 |
|
 |
 |
|
Irugarren Egintza
Eskuiean Ramuntxo’ren etxeko aurrea. Bere erdian ate bat. Atze guzia ixten duela orma bat. Orma onek, betik gora gizon baten neurria izango du. Onen aurrean arrizko malla antzeko bat, bai esertokitzat, baita ere bere gañetik beste aldea ikusteko. Oso atzean mendiak eta abar. Ezkerrean orma batean sarrerako atea. Gañerakoan zugatzak eta abar. Egunez da.
Lenengo Irudia I
Itxua, bereala Ramuntxo
Ezkuta-zapia igotzen danean, Itxua zaoro (látigo) bat bizkarretik zintzilik duela, ezkerreko atetik sartzen da. Eskuiko atea itxia egongo da, bertan kaskateko txiki batzuek ematen ditu, ta ixil antzean deitzen du.
Itxua.- Ramuntxo... Ramuntxo...
(Eskuiko atea iriki ta Ramuntxo agertzen da).
Ramuntxo (Jakin nairik).- ¡A! ¡Itxua! ¿Zertan gera?
Itxua.- Egiña ziok. Zaldiak, gurdia ta gidaria (bere burua erakutsiaz) gertu zioztik.
Ramuntxo (Poz pozik).- Azkenean ere artaratu aiz.
Itxua.- Ez berialakoan. ¡Bañan, Ramuntxo’gatik zer ez nikek nik egingo!
Ramuntxo.- Eskerrik asko.
Itxua.- Bañan, nere buruarekin gora-bera aundiak ibilli biar izan dizkiat. Itxua, nere buruari ematen niokan, i kontrabandixta aiz; bai, ta zer, erantzuten nikan, kontrabandixta bat ez dek lapurra. Bai, baña, Itxua, entzun zak ondo: ik, orain arte, guzitatik pasa dek, jateko, erateko, jazteko, apainketarako, guzitatik; guzitatik; bañan ik oraindik ez dek mojik kontrabandoan pasa. To, ala dek. Iii... igarriko diyok. Ramuntxo gizarajuak Maritxo beste ametsik ez dik. Laguntza eskatzen ziak. ¿Nola ukatu? Tira; orrela egon gabe, zirt edo zart egin zak. ¿Bai edo ez? Ara: bat, bi, iru,... ¡Egiña ziok! ¡Ramuntxo’nak! Ik nai badek, moja-etxetik aterako diat, ez Maritxo bakarrik, baita tximiniko kia ere.
Ramuntxo (Besarkatuaz).- Itxua, nere lagun zarra, ikusten diat ez dekala beñere uzten alaitasuna.
Itxua.- Ezta utziko’re. Alaitasuna galtzen duen egunean, Itxua’renak egin dik. Alaitasuna biar biarrekoa diagu, aizea bezela, argia bezela, sagardoa bezela. Ni ez nak entierro batera joaten, eta al banu, nerera ere ez nindukek joango. Malko bat ikusten badet, txukatzen lagunduko diat, bañan atsekabetik alde, alde. Itz gutxitan esateko, alaitasuna dek nere aita, nere ama, nere anaya,... nere izate guzia.
Ramuntxo.- ¡Zorionekoa aiz!
Itxua.- ¡Ta, i ez! Ordu gutxi barru, ainbeste maite dekan emakumea ire besoetan eukiko dek; etzi Santander’en itxas-ontzian zerate; andik Buenos Aires’etara... Ta bidean ezkondu nai badezute’re, apaiza ontzian izango dek noski. Orra gauza bat nik egingo ez nukena. Legorrian ezkontzeak buruko txorabioa ematen ziak, eta ¡ia, itxasoan!
Ramuntxo.- ¿Bañan uste al dek, nerekin etorri naiko duela?
Itxua.- Usteko ez diat ba. Asko aldatu bearko zikan bestela.
Ramuntxo (Buru-auste aundiarekin).- Etzekiat bada. Garaya alderatzen dijoan bezela, itxaropena aldendu egiten zaidak... ¡Berriro ikusi! ¡Nereganatu! ¡Eta betiko nerea izan!... Egia izateko zorion aundiegia dek. Bañan ez dik nerekin etorri naiko... ta orduan neretzako guzia amaitua ziok.
