Bigarren irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Kaskagogorra »  Bigarren irudia

Bigarren irudia

II

Trinpoila. Gero Andre Mañaxi. Azkenean Sendagilea eta txakurra


(Trinpoila sartzen: Mokoilo, baina bere biziko mokoilo bat dakar. Bere harekin abesten du)

Trinpoila:

Anton bat eta Anton bi
Anton putzura erori
edan zituen trago bi
orduan etzan egarri


(Hizketan)

Ni bai. Edan eta edan eta geroago eta egarri gehiago. Hau gizonaren sasoia! Ez nintzateke ni aseko ez baso sagardoak husten ez nire atsoari belarrondokoak ematen.

Nire atsoa orain ere, beti bezala kanpoan. Ez da buruan sartuko dionik, etxean egon behar duela senarrari etortzean oinetakoak kentzeko. Emaztearen eginbeharrak ezin ikasi ditu. Erakutsiko dizkiot ba nik. Azkar gero.

Baina dena dela, neronek kendu beharko. Kenduko ditut bai; baina nire atsoari ere kenduko dizkiot belarri ertzeko hautsak A zer jipoia hartu behar didan!

Lehenbizi eskuinekoa aterako dut. Uu…up.

(Oinetako bat eskuetan hartu eta hots handiarekin lur gainean uzten du)

Bat eta batere ez. Ez nuen bada nik horretarako atsoa hartu. Goazen bestearekin. Uu…up.

(Beste oinetakoa lehengoa bezala lur gainean uzten du)

Orain, atsoa etortzean, biak sudur gainera botako dizkiot. A zer kankarrekoa!

(Andre Mañaxi erratzarekin sartzen da)

Andre Mañaxi: nire gizontsua etorri al da?

Trinpoila: Etorri naizen? Orain botako dizut partea. Hara: sudur kankarrean hartuko duzu.

(Oinetako bat botatzen dio)

Andre Mañaxi: E! hori ere badugu!

Trinpoila: Bai; eta hara bestia.

(Beste oinetakoa botatzen dio)

Andre Mañaxi: Orain ikusiko duzu.

Trinpoila: E?

Andre Mañaxi: Bat, bi, hiru, lau. Kaska, kaska, kaska.

(Erratzarekin Trinpoila jotzen du)

Trinpoila: Zer? Niri hori egin?

Andre Mañaxi: Zuri, bai, zuri. Kaska, kaska, kaska.

(Berriro jotzen du)

Trinpoila: Nik emango dizkinat ederrak.

(Trinpoila joaten asten da. Mañaxik atzetik jotzen du)

Andre Mañaxi: Kaska, kaska, kaska.

(Trinpoila joaten da)

Buru kankarra berotu diodala uste dut. “Estraktus makilorun per omnia sekula sekulorun” sendagai egokia dela deritzot.

(Trinpoila makila sendo batekin etortzen da, eta Andre Mañaxiri makilaka ekiten dio)

Trinpoila: Orain ikusiko dun. To, to, to.

(Mañaxik ere erratzarekin jotzen du)

Andre Mañaxi: Kaska, kaska, kaska.

(Elkarri erasotzen diote. Sendagilea etorri eta bien artean sartzen da)

Sendagilea: Egongo al zarete geldirik! Hau al da senar emazteen arteko jarduna?

Trinpoila: Ez; beste hau da: to, to, to.

Andre Mañaxi: Kaska, kaska, kaska

(Senar emazteak Sendagilea hebain-hebain egiten dute. Hau ateratzen da)

Sendagilea: Geldirik!

(Une honetan txakurra azaltzen da)

Txakurra: Txau, txau, txau!

Trinpoila: (Txakurrari) Hoa hemendik ijito ume arlotea.

Andre Mañaxi: Utikan!

(Senar emazteak makilazoka txakurra uxatzen dute. Txakurra joaten da)

Sendagilea: Ni bezalako sendagile bati hori egiten al zaio?

Trinpoila: Hori, hura eta… hau: to, to, to.

Andre Mañaxi: Kaska, kaska, kaska.

(Senar emazteak berriro sendagilea jotzen dute. Hau ateratzen da)

Sendagilea: E! Nik jakingo dut zer egin.

(Txakurra azaltzen da berriro)

Txakurra: Txau, txau, txau!

Trinpoila: (Txakurrari): Mutur zikin alaena: hoa hemendik.

Andre Mañaxi: Utikan.

(Senar emazteak makilazoka txakurra uxatzen dute. Txakurra joaten da)

Sendagilea: Mikelete batekin etorriko naiz; eta biak espetxera eramango zaituzte.

Andre Mañaxi:Etorri zaitez nahi baduzu Olentzerorekin ere.

Trinpoila: To, to, to.

Andre Mañaxi: Kaska, kaska, kaska.

Sendagilea: Etorriko naiz bai, etorriko naiz.

( Sendagilea joaten da. Joaterakoan senar emazteak atzetik jotzen dute)

Andre Mañaxi: Ikusi al duzu, lotsagabe hori senar emazteen tartean sartzera nola etorri zaigun?

Trinpoila: Gu bezalako senar emazte maitatiak.

Andre Mañaxi: Kuttunak.

Trinpoila: Laztanak.

Andre Mañaxi: Potxolo!

Trinpoila: Moñoña!

Andre Mañaxi: Uxotxo!

Trinpoila: Pinpilinpauxa!

Andre Mañaxi: Dantza bat egingo al dugu?

Trinpoila: Bai, eta pozik.

(Biak dantzatzen dira)

Biak: (Abestuaz)

Andre Madalen
andre Madalen
laurden erdi bat olio
aitak jornalak ekarritzian
amak miau! egingo dio




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org