 |
|
 |
 |
|
Lenengo Egintza
(Lasarte’ko urian Ramuntxo’ren etxeko beko bizitzan ezkaratza. Eskuiko txokoan sukaldea, bertan erratilo batean zerbait jaki. Erdian mai bat, mai zapia jarrita, bere gañean txali (platera) zali (kutxaria) eta sagardo txarro bat. Atzeko aldian ate bat, bera irikitzean kale ta landa zerbait agertzen dala. Leyo bat. Eskuyean barrengo geletara joateko ate bat. Ezkaratzari dagozkion etxe-tresnak. Argi-ontzi bat pixtua. Gañerakoan irudi-zuzendariari deritzaion bezela. Gaba da).
Lenengo Irudia I
Pantxika ta Ramuntxo
(Ezkuta-zapia igotzerakoan Ramuntxo atzeko atetik sartzen da).
Ramuntxo.- Ama: aparia gertu al dago?
Pantxika.- (Maya jarria erakutsiaz).- Etortzen ikusi baindutan ere, ez ukan gertuago egongo... Ateratzera niak, eta exeri adi.
Ramuntxo (Mai ondoan exeriaz).- Ler egin det. Logaleak berriz iya erori naiz... eta ala ere eguna argitu baño len jeiki bear...
Pantxika (Naigabez).- ¿Gaur ere bai?
Ramuntxo.- Bai, ama: gaur ere bai.
Pantxika.- Baña, mutil...
Ramuntxo.- Zer nai du bada. Itz eman det eta...
(Pantxika’k aparia atera dio, ta Ramuntxo apaltzen asten da).
Pantxika.- Itz eman dekala... (Sukalde ondoko alki batean exeriaz). Aste ontan bertan onenean, soldaruzkara juan bearko dek. Iru urte luzean -ama batek bakarrik zekik zein luzeak izango diran- arrisko gogorren artean ibilli bearko dek, nere ondotik urruti, nere begiak iritxiko ez auten tokietan, nere biotzaren urrean egon arren. Eta, orain, nere ondoan eukitzez aseko ez nitzaken garai tamalgarri onetan, baoakit egunez, baoakit gabaz...
Ramuntxo.- Ama, etzaitia orrela atsekabetu, zure negar-marraskak barrena zauritzen didate ta.
Pantxika.- Ongi diok. Une onetan ez diat geyago garraztu bear ire zoria.
Ramuntxo.- Ez dizut orrengatik esan...
Pantxika (Izketa batetan aldatuaz).- ¿Gaur gabean zer igaro bear dezute?
Ramuntxo.- Seda ta terziopeluak.
Pantxika.- ¿Nor zuazte?
Ramuntxo.- Betikoak: Itxua, Arroxko, Florentino ta Iraola bi anayak. Beti bezela Itxu’en gain goaz eta Frantzirakoan tabakua eramango degu.
Bigarren Irudia II
Lengoak eta apaiz jauna
(Apaiz jauna, gainjantzi (manteo) ta txapel luzearekin, atzeko atetik sartzen da).
Apaiz jauna.- Jaungoikuak gau ontxo bat dizutela.
Pantxika.- Baita beorri ere.
Ramuntxo.- Ongi etorri.
Pantxika.- Aurrera, aurrera, apaiz jauna, eguraldia ez dago ate ondoan egoteko ta.
Apaiz j. (Sartuaz).- ¿Bañan zer da au? Exertzera bereala; ta ik, Ramuntxo, aparitan jarrai zak.
(Apaiza agertzerakoan, ama semeak altxatu dira, ta orain berriro exeri, ta Ramuntxo’k apaltzen jarraitzen du).
Pantxika.- Gizarajoa zutik ezin dago. Jaungoikoak, orain arte, osasun ona eman dio; bañan, orain daraman bizikerarekin galduko ez ote duen ere, bildur naiz.
Apaiz j..- Ez dezu gauz oietan oldoztu bear. Jaungoikoa ez da onaz beñere aztutzen.
(Pantxika’ren aldamenean exertzen da).
Olazabal zarra orain ikusi det. Gizarajoa ez dago ondo. Ez dakit zer ikusteko gauden... Gero, emendik igarotzerakoan, gogoratu naiz zerbait esan bearko zenidala ta...
Pantxika (Ixil antzean).- Asko, jauna. ¡Ainbeste gauz esan nai nizkioke! Ramuntxo oyeratzen danean pixka batean gelditu al baledi.
Apaiz j..- Nai dezun guzia. Nere apari-legea eginda etxetik irten naiz, eta alderdi orretatik ez daukat lastertu bearrik...
(Ramuntxo logaleak menperatu du, ta burua beso gañian jarriaz lo gelditu da, Zurrunka txiki batzuek egiten ditu).
Baña, zaude... Mutil ori loak iya artu du.
Pantxika (Altxa ta Ramuntxo’gana juanaz).- Iya... ez, jauna: oso osorik.
(Ramuntxo bultzatuaz) ¡E!... ¡Ramuntxo!...
(Ramuntxo erdi izutua esnatzen da).
¿Apaiz jaunaren aurrean ez al zera lotsatzen?
Ramuntxo.- Azketsi jauna,... bañan, zera... bart ez nuen begirik itxi ere ta...
Apaiz j..- Bai, mutil, bai. Loari berea eman bear zaok.
Pantxika.- Ua oyera, ua. Utzi dekan aparia, gero, bidean jateko, eorrekin eramango dek.
Ramuntxo.- Obe izango da... Gabon, apaiz jauna.
Apaiz j..- Agur, eta ondo lo egin.
(Ramuntxo eskuitik joaten da.)
Irugarren Irudia III
Pantxika ta apaiz jauna
Pantxika (Ramuntxo’ri ateraño lagundu dio, ta arrek alde egindakoan, apaizaren aldamenera biurtuko da).- Bart, zaldi batzuek pasatzen izan ziran eta eguna argitu ta gero etxeratu zan. Eta orduan oyeratzeko ordez, enparantzara, dantzara joan da, gero pelotan jokatzera; ta orain lotura batzuek ekartzera joateko bereala jeiki bear du. Esan bezait au dan bizitzeko itxura.
Apaiz j..- Ez dezu orrela zure burua estutu bear.
Pantxika.- Alako ederki, nere semea arotz ikasten jarria neukan; eta Itxua, zoro orrek, aroztegitik atera, ta arriskoko bizikera onetan jarri dit. Nere abotik biraurik irten al baledi, guziak Itxua’ren gain joango lirake. ¡Nork esan bear zidan! ¡Nere Ramuntxo kontrabandixta!
Apaiz j..- Begira zazu, Pantxika: gure artean kontrabandoa da gauz bat iñor lotsatzen ez duena, Euskaldunai jatorriz datorkigu, odolak ematen digula dirudi... ta gañera, ori da pekatu bat, Jaungoikuak karabineruak baño errexago barkatzen duena.
Pantxika.- Ez det ezetzik esango, nere aita ere kontrabandixta zan da. Bañan, nik daramazkidan gau kezkatsu abek...
Apaiz j..- Nere aita ere, zurea bezela zan: kontrabandixta. Bañan, ziur nago, zeruan sartzeko ez zuela ur beinkaturik ere artu bearrik izango. Kontrabandixta, bai; baiñan iñon dan gizonik zuzen, zorrotz, zintzoena zan.
Pantxika.- Bai, Jauna, bai.
(Ateko irriñartetik eta leyotik tximisten argitasuna ikusten da, ta urruti-ekaitzaren burrunbak entzuten dira.)
Beorrekin egon nai nuke, baña eguraldiak geroago ta itxura txarragoa dauka.
Apaiz j..- Ez dezu orrengatik naigabetu bear. Nere etxea ez dago urruti; ta gañera, oraingo gazteak bezela, nik gabardina deitzen diyodan jazki au bizkar gañera bota det, eta ez dago bildurrik. ¡Nere jazki zar onen gañera erori diran eudi jasak!... Onen gañera, ta nere gañera ere bai. Bata ta bestea oituak gaude beaz, eta ekaitzaren ajolik gabe nai dezuna esan zenezaidake. Bañan, badakit, Ramuntxo ta Itxua’z itzegin naiko didazula.
