Andre Kaxilda ta Iñaxi


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Bernaiño'ren larriyak »  Andre Kaxilda ta Iñaxi

Toribio Alzaga



I



Iruditegiak aurkeztatzen du Donosti’ko etxe aberats bateko gela apaña. Atzian, ezkerretara, sarrera zabala. Eskuira, begiratoki edo miradoria. Aldamenetan, ezker eskuira, atiak. Mai polita; exer-leku apañak; lauki, lore ta beste edergarri-motak.

Estalkia igotakoan, Andre-Kaxilda ta Iñaxi, gela antolatzen ari dira; Iñaxi’k lorolalda bat dauka eskubetan.



Andre Kaxilda ta Iñaxi



Andre Kaxilda Tira emakumia, lore oyek jarri itzazu beren tokiyan; mugi zaitia, korri, salto...

Iñaxi ¿Bikuak egiten astia nai aldu?

Andre Kaxilda Bikuak ezezik irukuak eta laukuak plateretan egiten nazkizu naikua, ta ez neri orlakorik aitatu.

Iñaxi Ara bada, orainguan kraxkatu’re gabe, orra oxo-oxorik laga.

Andre Kaxilda Arritzeko’re bada, zure esku berunezkuakin. Senargaya izatian, gure ontziyai bezela arren eskubai eltzen badiyozu, laster biatzik gabe geldituko da.

Iñaxi Arri ordia, goxo-goxo egingo diyot.

Andre Kaxilda Platera eskubetan artzian, pentsa zazu bada, senargaya dezula.

Iñaxi ¿Talaberazkua?

Andre Kaxilda Ez; zuk biarko dezu, biscuit. Tira, tira, jarri zazu alki (y) ori baztarrerago; ekar zazu lenbizi aingeru beltza; baña, eraman itzazu paper abek; zuaz emakumia, eldu zayozu mai oni...

Iñaxi ¿Exertzeko ez al dit agindu nai?

Andre Kaxilda ¿Exeri? Pilemon jauna bere semiarekin berialaxe emen da, ta oraindik gela biar bezela antolatu gabe daukagu.

Iñaxi Izan ere, Pillemon edo dalako ori, alako edertasunetan oituba egongo da Errezil’go mendi-tontorretan.

Andre Kaxilda Dagon tokiyan dagola, Pilemon jauna ikaragarrizko aberatsa da, ta Erniyo’n badago’re izango du nai duben guziya.

Iñaxi Aizia beñepin bai.

Andre Kaxilda ¿Aizia? Zuben buru ariñetan bai, Erniyo’n baño geyago. ¿Zein dala Pilemon jauna, uste dezu? Nere senarraren betiko laguna da; anayak bezela maite ziran Amerikan zeuden bitartian. Neriak diru mordoxka bat egin zuben; bestiak ez gutxiyago; ta onera biurtu ziranian, neria gelditu zan Donostiyan, eta Pilemon jauna berriz, baserri zalia izan bada, ta erosi zituben Errezill’en, Erdoizta’ko aldamenian, Jainkuak daki zenbat zelai, mendi ta baso; egin zuben etxe berri bat eta an bizi da geroztik, bere gogo guziyak osatzen ditubela.

Iñaxi Amaika zine, kasino, ta teatro, arrek ikusiko ditu.

Andre Kaxilda ¿Zu bezelako txoro-flauta dala uste aldezu? Arrek diruba egiten du an ere. Ta lenago aberatsa bazan, orain aberats purrukatuba dago.

Iñaxi Mendiyan izatekotan, ¿zertarako du aberastasuna?

Andre Kaxilda ¿Zertarako? Bere semiari uzteko. Seme bakarra. Zera... Izena... ez naiz gogoratzen nola deitzen diyoten, baña badakit oso moñoñua dubela.

Iñaxi Bera’re ala izango da ta...

Andre Kaxilda Izango dan bezela. Ta orain, gure Pilartxo’ren senargaya da. Gurasuak egindako ezkontza. Nola aitak ain maitiak diran...

Iñaxi Gaztañak bezela, senargai billa’re, mendira...

Andre Kaxilda Ez, Avenidara juango gera. An gustokuaguak izango dira.

Iñaxi Neretzat beintzat bai.

Andre Kaxilda Bai noski, tirilla oyetakuak, xota iltzeko aña kartik ez eta alare beren burubak iñon kabitu ezin dituzten gazte arro oyetakuak.

Iñaxi Arrazoi du: arkumiak menditik ekartzen dira.

Andre Kaxilda Baña zuk, ¿zer dala uste dezu... zera... (ezin gogoratu naiz izenaz) Pilemon jaunaren semia?

Iñaxi Urrez egintako xomorroren bat.

Andre Kaxilda Zaude ixillik erneatu gabe. ¿Oraindik ez dezu ekarri aingeru beltza?

Iñaxi Baña, beorrek...

Andre Kaxilda Berriketan asi ezkero, ez dakizu noiz ixildu. Tira, tira, korri azkar.

Iñaxi Bai, aidian juango naiz. (Juaten da atzeko atetik).

Andre Kaxilda Neska eru abek senar-gai kontu asi ezkero, lanaz batere gogoratu gabe, abu zabalik egongo lirake.















     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org