2.01 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Osaba »  2.01 agerraldia

Bigarren ekitaldia

Iruditegia lehenengo ekitaldian bezala.


Lehendabiziko Agerraldia

I

On Roman eta On Braulio, gero Bixente eta Felixa
(Ezkutazapia igotzerakoan On Roman eta On Braulio eserita daude. On Roman, mahai gainean esku-liburu baten zenbaketa batzuk egiten ari da. Amaitzen duenean, irakurriaz hitz egiten du).

On Roman.- Gutxi gora bera, nik lehen esan dizudana: laurogeita hamar mila, zortziehun eta berrogeita bost pezeta.

On Braulio.- Bada dirua...

On Roman.- Ia larritzeko ote den.

On Braulio.- Zerbaitetarako bada. (On Roman altxa, eta batera eta bestera dabil).

On Roman.- Lehenbizi: Zaragozako Aurelio Bonillak hasiera eman zigun.

On Braulio.- Harena ikusia zegoen. Behin ere ez zuen gauza zuzenik egin.

On Roman.- Azkenekoa, behintzat, ez zen zuzen-zuzena izan. Zortzi mila pezeta han gelditu zitzaizkigun.

On Braulio.- Hura beti, hala-holako gizona izan da.

On Roman.- Ondoren Valentziako Rebollin alarguna...

On Braulio.- A, bai! Senarra hilez gero, etxe hark ez zuen gehiago bururik altxa. Badakizu, semeak buruarin xamarrak atera dira, lanerako batere arretik gabe, beren harremanei behar bezala begiratu ere ez eta... Gaurko egunean berriz, badakizu...

On Roman.- Ez al dugu bada ikusten. Gainean egonda ere lana nahikoa dago.

On Braulio.- Gaur, gaur bezala, bai. Baina gizaseme haiek ametsetan bizi ziren.

On Roman.- Eta ametsetan hamabost mila pezeta eraman zizkiguten.

On Braulio.- Kaskarreko ederra da.

On Roman.- Bat esnatzeko bezalakoa.

On Braulio.- Egia da.

On Roman.- Gero Sevillako "Raimundo Peribañezen semeak".

On Braulio.- A, bai! Badakit. Horra ondo zegoen etxea, itxurarik gabe nola lurperatu zuten. Eta guztia, zergatik eta saltokia zeukaten etxea, beren etxea, inon ez den bezalako jauregi apain, ikusgarri batean bihurtu beharra, buruan sartu zitzaielako.

On Roman.- Jakinaren gainean nago, bai.

On Braulio.- Han hondatu zuten diruak, neurririk ez du. Egin eta berritu. Jaso eta bota. Jaberik gabeko etxea balitz bezala. Langileen oporketa, geldialdia ere izan zuten.

On Roman.- Bai, noski.

On Braulio.- Hala, nolabait ere etxeko lanak amaitu zituzten; baina, behar halako lau diru hondatuta.

On Roman.- Gureak ere han hondatuko ziren noski.

On Braulio.- Gero, badakizu, etxe bizitzak ez zuten erantzuten, eta salerosketak erantzun behar. Eta jakina; mando bati jaso ahal baino pisu gehiago jartzen bazaio muturrez aurrera erortzen da, eta etxe horrek ere, horrela lurpe jo du.

On. Rom-Eta hogeita bi mila pezeta azpian harrapatu dizkigu.

On Braulio.- Etxeetan ez ezik saltoki beretan ere, gehiegizko apainketak, arrandi garestiegiak, etxe asko kolokan jartzen ditu. Ezer salduko bada, apainketa horiek beharrak direla esan ohi da... baina, salerosketak erantzuten ez badu?

On Roman.- Den bezala dela; astero baditugu etxeak... batek malkarrot egin duela, besteak ordainketak geldiarazi, hurrengoak luzapena eskatu... Astero! Batek zoratu behar du!

On Braulio.- Ez zara bakarra.

On Roman.- Baina gaurkoa, neurritik gorakoa izan da. Hiru etxek, hiruk! malkarrot egin duten albistea izan dugu.

On Braulio.- Ez dakit zer ikusteko gauden.

On Roman.- Gehien txunditu nauena, eta horregatik deitu dizut, Romeral anaien malkarrota izan da.

On Braulio.- (Altxatzen da) Romeral anaiak?

On Roman.- Luzapena eskatu zutelako, harriturik, gauzari ezin antz emanik nengoen; eta, orain, lehengoak ontzeko... malkarrota.

On Braulio.- Ez nekien ezer ere.

On Roman.- Ez nik ere, ez nekien; eta ez nuen askorik uste.

On Braulio.- Romeral anaiak!

On Roman.- Zu izan berria zarenez gero, zerbait argi, zerbait azalpen ematen ote didazun, deitu dizut.

