 |
|
 |
 |
Laugarren Agerraldia
IV
Katalina, On Roman, Alejandro eta Felixa
|
(Felixa aurretik dela Alejandro atzean azaltzen da. Alejandro urteko gizasemea da. Aurpegi garbia, ile zuri antzekoak. Txiro itxuran azaltze da, eta janzkia zikin antzekoa, oso eroria. Alejandro ateetan gelditzen da).
Alejandro.- Baimena ematen al didazue?
On Roman.- Aurrera.
(Felixa joaten da)
Alejandro.- Eguerdiaz gero, atarira etorri eta joan, etxe honetan deitzen ezin ausarturik ibili naiz.
Katalina.- Orduan, lehen atarian izan dena zu izango zara.
Alejandro.- Ez dakit ni naizen; baina, etxe honetako atarira, behin baino gehiagotan, gaur arratsaldean aurreratu naizela bai.
Katalina.- Hemen izan diren andere batzuk esan didate.
Alejandro.- Ikusi ditut. Ez diet ezer eskatu. Baina, purrustadarik lotsagarriena, nik batere eskatu gabe, eman didate.
Katalina.- Barka iezaiezu.
On Roman.- Horien samurkeriak Krix-kraxerako dira nonbait.
Alejandro.- Hemen beste harrerarik egiten didazuela, ikusten dut.
Katalina.- Jainkoaren izenekoei beti egin ohi dieguna.
Alejandro.- Honaino etortzen utzi didazuenez gero, aurreratzeko baimenik izango al dut?
Katalina.- Bai noski.
On Roman.- Lehen ere esan dizut.
(Alejandro, On Romanengana aurreratzen da, eta begiak berari josten dizkio).
Alejandro.- A, bai! Zu zara, bai!... Zu!!
On Roman.- Ni, ni naizela, badakit. Zu zein zeran, ez dakidana da.
Alejandro.- Ez naiz harritzen. Txiroen aurpegietan gizantza ere galtzen da. Baina, zuk, jatorri antza garbi ezagun duzu... Bai!... Roman! !
On Roman.- Nire izena nondik dakizu?
Alejandro.- Zure izena eta izana, odolaren taupadak adierazten didate.
On Roman.- Baina, zein zara zu?
Alejandro.- Itxura erori honetan, ezin ezagut nazazue. Ez zenuke inola ere asmatuko... Ni naiz... Alejandro...
On Roman.- Alejandro?
Alejandro.- Alejandro, zure osaba.
On Roman.- Amerikan...
Alejandro.- Amerikan zenuen osaba, bai.
On Roman.- Osaba!
Katalina.- Osaba!
(Biak, besarkatu eta esku emateko asmoan Alejandrorengana urreratzen dira. Honek atzera arazten ditu).
Alejandro.- Ez didazue horrelako laztankeriarik egin behar! Ez naiz zuen maitasunen dinakoa!
On Roman.- Nola! Hoben handiren bat egin al duzu?
Alejandro.- Jaungoikoaren aurrean hobendun naiz; gizonen aurrean ez dut zergatik damuturik. Nire bizitzako gora behera guztietan beti zintzo, esku garbi, Jainkoaren Beldurrekoa izan naiz.
On Roman.- Orduan, zergatik atzeratzen zara? Zergatik atzera arazten gaituzu?
Alejandro.- Ez al duzu ikusten! Gainean daramadan behartsuaren, txiroaren zama astuna, gutxi iruditzen al zaizu?
On Roman.- Batere ez zait iruditzen, eta zatoz nire besoetara.
Katalina.- Osaba!
(On Romanek besarkatzen du. Katalinak eskua ematen dio).
Alejandro.- Nik nahi nituzkeen hitzak, nire mingainera etortzea nahi nuke, zuei, orain egiten didazuen ongietorri maitetsu hau zenbat eskertzen dizuedan adierazteko.
On Roman.- Zure etorrerak oso poztu gaitu.
Katalina.- Atsegin handi bat eman diguzu.
On Roman.- Eta, zure biziaren berri, zure uste gabeko etorrera honetaz, ez al diguzu zerbait esan behar? Zu ikusita, zure berriak jakin nahiak bizkorki zulatzen gaitu.
Alejandro.- Nire berriak ez dira barrena pozteko halakoak; ez... baina, esango dizkizuet.
Zure aitonarekin, nire aita zenarekin hitz batzuk izan, eta Amerikara jo nuen.
Han egon naizen urte luzeetan lana egin dut. Besterik ez, lana. Eta lan asko egin dut, asko.
Batzuetan, itsas nahastuan bagak zerurantz igotzen diren bezala, ni ere nire irabazi bikainekin goienera hegatzen nintzen. Besteetan, lur azpian sartu behar dutela jaisten direnean antzera, ni ere, oso hondaturik, behe ilun sakonera amiltzen nintzen.
