|
Neskazar
IRUGARREN EGINTZA
Andre Mikela Karmen; bereala Patxiku Iñixio
M. Karmen.- Ez dakit gaur zer zorakeri ikusi bear ditugun etxe ontan.
(Patxiku Iñixio, oñetako batzuek eskuan dituela, ezkerretik sartzen da, ta oñetakuak Txoko batean uzten ditu.)
P. Iñixio.- Oñetako abei ikutaldi bat eman biarko diezute.
M. Karmen.- Gañerako guziyak egiñak daude ta oietxek geldituko ziran bakar-bakarrik.
P. Iñixio.- Gañerako guziyak, bai. Atzo arratsaldian agindu nuen bazkariya Sagastiberri’n.
M. Karmen.- Ori izan ezkero, ondo gera.
P. Iñixio.- Orrelako bazkariyarekin ondo izango ez gera, ba? Esango nuke! Gau guziyan nere orrekin ametsetan ibilli naiz.
M. Karmen.- Alajaña! Ez zenekaizkien buruauste txarrak.
P. Iñixio.- A zer betekada egin nuen! Ametsetan, e?
M. Karmen.- Esnatuta’re egingo zenukela uste det.
P. Iñixio.- Esango dizut zer bazkari jarriko diguten.
M. Karmen.- Ez daukagu zertan oldoztu ta...
P. Iñixio.- Esango dizut: oitura dan bezela, bi zuku (bi zopa); bi eltzeko: babarrun eta azak, lukainka, odolki, mondongo ta beste orrelako zikinkeriyakin nastutuak; aragi egosia, piper morruakin; estofaua; legatz gixatua illarrakin... A! Ta andre Kaxilda’ri esan nion illar alietan begiratu zezala ondo, tartian xaldibitarrik sartu ez zedin.
M. Karmen.- Gaurko illar aliak ez det uste gaitzik egingo digutenik.
P. Iñixio.- Ta azkenian ollaxkuak, ler egin arte. Zer bazkaritxoa, e? Ta an izango degun sagar-doarekin!.
M. Karmen.- A bai! Gain gañeko sagardua. Baña zuk gaztetan Tolaretxipi’n edan zenuena, ori ez bezelakua.
P. Iñixio.- Zan bezela. Berriz eta berriz ere esango det nik ori. Gure gaztetan bezelako sagardorik ez dakite orain egiten ere.
M. Karmen.- Zer jakin biar dute!...
P. Iñixio.- A! Ta Iturburu’ko Txomin txotxolo orri ere, txoro bat da, bai, baña bazkaltzera etortzeko esan nion.
M. Karmen.- Ori da: beti gizon orrekin mokoka, ta gixon ori gabe ezin bizi.
P. Iñixio.- Zer egingo dezu, ba?...
M. Karmen.- Zer egin? Egiteko dagona. Zuk bazkariya ta bazkaldarrak antolatu dituzu; baña ezkontza oraindik antolatzeko dago.
P. Iñixio.- Nik neria egin det, e? Ta gañerakua bestiak egin dezatela.
M. Karmen.- Xaturdiña’k atzo ezkonduko etzala esan zizun.
P. Iñixio.- Bazkariya aginduba dago; ta, bazkalduko badu, ezkonduta juan biarko du.
M. Karmen.- Ez du ezkondu nai, ordia. Garbi asko atzo esan zizun.
P. Iñixio.- Begira, begira: ez neri orain katramil oiekin etorri. Bazkariyak on egingo badit, barrena lasai euki biar det, eta ez neri estualdirik eman.
M. Karmen.- Orixe da, ba; bañan ezkontza izango dan edo ez dan ez badakigu...
P. Iñixio.- Ezkontza izango degu; ta gaur bertan izango da. Nik esan det, eta aski da.
M. Karmen.- Zuk esan dezu; baña ezkondu biar duenak ezetz dio, ordia.
P. Iñixio.- Esan dezala, nai badu.
M. Karmen.- Auxen da lana! Zer egin biar det nik orain?
P. Iñixio.- Zer egin biar dezun orain? Oñetako oiei ikutaldi bat eman. (
P. Iñixio.- ezkerreko atetik juaten da.)
M. Karmen.- Onelakorik ez da ikusi. Batek, ezkontza gaur izango degula; bestiak, ez dala ezkonduko. Ez gaude ez baietzetarako, ez ezetzerako. Laster eztai-lagunak etortzen asiko dira, ta ez dakit zer arpegi jarri biar degun.
Onelakorik ez da beñere entzun ere.
|