Pantxika.- Ez, jauna. Atzo arte Itxuak naigabetzen ninduen. Gaur, ez ainbeste. Beorrek dakien bezela, Ramuntxo, egun gutxi barru, soldaruzkara joango da, ta Itxuak etxe ontakoak egingo ditu.
Apaiz j..- ¡Gizarajoa! Itxuarekin latzegia zaude. Zure semea oso maite du, ta besterik ez bada, orrengatik bakarrik barkatu bear zenioke. Gañera, ain da jostallu, alai, pozgarria..., nik oso gogokoa det. Baña, goazen; ikusten dedanez, ez didazu oyetzaz itzegin bear.
Pantxika (Beldurti).-Ez, Jauna.
Apaiz j..- ¿Zutzaz?
Pantxika.- Bai, jauna. Nitzaz... eta Dolorex Detxarri’tzaz.
Apaiz j..- ¿Zer da? ¿Bere alabari ez al dio uzten Ramuntxo’rekin ibiltzen?
Pantxika.- Oraindikakoan, bai; baña gogo txarrez. Eta nere semeak emendik alde egindakoan zer egingo ote duen bildur naiz. Badaki, Ramuntxo oso txoratua dago... neskatxak ere nai dio... ta zerbait gertatuko balitz... nere seme gaizoaren biotza zauritu lezaken zerbait...
Apaiz j..- Goazen, goazen, txorakeri oiek utzi itzazu alde batera.
Pantxika.- Orrelakorik gertatuko balitz, nigatik izango litzake, nigatik.
Apaiz j..- ¿Nola?
Pantxika.- Bai, jauna, bai. Dolorex’ek ez du Ramuntxo gorrotatzen beragatik, nere semea dalako baizik... (Lotsaturik) Nerea... ta beorrek dakien beste arrena. (Zotinka).
Apaiz j..- ¡Beti gauz bat! Oker zaude, Pantxika, oker zaude. Amabost urtean daramazun kristautasunezko bizikerarekin zure obena garbitu dezu. Jaungoikoak noski barkatuko zizun. Orretzaz aztu bear dezu bada, guztioi aztu zaigun bezela.
Pantxika.- Guztioi, ez: Dolorex’i ez zayo aztu.
Apaiz j..- Zure itxura gabeko kezkak dira oyek. Egia da, Dolorex setatsua ta latz xamarra dala, bañan emakume elizkoi ta ona da; ta bere garayan neroni bitarteko jarriko naiz, bi gazteak zorionekoak izan ditezen.
Pantxika.- Eskerrik asko, jauna,... bañan Dolorex’ek...
Apaiz j..- Dolorex’ena egingo degula esan dizut, eta gai orretzaz ez daukazu ezer geiago esan bearrik.
Pantxika.- Ala da; baña, badaukat kezka bat...
Apaiz j..- ¿Zer, gero?
Pantxika.- Gau askotan... edo garbiago esateko, gau guzietan, kezka batek lorik egiten ere ez dit uzten.
Apaiz j..- Zer dan, jakin zagun.
Pantxika.- Ama baten naitasun berekoiak ez dio uzten bere semeagandik aldendutzen; eta orrela daukat nerekin Ramuntxo. Txiro ez-jakin, ogi puska batentzako irabaziko badu, arrisko artean ibilli bearrik. Beste... gizon arrekin utzi izan banu, uri aundian, ezeren bearrik gabe, zorionekoa izango zan onenean...
Apaiz j. (Altxiaz).- Gaizki zuaz bide orretatik, Pantxika, oso gaizki. Emen, zure aldamenean, Ramuntxo izango da zuk nai dezun bezin txiro, ez-jakin, eta baita ere kontrabandixta... ¿Ori da noski geyena minberatzen zaituena?