Eta, azkenik, gora-beherako guda neketsuetan hondatu, lehertu, xehaturik... itsasoak zakarrak hondartzara botatzen dituen bezala, ni ere, nire atsekabeak sorterriko txoko honetara, zarpatzar nazkagarri bat eginik, bota nau.
Katalina.- Eta guk, maitetsu, jaso zaitugu.
On Roman.- Eta guk, laztan beroan, estutu zaitugu.
Alejandro.- Eta horrexek nire bihotz gaixoa eten beharrean jarri du. Ez nuen beste ametsik! Ez nuen beste gutiziarik! Eta nire amets eta nire gutiziak zuek, nik uste baino oparoago bete dituzue! (On Roman eta Katalinari esku emanaz). Eskerrak, esker sutsuak bioi... Eta, orain... uzten zaituztet.
(Atze aldera egiten du).
Katalina.- Zer?
On Roman.- Nola?
Alejandro.- Ez naiz beste ezeren eskean etorri. Eskatu behar nuena, nik nahi baino ugariago eman didazue. Ez dut beste ezeren beharrik... Agur.
(Alejandrok berriz ere atzera egiten du. On Roman eta Katalinak jarraitzen diote).
On Roman.- Baina, nora joan behar duzu?
Alejandro.- Kanpora. Kanpo eder osasuntsura; eguzkiak berotu, haizeak garbitu, errekatxoak hozpildu, eta lore alaitsuak beren likurta zoragarriarekin usainztatzen duten zabaldegi atseginera. Txori gaixoez begiratzen duen Jaun Handiak, nitaz ere, errukitsu begiratuko du.
On Roman.- Jaun Handiak txoriei, ez die etxerik eskaintzen; baina zuri, nire bitartez, zure asaben etxe jatorri hau eskaintzen dizu.
Katalina.- Eta hemen gelditu beharra zara.
Alejandro.- Ez! Ostatu zurian etortzea esango litzateke!
On Roman.- (Atzeko atera joan, eta handik Alejandrori irteera eragozten diola) Etxe honetan sartzeko, ateak zabalak egon dira. Ihes egiteko asmorik hartzen baduzu, itxiak aurkituko dituzu.
Alejandro.- Baina, kaiolan sartu nahi al nauzue?
On Roman.- Kaiolan, ez; zure aurrekoen kabi maitatian, bai.
Alejandro.- Baina... baina... ezin hemendik alde egin al nezake?
On Roman.- Inola ere ez.
Katalina.- Gure artetik ezin joango zara.
Alejandro.- Orduan... Ez al duzue izango teilatupean, zoko ilun, bazter ezkuturen bat?
On Roman.- Zertarako behar duzu?
Alejandro.- Hemendik ezin joan nintekeenez gero, nire bizitoki apal kaskartzat izan dezadan.
On Roman.- A, bai! Zoko ezkutu bat zuretzat badut. Zatoz. (Ezkerreko atea ireki eta barrena erakutsiaz). Hona hemen.
Alejandro.- Ez, hori ez! Hori niretzat... ez da egokia!
On Roman.- Nire aita zenak, bere azken egunak hemen igaro zituen. Nire aitaren anaiak toki berean igaroko ditu.
Alejandro.- Arlote zarpatzar honentzat gehiegizkoa da.
On Roman.- Ez dut hoberik. Izan banu, hobea emango nizun.
Alejandro.- Ez! Ez! Lander errukigarri hau beste era apalagoko batean eduki behar duzue.
On Roman.- (Atzean ateko txintxarria joaz) Hori orain erabakiko da.
Katalina.- Osaba bati dagokion eran edukiko zaitugu.
Alejandro.- Nire zarpatzar hauek ez dizue esaten zer naizen?
Katalina.- Zarpatzar horiek, gure osaba barrenen daukatela adierazten digute.
Alejandro.- Hau gehiegizkoa da!
Felixa-(Atzean azalduaz) Jauna...
On Roman.- (Alejandro erakutsiaz) Ikusten al duzu?
Felixa.- Gizon hori?
On Roman.- Jaun hori
Alejandro.- Roman...
On Roman.- Jaun horri begirapen handienarekin etxeko guztiak egingo diozue. Gure artean lehenengoaz bezala ezagutuko duzue.
Felixa.- Bai, jauna.
Alejandro.- Ez, hori ez!
Katalina.- Hori, bai!
On Roman.- Jaun hau... nire osaba da.
Katalina.- Osaba!
(Felixak Alejandro agurtzen du)
|
Ezkutazapia jaisten da.
Lehenengo egintzaren amaia.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |