Bigarren laukia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Ramuntxo »  Bigarren laukia

Bigarren Laukia




Lasarte’ko enparantza. Ezkerrean eleiza, bere sarrera egokiarekin. Eskuiean sagardotegi bat, atarian zurezko mai ta alkiak dituela. Gañerakoan etxe, zugatz eta baratzak. Erdian, aurre aldean exertoki bat. Egunez da.



Lenengo Irudia I



Ramuntxo, Itxua, Arroxko ta Florentino. Sagardua eranaz, sagardotegiko aulkietan mai aurrean exeriak.

(Ezkuta-zapia igotzerakoan eleizako ezkilla entzuten da. Meza nagusia orduantxe amaitu da, ta gizon eta emakumeak eleizatik irtetzen dira. Geroxeago Udala irtetzen da, ta Txistulariak “Alkate soñua” joaz aurretik dituela, alde egiten dute. Azkenik, ikastetxe bateko nexkak beren lekaimearekin eleizatik irten eta atze aldetik joaten dira. Ezkilla ixiltzen da.).

Itxua.- Ai zak, i, Arroxko: gaur sagardoari bildurra diokala dirudik.

Arroxko.- ¿Sagardoari? Ez gaur eta ez beñere. Baña, Ramuntxo’ren joan bear orrekin gogabetua niok.

Florentino.- I ta guztiak. ¡Nork esan emendik ordu batera gurekin izango ez dala!

Arroxko.- Bigarko pelota jokuan, nere lagun ikusiko ez dedala.

Itxua.- Eta gabian, gurekin Prantzi aldera joango ez dala.

Florentino.- Makiña bat aldiz itzaz gogoratu bear diagu.

Ramuntxo.- Bai ni ere zuetzaz.

Itxua.- Gure etxean bazekiat, katuak ere negar egin bear duela.

Ramuntxo.- Gai orretzaz naikoa itzegin diagu, ta eran zagun orain bartko zoriona jaitzeko.

(Guztiak eraten dute.)

Itxua (Ramuntxo’ri).- Ta, aizak i, Ramuntxo; joatekoan, ¿ire naitasun oyek nola uzten dituk? ¿Maritxo’k zer asmo dik?

Ramuntxo.- ¿Zer asmo nai dek izatea? Ni soldaruzkan naizen bitartean itxoin; eta gero, amak uzten badio, nerekin ezkondu.

Arroxko.- Nere amak naiko ez duela, jakiña ziok, Jendeen berriketak burua berotu ziotek, eta ez aiz bere gogokoa. Bañan ez dek orrengatik larritu bear. Nere arrebak maite au, ni ere ire alde izango nak, eta zer edo zer egingo diagu.

Itxua.- ¡Mutillak! Bazenekite onen amari belarri ertzera egi batzuek esateko zer gogoa daukadan. Eztarri zuloan sartuak zeukazkiat, eta botatzen ez baditut ito bear diat. Bañan botako dizkiat, eta entzungo zizkiak. Ramuntxo’ri dion gogo txarra, gaizki arkitzen diat.

Arroxko.- Nere ama orrelakoa, dek, eta orrelakoa izango dek. Bestela... ¿non arkitu nere arrebarentzat Ramuntxo bezelako senargairik?

Itxua.- Ezta Petrikillo’ri berri bat aginduta ere. Ta gañera ¿berak alkarganako naitasunaz irrikitzen ez zioztik? ¡Utzi bada zorionekoak izan ditezen! Ara! Txinixtu zazute. Ire ama arkitzen badet, entzun biar zizkiak bereak eta bi.

Florentino.- Lengoan ere, ori bera esan ukan.

Itxua.- Lengoan eta beti. Eta ori, nik ikusten dedan une berean, nere begien aurrean jartzen dan bezin laster.

(Dolorex, Justina ta Ana Mari’rekin, elizako ateetan azaltzen da.)

Florentino.- Ara bera, eleizako atean. Eldu akiyok. Orain dek garaya.

Itxua.- Ala dek; baña, Justina ta Ana Mari’rekin zetorrek, eta nik berari bakarrik esan nai ziozkat... eta bakarrik arrapatuko diat... eta, nai badu, ta nai ez badu, entzun biarko zizkiak.

Florentino.- Ni, bi lagunakin izketan geldituko nak, eta andre Dolorex, bakarrik utziko diat. ¿Nai al dek?