Itxua.- Mutil, ez aiyela orren kirtena izan. Gezurra zirudik, orrenbeste txorakerirentzat, ire buruan tokia izatea. Ez nazakela bada neri orrelakorik aitatu, ta bear danaz itzegin zagun. ¿Orain daramakan asmo onetzaz, ez al dek iñorekin itzegin?
Ramuntxo.- Arroxko’rekin eta irekin bakarrik.
Itxua.- Ederki egin dek. ¿Eta igarobideak?
Ramuntxo.- Neronekin zeuzkat, eta baita ere ontziko txartelak. Gauza bat bakarra ez zeukat oraindik...
Itxua.- ¿Zer gero?
Ramuntxo.- Nere Maritxo.
Itxua.- Ori ere laster izango dek bada. ¿Itxuak asmo batean begia jartzen duenean, utsegiten ikusi al dek beñere? Oraingoan ere ez dik utsegingo bada. Moja-etxe bat... ¡bo! Moja gajo batzuek... ¡bo! ¡Ez al dizkitek karabineruak añako biboterik izango! Ta, izanda ere ¿zer? Oituak giotzik. Ta... garaya aurrera ziak eta zaldiak kakotutzera niak. ¿Arroxko onera etortzeko gelditu al da?
Ramuntxo.- Ala esan zidak.
Itxua.- Baztar abei azken agurra egin akiotek bada, ordu-laurden bat barru emen nak nere zalburdiarekin ta. ¡Nere zalburdian! ¡Nere zaldiakin! ¡Eta ni gidari naizela! Usteko ditek aizela... ¿Nor esango det nik?... zera... Madan Panpodur.
Ramuntxo.- Agur, Itxua.
(Itxua ezkerretik joaten da.)
Bigarren Irudia II
Ramuntxo, gero Florentino
Ramuntxo (Bakarrik gelditzen danean, zigarro bat atera ta pixtuko du, bañan lenengo txupaldian botatzen du.)
Ezpa au... zalantz onek, nere barrena sutan gal gal jartzen dit... ¡Maritxo nitzaz aztu bada!... Nere naitasuna baño bere moja-aupidea nayago badu... Egia da, Itxuak dion bezela, indarrez neretu nezakela... Baña, nik nai dedana ez da bere gorputza, bere biotza baizik... eta bere biotzak... ¿len nai zuena, naiko ote du orain?
(Bakarizketa asten danean, barrenen Euskal-erriko mendi-gurdien karranka entzungo da. Karranka ori geroago ta alderago entzungo da. Geroxeago, ormaren atzetik, atzeko aldean, eskuitik ezkerrera dijoala erratz (retama) pilla bat agertuko da. Onek, Florentino’k daraman gurdiaren gaña iduritu bear du. Gañera, beyak gidatzeko Florentino’k daraman akullua ikusiko da. Erdira irixtean gurdia gelditu, ta Florentino orma gañetik agertuko da.)
Florentino (Pozez).- ¡Ramuntxo!
Ramuntxo.- ¡Florentino!... Ator.
Florentino.- Ezin nezakek. Gurdiakin niak; bei berriak dizkiat, eta ezin bakarrik utzi nezazkikek.
Ramuntxo.- Ire uste gabeko agerketak asko poztu niok; orrela azken agurra egiteko aldia eman didak.
Florentino.- ¿Bañan, egitan, ba al ua?
Ramuntxo (Samintsu).- Bai, Florentino.
Florentino.- ¿Ameriketara?
Ramuntxo.- Ameriketara.
Florentino.- ¿Aberastera?
Ramuntxo.- Ori... Jainkoak zekik.
Florentino.- Euskal-erritik orrenbeste jende joaten danean, diru asko izan bear dik an. Mutillak, ori joan bolada izaten dek emen... bañan ni ez niotek arrapatuko.
Ramuntxo.- ¿Ik ez dek, aizen baño geyago izateko zalerik, e?
Florentino.- ¿Naizen baño geyago? ¿Zertarako? Igo adi, ta begira zak.