On Braulio.- Ez, ba. Ez dakit ezer. Ez dut ezer igarri. Nola izan litekeen ere, ezin taxurik eman diot. Etxe hori izan denarekin!

On Roman.- Nik esaten nuena hori zen.

On Braulio.- Badakizu, nik han ikusi dudana da... lehen ere esan nizuna: guztiak negar marraska batean daudela. Ez dela ezer saltzen. Ez dela dirurik.

On Roman.- Kaleetan behin ere baino gehiago dabilela dirudi bada.

On Braulio.- Hori horrela da. Kaleetan, dirua behin ere baino ugariago eta nabarmenago azaltzen da, baina ez da saltokietara iristen. Ikusten denez, jendeak dirua erakusteko bakarrik izan behar du.

On Roman.- -Zerbait esan liteke.

On Braulio.- Ez da ulertzen bestela.

(Felixa eta Bixente atzean azaltzen dira. Bixente holako langile zahar, 60 bat urtekoa da. Lanerako eran jantzia dago. Eskuan eskutitz bat dakar).

Felixa.- Nagusi jauna.

On Roman.- Bestea ere badugu! Gaur guztia erabatekoa izateko, hauxe behar genuen.

On Braulio.- Ezin esan zenezake oraindik.

On Roman.- Ikusiko duzu. Ekar ezak.

(Bixentek aurreratu, eta On Romani eskutitza ematen dio. Felixa joaten da).

Bixente.- Berorri emateko On Brunok eman dit. Eta gainera esateko...

(On Romanek eskutitza hartu, mahai ondoan eseri, eskutitza ireki eta irakurtzen du).

On Roman.- E! Ez dut esan! Beste malkorrota! Zoratu behar dut! Puntilloren ilobak!

On Braulio.- Puntilloren ilobak!

(Mahaira alderatzen da. On Romanek eskutitza erakusten dio).

On Roman.- Hona non daukazun.

On Braulio.- Egia, bai, egia.

Bixente.- Eta gainera esateko...

On Roman.- Ikusten duzu!

On Braulio.- (Mahai ondotik alde eginaz) Romeral anaien malkarrota nola izan den, orain ulertzen dut.

On Roman.- Zer esan ere ez dakit...

Bixente.- Eta gainera esateko...

On Roman.- Gero esango didak. Itxoin ezak orain.

Bixente .- Bai jauna, bai. Berorrek agindu arte itxoingo dut.

(Bixente atzera joaten da)

On Braulio.- Badakizu, Puntillo hauek, ostatu gain gaineko bat, Palace bat egin dute. Inon berdinik ez den halakoa. Hango apainketa garestiak ikusi ez diren bezalakoak dira. Gero, guztia jantzi dute errege jauregi bat baino areago.

On Roman.- Eta gero gerokoak.

On Braulio.- Orain hiru hilabete ireki zen. Han egin ziren jaiak, hango jateketak, erromatarren aroan ezagutu ez zen bezalako zerbait zela, guztiak zioten. Jateketa haietara joan zirenak, milaka izan behar zuten.

On Roman.- Bai, bazkariak jabearen bizkar ziren bitartean, milaka; eta gero, bakoitzak bere sakelatik ordaindu beharra etorri danean, batere ez.

On Braulio.- Inondik inola ere, horrelako zerbait gertatua izango da. Eta horrek malkarrot eginarazi die.

On Roman.- Eta jateketa haiek guk ordaindu behar orain. Amorratzeko ere bada.

(On Roman berriro altxatzen da).

On Braulio.- Gero, badakizu, Puntillo hauek, Romeralen ahaideak dituzu. Beren artean, beti antolapen onean egon izan direnak. Eta, baten malkorrotak bestearena ekarri du.

On Roman.- Nire honetatik atera naiz oraintxe.

On Braulio.- Ez duzu gehiegi larritu behar.

On Roman.- Ea nola oker hauek zuzendu behar ditudan. Dirua egiten hasita ere, horrenbeste zulo estaliko, beteko ez litzateke eta.

On Braulio.- Bai, zerbait esateko bada. Neroni ere azkeneko honek kardabatzen nau. Zerbait iritsiko ote zaidan beldur naiz.

On Roman.- Eguna joan eta eguna etorri, batzuk besteen ondoren, eta guztiak katramila berarekin; itotzeko zorian jarri naute.

On Braulio.- Ez duzu zure burua, horrenbeste estutu behar.

On Roman.- Gertatzen zaidana gutxi iruditzen al zaizu?

On Braulio.- Asko iruditzen zait. Ezin eta gehiagozkoa deritzot. Baina, nolanahi dela ere, zuk azkenean zerekin erantzuna baduzu.

On Roman.- Mingainarekin ez bada...

On Braulio.- Mingaina eta eztarria ere, zuk sendoak dauzkazu. Okerrenera jota ere, "Banko Minero"tik nahi duzuna atera zenezake, eta oraingo larrialdiari erraz aurre emango diozu.

