2.03 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Osaba »  2.03 agerraldia

Hirugarren Agerraldia

III

Alejandro, Kloklo, Maibe eta Felixa
Kloklo.- (Barrenean oihuka) Etxean ote den, begira ezazu bada.

Maibe.- Gu garela esaiozu.

Kloklo.- Lehengo eguneko andere handikiak garela.

(Felixa aurretik dela Kloklo eta Maibe atzean azaltzen dira. Aurreratu gabe Felixarekin hitz egiten dute)

Kloklo.- Lehengoan bezalako arlote nazkagarririk.

Maibe.- Hura zarpatzar nardagarria!

Kloklo.- Usai zikin zarpailtsua!

(Felixa joaten da. Kloklo eta Maibe aurreratzen hasten dira, eta une honetan Alejandro altxatzen da. Kloklo eta Maibek ikusten dutenean, ate ondoan kuzkurtuta, ezertarako kemenik gabe gelditzen dira).

Maibe.- Ai!

Kloklo.- Ai!

Maibe.- (Kanpoan ez, baina, barrenen dugu).

Kloklo.- (Zarpatzar, lirdinga jarioa).

(Alejandrok andereak agurtzen ditu; hauek gero eta ikaratuagoak ez diote erantzuten ere. Isil aldi labur baten ondoren Alejandrok hitz egiten du)

Alejandro.- Ez beldurrik izan. Atarian egin zenidaten purrustada lotsagarri hura, ez dut zuei bihurtzeko asmorik. Niretzat gordetzeko ustean nago.

Kloklo.- (Cynique!)

Maibe.- (Crétin!)

Alejandro.- Eser zaitezte.

Kloklo.- Ez nuen uste, honelako jauregi batean, horren morroi apainak izaten zirenik.

Maibe.- Horren morroi... fashionable.

Alejandro.- Asketsi; ez naiz morroia.

Maibe.- Ez, noski. Hau, etxe honetako chambellan izango da...

Alejandro.- Ezta ere. Etxe honetako nagusi-etxekoandreen osaba naiz.

Kloklo.- Ai!

Maibe.- Ai!

Kloklo.- Quelle noblesse!

Maibe.- Quelle ascendence!

(Alejandro anderetara hurreratzen da)

Alejandro.- Baina, eser zaitezte.

Kloklo.- Eseriko gara; baina, zu, urrutixeago zoaz.

Maibe.- Zuk botatzen duzun Parfum dambre antiquek burua hartzen digu.

(Alejandro ezkerrera joaten da)

Alejandro.- Urrutiratuko naiz... nik erabili dudan ur garbiak bururik har ez diezazuen; zuek darabilzkizuen ur zikinen usain zaketzak ni zorabia ez nazaten.

Maibe.- Merci.

Alejandro.- Do not mention it.

(Kloklo eta Maibe esertzen dira)

Kloklo.- Handikietakoak garela jakin behar duzu; eta ez gaudela gure buruak edozein zarpatzarrekin bat egiteko.

Maibe.- Gure aurrekoak beti leinargiak izan direla.

Alejandro.- Zuen aurrekoak...

Kloklo.- Bai.

Maibe.- Bai.

Alejandro.- Ez duzue noski Adan eta Ebarengatik esan nahiko. Bada, nire aurrenekoak ere horiexek berak izan ziren: Adan eta Eba.

Kloklo.- Ez, geroxeagokoak dira.

Maibe.- Moins prehistoriques.

Alejandro.- Moises edo Salomon? Alejandro handia edo Kleopatra ederra? (Kloklo eta Maibek ezezko iseka keinuak egiten dizkiote). Onenean Zesar Augusto ahaltsua... edo Neron... edo... Kaligula!

Kloklo.- Ez, ez.

Alejandro.- Kaligulak handiki batzuk irasi zituen... Bere zaldia ere kontsul egin zuen. Zaldi hura ez da noski zuen aurrekoetakoa izango.

Kloklo.- Batzuek beren aurreko zaldiak izan litzateke; baina, badira aurrekotzat astoak dituztenak ere.

Alejandro.- Arrantza hori, niregatik izango zen noski?

Kloklo.- Hori zuk igarriko diozu.

Alejandro.- Nik, zuen aurreko izan litezkeen hotsandiko batzuen izenak azaldu dizkizuet.

Kloklo.- Eta, horiek ez direla, garbi adierazi dizugu.

Maibe.- Gure aurrekoak geroxeagokoak dira.

Alejandro.- Geroagokoak badira, ez duzue harritu behar geroagoko horien aurretik, zuen odol bereko tximini garbitzaileen batzuk izatea.

Maibe.- Geroagoko horien aurretik zer izan diren ez dakigu; baina, ondorengoak lanik egin behar izan ez dutela, bai.

Alejandro.- Orduan, alperzulo batzuk izan dira.

Kloklo.- Leinargiak, ospetsuak, itzal handikotzat, beti, ezagutu izan dituzte.

Maibe.- Jaun eta andre oso goratuak.

Alejandro.- Niretzako ez du ezerk, lanak bezala goratzen.

Maibe.- Arloteen ustetan, ez noski.

Kloklo.- Lanaren krakarekin, gure aurrekoak eta guk ez dugu eskurik zikindu beharrik izan.

Alejandro.- Lana! Jaungoiko onaren zigorrada bat da. Baina, Jaun ahaltsuaren egintza harrigarriak zigorrada hori bera, Jaunaren eskuzabaltasunak, gizonaren saririk gailurrenean bihurtu du.

Lanak, umearen kemen gordeak ernarazten ditu.

Lanak, gaztearen bizkortasun urduriak eraztun txarrerako grina bihurriak onera zuzendu, itsumen itzaltsuenak leunki argitu, eta biziko nahigabeak menpetzeko bikaintasun zaintsuaz janzten du.

Lanak, gizonaren trebetasun mardulak sendotu, adimenaren su gartsua bizkortu eta egingai egoki eta ausartenak bururatzen dizkio.

Lanak, eta lanak bakarrik, gizona goratzen du.

Lanak, eta lanak bakarrik, gizadiko erregetza jatorra, gizonari ematen dio.

Kloklo.- Orduan, guztiok, aitzurrean hasi beharko dugu.

Maibe.- Régime de sans-culottes!

Alejandro.- Ez; ez dute nekazariak bakarrik lan egiten, ezta ere hargin eta igeltsero, arotz eta margolariak bakarrik; lan egiten dute horien lanak berak, asmatu, eratu eta zuzentzen dituztenak; lan egiten du salerosleak bere harremanetan, lege gizonak bere mahaian, idazlariak bere liburuetan; lan egiten du, eta lan goragarria, sendalari erneak bere gaixoei osasuna bihurtzen; lan egiten du, eta lan gurgarria apaiz jaun ongileak, betikotasuneko bideak erakusten.

Guztiak, guztiak lan egiten dute.

Zuek bakarrik, eta zuen aurrekoak lanaren krakaz ez zarete zikindu .

Kloklo.- Zuk ez duzu aberatsik ikusi nahi. Zuk, zu bezalako zarpatzarrak bakarrik nahi dituzu.

Maibe.- Bolcheviqui!

Alejandro.- Ez; ez naiz aberatsen kalte ari. Aberatsak behar bezalakoak diren aberatsak, zenbat on egin lezaketen.

Herri txikietan, orain hutsak, erdi erorian dauden jauregi zaharretan bizi ziren aberatsak zenbat malko xukatu zituzten, zenbat atsekabe gozotu; zuhaitz ongileak bezala, beren itzalpe maitetsuan herriko kezka eta nahigabeak samurtzen ziren.

Baina, orain, herri txikietatik alde egin dute, denak herri handietan pilaka bildu dira, eta zertarako? beren erokeri eta nabarmenkeriaz behartsuen atsekabea gehiago eta gehiago mindu, garraztu, zulatzeko.

Zuhaitz itzaltsu maitatia izan behar zuena, sasi arantzez josia bihurtu da.

Zuhaitza onesten dugu, sasi nabarmena su eta gar kiskali behar da.

Maibe.- Hona berriz infernuko Patxi, nondik atera zaigun.

Kloklo.- Esan dituzun txorakeria horiek, zu bezalako arlote zarpailen artean, ikasiko zenituen noski. Zuk ez badakizu ere, gu beste era bateko handikiak gara.

Maibe.- Esango nuke.

Kloklo.- Orain bertan ere, etxe honetara etorri bagara, elbarritu gaixo, goseak hiltzen dauden batzuen alde darabilzkigun eginkizunagatik da.

Maibe.- Atsekabe haiei zerbait laguntza bidaltzeko darabilzkigun lanak jakin bazenitu, ez zenituen esango horrelako aterakeria ergelak.

Alejandro.- Asmo horiek oso ondo aurkitzen ditut...

Maibe.- Bai noski.

Kloklo.- Hartu behar.

Alejandro.- Baina, tartean... zerbait jostaketa edo dantza... ez ote darabilzue gero.

Kloklo.- Ez dakit zer darabilgun... baina bref! gu hemengo etxekoandrearekin gai horretaz hitz egitera etorri gara, eta ez zure txorakeriak entzutera. (Kloklo altxatzen da. Ondoren Maibe) Baina, etxekoandrea ez da ageri, eta...

Alejandro.- Deitu al diozue?

Maibe.- Neskameari esan zaio.

Kloklo.- Hemen sartzerakoan esan diogu.

Alejandro.- Ez dakit ezer. Behar bada ez da etxean izango.

Kloklo.- Nolanahi dela ere, ezin itxoin genezake...

Alejandro.- Jakina, zuen lanak.. ai, ez! zuen lanak, ez. Zuen... ibilketak.

Maibe.- Ibilketan jarduten bagara ahal genezakeelako izango da.

Alejandro.- Noski.

Kloklo.- Dena dela etxekoandreari esan iezaiozu...

Alejandro.- ( Kloklo eta Maiberengana alderatuaz) Nahi duzuen guztia.

Maibe.- Baina, atzeraxeago.

Kloklo.- Atzeraxeago.

Alejandro.- (Atzeratuaz) A, bai! Zuen usainak zorabiatu ez nazan.

Kloklo.- Esan iezaiozu bada, Zarzaparillako markesa Nizara doala...

Maibe.- Nizara

Kloklo.- Eta eratu behar dugun jaia, berak badaki...

Maibe.- Berak badaki.

Kloklo.- Hilabetez atzeratu beharko dugula.

Maibe.- Bai; gutxienez hilabetez.

Alejandro.- Orduan, goseak ia hilik dauden haiek, hilabetean oso hilko dira.

Kloklo.- Hori ez da zure egitekoa.

Alejandro.- Ez; haien egitekoa da.

Maibe.- Zuk esan iezaiozu bai, eta...

(Kloklo eta Maibe atze aldera hasten dira. Alejandro, beren ondotik hasten da, baina, andereak atzerarazten dute)

Alejandro.- Esango diot. Baina bitartean, beste dantzen bat antolatu beharko duzue.

Kloklo.- Bitartean, nahi duguna egingo dugu.

Maibe.- Ondo datorkiguna.

Alejandro.- Bai, baina... goseak ia hilik dauden haiek, hilabete goseak iraun dezakete; zuek, ordea, ezin hilabete dantzatu gabe egon zintezkete.

Kloklo.- Utikan, arlote petrala!

Maibe.- Zarpatzar lotsagabea!

(Kloklo eta Maibe oso haserre atzetik joaten dira)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org