 |
|
 |
 |
Hirugarren Agerraldia
III
Katalina eta On Roman, gero On Braulio eta Felixa
|
On Roman.- Ikustariak izan dituzu beraz?
Katalina.- Nolakoak berak! Beren umekeriekin buruko tximetaraino nahastu naute.
On Roman.- Zorigaitzez horrelako buru arin asko aurkituko dituzu.
Katalina.- Horien neurrikoak gutxi. Txorakeria txorakeriaren gainean, huskeria baten ondoren ziztrinkeria handiagoa, itxura gabeko asmo eta arinkeriak... Eta guztien gain, ezin gorde duten handikitasun harrokeriaz betea.
On Roman.- Handikitasuna! Beren egipen gogoangarriak sortetxeko harrietan ezarri zituzten handiki ospetsu haiek berpiztuko balira, eta beren ondorengoak jostailu barregarri eginik ikusi, lotsaz berriro hilko lirateke.
Katalina.- Orain, Krix-kraxen zorigaitz handien batzuk izan omen dira...
On Roman.- Krix-krax? Berak sortutako izenen bat izango da hori.
Katalina.- Itxurak badira. Bada hango elbarritu eta behartsuentzat jai bat eratu behar omen dute.
On Roman.- Hori, da; jaia, jostaketa, erokeria. Horien buruetan ez dago besterik. Krix-kraxko zorigaitzengatik ez die axola handirik. Buru arinkeria, dantza, jostaketen ondotik dabiltza horiek.
Katalina.- Eta jai hori eratzeko ni behar omen naute.
On Roman.- Ez zaitezela horien tartean sartu, emakumea.
Katalina.- Ez nuke nahi behintzat.
On Roman.- Horrelako zorigaitzak izan badira, behar dena emango da; eta ez zaitez horretaz gehiago kardabatu. Utzi beraz hori alde batera, eta, nahi baduzu, eguneroko ibilketa egitera irtengo gara.
Katalina.- Andere horiek etorri direnean, gertutzen nengoen. Berehala hemen naiz.
On Roman.- Hemen itxoingo dizut. (Katalina atzetik joaten da. On Roman aurreratzen da). Etxe horren eskaera ezin burutik bota dut. (Eseri eta eskutitz salerostar bat sakelatik aterata irakurtzen du). "Zuri ordaindu behar dizuguna bere egunean ordaintzeko gaizki ibili behar genuke. Horra zergatik hiru hilabeteko luzapena eskatzen dizugun"...
Gezurra dirudi!
"Zure bihotz ona ezaguturik gure eskapen hau ondo hartuko duzulako ustean gelditzen gara. Esker ugariak."
Etxe hau izan denarekin... Harremanetan beti zintzo, zuzen, zorrotz. Jabeak berak ere ondo zeudenak. Ez zen beste honelako etxe bat... Eta, orain... Egun hauetan ikusten dudanik ez dut nik egundaino ikusi.
(Felixa atzeko atean azaltzen da)
Felixa.- Nagusi jauna.
On Roman.- Zer da?
Felixa.- On Braulio etorri da.
On Roman.- A! Braulio! Datorrela, datorrela. (Felixa atzetik joaten da. On Roman eskutitza gorde eta atzeko atera alderatzen da) Iritsi zenik ere ez nekien; baina berarekin egotea ez zait gaizki etorriko.
(Felixa aurretik dela On Braulio atzean azaltzen da. On Braulio 40 urteko gizasemea da, bizar eta ile gorri antzekoarekin. Aurpegian, saleroskari dela ezagun du. On Romani eskua ematen dio, eta biak aurreratzen dira. Felixa joaten da).
On Roman.- Braulio!
On Braulio.- Zer diozu?
On Roman.- Ondo, eta zu?
On Braulio.- Txit ondo.
On Roman.- Ez nekien etorri zinenik.
On Braulio.- Bart iritsi nintzen.
On Roman.- Ondo ibili zara beraz?
On Braulio.- Ezin hobeto.
On Roman.- Eser zaitez, eser zaitez.
On Braulio.- Eskerrik asko. (Biak esertzen dira). On Bitor Lekuonak zuri ikustaldi bat egiteko agindu zidan.
On Roman.- A, On Bitor! Zer dio? Oso sendatu al da?
On Braulio.- Gogorra izan duela ezagun du; baina onik dago. Badakizu, urteak ondotxo ditu eta...
On Roman.- Besteak ere osatzen bagoaz.
On Braulio.- Zuk, gai honetan, ez duzu oraindik hitz egiteko eskubiderik.
On Roman.- Eta beren harremanetan nola dabiltza?
On Braulio.- Badakizu, etxe hori sendoenetakoa da, eta nolabait ere zerbait egiten dutela ezagun dute. Baina, gainerakoan, horiek ere, besteak bezala, negar-marraska batean daude. Bazter guzietako ezpa da, etxe guzietako deiadarra...
On Roman.- Ez iezadazu berritu, burutik ezin bota dudana. Orain bertan Romeral anaien eskutitza bat hartu dut eta luzapena eskatzen didate.
On Braulio.- Ez duzu harritu behar.
On Roman.- Baina, etxe hori izan denarekin...
On Braulio.- Hala ere. Badakizu: batzuk besteekin lotuak bezala daude; batzuen teinkadak besteak eraman behar dituzte; eta guztiak sare batean estuturik bezala aurkitzen direla, larrialdi batzuk izatea ez da harritzekoa.
On Roman.- Ni harritzen naiz ba.
On Braulio.- Hemen gertatzen dena da, urte on batzuk aurretik bota ditugula, eta, ondorengo kaskar hauek, astun aurkitzen ditugula ezin eramanik gelditzen garela.
On Roman.- Urte onak... esango nuke. Nik behintzat, bai. Hiru urte izan ditut zoroak. Lana, egin ahala baino gehiago. Irabazia, nahi adinakoa. Orain, orduko bi lan egin arren, ezin erdirik irabazi da. Orduan, bai. Hiru urte haietan, nire olak, nire fabrikak asko eman, asko irabazi didate.
On Braulio.- Lana ere hala egin zenuen.
On Roman.- Egia da. Nik honek etorri behar zuela, behi gizenen ondoren, behi meheak, iharrak azalduko zirela ikusten nuen.
On Braulio.- Nik ere igartzen nion, bai.
On Roman.- Gehiago esango dizut. Nire alderdia hartua daukat.
On Braulio.- Ez nuke ezetzik esango. Zuk gauzak urrutitik ikusten baitituzu.
On Roman.- Gure ola-lan eta salerosketak jaitsi behar zutela banekien, eta goien geldituko den irabazpidea begiz jo nuen. Irabazpide hau, diru-etxea, bankua da.
On Braulio.- Ez da txarra.
On Roman.- Ez duzu hoberik. Gaur, bakarra dela, esan liteke. Eta hauetan, sendoena, izen onekoena "Banco Minero" da.
On Braulio.- Neronek ere, bat izatekotan, gailurrena hori dela, esango nuke.
On Roman.- Izango ez da ba. Horiek zabalduak dauden bezala, horiek duten adina harreman... Eta gainerakoak gainerako direla, buru egiten duten gizonak hartarakoak, trebeak, azkarrak, dirudunak, guztia dezaketenak.
On Braulio.- Hori bai. Alderdi hauetan ez da horien neurriko gizonik.
On Roman.- Ez ba! Horregatik Banku horretan leporaino sartu naiz, ditudanak eta ez ditudanak horra eraman ditut. Azkenean, nire emaztearen ondasunak ere bertan sartu ditut.
On Braulio.- Ez duzu galduko. Ez dago toki txarrean.
On Roman.- Arrisku zerbait badela, ezagutzen dut.
On Braulio.- Bai, baina; zu zeran tokian... zu beti ondo aterako zara. Zuk... sukaldeko kedarretik ere urrea egingo zenuke eta. Hor ere, urrea egingo duzu.
On Roman.- Asmo horretan nago. Orain gertatzen zaidana da, esku artean diru doi doiekin gelditu naizela... eta etxe batzuk erdipurdi dabiltzala, besteak luzapena behar dutela, eta gainerakoak hala nolabait aurkitzen direla... zerbait larri ematen didate.
On Braulio.- A! Etxe horiek zu baino gaizkiago daude.
On Roman.- Horrekin nik zerbait aurreratzen banu...
On Braulio.- Beti bezala, zu, orain ere aurrera aterako zarela ez ezbairik izan.
On Roman.- Saiatuko naiz behintzat.
On Braulio.- Loak hartuko ez zaituela, badakit.
On Roman.- Lo egiteko urte onak datoz.
On Braulio.- Egia.
On Roman.- Eta, beraz, On Bittor, oso bizkorturik aurkitu al duzu?
On Braulio.- Lehen adina hitz egiteko gogorekin.
On Roman.- Hitz egiteko gogoa etorri bazaio, gainerako gaitzak botako dituela uste dut.
On Braulio.- Zutaz asko hitz egin zidan.
On Roman.- Lehengoa bada asko hitz egin behar.
On Braulio.- Oso maite zaitu.
On Roman.- Egia; eta nik ere maitasun berarekin erantzuten diot. Halakoxe gizon atsegina da!