On Roman.- A! Nik bezain ondo dakizu, Bankutik dirua ateratzen zein erraz izaten den; ateratakoak berriro eramateak zer lanak ematen dituen.

On Braulio.- Bai, baina, beharrean aurkituz gero...

On Roman.- Ez; beharrean aurkituta ere, ni orain nagoen estualdi garratzean egonda ere, Bankuan daudenak ukitu gabe eginkizun hau bete behar dut. Bankuan daudenak, ondo daude. Haiek ukitzea nire amets guztiak porrokatzea izango litzateke.

On Braulio.- Eta haiek ukitu gabe ere antolatuko zarela uste dut.

On Roman.- Ez dakit nola; buru hauste gogorren artean aurkitzen naiz.

On Braulio.- Baretu zaitez, eta oraingo korapilo hauek inork baino hobeto askatuko dituzu. Nik orain uzten zaitut. Puntillo horien malkarrotak ni ere zerbait kardabatu nau, eta agerraldi batzuk egin behar ditut. Beste berririk jakiten badut, esatera etorriko natzaizu.

On Roman.- Oraingoak baino berri hobeak izango al dira.

On Braulio.- Noski. Badakizu, ekaitzaren ondoren eguzkia. (On Romani esku emanaz) Gero arte, bada.

On Roman.- Zoaz ondo. (On Braulio atzetik joaten da. On Roman oso oldozkor esertzen da). Guztiak batean! Arnas hartzeko betarik gabe! Esku artean dudan guztia ez da aski aurre emateko. Baina, hala ere, ez dut Bankukorik ukituko. Hori ez! Beste edozer gauza hori baino lehen. Haiek gabe, ea nola... (Bixente aurreratzen hasi, ostera atzeratu, hitz egiten ezin ausarturik dabil). Nondik hasi ere ez dakit...

Bixente.- Nagusia, itxoiten hemen jarraitu behar al dut?

On Roman.- A! Hintzenik ere ia ahaztu ninduan. Hator.

(On Roman, mahai ondoan eseri, sakelatik zerbait paper atera, eta idazteko eran jartzen da, Bixente bere ondora etortzen da)

Bixente.- On Brunok esan dit lehen ekarri diodan eskutitz hura berorri emateko; eta, gainera, harekin hitz egin duenaz ez ahazteko...

On Roman.- Orain jarriko diat.

Bixente.- Eta gainera esateko...

On Roman.- Nik orain idazten dudan paper mutur hau, emango diok.

Bixente.- Bai jauna; eta gainera esateko...

On Roman.- Zer? Zer da gainerako hori?

Bixente.- Artilea ia ahitu dela, eta berriro eskatu beharko duela.

On Roman.- Hori duk. Lehengo zorrei ezin aurre eman, eta berriak egiten hasi.

Bixente.- Hori esateko esan dit.

On Roman.- (Eta lanerako gairik gabe gelditzen bagara, okerrago berriz. Aurrera egin beharko). (Idazten du). Langile guztiak etorri al dira?

Bixente.- Bai, jauna; guztiak etorri dira. Bat bakarra etorri gabe gelditu da. Zera, Txintxarri... Emazteak bart haurra egina izan behar du.

On Roman.- (Bere artean) Bat...

Bixente.- Ez, jauna. Bi omen dira. Nexkak, mielkak.

On Roman.- (Bere artean) Ez... hiru...

Bixente.- Hiru ez; bi, bi. Eta, biak, gosaria ekartzen duen kazuelan sartuko omen lirateke.

On Roman.- (Idatziaz Bixenteri) Eta Rufinak zer egin du?

Bixente.- Horrek, ezer ez; neskazaharra da eta... A! baina, hobeto omen dago. Datorren astean etorriko omen da. Nik uste dut, hanka baldar horrek gero ere lanak emango dizkiola.

On Roman.- (Altxa eta Bixenteri paper-muturra emanaz) To. On Brunori eman hakio.

Bixente.- (Atzera joaten hasi eta geldituaz) Bai, jauna... Eta beste esateko hura?

On Roman.- Berehala banoala.

Bixente.- Bai, jauna.

On Roman.- Mahai berria ekarri al dute?

Bixente.- Bai, jauna. Oraintxe ekarri dute.

On Roman.- Lehengoa gertatu ez dadin, On Brunori esan hakio hankei ondo begiratzeko.

Bixente.- Rufinaren hankei?

On Roman.- Zer Rufina, eta Rufinondo. Hoa! hoa! Egunetik egunera kirtenago jartzen ari haiz.

(Bixente atzetik joaten da)

Den bezain zintzoa ez balitz... Etxean ogia baino, olan hori beharragoa dut. Gizajo horrek ahal duena behintzat, gogotsu egiten du. Horrek baino gehiago lezaketen askok, horrek bezala eginahala egingo balute, gure ola besterik izango litzateke.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org