1. 2. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Neskazar »  1. 2. Irudia

Neskazar

BIGARREN IRUDIA



Xaturdiña ta Felipatxo



(Felipatxo atzeko atian azaltzen da ta alkarri eltzen diote.)

Felipatxo.- Xaturdiña!

Xaturdiña.- Felipatxo!

Feli.- Zure billa netorren.

Xatur.- Atoz aurrera, atoz. (Biyak aurreratzen dira.) Emakumia, nola liteke zu etxe ontan ikustia?

Feli.- Ikusten dezun bezela.

Xatur.- Oso arroturik egon bear dezu.

Feli.- Ni? Ez ta batere.

Xatur.- Beriala ezkontzen zerala ta...

Feli.- Bai; datorren igandean det lenbiziko deia.

Xatur.- Ederki.

Feli.- Orrengatik etorri naiz zuri gauza bat galdetzera. (1)

Xatur.- Nai dezun guziya. Exeri zaite.

Feli.- Zutik ondo gaude.

Xatur.- Luzatu egin bear al dezu?

Feli.- Emendik aurrera azkazalak besterik ez.

Xatur.- Ia, bada. Zer dakartzu?

Feli.- Esan dizudan bezela, datorren igandian det lenbiziko deia, ta egun orretan egin biar det lagunen agurketa.

Xatur.- Oitura dan bezela.

Feli.- Nik gauza aben berririk ez det, gaztia bainaiz; eta zuregana etorri naitzazu, gauza abetan adituagua zeralako.

Xatur.- Gaztia zerala? Eta zer uste dezu: ni atso zarren bat naizela?

Feli.- Ez dizut orrelakorik esan.

Xatur.- Gaztia bazera, nik ez diot gaztetasunari agurrik egin.

Feli.- Ez noski.

Xatur.- Nere sasoia bat baño geiagok artuko luteke.

Feli.- Artuko luteken bezela.

Xatur.- Ez, bada, neri orrelako zipladakin etorri.

Feli.- Nik ez dizut iñolako zipladik egin. Esan dizudana da gauza abetan ni baño adituagoa zerala.

Xatur.- Ori besterik da.

Feli.- Gauza aben berri obeto dakizula.

Xatur.- Izan liteke.

Feli.- Eta nola iganderako lagun-agurketa eratu biar dedan, ia esaten didazun oitura nola dan eta zer egin nezaken.

Xatur.- Orrela dala, gogo biziz esango dizut.

Feli.- Zer jan-edan jarri biar diran, zeñi deitu biar zaioten...

Xatur.- Guziya jakingo dezu. Baña exeri gaitian.

Feli.- Nai dezun bezela. (Biyak exertzen dira.)

Xatur.- Zuk lagunai eman bear diezun mai-jaiari, errepreskua deitzen zaio. Orretarako, maia gela nagusian jarri bear dezu; ta maia, ta gela bera, oso txukun, oso apaindurik egon bear dute, eztai aurreari dagokion eran.

Feli.- Asmua alaxe nuben.

Xatur.- Gero, jan-edan gayian, badira nabarmenke- ri itxusiak egiten dituztenak; baña zu bezelako neskatxa panpoxa batek gauzak begirapen geiagorekin eratu bear ditu.

Feli.- Ala nai nuke beintzat.

Xatur.- Bai; asierako jarri bear dituzu okelerrak, txuletak piper morruakin.

Feli.- Esan didate, bai.

Xatur.- Orixe da jende aundikiak, jende dakitenak jartzen dutena. Ez, askok bezela, estofau ta saltsa koipetsu, lirdinga jarioak. Oiek, jende barbantzu ez dakitenen gauzak dira.

Feli.- Zuk esan bezela egingo det.

Xatur.- Edaria, bonbilla aundi xamar bat ardoz betia jarri biar dezu. Badezutela ikusi dezaten. Ez ardo asko biar dalako. Bada, dakizun bezela, ardua zanga-zanga eratia gauza itxusiya da; ta zerbait ikasitako neskatxak ez dute egiten, ez bada ezpañak onela extu egin eta ardoari muñ eman baizik. Neskatxa ondo aziyak orretan ezagutzen dira.

Feli.- Ondo diozu.

Xatur.- Urrena. gozua, dultzia. Ontatik mota askotakuak izaten dituzu, bañan geienetan jartzen dana gerezizkoa da. Bada beste bat ere, erdaldunak aingeru-zaldia deitzen diotena, zera: kaballo del ángel (2)

Feli.- A bai!

Xatur.- Ortatik ere askotan jartzen da.

Feli.- Bai, bai; jan izan det.

Xatur.- Oso gozua da.

Feli.- Orretatik jarriko det.

Xatur.- Azkenik, badakizu: txokolatia. Ori gabe ez dago errepreskorik.

Feli.- Ez, bada.

Xatur.- Orretarako, dakizun bezela, ogi-xerrak me-miak egin bear dituzu, ta gero sutan kiskal-aldi bat eman, urre-antzian jarri arte.

Feli.- Badakit, bai.

Xatur.- Ta gero, baso ura eskonfakin.

Feli.- Jakiña.

Xatur.- Gogoan euki asieratik bakoitzari bere plater eta gañerakoak jarri bear zaizkiola. Ez, toki batzuetan ikusten dan bezela, erratillo edo kaxuela bat mai gañian jarri, ta guziyak andik artu, besuak kana t’erdi luzatzen dituztela.

Feli.- Eta txakurra oñetan, muturra zabalduta, zerbait erortzen ote zan zai.

Xatur.- Oiek ez dakitenen gauzak dira. Jende bastuenak.

Feli.- Traketsenak.

Xatur.- Nik esan bezela egiten badezu, iñongo lotsik ez daukazu.

Feli.- Eta zeñi deitzen zaiote?

Xatur.- Lagun ezkongaiai bakarrik.

Feli.- Ezkondurik ez?

Xatur.- Ai, ez! Ezkonduak eta kaballo del ángel ez lirake ondo etorriko.

Feli.- Orduan ezkongaiai bakarrik esango diyotet.

Xatur.- Bai; eta, biltzen diranean, lagun guztiak beren emaitzak, beren erregaluak, azalduko dituzte.

Feli.- Orra...

Xatur.- Geienak, guztiyak ez bada ere, eskuzapiak ekarriko dizkizute.

Feli.- Ori betikua da.

Xatur.- Baña eskuzapietan ere onak eta obiak izaten dira.

Feli.- Noski.

Xatur.- Ezagutzeko, ez zaio zapiari berari begiratu biar, zintzilik daukan pleko ugariari baizik.

Feli.- Orra, beaz...

Xatur.- Orretantxe dago eskuzapiaren izate guziya. Flekua izan dedilla mardula, txirikordatua, apaña... Baña batibat luzia izan dedilla. Luze izate orrek gañerako okerrak zuzentzen ditu.

Feli.- Entzun izan det.

Xatur.- Urrutiko-etxeko Domiñika ezkondu zanian, bera baño luziagoko plekuakin ekarri zioten eskuzapi bat.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org