3.03 agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Osaba »  3.03 agerraldia

Hirugarren Agerraldia

III

Bixente eta Langilea. Berehala On Roman eta On Braulio. Azkenean Alejandro.
On Braulio.- (Barrenean)... zu jakinaren gainean jartzera.

On Roman.- Hemen lasaiago hitz egingo dugu. (Bixente eta Langilea atze aldera hasten dira. On Roman eta on Braulio atzean azaltzen dira) Zer egiten duzue hemen?

Bixente.- Osabarengana izan gara.

On Roman.- Eta, bukatu al duzue?

Bixente.- Oraintxe.

On Roman.- Olara azkar zoazte bada; lana zuen zain dagoela badakizue.

Bixente.- Bai, jauna, bai.

(Bixente eta Langilea atzetik joaten dira. On Roman eta On Braulio aurreratzen dira)

On Roman.- Eser zaitez.

On Braulio.- Eskerrik asko. (Biak esertzen dira) Egunak doazen bezala berriak ere hobexeagoak datoz.

On Roman.- Hori, beti gertatzen dena da.

On Braulio.- Lehenengoan guztia galdutzat ematen zen.

On Roman.- Horrenbesteraino izango ez zela buruan sartua neukan.

On Braulio.- Zorionez, ez omen da, ez, horrenbesteraino. Eta, gaur esan didatenez, eta hori esatera etorri natzaizu...

On Roman.- Eskerrik asko.

On Braulio.- Zerbait antolapen egingo denaren surmurrak omen dira; eta horrela dela, gehiena aterako da noski.

On Roman.- Gehiena... ez zait iruditzen.

On Braulio.- Gehiena esan didate. Eta, horrela izanez gero lasaitu zintezkeela uste dut.

On Roman.- Lasaitu ninteke, bai... baina, hori, izatekotan ere, eskuetan dirua hartzean izango litzateke... eta, bitartean?

On Braulio.- Geroago eskuratuko duzun itxaropena, zerbait badela iruditzen zait.

On Roman.- Zerbait, ez; asko da. Eta, itxaropen horrek poz handia ematen didala, ez dizut ukatuko. Baina... Eta bitartean?

On Braulio.- Bitartean... Bitarteko hori nola edo hala egiten da.

On Roman.- Ez dakit nola...

On Braulio.- Gero erantzuteko izanez gero, aurreratuko dutenak bilatzen dira.

On Roman.- Orain behin ere baino zailago.

On Braulio.- Zergatik ordea?

On Roman.- Banku horrek malkarrot egin duenean, beste bankuak ere zalantzaz bete dira, eta behin ere baino erraztasun gutxiago ematen dute. Beren izen onari eutsi nahi diote, eta ez dute inola ere arriskuan sartu nahi.

On Braulio.- Ez da harritzekoa.

On Roman.- Ez, noski; ez da harritzekoa. Baina, batere harritu gabe, beste edozein alditan, bankuen bitartez antolatu zitekeena, orain inola ere ezin da.

On Braulio.- Ez. Bankuen bitartez ezin dela, ezagutzen dut.

On Roman.- Bankuak utzi ditzagun, bada; eta goazen harremanak izan ditugun etxe sendoenetara, eta guztiak erantzungo dizute, bakoitzak berekin lana nahikoa duela.

On Roman.- Hori ere egia da.

On Roman.- Guztiak zalantzaz beterik daude, etorkizunaren beldur ez dute ezerengatik arriskuan sartu nahi. Ez dira egun hauek, adiskide zahar batek lehengoan esaten zidan, eskuetatik ardit bat ere uzteko; guztiak behar beharrezkoak bakoitzaren izen onari sendo iraunarazteko.

On Braulio.- Honelakoetan, luzapenak ere eskatzen dira.

On Roman.- Guri bai eskatzen dizkigute, baina eman inork ere ez. Zor digutenak, esti atzera; eta hartzeko digutenak, aida. Hori egiten digute. Batzuek eta besteak zer esan berak dituzte: era txarrean daudela, salerosketak gero eta zailagoak direla...

On Braulio.- Bazter guzietako negar marraska horixe da.

On Roman.- Bada, hartu beharrak atzeratu, eta eman beharrak aurreratu, esan iezadazu ni orain nagoen era larrian, zer egin nezakeen. Oraintxe ia burua galdu dut.

(Altxa eta batera eta bestera dabil)

On Braulio.- Zu baino gaizkiago makina bat badaude.

On Roman.- Ez dakit inor egon ote litekeen.

On Braulio.- Zaude isilik. Banku horretatik beretik jaso behar dituzunarekin...

On Roman.- Jasotzen ditudanean. Eta bitartean?

On Braulio.- Bitartean...

On Roman.- Bitartean, bai, bitartean. Nik nire zenbaketak egin ditut; eta Bankutik, okerrenera jota ere aterako dutenarekin, olan eta esku artean daramadanarekin, berrehun mila duroen jabe alde-alde, izango naizela badakit. Baina, oraindik ez dut ordea. Nik estutasun honetatik ateratzeko hamar mila duro behar nituzke, eta horiek dira, inondik inola ere ezin aurkitu ditudanak.

On Braulio.- Sukartua zaude.

On Roman.- Nola, ez; nire honetatik aterea nago eta.

On Braulio.- Baretu zaitez.

On Roman.- Ezin dut. Estutasun bizian aurkitzen naiz; guztia galdua ikusten dut; ihes biderik ez dut nabaritzen; eta oraintxe neronek ere, malkarrot egin beharko dut.

On Braulio.- (Altxa, eta On Romanengana joanez) Ez dezazula horrelakorik esan... Zu, burutik ez zaude ondo.

On Roman.- Burutik ez banago, begietatik bai; eta nire inguruan dabilena ondo igartzen dut. Gure etxearen kaltean surmur txarrak dabiltza. Hogeita hiru pezeta zikinen hartu beharrarekin larrialdi bat emateko ustean etorri zaizkit.

On Braulio.- Zuri?

On Roman.- Niri, bai; eta ondoren etorriko direnak... Eta, horrela nik ezin iraun nezake, eta lotsagarri bada ere, malkarrot egitea beste ihesbiderik ez dut.

On Braulio.- Baina, zuk duzun dirutzarekin...

On Roman.- Nik dudan dirutzarekin, bai. Berrehun mila duroen jabe izan, eta hamar mila durogatik ito behar.

On Braulio.- Hori, izan liteke.

On Roman.- Ea bada, hamar mila duroak non aurkitu behar ditudan.

On Braulio.- Baina...

On Roman.- Nork eman behar dizkit niri hamar mila duro!

(Une honetan ezkerreko atea irekitzen da, eta Alejandro oso aldatua agertzen da. Guztiz apain jantzia eta aberats itxura jatorrean. Eskuetan diru-etxeko orri bat dakar).

Alejandro.- Irving Bank. (Orria On Romani ematen dio)

On Roman.- Osaba!

Alejandro.- Jarri ezazu behar duzun adina diru... Ez izan gupidarik... Zerekin erantzuna badago. Urumea Bankuan emango dizute.

On Roman.- Baina... zer da aldaketa hau? Zer gertatu da hemen?

Alei.- Hori guztia gero esango dizut. Orain, unerik galdu gabe, behar den dirua atera, eta olako joan-etorria zuzendu behar duzu.

On Roman.- Bai, zuzenduko dut: baina, esadazu...

Alejandro.- Berehala, bere-berehala egin behar den gauza da. Surmurrak indar gehiago hartu baino lehen.

(Atzera bultzatuz. On Braulio ere atze aldera joaten da)

On Roman.- Baina, ez didazu esan behar...

Alejandro.- Gero, guztia esango dizut. "Taim is money". Gauza hauek berehala egin behar direnak dira.

On Braulio.- Egia esaten du.

Alejandro.- Bai, bada; azkar, lasterka etxearen izena betiko goitasunean jartzera.

On Roman.- Baina...

Alejandro.- Orain, oraingoa. "Taim is money".

On Braulio.- Goazen bai.

(On Roman eta On Braulio atzetik joaten dira)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org