Pantxika.- Ez, jauna; orrenbesteraño ez.
Apaiz j..- Bañan euki ezazu gogoan, zuk erakutsi diozun kristautasunezko, fede atseginkorrarekin, emen, gure artean galdu ez lezaken siñespen biziarekin, ludiko aberastasun guziakin baño zoriontsuagoa izango dala. Gure erlijio doneak egiten dizkigun eskeintzetan siñestea, aberastasunik naigarriena orixe da.
Pantxika.- Ala da, jauna.
Apaiz j..- Eta gai onetzaz naikoa itzegin degula iduritzen zait. Bigar ere etorriko natzaizu, ta zerbait geyago itzegingo degu. Bitartean, kezkak utzi alde batera, ta ez eman buruari alperrikako lanik.
Pantxika.- Alegiñak egingo ditut.
Apaiz j..- Ekaitza gañean izan bear degu, ta nere ezur igartuak etxeratzera nua.
Pantxika.- Nere euritakoa emango diot.
Apaiz j. (Manteoa erakutsiaz).- ¿Zertarako? Esan ez dizut bada, bizkarrean daukadala gabardina?
(Berriro tximistak eta eudi-ots aundia).
Pantxika.- Eudi asko ari du, ta euritakoa obe du artu.
Apaiz j..- Ekarri zazu bada, ekarri. Bestela, zuregatik apaiza busti dala, or egongo zera kezketan gau guzian ta.
(Pantxika’k euritakoa ekartzen dio, ta Apaiz jaunak sotana pixka bat jaso ondoren artzen dio.)
Eta orain, esanak esan, kezka guztiak baztarreratu, barren ori lasaitu, ta Jaungoikoaren itzalpe atsegiñean gau on bat igaro.
Pantxika.- Baita beorrek ere.
Apaiz j. (Atean euritakoa zabalduaz).- ¡A zer gaba jarri duen! ¡Au eudi jasa! ¡Orain erori dan tanto batek, a zer kankarrekoa eman didan! Bigar arte bada, e.
Pantxika.- Bijoa ondotxo.
(Apaiz jauna atzetik juaten da.)
Laugarren Irudia IV
Pantxika, geroxeago Itxua atzetik eta gero Ramuntxo eskuitik.
(Apaiza joaten danean, Pantxika aurreratuko da, maya jasoko du. Ramuntxo’ren apari kondarrak zapi batean bilduko ditu; ta argia artuta eskuirontz asiko da.)
(Une onetan, txixtu zorrotz eta luze bat, kanpoan alde xamarrean egiña entzuten da.)
Pantxika (Arritu ta naigabetua).- ¿Dagoaneko? ¡Loak, oraindik, doi doi artuko zuen da!...
(Beste txixtua entzuten da. Pantxika’k argia berriro bere tokian utzi, atzera joan ta atea irikitzen du, Itxua agertzen da.)
Aurrera, Itxua, aurrera.
(Itxua geldirik.)
Ez nuen uste orren laster etorriko ziñanik.
Itxua (Atetik).- Ordua aurreratu bear izan degu. Badakizu onelako ekaitz igarokorrakin zer gertatzen dan. Gutxiena uste danean, illargiak bere gazta Plandes’koen arpegi zuria agertzen digu; ta orduan gureak egin du. Orrengatik alik eta lasterren ibilli bear degu.
Pantxika.- Bañan, gizona: ¿Zer egiten dezu or, atean jarrita? Sartu zaite, ta itxi zazu atea.
Itxua.- ¿Sartu?
Pantxika.- Sartu, bai, ta itxi; garbi asko esan dizudala uste det.
Itxua.- Sartu... bai, sartuko naiz; bañan, itxi...
Pantxika.- ¿Nere bildur al zera bada?
Itxua (Oso patxaran).- Bai, andria. (Sartzen da.)
Pantxika (Parrez).- Orren ikaragarria al naiz bada?
Itxua.- Neretzako, bai; ez da karabinerorik zuri aña bildur diodanik.
(Pantxika’k par egiten du.)