(Ramuntxo orma gañera azaltzen da.)
Begira akiok zer bei parea; probintzian ez ziok oberik. Ukulluan beste bi bazeuzkat... banen banakuak. Gure etxea, ez diat esango jauregi bat dala; bañan gurea dek beintzat, eta besteren jauregia baño, geronen etxea nayago diagu.
Mutil koxkor, musu gorri bat, bazeukat, osasuntsuagua dek, indar batzuek bazeuzkak... laster aitari burrukan egingo ziok.
Nere emazteak berriz, egunetik egunera maiteago niok... ¿Zer geyago eskatuko diat? Ez, Ramuntxo, ez; an diru asko irabaziko dek, balitekek; bañan, gu jayo geran lur berean, gure etxe jatorrean, guretarren artean arkitzen degun zoriona, ez dek diruakin erosten dana.
Ramuntxo.- Ez noski.
Florentino.- Toki urruti ayek, gureen aldean askoz ederragoak izango dituk, ez diat ezetz esango...
Ramuntxo.- Esan zak bada, Florentino, ezetz esan zak. Ludian dan tokirik ederrena gure Euskal-erria dek. Eta gu biyon artean i aiz zoriontsuena; ik ondoena oldozten dek.
Florentino.- Orrela uste badek, ¿zergatik ua bada?
Ramuntxo.- Ni... Florentino... ludian bakarrik nagolako. I, nai izan dekan emakumearekin ezkondu aiz, eta berarekin etxea zorionaz bete dek; nik berriz... ¿aztu al zaizkik nere gertaera garratzak?
Florentino.- Izan ere. Egia dek... Ez nikan ori esan biar... Barka nazak, Ramuntxo,... asto bat nak... ez nikan ez... barka nazak.
(Geldi aldi bat. Gero, izketa aldatu nai balu bezela.)
Eta, ¿noiz ua?
Ramuntxo.- Gaur bertan, emendik pixka batera... Gaur gabean ez diat lo egingo nere jayoterrian.
Florentino.- Bada, Ramuntxo, ondo ibilli. Ta egunen batean erri onetara biurtzen baaiz, nere etxea irea dala badakik; eta txinixtu nazak, nere eskuan balego, kendu ditekan zoriona pozik emango nikek.
Ramuntxo (Esku emanaz).- Eskerrik asko, Florentino.
Florentino.- Eta, badakik, e?... ondo ibilli... lagunaz ez aztu... ta zartzaroan bada ere, oraindik berriro alkar ikusiko diagu... Besteak etortzen dituk beintzat eta... i’re etorriko aiz...
Ramuntxo.- ¿Nork zekik?... Denborarekin... Onenean...
Florentino (Kupitsu besarkatuaz).- Agur, Ramuntxo.
Ramuntxo.- Agur, Florentino.
(Besarkada luze bat alkarri ematen diote. Azkenean Florentino’k begiak garbitu, ta orma atzean jeisten da. Berriro gurdiaren karranka ots entzuten da, ta gurdia ezker aldera dijoa oso ayendu arte. Ramuntxo’k orma gañetik begiratzen dio. Karranka geroago ta urrutiago entzuten da, oso itzali arte.)
Irugarren Irudia III
Ramuntxo ta Arroxko
Ramuntxo (Malkoak txukatu ondoren ormatik jeisten da).- Maritxo’k ondo artuko banindu, ni ere zoriontsu izango nitzake.
Arroxko (Jantzi zorro bat galtzarbean duela, ezkerretik sartzen da).- Nai dekanean joango gaituk. Uste bañon beranduxeago netorrek, amak etxetik alde egiteko zai egon nakelako,... badakik, abek arrapatzeko. (Jazki-zorroa erakutsiaz.)
Ramuntxo.- ¿Zer dek ori?
Arroxko.- Beste edozeinentzat emakume jazki batzuek. Iretzat... zoriona.
Ramuntxo.- ¿Zoriona?
Arroxko.- Bai bada. ¿Zer uste ukan, nere arreba, monja jantzian Amerika’ra joango zala?
Ramuntxo (Pozturik).- ¡Bere jantziak!