Itxua.- ¡Ez, gizona, ori ez! Ori, gauza bere onetik ateratzea izango ukek. Eta nik, bere kaus, ondo datorrenean nai diat.

Arroxko (Ramuntxo’ri).- Ramuntxo: ez adi larritu; ni, beti, ire alde izango nak.

Ramuntxo.- Bazekiat.

Itxua.- Esan nai ta ezin esan onek, barren guzia kixkaltzen jarri ziak. Apaltzen ote naizen, ekatzute sagardo pixka bat.

(Guztiak eraten dute.)



Bigarren Irudia II



Lengoak. Eleizatik Dolorex Detxarri, Justina ta Ana Mari.

Dolorex (Bere lagunari).- ¿Ikusi al dezute, Pantxika orrek zer aundikeri itxura bere buruari eman nai dion? Meza guzian, ez digu bein bakarrik ere begiratu.

Justina.- Ori esan.

Irurak.- Uuuum...!

Ana.- Eta, ikusten danez, ez du atera nai izan, gurekin ez arkitzeagatik.

Dolorex.- Edo otoitz asko egin bearra duelako... ¡Bere obena ain aundia izan zan!

Irurak.- Uuuum...!

Justina.- Madritarren batekin izan omen zuen.

Dolorex.- Bai, noski; ta ziotenez aberatsetakoa zan.

Ana.- Eta orretaz itzegiten asi geran ezkero, ta sagardotegiko aurrean ikusten dedana ikusi ondoren... (Lenbizi Ana’k eta urrena beste biyak Ramuntxo dagon tokira begiratzen dute) gauza bat esan nai nizuke.

Dolorex.- Badakit zer esan nai didazun. Nolatan utzi diodan Maritxo, nere alabari, itzegiten eta igandetan dantzatzen... emakume orren semearekin, oben ale zorigaiztoko orrekin.

Ana.- Bai, bada.

Justina.- Maritxo bezelako nexka elizakoi batean ez degu ondo arkitzen.

Dolorex.- Lasaiegia izan naiz, ezagutzen det; bañan, gure Jaungoiko onak lagundu dit orain, beti betiko ibillera lotsagarri oiek amaitzen, eta amaituko ditut.

Ana.- ¿Egietan?

Dolorex.- Bai. Esan didatenez, soldaruzkara dijua, ta Aprika’rako erori omen da.

Justina.- Baña, biurtu liteke...

Dolorex.- Bai. Iru urte barru; ta iru urtean ainbeste gauza gertatu litezke...

Irurak.- Uuuum...!

Ana.- ¿Maritxo, nola ez da etorri?

Dolorex.- Birjiñari eskeintzeko, lore batzuek antolatzen gelditu da. Baña, goazen emendik, emakume ori irten baño len. Ikusi utsarekin, gorputz guzian otz-ikara sartzen zait.

Justina.- Ongi diozu. Guazen.

Irurak.- Uuuummm...!

(Eskuitik juaten dira.)



Irugarren Irudia III



Lengoak (Dolorex, Ana Mari ta Justina ez besteak)

Itxua.- ¿Ikusi al dezute? Ez zigutek begiratu ere.

Ramuntxo.- Ni emen negolako.

Itxua.- Bai, zera; neregatik izan dek. Orrek onezkero ezagutu dik, berari zerbait esan nayean nabillena. Orrengatik joan dituk ain azkar.

Florentino.- ¡Ain azkar! Asti ederra egin ditek ba. Emen egon dituk beintzat Uuuum...! Uuuum...! (Emakumeen antzera) ¡Organua ziruditekan!

Itxua.- ¿Organua? Elizan dagona, nik kontrabandoan pasia.

Florentino.- ¿Organua’re bai?

Itxua.- Eta apaizik gabe gelditzen geran egunean, azkar beste bat ekarriko diat.

(Itxua ta Florentino atze aldera joaten dira.)

Arroxko.- Ai zak, Ramuntxo: soldaruzkatik biurtzean lenbiziko partidua alkarrekin jokatu bear diagu. Biak lagun gerala.

Ramuntxo.- Asmo ori nikan neronek ere.

Florentino (Eskuira begiratuaz).- ¿An datorren ura ez al da Maritxo?

Itxua.- Bayetz esango nikek.

Arroxko (Atze aldetik eskuira begiratuaz).- Nere arreba dek, bai.

