3. 4. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Neskazar »  3. 4. Irudia

Neskazar

LAUGARREN IRUDIA



Patxiku Iñixio; bereala Kitolix eta Mikel Anton.



P. Iñixio.- Bai noski. Nik egiten ez badet, bestek ez du egingo, ta ez dira, ba, abetxek mutilzar baten egitekuak. Baña etxe ontan beriala txepelduta jartzen dira ta norbaitek egin biar.

(Kitolix eta Mikel Anton atzeko atia.n azaltzen dira. Biyak oso apañak, eztaietako bezela jantziyak.)

M. Anton.- Kaxo, Patxiku Iñixio!

P. Iñixio.- A! Ta Kitolix bere aitarekin dator. Aitasemiak a zer burrunda eraman biar duten!

Kitolix.- (P. Iñixio’rengana aurreratuaz) Emen gera. Zapatagilleak, gabaz lana eginda, baña biboterak jarri dizkit. Andre ilari’k eman nai zizkidan zapatak, onenbeste zurrumakin, takoiekin ziran; eta aiekin oso oker nebillen.

P. Iñixio.- Bai, bai; orain dakarzkikan oiekin ere, oker etorri aiz, ba.

M. Anton.- (Algara aundi bat egiñaz) Ja! Ja! Onen ateraldiyak!

P. Iñixio.- Oker, bai. Biyak oker etorri zerate.

M. Anton.- (Len baño algara aundiagoa egiñaz, Kitolix´i) Ikusten dek! Betiko badizkik! (P. Iñixio’ri marruskatuaz) I beti lengoa! Zartuta’re, beti bezela!

P. Iñixio.- Utzi nazak. (Au euli mandua!) Esan diat alperrik etorri zeratela.

(M. Anton eta Kitolix’ek algara aundiak egiten dituzte.)

Kitolix.- Ip!

M. Anton.- Betiko badik. Eskola mutil zala ere orrelakoxia ukan. (P. Iñixio marruskatuaz) Bejondeikela, Patxiku Iñixio! Ire umore ona beste guziyak baño geiago dek!

P. Iñixio.- (Asto abekin burutuko ote degu?) Berriz ere esaten dizutet alperrik etorri zeratela. Kitolix ez dek Xaturdiñakin ezkonduko.

Kitolix.- Ori da gizonen sasoia!

M. Anton.- Orrelakua dek ori. Gabarte bere orrekin ariko uke.

P. Iñixio.- Bañan nola esan bear det nik?...

M. Anton.- Iaiua aiz, Patxiku Iñixio. Iaiua aiz.

Kitolix.- Ori da umoria, ori.

M. Anton.- Ez dek au nik bezela ezagutzen. Gogorra dek!

P. Iñixio.- Gogorra! Onian entzun nai ez badezute, gogor ere jarriko nak.

M. Anton.- Ja! Ja! Ori dek gizonen etorriya.

P. Iñixio.- Etorriya zuei damutu biar zaizute.

Kitolix.- Etorriya!

M. Anton.- Orrelakoxia dek au!

P. Iñixio.- (Mutur-joka asi biar ote det?)

M. Anton.- Bein batian ere a zer arratsaldia eman zigun! (P. Iñixiori) I ez aiz gogoratuko noski. Emen, gu gaztiak giñala, Tolaretxipi’n saldu ziteken sagardo bat, berdiñik ezagutuko ez dana.

P. Iñixio.- Ta i nerekin al itzan?

M. Anton.- Izango ez nindukan ba? (5) Ta gurekin ukan On Baldunbero ere.

P. Iñixio.- Bai, bai.

M. Anton.- Orduan oraindik ixturiante ziokan.

P. Iñixio.- Ori bazekiat: itzaz ez nindukan gogoratzen.

M. Anton.- Alkarrekin gindukan, ba. Amaika algara goxo egin genikan.

P. Iñixio.- Eta ura bezelako sagardorik ezagutu al da beñere baztar abetan?

M. Anton.- Zer ezagutu biar dik!...

Kitolix.- Ez ta aldeatzekorik ere.

P. Iñixio.- Ez noski; ta On Baldunbero xeru-xeru ori ez omen dek gogoratzen.

M. Anton.- Ni ederki gogoratzen nak, ba. Sagardo arren arpegi alaia! Sagardo arren leuntasun pozgarriya! Sagardo arren bizitasun atsegiña!...

P. Iñixio.- (Batetan gogoratuaz) Ez, ez! Ez dek ori!

Kitolix.- Ezetz? Beorrek baietz esan zidan.

M. Anton.- Bai noski.

P. Iñixio.- Ez dala ori! Sagarduarekin etzekau zer ikusirik.

M. Anton.- Ura bezelako sagardua!

Kitolix.- Berak esan zidan neri ta...

P. Iñixio.- Tolaretxipi’ko sagarduarekin ez nazute ni txurikatuko. Ta biar danaz itzegin zagun. Len ere esan diat...

M. Anton.- Au berera (6) ziak.

Kitolix.- Beti bat.

P. Iñixio.- Ta berriz esango dizutet alperrik etorri zeratela...

Kitolix.- Ori badakigu.

M. Anton.- Len ere esan dek.

P. Iñixio.- Xaturdiña ez dek ezkonduko Kitolix’ekin.

Kitolix.- Zer ezkondu biar du!

M. Anton.- Orrengatik etorri gaituk, ba: ezkondu biar ez dutelako.

P. Iñixio.- Ta etorri zeraten tokitik juan zindezteke.

M. Anton.- Egun on bat igaro ta gero, bai, juango gaituk.

Kitol ix.- Bai, orixe, gaur egun eder bat izan biar degu.

P. Iñixio.- Bañan emendik alde egiteko nola esan biar zaizute zuei?

Kitolix.- Abestuaz, abestuaz poliki.

M. Anton.- Ori dek.

P. Iñixio.- I bezela arrantzaka asiko naizela uste al dek?

Kitolix.- Nik baño leunago.

P. Iñixio.- (Oso asarre) Alde emendik! Onian nai ez badezute, txarrian.

Kitolix.- Dexendit, dexendit... (Abestuaz)

P. Iñixio.- (Oso erneatua, besotik eltzen dio, atzeko atera bultza naiz.) (Oraintxe ler egin diat.) Utikan! Zakarrak kanpora!

M. Anton.- (P. Iñixio egiyetan ari dala ezagutuaz) Aizak, i, Patxiku Iñixio: zer da au?

P. Iñixio.- Zer izango dek? Esan ta esan ta ez dezute juan nai ta...

M. Anton.- Baña... egitan al da?

P. Iñixio.- Izango ez dek, ba? Milla aldiz juateko esan dizutet, eta alperrik.

M. Anton.- Jakin zak, ba, gu ez gaudela iñondik ostikoka bialtzeko. Etorri bagaituk, ik agindu ukalako izan dek.

Kitolix.- Beorrek orrek esan zidan gaur ezkondu biar genuela.

P. Iñixio.- Nik esan nikan gaur ezkondu biar zuela Xaturdiñak; baña norekin ez.

Kitolix.- Eta Xaturdiña ez al da, ba, nere andregaia?

P. Iñixio.- Zer izan biar dik! Orretarako ziok bera.

Kitolix.- Berak neri aitortuba.

P. Iñixio.- Orrek ez dik nai mataxezko senargairik.

M. Anton.- Ori ez. Mutillak ez zeukak iñongo aitzakirik, ta etziok ire itzetik entzuteko. Orretan ez diat lagako.

P. Iñixio.- Zuazte, ba, bein; eta pakia eman zazute.

M. Anton.- Juango gaituk...

Kitolix.- Juango gera, bai.

M. Anton.- Baña ez lenbizi iri esan gabe, ta ondoren erri guziyan zabaldu gabe, ik gaur egiten dekana dala dollorkeri bat...

Kitolix.- Zapokeri bat...

M. Anton.- Zatarkeri bat...

Kitolix.- Zikinkeri bat...

P. Iñixio.- Ez al dezute naikoa esan?

M. Anton.- Naikua? Oraindik aundiyaguak entzun bear dituk.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org