañaxi Ezetzian irauten degu.

Koxme Zure alaba nik maite detanarekin...

Mañaxi Emazteaz jabetzeko ez da aski naitasuna.

Koxme Bere begietatik ikusiko nuke nik.

Mañaxi Jan ere bere abotik naiko zenuke noski; ta ori da guk iñola ere ezin eraman deguna.

Koxme Mañaxi...

Mañaxi Zure buruentzako lain ezin sortu dezu, ¿ta emaztia biar dezula?

Koxme Nere bearrak nere lanarekin osatzen ditudala erri guzia jakiñen gañian dago.

Mañaxi Ez dakit ba; gurasuak utzitako ontasunetatik ez det uste asko-askorik gelditzen zaizunik.

Koxme Burruntzi. bat gelditzen zait.

Mañaxi Ori da. Ta zuk orain biarko zenuke noski, nere alabak ollaxkuak eramatia zure burruntzi orretan erretzeko.

Koxme Ez dizut nik ollaskorik eskatzen. Alaba bakarrik eskatu det.

Mañaxi Ez dezu beintzat egakirik, lumarik ere izango.

Koxme Ez ta bear ere. Ondo dakizu nere gurasuak utzitako ontasunetatik eten bearrian arkitu banaiz, luzaroan gaxo egon naizelako izan dala. Badakizu, osasunez ondo izan nitzan bitartian gurasonkarria zuzen gordetzea nuela; sendatu naizenetik lanaren bitartez aurrera ateratzen naizela. Badakizu...

Mañaxi Nik dakitana da, burruntzi bat besterik ez dezula. Ta etzait iduritzen neskatxa bat eskatzeko, burruntzi bat naikua izan litekenik.

Koxme Ez det burruntziya bakarrik eskeintzen; biotz bat ere eskeintzen det.

Mañaxi Sartu zazu ba burruntzian, ta ia nolako jakia sortzen dezun sendi, pamili bat mantentzeko.

Koxme Zuk bai, Mañaxi, burruntzia sartzen didazula zure esaera zorrotzakin.

Mañaxi Egia beti zorrotza izan oi da.

Koxme Len esaten zenidana ere egiya izango zan noski, baña ez zuen orrelako zorroztasunik. Orduan zerorrek laguntzen zenidan zure alabarekin nerabilzkien asmoetan.

Mañaxi Orduan burruntziya baño zer edo zer geyago bazenuelako.

Koxme ¿Baña, zure alaba, nerekin edo nere ontasunakin ezkondu nai zenuen?

Mañaxi Zurekin, zure gurasuak utzitako ontasunen jabe ziñan bitartian. Baña, orain burruntzi bat besterik ez dezu ta...

Koxme Egiya, burruntzi bat besterik ez. Nere amak, ez dakit zergatik, baña, burruntzi orri zale aundiya ziyon. Aurrekoen aurrekoak utzitakoa zala esan oi zuen. Ez du beaz nolanaikoa izan bear. Baña, dana dala, egiya aitortu dizut: ez det besterik ezer.

Mañaxi Aurrekuak edo atzekuak utziya, ori beti burruntziya; ta ez daukat nik alaba burruntzi batekin ezkontzeko.

Koxme Burruntziarekin ez: nerekin ezkontzia eskatu dizut.

Mañaxi Berdin zait; zuri begiratzen dizut, eta ez dizut ikusten... burruntzi bat besterik.

Koxme Nai ez dezulako: garbi azaltzen dizkitzut nere zintzotasuna, nere lanerako griña, zure alabaganako naitasuna...

Mañaxi Ba, ba, ba... Alperrikako itzak. Uskeriyak. Oyek guziyak eltzeari koipe gutxi emango diote.

Koxme Eltzeak ez du koipea bakarrik bear; mamiya ere bear du. Senar-emazteen arteko mamiya, beren zintzotasuna ta alkarganako maitasuna da.

Mañaxi Bai; ta mami ori berriz ametsetako lukainka besterik ez.

Koxme ¿Lukainka deritzaizu?

Mañaxi Eltzeak ez du koipea bakarrik bearko, baña, esaera zarrak dion bezela:"nun zopa, an salda”.

Koxme Ikusten det zuretzat ez dala koipia, lukainka, zopa ta salda besterik.

Mañaxi Badakizu: santu guztiyak oliyokoyak; eta santuak oliyua bezela guk ere bizikaia biar.

Koxme ¿Eta, uste dezu nere lanarekin ez detala sortuko nere emazteak biar duen bizikaia?

Mañaxi Ori, asmo bat, uste bat besterik ez da. Eta asmo ta usteakin ez degu ezer egiten. Zuk, ezkontzarako, gauza bat bakarra dakarzu: burruntzi bat. Beaz, zu, ez zera nere alabaren mallan jartzen.

Koxme ¿Eta len, bai?

Mañaxi Len, bai. Baña, orain, zu jetxi egin zera, ta nere alaba berriz, goyen, zuk ezin atxitu dezun goitasunean gelditu da. Beaz, zuk, beragoko andregai bat arkitu bear dezu; nere alabak goragoko senargai bat. Bakoitzak bere mallan.

Koxme ¿Orduan, len esandako guziya, lengo eskeñiak, lengo agintzak alperrikakoak dira?

Mañaxi Alper-alperrikakoak. Mallaz aldatu zerate, beaz itzaz eta eskeñiaz ere aldatu bear dezute. Gañerako artu-emanetan gertatzen dan bezela. Txerri batekin tratua egiten dezu, baña pixatzeakoan uste baño gutxiago pixatzen badu, esan baño gutxiago ere ordaintzen diozu.

Koxme ¿Baña, zuk, ezkontza txerri-tratua dala uste al dezu?

Mañaxi Anima salbo, txerri-tratu jator-jatorra.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org