Ramuntxo.- Asarretuko ez dala baneki, azken-agurra orain egingo niokek.

Arroxko.- Zer asarretu biar dik; berak ere ez dik besterik naiko ta.

Ramuntxo.- Bai; ta gero amak, nerekin bakarrik egon dala, jakiten badu?

Arroxko.- Bakarrik ez, ni emen niok eta.

Itxua.- Ta ni, ta au... Bañan irurak barrenera sartu biar diagu, gure bearrik ez ditek eta.

Ramuntxo.- Bakarrik utzi bear al nazute?

Florentino.- ¿Izutuko ote aiz bada?

Itxua.- Barrenen itxoingo diagu.

Ramuntxo.- Baña...

Itxua (Atetik).- Eta ez daukak lastertu biarrik. Egon nai dezuten guzia.. ¡Emen dek!

(Irurak sagardotegian sartzen dira.)



Laugarren Irudia IV



Ramuntxo ta Maritxo

(Maritxo lore xorta bat eskuan duela eskuitik sartzen da. Eleiz aldera dijua. Ramuntxo bidera irteten zaio ta gelditu-azitzen du.)

Ramuntxo.- Maritxo...

Maritxo (Alai ta maitekor).- ¡Ramuntxo!

Ramuntxo.- ¿Eleizara al zuaz?

Maritxo.- Eleizara, Ama Birjiñari lore abek eskeintzera. (Geldi aldia.)

Azken-agurra egitera etorriko zintzaidala, banekien.

Ramuntxo.- Azken-agurra egitera, ta, bidez, zuri berri on bat ematera.

Maritxo.- ¿Zer berri da ori?

Ramuntxo.- Montevideo’ko nere osaba Inazio aberatsaren eskutitz bat atzo artu nuen.

Maritxo (Pozik).- ¿Eta zer dio?

Ramuntxo.- Bere landetan lan asko daukala, neurrigabeko soroen jabe dala, zaldi talde aundiak ditula... semerik ez duela, ta ni, neskatxa gipuzkoar bat emaztetzat dedala joango banitzaio, biak seme-alabatzat artuko ginduzkela... nere ama’re gurekin etorriko litzake... ta orduan Ramuntxo zerbait izango litzake... ez oraingo kontrabandista txiroa, ez oraingo pelotari motela, zerbait geyago baizik... eta orduan zure amak ezkontzeko baimena emango liguke. ¿Etzera iritzi orretakoa?

Maritxo.- ¡Amerika!... ¡Zer zoriona!... Itxaso zabala igaro, erridi urrutiko ayek ikusteko... (Geroago ta sutsuago) Joango gera, zure osaba Inazio’rengana; gero nere lengusuen etxera, Montevideo’ko mugan bertan dute landetxe bat eta...

Ramuntxo.- ¡Juango gera!... ¡Juango gera! esan dezu... ¿Nerekin ezkondu nai dezu beaz?

Maritxo (Tolesgabe).- ¿Ez al zenekien?

Ramuntxo.- Bai, baña, zure aotik entzun nai nuen. Gaur bezin argi ez didazu beñere esan. (Geldi aldia.)

Adi zazu, Maritxo, ¿zure amak utziko ote digu?

Maritxo (Saminki).- Nere amak... Beñere ez det kemenik izan zutzaz itzegiteko... bildurra diot... baña, orain, zu joandakoan ezerengatik ez dit ajolik... itzegingo diot; eta, entzun zazu ondo, nai ez badu, zu zatozenean, dana dala, zuk nai dezuna egingo det. Gai onetan bakarrik ez det amaren agindurik beteko.

Ramuntxo.- Zer erantzuten dizun idatziko didazu beriala. ¿Ez da ala?

Maritxo.- Idatziko dizut al dedan guzian.

(Ramuntxo’k eskutik artuta Maritxo exer-tokira eramaten du. Biak exertzen dira.)

Ramuntxo.- Soldaruzka amaitu arte, ez dakit joan-etorri bat egiten utziko ote didaten... Ez det uste; ta, Maritxo, bazeneki... bildur naiz...

Maritxo.- ¿Bildur?

Ramuntxo.- Bai. Iru urterako joan biar det... Emendik urruti iru urte... zu ikusi gabe...

Maritxo.- ¿Zeren bildur zera?

Ramuntxo.- Neronek ere al dakit. Zure etxean ainbeste moja izaten da... Zeorrek ere, moja-etxera juan gabe egun gutxi uzten dituzu... Maritxo, egia esaidazu... ¿mojetarako zalerik al dezu?

Maritxo.- Beren abestiak poztutzen naute, beren aldare loretsuak, beren etxe txukunak, ez dakit zergatik, bañan atsegiñez betetzen naute. Alare, ez; ez dezu bildurrik izan bear... Zu galduko bazindut, orduan, onenean... ez, gaizki esan det; onenean ez, ziurki moja joango nitzake... Baña, bitartean, lasai egon zintezke.

Ramuntxo.- Ori nai nuke.

Maritxo.- Gañera badakigu, alde egin bear au, nai ta naiezkoa dala.

Ramuntxo.- ¡Nai ta naiezkoa!... Neretzat ez da nai ta naiezkorik, zure naitasuna besterik... ta, zuk nai bazenu... ausartzen baziña...

Maritxo.- ¿Zer esan nai dezu?

Ramuntxo.- Erokeri bat bururatu zait... baña, erokeri ori ¡ain ederra da!

Maritxo.- ¿Zer gero?

Ramuntxo.- Zuk nai bazenu, bereala biok Amerika’ra joan gintezke... Nik soldaruzkari iges egingo nioke... Itxuak lagunduko lidake...

Maritxo.- Bañan, orduan, betiko aldendu bearko genduke. Euskalerriko lur maite onetara ezin geyago etorri gindezke, gure naitasuna loratu dan toki zoragarri abek ezin geyago ikusi genitzake...

Ramuntxo.- Egia diozu; ezin liteke, ez...

(Geldi aldia. Gero samintsuago).

Orduan, joango naiz. Maritxo,... agur.

(Biak altxatzen dira).

Maritxo.- ¿Ordua al da?

Ramuntxo.- Bai; bereala joan bear det. (Maiteki) ¿Nitzaz asko oroituko zera?

Maritxo.- ¡Oroituko naizen!... ¡Iru urte!... Mendiko zugatzak iru aldiz loretzen ikusi... Gure soro ugaritsuak iru negutan elurrez zurituak nabaitu... ¡Ta zu ikusi gabe!

Ramuntxo.- Nere biotza emen gelditzen zaizu.

Maritxo.- Nerea zuk daramazu, eguzkiak kixkaltzen dituen lur legor ayetara.

Ramuntxo.- Juan bear onek, samintasun aundia nere barrenean sor-arazitzen du; bakarrik, biurtuko naizen itxaropenak poztasunezko errañu bat azaltzen dit.

Maritxo.- ¡Poztasun ori ain urruti dago... ta ain alde samintasuna!

Ramuntxo (Biotz-ikarak abotsa iya itoan).- Agur, Maritxo, agur. (Eskutik elduaz) Iru urtean ez zaitut geyago ikusiko.

Maritxo.- Azken agurra emen ez. Atoz nerekin elizara, ta Ama Birjiñaren oñetan egingo degu.

Ramuntxo.- ¿Besotik eltzen utziko didazu?

Maritxo.- ¿Zergatik ez? Iñork ez gaitu ikusten... Senar-emazte gayak bezela sartuko gera.

Ramuntxo.- Geran bezela.

(Alkarri besoa emanta eleizara dijoaz. Dolorex ezkerretik azaltzen da).



Bostgarren Irudia V



Lengoak eta Dolorex. Gero Pantxika

Dolorex (Oso asarre).- ¡Banekien! (Sutsu) ¡Maritxo!

(Dolorex’en abotsa entzutean biak izoztuak geldituko dira, ta pixkanaka besoak azkatuko dituzte. Eleizako atean Pantxika agertzen da, ta, aurreratu gabe ta bestiak ikusi gabe, entzuten gelditzen da).

¿Ramuntxo’rekin nora zinjoazen?

Maritxo.- Eleizara.

Dolorex.- ¡Eleizara!... Gizon baten besotik eleizara... ¡Eta zer gizon!

Pantxika (Ezin egonik aurreratuaz).- Gizon ori bezin on eta zintzoa etxe done onetan besteren bat sartuko zan. Oberik, ez.

Dolorex.- ¡A! Ikusten dedanez, oyen zai zeunden, e? Ikustaldi au, zerorrek antolatua izango zan onenean. Zure aurreroko gertaerak jakinda, ez da arritzekoa, nolabaiteko ibillera abek zuri ondo iruditzea.

Ramuntxo.- Andre Dolorex, ori ez; nere amari...

Pantxika (Ixil-araziaz).- I, ixilik!... Errua nerea bakarrik izan ukan, atsekabe garratz onek nerea bakarrik izan bear dik.

(Dolorex’i oso apal) Dolorex: entzun zaidazu. Bi aur gaxoen zorionaren tartera, zuk ezin garbitu litekela uste dezun zoritxar bat erantsitzea, ez da gauza zuzena; kristau bati dagokiona, gutxiago. Bota itzazu nere gain, nai dituzun mukerkeriak, sortu zenitzaken irau zorrotz eta latzenak; baña, utzi zayozute oyei.

Dolorex (Isekaz).- ¿Utzi, e? Bear bada, oyen arteko naitasunak gauza egokitzat dauzkazu. ¡Nork daki ezkonduko dirala ere ez ote dezun amets egin!

Pantxika.- ¿Zergatik ez? Ia besteren batekin ezkontzen ote dezun... Saya zaitea.

Dolorex (Oso minberatuaz).- Bai, badakit bien artean oso zoratu didazutela... Bañan, ez da egingo zuek nai dezutenik. ¡Nere Maritxo kontrabandixta batekin, obendun baten semearekin ezkondu!... ¡Jaungoikoak bere beso kupitsuetan euki nazala!

(Zakarki) ¡Maritxo, goazen; goazen emendik!

(Maritxo’ri eldu, ta, gogorrean beregana eramanaz).

Maritxo.- ¡Agur, Ramuntxo!

Ramuntxo.- Soldaruzkara amaitzen dedanean, nere itza betetzera etorriko natzaizu.

Dolorex.- (Maritxo’ri bultzatuaz) Ire soldaruzkara amaitzean, ez dek Maritxo’rik arkituko.

(Biak eskuitik joaten dira).



Seigarren Irudia VI



Ramuntxo ta Pantxika

Pantxika (Lotsaturik eta erdi negarrez).- ¡Au lotsa! Egun gorrian, enparantza batean, emetxar bat bezela mokoka!

Ramuntxo (Kupitsu) Ama: nere joan bearreko samiña, zure espa atsekabeak garrazten didate.

Pantxika (Bere burua indartu nairik).- Egia diok, seme. Orain, beñere baño geiago nere indarren jabe egin bear diat.

(Malko bat txukatu ta besoak luzaturik galdetzen dio).

¿Eta zer? ¿Guzia eratu al dek?

Ramuntxo.- Eratu bearrik ain gutxi nuen.

Pantxika.- ¿Eta bai al ua?

Ramuntxo.- Orain bertan. Zalburdia bide gurutzean artuko det. Araño, Itxua ta lagunak nerekin joango dira.

Pantxika.- Ni ere bai.

Ramuntxo.- Zu ez, ama, zu ez... bide luzea da, ta nekatuko ziñake. (Iya negar egiñik) Gañera, negar egingo det, eta ez nuke nai lagunak ikustea... Par egingo lidateke. Azken agurra obe degu emen egin. ¡Ama ekatzu azkeneko besarkada!

Pantxika (Besarkatuaz).- ¡Nere biotzeko semea! (Negar egiten du).

(Sagardotegiko atean Itxua, Arroxko eta Florentino agertzen dira. Eleizako atean Apaiz jauna).



Zazpigarren Irudia VII



Lengoak, Arroxko, Itxua, Florentino eta Apaiz jauna. Geroxiago Erriko Gizaseme batzuek. Azkenean Maritxo.

Itxua (Ramuntxo ikustean).- ¡Ongi estutu, Ramuntxo, ongi estutu!

(Ramuntxo, lotsaturik, amagandik azkatzen da).

Ez dek orrengatik lotsatu bear. Ama bat zer dan bazekiagu; ta i ama-zulo aizela ere bai.

Arroxko.- Ramuntxo: ordua diagu. Zalburdia laister bide gurutzera iritxiko dek, eta Olaberria’k itxoiten ez duela badakik.

Florentino.- Oni bai, itxoingo liokek, baña trena galduko likek.

Ramuntxo.- Ongi diozute. Guazemak.

Apaiz j..- Ez; nik onetsi ta besarkatu gabe, ez.