Par egin zazu, bai; bañan, Pantxika, zuk ez didazu ondo nai; ta ez didazu ondo nai, oker zaudelako. Zuk uste dezu, Ramuntxo ibillera abetan nik sartu dedala, ta ez da orrela. Mutilla, bera bakarrik sartu da. Aurrak ttapa-ttapa amaren magalera joaten diran bezela, ori ere bere kaus, barrengo griñak bultzatzen zuen lanera joan da. A! ta kontrabandixtetan bikañenetakoa da. Azkarra, bizia, kementsua, arriskorik estuenetan bare aundikoa, nekea zer dan ez dakiena. Orrek kontrabandoa sartuko luke... baita karabineruen sudur zulotik ere.
Pantxika.- ¿Asko maite dezu, e?
Itxua.- ¿Maite dedan? Nik ama izan bear banu, semetzat ori eskatuko nuke.
Pantxika (Parrez).- Bai, bai; orain ere, zuri, neri baño geyago entzuten dizu.
(Eskuiko atetik deituaz) ¡Ramuntxo!... Ibilli adi azkar; Itxua emen dek eta.
Itxua.- Ai zazu, Pantxika, ta... ¿gaur zer santu dan jakin al liteke?
Pantxika.- ¿Zergatik gero?
Itxua.- Etxe ontan egin dan mirariaz nori eskerrak eman jakiteagatik.
Pantxika.- ¿Zer bada?
Itxua.- Beñere ez bezela, nerekin oso atsegintsu zaudelako.
Pantxika.- Zuzen zaude. Santu bati aldaketa ori zor zayo. Baña santu ori ez da oraindik aldaretara iritxi.
Itxua.- Berria izango da ta.
Pantxika.- Ez da berria, zar xamarra baizik. Erriko apaiz jaunari aldaketa au zor diozu.
Itxua.- ¡A! Apaiz jauna! Ori da gizona, ori. Bizi bizirik zeruen erdian dago.
Pantxika.- Ez dakizu ongi.
Itxua.- Prantzi aldi orretan, apaiz-jantzi oyetako bat arkituko banu, pozik ekarriko nioke.
Pantxika.- Ez lizuke artuko. Txoraturik ez badago bada, bere gabardina deitzen dion orrekin.
Itxua.- Txinixten dizut. Len ekarri nion sedazko txano bat ¡polita gero!, bere koxkabillo batera ta bestera eroriaz, eguraldi ona edo txarra adierazten zuenarekin. ¡Eta ez zuela artuko ez zidan esan bada! An ikusiko ginduzun, arrek ezetz eta nik bayetz. ¡Iya burrukan asi giñan biak!
Pantxika.- Zuk esateko ez da asko.
Ramuntxo (Eskuitik sartuaz).- Txixtuak entzun nituen. Nai dezunean joango gera.
Itxua.- Goazen bada. Al dana aurreratu dezagun.
Pantxika (Zapian bildutako apari kondoa Ramuntxo’ri emanaz).- Ar zak, seme, ta bidean jango dek.
(Itxua’ri).- Eguraldi txarra daramazute. Gaba oso illuna dago.
Itxua.- Ori bear degu bada. Zenbat eta illunago, obe. Illuntasun batek bakarrik ikaratzen gaitu: karabineruen kopet illunak.
Ramuntxo.- Agur, ama. Gero arte.
Pantxika.- Agur, seme. Ondo ibilli.
Itxua (Pantxika’ri).- Jakiñen gañean egon zaitia, apaiz jauna beti sudurrari teinkata ari dala, purrukatu bear duela; bañan nik Prantzi’tik berri bat ¡onlakoa! ekarriko diodala.
(Ramuntxo’ri) ¡Goazen!
Ramuntxo.- ¡Goazen!
(Biyak atzetik alde egiten dute. Oso illuna dago; aize ta eudi-ots aundia. Pantxika guztiz tamal, ateari elduta, besteak juan diran aldera begira gelditzen da.)
EZKUTA-ZAPIA JEXTEN DA
LENENGO LAUKIAREN AMAIA
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |