3.02 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Osaba »  3.02 agerraldia

Bigarren Agerraldia

II

Alejandro eta Katalina, azkenean Bixente
eta Langile Bat
Katalina.- (Eskuineko atetik atsekabetsu sartzen da) Osaba...

Alejandro.- Katalina... Gaixo horrek zer diozu?

Katalina.- Esan, ezer ez. Negar egiteko beste ahalmenik, ez zait gelditzen.

Alejandro.- Baina, horrela bazaude, negarretan itoko zara.

Katalina.- Eta, zer besterik egin nezake, nire senarrak darabiltzan estuasunak ikusita!

Alejandro.- Hala ere, pixka bat lasaitu behar zenuke. Roman berak ere, lehenbiziko egunean baino baretsuago dagoela ezagun du.

Katalina.- Gure aurrean ezkutatu nahi luke, baina, lehen bezain kardabatua dabilela igartzen diot.

Alejandro.- Zure irudipenak dira horiek.

Katalina.- Zorigaitzez, ez. Eta horrek, negar malkoz urtzen nauka. Beti nire oldozpen tamaltsu hauekin; lorik ere ezin egin dut.

Alejandro.- Gauzak horrela hartuz gero, berriz ere ezin eramana izango duzu.

(Katalina esertzen da, eta ondoren Alejandro bere aurrean)

Katalina.- Ez dakit nire irudipen bat ote den, baina, nire neska-mutil zoragarriak ere, gure atsekabea ulertzen dutela iruditzen zait.

Alejandro.- Inondik inora ere ez lezakete ezagutu. Eta ez ezagutzea hobe da.

Katalina.- Hori, bai.

Alejandro.- Gero ere, atsekabearen aurpegi garratza ikusteko astia izango dute.

Katalina.- Bada, iruditzen zait gure zoritxarra ezaguturik, behin ere baino maitetsuago nirekin daudela.

Alejandro.- Hori, zure uste bat besterik ez da.

Katalina.- Arestian ere, Inaziok behin ere baino sutsuago laztantzen ninduela zeritzaidan; eta, Karmentxok eman dizkidan musuak besteetakoak baino biziagoak ziruditen.

Alejandro.- Zure ametsak...

Katalina.- Halako maitasun gogotsua ikusirik, bihotzak eten nahi zidan, eta begietatik malko batzuk isuri eta masailak busti dizkidate. Inaxiok galdetu dit orduan: amatxo, zer duzu? Eta nik, zerbait erantzun behar, eta hagineko mina dudala esan diot. Eta, Karmentxok gupidatsu esan dit: nork egin dizu, amatxo?

(Malko batzuk xukatzen ditu)

Alejandro.- Nexka-mutilak, aingeru zoragarriak dira.

Katalina.- Beren laztan maitetsuak oso limurtzen naute.

Alejandro.- Ez da gutxiagorako. Baina ez dute adinik zuen zoritxarra igartzeko; eta besteetan baino maitetsuago aurkitzea, zure irudipen hutsa da.

Katalina.- Irudipena izan liteke, baina, nire bihotzak egi-egia bezala nabaritzen du.

Alejandro.- Bai, noski. Zure bihotza, orain daramatzazun egun tamal hauetan, laztankeri horietaz irrikitzen dago, eta neska-mutilak egiten dizkizutenak, behin ere baino gozatsuagoak aurkitzen dituzu. Zuri gertatzen zaizu, goseak dagoenari gertatzen zaiona bera. Zenbat eta gose handiagoa, orduan eta jaki gozoagoa aurkitzen dute.

Zer dakite jakien gozoaz, aseta bizi diren errukarriak! Goseak jakiaren gozamena hanpatzen du. Zure seme-alabatxoen laztan beharra duzun egun atsekabe hauetan, behar horrek berak laztan horiek maitetsuagoak, beroagoak, sutsuagoak, aurkiarazten dizkizu.

Katalina.- Zerbait izango da. Baina, nire haur gaixoei begiratuta, zer ikusteko ote dauden oldoztean, nire barrenak jira egiten dit.

Alejandro.- Baina atsekabe honek, zure seme-alabak hazi arteraino iraungo duela uste al duzu?

Katalina.- Zoritxar honek horrenbeste iraungo ez duela badakit; baina, zoritxar honen ondorengoak, zoritxarra bera baino beltzagoak izan litezke, eta horiek, bai, iraun lezakete.

Alejandro.- Ez dezazuela uste. Hemen gertatuko da, ekaitzarekin gertatzen dena bera. Ekaitz ondoren soroak ikusiko dituzu galduak, hondatuak, porrokatuak; hartuak eroriak, belardiak lokatzetan aldatuak, guztia maskaldua eta itxura txarrekoa. Baina, gero eguzkiak bere printza urreztatuekin soro horiek berak ernarazten ditu, eta arto eroriak suspertu eta lirain zuzentzen dira; lokatzak belar orlegiz jantzi eta apainketa pozgilea azaltzen dute; eta guztia baratz loretsu zoragarri bat bezala gure begietara agertzen zaigu.

Zuentzako ere, eguzki diztikorra sortuko da, eta etxe honetan lehengo zeru laztan, maitetsua, izango duzue.

Katalina.- Baina, zuk, gure oraingo oker hauek zuzenduko direnik uste al duzu?

Alejandro.- Ez dut bada usteko? Ziurki baietz. Eta, gainera, ahopean, belarri ertzera, esango dizut: lehen baino ere hobeto izango zaretela.

Katalina.- Lehen baino hobeto ezin izan gintezke. Nahi genuen guztia bagenuen eta: senar-emazteen arteko nahitasun bizia, gure neska-mutilen laztan zoragarriak, osasunez ondo, etxean bakea... Zer gehiago amestuko genuen?

Alejandro.- Egi-egia da. Baina, esan nahi nizun, lehen baino lasaiago oraindik, biziko zaretela.

Katalina.- Ez genuen estutasunik. Ai! Lehengora berriro bihurtuz gero, Jainkoari ezin eskerrak emanik geldituko nintzateke.

Alejandro.- Orduan... lehen bezala geldituko zarete bada.

Katalina.- Hori bagenu...

Alejandro.- Hori izango duzuela, nik zineztatzen dizut.

Katalina.- A! Nire katramila hauekin burua galdu behar dut...

(Altxatzen da) Nire eginkizunak ere utziak dauzkat... Ez nago ezertarako...

Alejandro.- Zure eginkizunetan jarduteak, on baizik ez dizu egingo. Buruko nahasketa astunak, gure lanetan jarraituta, asko arintzen dira.

Katalina.- (Atze aldera joanez) Bai, bai. Zerbait egiten hasi beharko dut. (Atzetik) Zuk esan bezala gertatuko balitz!

Alejandro.- Ez dezazula horretan ezpa txikienik izan.

Katalina.- Jainkoak entzun diezazula.

(Katalina atzetik joaten da)

Alejandro.- Gajoa. Bere oldozpen tamalekin urtu behar du. Orain arte, hodei gabeko zeru eder honetan erregina izan da; eta lehenbiziko sortu zaion nahigabeak oso sukartu du. Gure bizian hainbeste eraman behar izaten ditugu! Ondoegi ohitzeak ere bere okerrak baditu. Ordu latzak bareegiak aurkitzen gaituzte. (Esertzen da) Katalina gajoa. Bere atsekabea ezin gehiago luzatzen utzi daiteke.

Bixente.- (Barrenean oihuka) Bazterretara begira ezak... Orain ere, ia egin huen... Ukuiluan hagoela uste al duk, edo zer...

Alejandro.- (Altxa eta ate aldera joanaz) Gure Anbroxioren ordekoa hemen dugu.

Bixente.- Horrenbeste jaso gabe... geldi geldirik... ez orain lurreraino jaitsi...

(Bixente eta Langile bat atzean azaltzen dira. Bide-kutxa bat dakarte. Langilea aurretik eta Bixente atzetik. Honek nagusikeria handiak egiten ditu).

Alejandro.- Hemen al zarete?

Bixente.- Bai jauna. Laster ez garela etorri, ezin esango du.

Alejandro.- Egia duk.

Bixente.- Bira hemen... Poliki, poliki... Bazterretara ondo begiratuta...

(Sartzen dira, Alejandrok ezkerreko atea irekitzen die)

Alejandro.- Hona.

Bixente.- Zuzen erabil ezak... Ontzi galdua zirudik... Gorago... Pixka bat beheraxeago, gizona... (Ezkerretik beren bide-kutxarekin joaten dira. Berehala bihurtzen dira) Kontuz... Geldi geldirik...

Alejandro.- Eskuineko txoko horretan utzi... Hori duk... Orain esan ezak: Ordago!

Bixente.- Berorrek "Kiero" esango dit ordea.

Alejandro.- Ez; ez diat nik horrelako erdalkeriarik esaten. Izatekotan "bota" esango nikek.

Bixente.- Horrek ere erdalkeria izan behar du bada.

Alejandro.- Nola?

Bixente.- Niri, behintzat, ez zela "bota" esan behar, "oinetakoa" deitzen zela esan zidaten.

Alejandro.- Hori besterik duk... Hau egina zegok bai, eta orain joan zintezkete.

Bixente.- Besterik ezer behar badu, agindu.

Alejandro.- Ongi zegok (Ezkerretik joaten da eta atea ixten du)

Bixente.- Ez duk batere arretik jartzen. Honelako etxe batean ez dakik nola ibili behar den. Beti kinkilin kankailun olan bahenbil bezala. Hemen begiak erne ibili behar dituk, erne!






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org