Ramuntxo (Apaiz jauna eleizako atetik jetxiko da, ta Ramuntxo berari joaten zaio).- Apaiz jauna...

(Apaiz jaunak onetsi ta besarkatzen du. Gero Ramuntxo’k bere amari esaten dio).

Ama: etzera orain bakarrik gelditzen.

(Apaiz jaunari) Nik alde egin bitartean lagunduko balio.

Apaiz j..- Nere egitekoa ori dek.

(Erriko gizaseme batzuek etorri ta besteakin biltzen dira).

Pantxika.- Bañan, zergatik ez didate utzi bear, bide gurutzeraño joaten?

Apaiz j..- Ramuntxo’k ongi esan dizu, ¿Emen edo aruntzaxeago banatu zer esan nai du?

Arroxko.- Goazen, mutillak. Berandu dala.

Ramuntxo.- Agur, apaiz jauna... Agur, ama.

Pantxika.- Jaungoikoak lenbailen nere besoetara biurtuko al au.

Apaiz j..- Agur, Ramuntxo.

Itxua.- Zalburdian sartu baño len, ogei ta amar besarkada eman bear dizkiot: amabost zure izenean, eta beste amabost gurean... Ez, gaizki ari naiz: amabost zure izenean, bat gurean, eta beste amalabak Maritxo’renean... ¡A! Ta purrustada bat, andre Dolorex’en izenean.

Ramuntxo.- Goazen.

Pantxika ta Apaiz jauna ez besteak eskuitik joango dira. Pantxika ta Apaiz jauna, besteak joan diran aldera begira ta noizean bein agur egiñaz gelditzen dira. Azkenean pixka batean geldirik egongo dira, ta berriro agur egingo dute. Ramuntxo ta lagunak ageri ez dirala orretan ezagutzen da. Musu-zapiarekin agur egitez amaitzen duenean Pantxika’k begietara eramaten du ta negarrez asten da).

Apaiz j..- Goazen, Pantxika, goazen. Zure buruari gogor egin bear diozu. Okerrenera jo ta ere, iru urte laster joaten dira.

Pantxika.- Poz eta alaitasunean bizi diranentzako, bai, laster igarotzen dira. ¡Bañan, zeñen luzeak diran atsekabeko ordu zorigaitzak!

Apaiz j..- Lasaitu zaite pixka bat, emakumea. Oroitu zaite, zure naigabe au Jaungoikoak bialtzen dizuna dala.

Pantxika.- Bai, jauna, bai. Bañan, nere semearen joatea, ez da nere naigaberik aundiena. Birjiña Maria’ri biotz biotzetik eskatu diot, eta badakit biurtuko didala. Bañan, emen bildur naizena gertatuko balitz, ez biurtzea obe izango litzake.

Apaiz j..- Zure betiko setara, bazuaz orain ere.

Pantxika.- Emen bertan, aistian, Dolorex ta ni ikusi bagindu...

Apaiz j..- Gauz oiek aztu egin bear dituzu.

Pantxika.- Ezin det.

Apaiz j..- Otoi egin zazu. Gogoaren goiberetan, ez da otoitza bezelako sendagairik.

Pantxika.- ¿Otoi egin?... Ezin det, ezin. Dolorex D’etxarri’k gorrotatzen nauela badakit; eta nik nere semeari zorigaitza ekarri diot. Gaur, gaur neretzat, egiazko zigorkada asten da.

(Maritxo eskuitik sartzen da, ta Pantxika ta Apaiz jaunak ikusi gabe alderatzen zaye).

Apaiz j..- Jaungoikoagan izazu itxaropena. Ia alegin txiki bat, eta otoi egiten dezun.

(Pantxika’k ezezko keñuak egiten ditu).

Joan danaz gogora zaitea, eta otoitza zure ezpañetara azalduko da.

Pantxika.- Ezin ordea...

Maritxo (Pantxika’rengana joan eta bere aurrean belaunikatuaz).- ¿Eta nerekin otoi egingo dezu? ¿Nerekin?... ¿Zure alaba bat bezela dan onekin?

Pantxika.- Bai... Zurekin, bai.

(Besarkatzen dira)

Apaiz j.- Irurak, beragaz, otoi egin dezagun.





EZKUTA-ZAPIA JEXTEN DA

LENENGO EGINTZAREN AMAIA









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org