On Braulio.- Zuri ikustaldi hau egiteko ez dakit zenbat aldiz esan zidan.
On Roman.- Esango zizun, bai.
On Braulio.- (Altxatuz. On Roman ere altxatzen da). Eta... horretara etorri naiz, eta agindua bete dudanez gero utzi behar zaitut. Badakizu nik ere nire egin beharrak baditut oraindik eta...
(On Romanek atzean ateko txintxarria jotzen du).
On Roman.- Zure agerraldi hau asko eskertzen dizut.
(Biak ate aldera hasten dira).
On Braulio.- Badakizu: lagundu ahal baneza, agindu besterik ez duzu.
On Roman.- Orobat zuk ere.
(Une honetan Katalina atzean azaltzen da. Txapela jarria, eta kanpora irteteko eran dago).
Katalina.- A, On Braulio!
On Braulio.- (Katalinari esku emanaz). Zer diozu?
Katalina.- Txit ondo, eta zu?
On Braulio.- Guztiz ederki.
(Felixa azaltzen da)
Katalina.- Zure bidaldian ondo ibili al zara?
On Braulio.- Nahi baino hobeto.
Katalina.- Eta etxean denak, ondo aurkitu al dituzu?
On Braulio.- Oso onik aurkitu ditut. Zuek ere ondo zaudetela ikusten dut.
Katalina.- Ondo, Jainkoari eskerrak.
On Braulio.- Nexka-mutilak ere, ondo izango dira noski?
Katalina.- Zoragarriak daude.
On Roman.- Gurasoen alaitasuna horiexek dira.
On Braulio.- Irteteko zaudetela ikusten dut, eta ez zaituztet luzarazi nahi.
On Roman.- Ez dugu ezertarako larririk.
On Braulio.- (Katalinari esku emanaz). Horren ondo aurkitzeaz asko pozten naiz.
Katalina.- Orobat ni ere.
On Roman.- Nahi duzun arte.
On Braulio.- Agur.
On Roman.- Agur.
Katalina.- Agur.
(Agur egin ondoren, Felixa aurretik dela On Braulio atzetik joaten da. Katalina eta On Roman aurreratzen dira).
On Roman.- On Bitor Lekuonaren izenean ikustaldia egitera etorri zait. On Bittorrez gogoratuko zara noski?
Katalina.- Ez zenuten esan, oso gaizki zegoela?
On Roman.- Hura, bera. Gizon oso atsegina.
Katalina.- Guztiz maitekorra, Eta sendatu da beraz?
On Roman.- Bai noski. Oso sendatua izan behar du.
Katalina.- Horra beraz! Asko pozten naiz.
On Roman.- Orain, nahi duzunean joango gara.
Katalina.- Ni gertu nago.
On Roman.- Goazen bada.
(On Romanek atzean ateko txintxarria jotzen du).
Katalina.- On Bittor horri elizakoak eman zizkiotela ez al zuten esan? Hitzik gabe zegoela?
On Roman.- Egia. Baina hitza etorri omen zaio; eta lehen bezain ugari noski.
Katalina.- Gizajoa! Hitzontzi xamarra zen, bai.
(Felixa atzean azaltzen da)
Felixa.- Nagusi jauna...
On Roman.- Txapela eta zagona.
Felixa.- Berehala jauna. Baina, asketsi, ateetan txiro bat dago...
Katalina.- A! Lehen ere izan omen da. Arestian joan diren andere horiek esan didate.
Felixa.- Niri ere bai, eta Mikela bidali dut, baina, inor ez zegoela esan dit. Orduan neroni joan naiz eta nik ere ez dut inoren zantzurik aurkitu. Ez dakit hau bera izango ote zen. Honek nagusi jaunarekin hitz egiteko baimena eskatu du.
On Roman.- Nirekin?
Felixa.- Hori eskatzen du.
On Roman.- (Katalinari) Oraintxe joan behar genuen, baina...
Katalina.- Ez utzi horrengatik...
On Roman.- Txiroa atetik bidaltzeko kemenik ez dudala badakizu.
Katalina.- (Eseriaz) Ezta behar ere. Ibilketa gero ere egingo dugu. Eta gaur ezin bada bihar.
On Roman.- (Felixari) Orduan datorrela (Felixa atzetik joaten da). Ez dakit zer behar ote duen.
Katalina.- Berari entzunda jakingo dugu.
On Roman.- Euskaldunak esan ohi dugun bezala, eskalea Jainkoaren izenekoa da, eta Jainkoaren izenekoei ateak zabaldu behar dizkiegu .
Katalina.- Gero, guri ere Jainkoak betikotasunean zabaldu diezazkigun.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |