Seigarren laukia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Ramuntxo »  Seigarren laukia



Seigarren Laukia




Amezketa’ko moja etxeko itz-gela. Atzean sarrerako ate aundia. Eskuiean, lenengo ate bat, gero leyoa. Leyopean lurrezko pegar aundi bat. Ezkerrean, mai baten gañean, Birjiñaren irudi aundi bat, aldamenetan lorontziak lorez beteak dituela. Iruditegian zabalduak lastozko alkiak.



Lenengo Irudia I



Lekaidaba ta Sor Balentina, Asieran Maritxo ta beste Moja batzuek

Illunabarra da. Ezkuta-zapia altxatzerakoan ez dago iñor iruditegian. Gero moja bat atzean ezkerretik eskuira igarotzen da. Bereala atzeko ezkerrean Maritxo moja jantzian ta lore zuri xorta bat eskuetan duela azaltzen da, ta beste moja bat eskuiean. Alkarri agur egin ondoren, Maritxo aurrean eskuiko atetik joaten da ta beste moja atzeko ezkerretik. Maritxo’k, alde egindakoan Lekaidaba ta Sor Balentina alkarrekin izketan baletoz bezela atzeko ezkerretik sartzen dira.



Sor Balentina.- ...orra bada, emen egon dan lenengo illabeteetan, bere gogoak ain bearrekoa duen pake donea, gure artean arkitu zuela zirudien.

Lekaidaba.- Nik ez det beñere orrelakorik uste izan. Neri beti kezkatsu ta atsege iduritu zait... eta, Sor Balentina, siñetsi nazazu, gure Maria Anjelika gaxoak badu oraindik ludian espatzen duen zerbait... Orren moja-izatea, zorigaitzez, ez dakit ez ote dan gogorrean egiña ere... ¡Sor Mari Anjelika gaxoa!

Sor Balentina.- Diotenez, ezkontzeko asmoetan ibilli bear zuen, Lasarte’ko gazte batekin, pelotari bikaña, Aprika’ra joan zana... ¿nola deitzen zioten bada?

Lekaidaba.- Ramuntxo.

Sor Balentina.- Alaxen da, Ramuntxo zan.

Lekaidaba.- Orain Ramuntxo bere errira biurtu omen da, ta Sor Maria Anjelika’k jakin duen ezkero, kardaba zerbait dabilkiela iduritzen zait... Bañan, goazen gu gure egitekora. Lorontzi abei ura aldatu bear diegu. ¿Ur garbia ekarri al dezu?

Sor Balentina (Pegarra erakutsiaz).- Pegar orretan daukazu, ama.

Lekaidaba.- Ederki.

(Mai gañetik lorontzi batzuek artu, leyoa iriki ta andik ustutzen ditu. Une onetan, zalburdi baten txintxarri otsa urrutira entzuten da.)

Zalburdien bat izan bear du.

Sor Balentina.- Bai, Ama; ta etxe done onetara dator... ¿Nor izan liteke?

(Zintzarri otsa alderago.)

Lekaidaba.- Gaxo dagonen batentzat sendagai billa etorriko dira noski. Sor Balentina, guk gure lanari jarrai dezaiogun. Lorontzi au ar zaidazu.

(Lorontzi bat aurreratzen dio, baña Sor Balentina’k ez dio begiratzen ere.)

Sor Balentina.- Zaldi zintzarri oiek ez dira ezagunak... ez dute izan bear inguru abetakoak...

Lekaidaba.- Baña, Sor Balentina,...

Sor Balentina.- Ez, ama, ez; inguru abetako zintzarri otsak ongi ezagutzen ditut.

Lekaidaba.- Baña, Jaungoikoaren izenean, lorontzi oni eldu zaiozu.

Sor Balentina.- ¡A! Azketsi, Ama.

(Zintzarri otsa, moja etxeko ateetan zalburdia gelditu balitz bezela ixiltzen da. Sor Balentina, lorontzia artu arren, len bezela zalantzetan dago.)

Ara: gelditu da.

Lekaidaba.- ¿Zer gero?

Sor Balentina.- Zalburdia... Ordu abetan ¿nor izan liteke?... Inguru abetakoak ez dirala ziur nago.

(Sor Balentina’k bere zalantzakin ez du egiten gauza zuzenik. Lorontzi okerrekoak ematen eta abar.)

Lekaidaba.- ¿Sor Balentina, non daukazu burua?

Sor Balentina.- Atarian, Ama.

Lekaidaba.- Ez da ori moja bati dagokiona.

Sor Balentina.- Nor dan jakin nayak...

Lekaidaba.- Geyegizko jakin naya oben bidea da.

Sor Balentina.- Azketsi, Ama.

(Biak beren lanari jarraitzen diote, ta une onetan moja-etxeko zintzarriaren otsa entzuten da. Bi mojak arriturik gelditzen dira.)

¡Ateko zintzarria!

Lekaidaba.- ¿Zer bear ote dute?

Sor Balentina.- Inguru abetakoak ez dirala, badakit.

Lekaidaba.- Ar zazu giltza, ta nor dan ikusi zazu.

(Giltza Sor Balentina’ri ematen dio, ondoren Sor Balentina atzeko atera joan, ta an gelditzen da.)

Sor Balentina.- ¿Bañan, garai ontan, nor izan liteke?

Lekaidaba.- Zuaz, eta jakingo dezu.

Sor Balentina.- Ezin somatu det...

(Sor Balentina atzeko ezkerretik joaten da.)

Lekaidaba.- Onera norbait badator ere, gela pixka bat txukundu bearko det. Aldareko apainketak geroxeago tajutuko al ditugu. Erredura aundia izango nuke, gure Ama maitearen jai ospetsuan, bere aldarea loretegi zoragarri bat egin gabe ikusiko banu.

Sor Balentina (Berriro agertuaz).- Ama,... Mutil gazte bat da; bere arreba moja ikusi nai omen du.

Lekaidaba.- ¿Eta arreba moja ori, nor da?

Sor Balentina.- ¡A! Ez naiz galdetzea gogoratu. Azketsi, Ama.

Lekaidaba.- Dana dala, datorrela.

Sor Balentina.- Nik esan bezela, ez da inguru abetakoa...

Lekaidaba.- Datorrela esan det.

Sor Balentina.- Bereala, Ama. (Joaten da.)

Lekaidaba.- Sor Balentina'k bezela, nik ere nere buruari galdeera bera egin bearko diot: ¿nor izan liteke? Gure moja baten anaya... Anayak dituzten mojak bat baño geyago badira. ¿Nor izan liteke?

(Illuntzen dijoa. Gizon oin otsa entzuten da.)

Dana dala, emen da bada.

(Sor Balentina aurretik dala Arroxko atean agertzen da.)



Bigarren Irudia II



Lengoak, Arroxko, Ramuntxo ta Maritxo.

Arroxko.- Arratsaldeon.

Lekaidaba.- Baita zuri ere.

Arroxko.- Arrebarekin egon nai nuke... Ikusi al baledi...

(Arroxko pixka bat aurreratzen da. Ramuntxo atzean illunpetan gelditzen da.)

Lekaidaba (Baretsu).- ¿Nor da ikusi nai dezuna? ¿Nor da zure arreba?

Arroxko.- Nere arreba, Maritxo da; zuek emen Maria Anjelika deitzen diozutena.

Maritxo.- ¡A!

(Maritxo’k eskuiko gelatik Arroxko’ren itzak entzun ditu, ta oju bat egin ondoren, eta eskuetan lore zuri batzuek dituela agertzen da.)

Lekaidaba.- ¡A! Sor Maria Anjelika, zure anaya degu emen... Ongi etorria izan zaite. Aurrera, aurrera, adiskide onak,... aurrera biak, atze ortan beste bat dagola ikusten det eta...

(Biak sartzen dira. Maritxo’k Ramuntxo ikusten du; ta larriarekin loreak eskuetatik iges egiten diote.)

(Sor Balentina’ri)

Sor Balentina, pedarra eraman zazu emendik.

(Sor Balentina pedarrarekin atzetik joaten da. Lekaidabak alkiak aurreratzen dizkie.)

Exeri zaitezte. Guztiak exeri gaitezen.

(Lekaidaba ta Arroxko exertzen dira. Ramuntxo zutik gelditzen da. Maritxo alki gañean jartzen da, erori balitz bezela, ta burua bera ta iñori begiratu gabe gelditzen da. Geldi aldia.)

Bañan, iya illunpetan gaude emen. Bigar Dagonillaren amabosta. Egunak laburtzen dijoazela nola ezagun dan.

(Altxa ta Maritxo’ri)

Itxoin pixka bat, Sor Maria Anjelika, argi bat ekartzera nua ta. Orrela zure anayaren arpegia obetoago ikusiko dezu.

(Lekaidaba atzetik joaten da. Arroxko altxa, Ramuntxo’gana pauso bat eman eta gelditzen da. Ramuntxo’k, bere eskuetan boinari jira emanaz, Ama Birjiñaren irudiari begiratzen dio. Maritxo, len bezela, ixil eta eroria dago. Itz bat ere ez da beren artean sortzen. Geldi-aldi baten ondoren Lekaidaba argi batekin etortzen da, ta mai gañean uzten du.)

(Arroxko’ri Ramuntxo erakutsiaz)

¿Eta au?... ¿Beste anairen bat izango da noski!

Arroxko.- Ez, ama; nere lagun bat da, laguna besterik ez.

Lekaidaba.- ¿Bañan, zergatik altxa zerate? Goazen, exeri zaitezte. Anaya arrebaren aldamenean. Zu, emen.

(Arroxko Maritxo’ren aldamenean eta Ramuntxo aurrean exeri-azitzen ditu.)

Eta itzegin zazute orain zuen erriko gauzetaz... Ainbeste zer esan izango dezute... Baña, nola, ¿itzegitea lotsatu egiten al zerate? ¿Ni aurrean nagolako onenean?... Ori besterik ez bada laster antolatuko degu.

(Altxiaz) Orra bada, bakarrik uzten zaituztet, eta era ortan alkarri nai guzia esan zenezaioteke.

(Ramuntxo’gatik) Gazte au nerekin datorrela, ta baratzara joan-etorri bat egingo degu.

Arroxko.- Ez, Ama; ez dijoala nere laguna, geldi dedilla... Orrengatik ez digu ajolik.

Lekaidaba.- Ederki. Orrela biak berarekin itzegingo dezute... Or gelditzen zerate, bada,...

Bañan, au nere burua; bideko ibilketaz nekatuta, onenean egarriak zerate, ta esateko bildurrez... eta ni orretaz batere gogoratu gabe.

(Maritxo’ri) Sor Maria Anjelika, atoz nerekin, eta labetako txiki bat ekarriko diegu; orduan baliteke itzegiteko gogo geyago izatea. Goazen bada billa.

(Lekaidaba joaten da, ta bere ondoren Maritxo.)



Irugarren Irudia III



Ramuntxo ta Arroxko

Arroxko (Ramuntxo’ri alderaztuaz).- Lenago, bakarrik utzi gaituztenean, ¿esan bear iyokana, zergatik ez diok esan?

Ramuntxo.- Zergatik ez diyodan esan... uste al dek neronek ere dakidala?

Arroxko (Latz xamar).- Nik bazekiat bada. Bildurra dekalako.

Ramuntxo (Besteak bezela latz xamar).- Balitekek... ¿eta ala izanda ere, zer?

Arroxko.- Ez diat ulertzen zeren bildurra.

Ramuntxo.- Ik daukakenena. Etzakala emen ire burua arroxko egin, ni baño kementsuago ez aiz ta.

Arroxko.- Auxe ere astokeria dek bada... Ik ez badiok ezer esan bear... ¿zer egin bear diagu emen?

Ramuntxo.- Esan bear dedana esango zioat. Egin bear dana egingo diat. Ori nere egitekoa dek.

Arroxko.- Irea... ta nerea ere bai. Zerbaitetarako lau illabetean onera etorri bearrarekin jardun diagu. Zerbaitetarako onera etorri gaituk... (Eztitsuago) Ai zak: nai al dek nik esatea?

Ramuntxo.- Ez, ori ez; asarretuko nindukek. Ori, nere egitekoa dala, len ere esan diat.

Arroxko.- Bai... ta ik ixilik egon bear badek...

Ramuntxo.- ¡Laga nazak, Arroxko, laga nazak... Nere barrenen une onetan zer dabillen ik ezin ulertu dezakek...



Laugarren Irudia V



Lengoak, Maritxo, Lekaidaba ta Sor Balentina

(Maritxo ta Sor Balentina’k piñuzko mai txuri bat dakarte. Sor Balentina’k ekarriko du gañera sagardo bonbil bat. Lekaidabak gazta ta pikuak bi plateretan ekarriko ditu. Mai gañean jarriko ditu laban bat eta bi basorekin batean.)

Arroxko (Bere artean).- Auxe bear genikan orain. (Ordulariari begiratuaz) Eta orduak aurrera ziaztik.

Lekaidaba (Bonbilla iriki ta sagardoa basoetara botiaz).- Ia sagardo au zer iduritzen zaizute. Gure apaiz jaun onak egiten digun emaitz bat da. Gaxo daudenentzat urtero bonbil batzuek bialtzen dizkigu. Bañan tira, asi zaitezte, asi.

(Bi mutillak zalantzan daude.)

Ramuntxo (Erdi ixilik).- Ez, Ama; eskerrik asko.

Lekaidaba.- Eskerrak jan ta gero ematen dira. Tira goazen... (Bata bestearen aurreran exeri-azitzen ditu.)

Noiz zuen mingain oiek azkatuko ote diran zalantzaz nago.

(Maritxo’ri) Sor Maria Anjelika: gazta eman zayozute, berak artzeko ez dute kemenik izango ta.

(Maritxo’k gazta ematen diote.) Zalburdiaren gidariari labetakoa bialdu diogu... A! Zaldiaz ez naiz gogoratu. Tonino, gure astoak bere janaritik zerbait utziko die.

Arroxko.- Eskerrik asko, baña ez dute ezeren bearrik. Ostatutik gatoz, eta an sabelak ondo beteak dira. Gau guzian gelditu gabe ibiltzeko ain badute.

Lekaidaba.- ¿Gau guzian? ¿Bañan, gabaz joateko asmoa al dezute? ¿Ta orain jartzen ari duen egualdiarekin? Erokeri bat izango litzake. Ostatuan oi onak eta garbiak badauzkazute... ta apaiz jaunaren etxean ere bai.

Arroxko (Ordulariari berriro begiratu ta Ramuntxo’ri larri-keñu bat egiñaz).- Ez, Ama, eskerrik asko... zai dauzkagu... ta gañera ordua degu.

Lekaidaba.- ¿Nola, ordua? Ta oraindik Sor Maria Anjelika’ri ez dizkiozute bi itz esan. “¿Nere anaya ikustera etorriko ote zait?” zure arreba beti esaten ari zitzaigun.

(Maritxo’ri) Ta orain zeorri ere mutututa gelditu zera.

(Gizonezkoai) Tira, tira: edan zazute.

(Edaten dute. Une onetatik, Lekaidabak Sor Balentina’kin itzegiñaz, bi gizonak zaitzen ditu. Mutillak ez dute jan itxurik egiten. Maritxo zut-zutik Arroxko’ren aldamenean giza-irudi bat dirudilla dago.)

Maritxo (Arroxko’ri, il batek itzegingo luken eran).- ¿Eta ama?... ¿Etxean beti bakarrik?... Orrek nauka kezketan... Gabetan ere...

Arroxko.- Gabaz, ez. Kattalliñek gure etxean lo egiten du. Bañan, nolanai’re, bai, bakardean bizi da, ta zurekin egin zuenaz ondo damutu zayola uste det. Bere erruz, azken egunak bakartasun tamalean igaro bearko ditu.

Maritxo (Geldi-aldi labur baten ondorean, Ramuntxo’gatik dio.).- ¿Eta ori?.. ¿Errira biurtu al da berriro?... ¿Len bezela alkarrekin lan egiten al dezute?

Ramuntxo (Lenengo aldiz Maritxo’ri arpegira begiratuaz eta itz geldi ta itzalarekin).- Ez; ni, bigar, Santander’a nua, andik Amerika’ra juateko.

Maritxo.- A, bai... osaba Inazio,... nik beti uste izan det... zuk...

(Itza eztarrian iltzen zayo. Geldi-aldia.)

Lekaidaba (Alderatuaz eta latz xamar).- ¿Eta zer? ¿Ori al da itzegin biar dezuten guzia? ¿Urte betean ikusi ez diran anai arrebak ez al dute beste zer esanik?

(Maritxo, Arroxko’gandik aldendu ta iruditegian aurreratzen da.)

Ez. Au ez da gauz egokia. Urrutitik oneraño etortzea, ixilik egoteko, alkarri itzaltsu begiratzeko, nolabaiteko keñu ta iñozokeriak egiteko... Ez; ez da gauz egokia. Ta nola zuek, ixilik zaudeten, nik itzegingo det, eta argi ta garbi itzegingo det.

(Sor Balentina’ri) Sor Balentina, une batean alde egin zazu. Jaten ez duten eta itzik ere egiten ez duten gazte abekin, zerbait esan biarrean arkitzen naiz.

(Sor Balentina eskuiko atetik joaten da.)



Bostgarren Irudia V



Maritxo, Lekaidaba, Ramuntxo ta Arroxko

(Lekaidabak, Sor Balentina juan dan atea ondo itxia dagon ikusi ta ondoren oso latz itzegiten du.)

Lekaidaba.- Eta orain, gauzak garbi. (Arroxko’ri) Zu, ikusten det orren anaya zerala, Sor Maria Anjelika’ren begi berak dituzu ta...

(Ramuntxo’ri) Bañan zu, nere semea, zu Ramuntxo deitzen zera. Oker ari al naiz? Esaidazu ala etzerala.

Ramuntxo (Atsekabetua).- Bai, Ama: Ramuntxo naiz.

Lekaidaba (Zorroztasun eztitsuarekin).- Orduan, nere semea, ¿zergatik zaude emen?

Ramuntxo (Altxiaz).- ¿Ni onera etortzia billaukeriren bat al da? Ori, nere andregaya zan; eta, Ama, nere izena asmatu dezunian, zu ere jakiñen gañean zaudela garbi agiri da. Ludian etzait ezer gelditzen. Ori gabe, ez kemen, ez itxaropen, ezer ere gabe arkitzen naiz.

(Maritxo arrizkoa balitz bezela dago. Ramuntxo alderatu ta esaten dio):

Txiki txikitatik, aurtxoak giñanetik, ¿nere emazte izateko itza ez zenidan eman? Esaidazu, Maritxo..., esaidazu.

Lekaidaba (Bien tartean jarririk).- Nere seme, Maritxo’rik ez dago emen. Nere alaba Maria Anjelika’ri itzegin biar diozunean, neri Ama bezela, oni Arreba deitu biar diozu. Maritxo illa da.

Ramuntxo.- Bai, ikusten det... illa da... or dago, nere begien aurrean daukat. Bañan ori... ori ez da. Arpegi itzal ori, ezagutzen ez nauen begiratu bare ori, ez dira Maritxo’renak.

(Arroxko altxatzen da. Ordulariari begiratu bat eta Ramuntxo’ri beste bat egin eta atzera ta aurrera dabil.)

Zuek ezin ulertu zenezateke... mojak zerate... onak, txit onak, bai noski; bañan zuek ez dezute onelako atsekaberik izan, ez dezute biozkadik eraman. Gaiztoak etzeratela ikusten det... bañan neretzat errukirik izango ez dala ere bai.

(Alki gañera erortzen da; ukalondoak mayean jarri ta burua gordetzen du. Maritxo’k errosarioa eskuetan duela ixilik otoi egiten du.)

Arroxko (Ramuntxo’ri alderatuaz).- Goazemak, Ramuntxo. Gizon bezela auzi au erabakitzeko kemenik ez dek izan, gure asmoetan uts egin diagu... altxa adi ta goazemak.

Lekaidaba (Ramuntxo’gana alderatuaz).- ¡Zoro gaizoa! ¿Biozkadik ez degula beñere eraman, diozu? Ala usteko dezu zuk... Bañan orain itzegiten dizun Jaungoikoaren otsein onek berak esan lezaizuke, Jaunaren pake donean bakarrik bere biotzeko zaurientzat sendagaia arkitu zuela. Illak gaude, bai, ludirako illak; bañan, gure barrenen Jaunaren beso errukitsuak sendotu ta sutzen ditu gure biotzak, besteen atsekabeak ezagutzeko, besteen naigabetzaz kupitzeko, ta alegiñean laguntzeko.

Ramuntxo (Altxa, ta oso sutsu).- Bañan, esan zaidazu: ¿neri egin didatena ondo al dago? ¿Neri andregaya lapurtu didaten bezela lapurtzea, bidezkoa al da?

Lekaidaba.- Andregaya lapurtu zizutenean -eta zure itz berakin erantzuten dizut-, andregaya lapurtu zizutenean an egon banitz, nere aldetik ez nun orrelakorik egiten utziko. Gure Jaungoiko onak ez du orrelako garraztasunik agintzen. Bañan, seme, onera ekarri zidatenerako, ludirako illa zan, gure bizibide doneko kateakin lotua zegon.

Arroxko (Larriturik Ramuntxo’ri).- Mutil, goazemak; berriketa oyek guziak alperrikakoak dituk. Trenak ez dik itxoingo ta ontziak gutxiago.

(Ramuntxo joateko asmoan abiatzen da, bañan bat batetan biurtzen da berriro.)

Ramuntxo.- Ama, joan baño len, zuk onetsitzea nai nuke... (Maritxo’ri begira) ta orrek ere bai. ¿Geyago ikusiko ez dezuten oneri, ori ukatuko diozute?

Lekaidaba.- Nik onetsi... seme, gauza gutxi... utsa da. Biyotz osoarekin egingo nizuke... ta orrek ere bai. Baña, guri baño obetoago, gure Ama errukitsuari eskatu bear diozu. Irudi done orren aurrean belaunikatu zaite, ta bear dezun laguntza eskatzen, geok gure otoitzakin lagunduko dizugu.

(Irudiaren aurrera eraman nairik) Atoz, seme, belaunikatu zaite.

Ramuntxo (Belaunikatzera dijoala, bat batetan zutitu ta atzeratzen da.).- Ez, ez; zuengandik, ori ere iritxi gabe, joan nayago det... Zuen otoitzak ostutzea izango litzake... Ez, gorde zaizkizute... Zuek ez dakizute. Oraindik ez det guzia aitortu: ni onera, burua asmo txarrez beteta etorri naiz. (Geroago ta sutsuago) ¡Ori lapurtzeko asmoakin etorri naiz! Bestela ezin bazan, nai ta nai ez, indarrean neronekin eramateko... Bai, Ama, jakin zazu, asmo oiekin etorri naiz ni onera.

Lekaidaba.- Aur-ametsak, umekeriak. Gure Jaungoiko onak barkatuko dizkizu noski.

Ramuntxo (Sutsuago oraindik).-¡Umekeriak! ¡Aur-ametsak! Ez, Ama, gizonaren egin-gai ondo asmatuak baizik. Sei illabete bada buruan besterik ez dabilkidala. Ta gure egin gaia ondo zuzendu degu; ezer ere etzaigu aztu. Azkenean orrentzako soñekoak zalburdian dauzkagu moja-jazkia aldatzeko.

(Sakeletik paper bat ateriaz) Eta ona emen, Buenos Aires’etara joateko, ontzirako, nerearekin batean, orrentzat artu dedan txartela.

(Maritxo oso geldirik, kinkik egin gabe dago. Otoi egiten duela, ezpañetan bakarrik ezagun zayo. Maritxo’k begiratu ez arren, Ramuntxo’k txartela erakusten dio.)

Begira zazu. Irakurri zazu. Ona non jartzen duen: Mari D’etxarri.

(Papera puskatu ta Birjiñaren oñetara botatzen du.)

(Lekaidaba’ri) Bein Amerika’ra iritxi ezkero ¿moja-etxetik iges egiña zala, nork jakingo zuen? Ezkonduko giñan, besteak ezkontzen diran bezela. Lana egingo nuen gogotsu, etxean zorionaren jabe nere orrekin izateagatik... ¿Naiko ote zuen?... Orain begiratzen diot eta ez dakit. Jazki orren barrenen oso aldatu didate... Etxe onetan sartu naizenetik galdua naizela ezagutu det. Illa dago, zuk esan didazun bezela, illa; ta illa badago, ez du atsekabe garratzik izango. Ez det nai ere izaterik.

(Maritxo’ri) Ez nuke nai nik daramadan neke samiñik eramatea. Egin didazun guzia barkatzen dizut.

(Lekaidaba’ri) Ikusi dezu orain, Ama, nolako gizon onetsitzera zinjoazen. Ez; ez nazu onetsi bear. Gaizkille bat bezela alde egitea zuzenagoa da. Joango naiz, urrutira, oso urrutira, bakarrik, bakar bakarrik, iñork nere berri jakingo ez duen toki urrunean, antsi ta malko zorigaitzez iltzera.

Lekaidaba (Oso eztitsu ta kupitsu).- Seme, asmo oyek artu zenituen, bañan, ez zenituela egingo ere, ezagutuko zenuen noski. Zu bezela negar-antsika daudenagatik gure Jesus ona gurutzean il zan. Beragatik gure Ama Mariak otoi egiten du. Gure Ama on eta errukitsu au da etxe onetako zaindaria. Berak arrisku guzietatik gordetzen gaitu. Berak, etxe onetan sartu zeranian, biotza ikutu dizu.

(Ramuntxo Birjiñaren oñetara eraman nai du. Baña onek, burua beste aldera jiriaz, nai-eza azaltzen du.)

Atoz bada, seme. Berak deitzen dizu, zai daukazu, eztitsu agintzen dizu.

(Ramuntxo iya artaratua. Lekaidaba geroago ta sutsuago.)

Goazen, seme,...

(Ramuntxo, zotinka Birjiñaren aurrean belaunikatzen da. Lekaidabak Maritxo Ramuntxo’ren aldamenean belaunikatu-azitzen du, ta otoi egiten du.)

Ama Maria: barka zaiozu, beraz kupi zaite, onetsi zazu ta bere, bidalde luzean lagundu zaiozu. Gure Jesus onaren izenean eskatzen dizugu.

(Angelus eskilla entzuten da.)

(Maritxo’ri) Sor Maria Anjelika: Birjiñaren oñetan nere otoitza berritu zazu.

Maritxo (Oso otz, batere bizitasunik gabe).- Ama Maria: bere bidalde luzean lagundu zaiozu. Gure Jesus onaren izenean eskatzen dizugu.

(Ramuntxo’k oso zoraturik Maritxo’ren gerriko zintzilikakoari muñ ematen dio ta atzeko ate alderuntz juaten da.)

Lekaidaba.- Zure lagunak ordua dala dio, ta zuaz, seme. Guk guziok egunero zure alde otoi egingo degu.



Seigarren Irudia VI



Lengoak, Sor Balentina ta Mojak

(Angelus eskilla entzun ta laster Mojak eta Sor Balentina eskuiko atetik sartu ta ate beraren aurrean geldituko dira, Mojak binaka, ta azkena Sor Balentina.

(Ramuntxo atzera joaten danean, Maritxo Sor Balentina’ren aldamenean jarriko da.)

Lekaidaba (Mojai).- Sor Balentina joateko illun xamar egongo da, ta gazteetako batek atera lagundu bearko die abei. Zuk, Sor Maria Anjelika, zerorrek lagundu zayezu.

Maritxo (Oso ikaratua Lekaidaba alderatu ta belarrira).- Ama, kupitu zaite... oyekin banua, galdua naiz... ziur ikusten det, galdua naiz.

Lekaidaba (Ixil antzean).- Nolanai dala ere, alaba, zuaz. Nik agintzen dizut. Zure zoria azkeneraño jarrai zazu. Orrela zeruan aintzatuagoa izango zera.

(Ezer ez balitz bezela, ta Maritxo’ri giltza emanaz.)

Tori giltza, ta itxitzerakoan ezkerrarekin kalkatu bear dala badakizu. Ta laster etorri zaite, eguneroko otoitzak astera guaz ta.

(Gizasemeai) Sor Maria Anjelika’ren ondotik zuazte, ta Jaunaren pake donea zuekin izan dedilla.

(Bi gizonak, itzal eta geldi, Maritxo’ren ondotik joaten dira.)



Zazpigarren Irudia VII



Lekaidaba ta Lekaimeak

Lekaidaba (Joaten diranean Lekaidaba aurreratzen da, ta bat batetan ate aldera egiten du, gelditu-azitzeko bezela; bañan berriro biurtzen da.)

(Beretzat).- Ez... orrela obe da. Jaungoikoak berak erabaki dezala, ta beti, zeruan eta lurrean, bere naimena egin dedilla.

(Lekaimeai batetako gogo sutsuarekin) Belauniko, alabak, guztiak belauniko. Beartasun aundi batean guretako bat arkitzen da. Otoi gartsu bat Jainkoaren oñetara igo-azi dezagun.

(Lekaimeak, binaka, aldare aurrean belaunikatzen dira. Azkena Lekaidaba. Abesten dute:)

Lekaidaba.- O Crux,...

Guztiak.- O Crux ave, spes unica,

Lekaidaba.- Ama maitea: erdi galduan dabillen ardi atsekabea biurtu zaidazu.

(Abestuaz) Hoc...

Guztiak.- Hoc passionis tempore



Zortzigarren Eta Azkeneko Irudia VIII



Lengoak eta Maritxo

(Maritxo, lasterka, zoratua bezela, sartzen da. Lekaidabak besoak luzatzen dizkio, bañan ikusi’re gabe, Maritxo Sor Balentina’ren aldamenean belaunikatzen da).

Maritxo.- ¡Zeruko Ama laztana, emen naiz! Otsein onengana zure begi errukitsuak biurtu itzazu.

Lekaidaba (Abestuaz).- Piis...

Guztiak.- Piis adauge gratiam,

(Zalburdiaren zintzarri otsa aldendutzen dijoala entzuten da).

(Ezkuta-zapia geldi geldirik jexten asten da).

Lekaidaba.- Reisque...

Guztiak.- Reisque dele crimina.

Lekaidaba.- Te, fons...

Guztiak.- Te, fons salutis, Trinitas.

Lekaidaba.- Collaudet...

Guztiak.- Collaudet omnis spiritus:

Lekaidaba.- Quibus...

Guztiak.- Quibus Crucis victoriam

Lekaidaba.- Largiris,...

Guztiak.- Largiris, adde praemium.





EZKUTA-ZAPIA JETXI DA

AMAYA









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org