Arroxko.- ¿Iri etzitzaikan batere gogoratuko?
Ramuntxo.- Ez ta jantzirik bazan ere.
Arroxko.- Ez dituk noski azkeneko erakoak izango, baña arrapatu ditudan egokienak abetxek dituk. Begira akiok. (Gorputz bat erakutsiaz.)
Ramuntxo.- ¡A zer oroipenak! Maritxo’k gorputz au zeukakan jantzia, orain iru urte, soldaruzkara joateakoan, azken agurra egin nionean. ¡Orduan, alkarganako zer naitasun bizia gure biotzetan! ¡Ordutik, zer aldaketa minkorrak! ¡Beso onetatik elduta, eleizako ateetan egon nindukan azkenengo aldiz...!
Arroxko.- Bada, berriz ere, beso onetatik elduta egongo aiz... baña Maritxo’ren besoa barrenen sartuta.
Ramuntxo.- ¿Beraz, Maritxo’k naiko duela uste dek, e?
Arroxko.- Ez diat bada usteko. Nik bazekiat nola erdi arrastaka eraman zuten; jakin diat ezin oitu dala, gabetan negarrez egoten dala... Ta ori guzia, jakiña ziok, i maite auelako dek.
Ramuntxo (Pozez zoratzen).- ¿Egietan?
Arroxko.- Bestela, ¿uste al dek laguntzen diaten bezela lagunduko nikala? Baña, bazekiat i ikusten auenean, moja-etxe ta mojak utzita, irekin joango dala.
Ramuntxo (Oso zoraturik).- Bai, bai, ongi diok. Ala izan bear dik. Nere kezkak gezurrezkoak dituk. Egia irea dek... Itxua ori ere etzetorrek berealakoan.
Laugarren Irudia IV
Lengoak eta Itxua orma atzetik
(Aldentzen dijoan zalburdi baten zintzarri otsa entzuten da.)
Arroxko.- Emen dek bera. Zintzarri oyek bere zaldienak dituk.
Ramuntxo (Asnas pozgarriarekin).- Azkenean ere!
(Etxean sartzen da. Bereala giltza batekin atera, etxeko atea itxi, ta giltza gordetzen du.)
¡Agur nere oroipenetako txokoaren orma zar maitagarriak! ¡Bigarren aldiz zuengandik aldentzen naiz, bañan, oraingoan, zuek geyago ez ikusteko onenean!
Itxua (Orma gañetik azalduaz).- Nai dezutenean etorri, emen niok ni.
(Arroxko’ri) Aizak i, Arroxko: ¿ez dakikala, or bidean, bakar bakarrik, aspaldian nai nuen bezela, nor arkitu dedan?
Arroxko.- Nere ama.
Itxua.- Ber bera.
Arroxko.- Eta bazekiat, aspaldian esan nairik aukazkikan petralkeri guziak, batean botako izkala.
Itxua.- Ez bada... orra nola gauzak izaten diran. Bakarrik zijoalako, ez nak ezer esaten ausartu. Etzak ondo iruditu. Beste bi edo iru lagunekin arkitu izan banu, entzun bearko zizkidan bada.
Arroxko.- ¿Onezkero, zertarako? Ordu gutxi barru, Ramuntxo ta nere arreba zoriontsuak izango dituk.
Itxua.- Ala dek. Goazemak, Ramuntxo.
Arroxko.- Goazemak, eta ez kezketan egon. Nere arreba ire zai dagola gogoratu adi.
Ramuntxo.- Egia diok. Maritxo nere zai ziok.
Itxua.- Ni’re bai, ire zai niok; eta zaldiak ere bai.
Ramuntxo.- Goazemak bada.
(Ramuntxo ta Arroxko ezkerretik irteten dira.)
Itxua.- ¿Ba al gera? Aide bada. ¡Yiip! ¡Karabinero! ¡Yiip!...
(Zigorraren zartada entzuten da, gero zaldien zintzarri otsa urrutiratzen dijoala ta... geldi geldirik...
EZKUTA-ZAPIA JEXTEN DA
BOSTGARREN LAUKIAREN AMAIA
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |