1. 8. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Neskazar »  1. 8. Irudia

Neskazar

ZORTZIGARREN IRUDIA



Xaturdiña; gero Pello





(Xaturdiña exertzen da.)

Xaturdiña.- Felipatxo ezkonduko da; ta ni ezkonduko ote naiz? Bildurrez aidian nago. Iduritzen zait uste gabeko zerbait sortu biar ote zaidan. Kitolix ez da Tomax; ez du arren sudur muturreko teinkada xamurra; ez du arren “Xa-xa” zoragarri ura: bañan, gañerakoan, gizarajoa ondo mutil zintzoa ta txotilla da. Nik biar bezelakoa. Ezkonduta ere, orrelako senarrarekin galtzak nik izango nituke... Ezkonduta... Ezkonduko ote naiz, ordia? Zerbait gertatuko ote zaidan bildurrez aidian nago.

(Pello atzeko atian azaltzen da. Uri-zai ta idazkizaia da. Lepotik zintzilik zorro bat dakar, eta eskuetan eskutitz bat. Artola’k dauka txistuz joaz agertzen da, ta gero ere ixil-aldi guzietan abesti bera txistua joaz jarraitzen du.)

Xaturdiña.- Zer dakarzu, Pello?

Pello.- Ez al da emen Kitolix?

Xatur.- Aistiyan izan da. Zerbait al dezu?

Pello.- Bai; eskutitz bat. Jose Gurrutxaga? Kitolix izango da noski.

Xatur.- Beintzat, bere izena orixe da.

Pello.- Emen egongo zalakoan...

Xatur.- Ez dago, bada. Baña laxter etorriko da noski.

Pello.- Bai, e?

Xatur.- Ala uste det, beintzat... Eta utzi nai badezu...

Pello.- Obe izango det.

Xatur.- Etortzen danian emango diyot.

Pello.- Atzera ta aurrera nere onekin ibilli gabe, emen utzi biarko det. Ar zazu. (Eskutitza Xaturdiñari ematen dio.)

Xatur.- Ondo da; datorrenian emango diot. (Alasa- armarioa gañean eskutitza uzten du, ta sakeletik atera ta txakur txiki bat Pellori ematen dio.) Tori txakur txikiya.

Pello.- Eskerrik asko.

Xatur.- Baxo erdi bat ere artuko dezu noski?

(Alasatik bonbilla bat atera, ta baso bat ardoz bete ta Pello’ri ematen dio.)

Pello.- Artu egin biarko, ostiko bat baño obia izango da ta.

Xatur.- Ez dakit, ba; esaten dute batzuetan ostikuak baxo erdiyak baño kalte txikiyagua egiten duela.

Pello.- Esaerak dira oiek. (Pellok edaten du.) Onlako balsamorik ez da saltzen botikan. Agur, Xaturdiña. Urren arte. (Pello, txistua juaz, atzeko atetik lasterka juaten da.)

Xatur.- Nai dezun arte. (Ixil-aldi baten ondoren.) Kitolix’entzat eskutitza? Norena ote du?

(Alasa gañetik eskutitza artuta.) Izki, letra, gizonezkoena da: ez da emakumiena. (Eskutitza berriro alasa gañean uzten du.) Gizarajoa, badakit nik beste emakumerekin zer ikusirik ez duela. Baña, ni beste asko bezelakua banitz, orra nola senargaiaren ixillekoak jakin nezazkiken. Baña nik ez, ez...

Ezkondu ezkero, bai. Bada senar-emazteen artian ez da ixillikakorik izan biar. Baña bitartian, ez, ez... Norena ote du? Eskubetan euki ta jakin gabe gelditzia alako zerbait iduritzen zait, ba... (Eskutitza eskuetan artuaz) Kanpotik ez da ezer igartzen...

Mutur bat kenduko banio... Guk degun adiskidetasunarekin, zergatik ez? Laister ezkondu biar ta... Orrenbeste, beintzat, egin nezakela uste det... (Eskutitzari mutur bat kentzen dio.) Ez da ezer nabaitzen. Orra muturra kendu, ta alperrik. Onta ezkero, irikitzen asi ezkero, guziya irikitzia berdin izango da. Onenbesterekin geldituko al naiz, bada? Ez, ez. Asi ezkero, bukatu deza gun. (Eskutitza iriki ta bi paper ateratzen ditu.) Bi paper. Bata, beintzat, galanta. Zer da au? (Irakurriaz) Jose Gurrutxaga. (Karraxi zarata bat egiñaz) E! Banekiyen! Ibañarrietako bikariyo egiten dutela! Nere senar- gaia bikariyo! Ainbeste Kitolix ta xuxupe erabilli, ta orra azkenian: Dominus vobiscum! (Alki gañera erortzen da.)

Ezkutazapia jexten da.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org