1.2. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  1.2. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Bigarren Irudia

II

Axeria eta Narxixo



AXERIA Norengana joango ote naiz? Manttoni neskazaharrak herriko izkimizki guziak jakiten ditu. Honelako emakume edo halako gizasemeren axerikeriak jakitea balitz, inork ez bezala esango lizkidake. Gauza horiek mingain muturrean edukitzen baititu. Baina, loteria… ez zait iruditzen. Norengana joango ote naiz? (Narxixo atzean eskuinetik ezkerrera doa) Eup, Narxixo!

NARXIXO Kaixo, Axeria!

AXERIA Zer habil bazter hauetan?

NARXIXO Aritxueta-ra noak, Miel Maik biga bat saltzeko daukala eta, zer ote den ikustera.

AXERIA Ederki.

NARXIXO Eta, hi, Axeria: hegazti zaila den tokian,e?

AXERIA Ez zeukaat orain burua hegaztitan.

NARXIXO Zintzurra bai ordea.

AXERIA Ezta ere, ezta ere.

NARXIXO Buru horretan zer darabilk ba?

AXERIA Nik… Loteria!

NARXIXO Mutil!… Hik diru puskaren bat jokatua izan behar duk…

AXERIA Nik, ez; baina, hemengo Joxpakiñak bai.

NARXIXO Horrena ez duk harritzekoa.

AXERIA Mila pezeta jokatzen ditik.

NARXIXO A zer goxogarria bazkalondorako.

AXERIA Numeroa ere esango diat: hamalau mila… A, ez, ez! Hamar… hamar… Hamar mila bostehun eta hogeita bat.

NARXIXO Numero polita duk… eroriz gero.

AXERIA Madrilen gaur aterako zuan…

NARXIXO Bai; gaur dik eguna.

AXERIA Donostian, honezkero jakingo ditek.

NARXIXO Donostian? Hemen bertan ere bai.

AXERIA Bai? Eta zer atera den nork uste duk esango lidakeela?

NARXIXO Hori, edozeinek. Nik, egia esan, jaramon handirik ez zioat egiten. Urtero, boxt pexetako bat Donostiako harakin lagun batekin jokatzen diat; apurren bat erori izan denean, bidali izan zidak, eta ezer bidaltzen ez duenean, kito. Baina, hori, edozeinek, edozeinek…

AXERIA Edozein horietako bat esan iezadak, galdetzera joan nadin.

NARXIXO Zein esango diat ba nik?… A! Romualdo, eliza aurrean denda duen begi oker hura…

AXERIA A, bai.

NARXIXO Hark jokatuko dik behintzat. Hark jokatzeagatik salduko likek andrea ere eta.

AXERIA Harengana joango nauk.

NARXIXO Bestea, berriz, zera, beti jokatzen duena, zera, nola den ere, zera…

AXERIA Zein?

NARXIXO Zera… Patri Kokotx.

AXERIA Baita ere.

NARXIXO A! eta orain gogoratzen nauk. Hau duk onena.

AXERIA Zein gero?

NARXIXO Elizondoko Mai Pillipa, emakume begi gorri bat…

AXERIA Bazekiat zein den.

NARXIXO Ttottatik egiten ote duen edo ez ote duen esaten ditek.

AXERIA Bai, bai.

NARXIXO Ba, horrek, Donostian izaten den kabanatik, bi errealen kutsua ekarria dik; eta bere bi errealak herri guzian zabaldu ditik. Bazekiat hiru txakur txiki, jostera etortzen diren bost neskatxen artean dituztela; Zabalegiko Kaximirak bi sagar panpandoja, eta Atanaxi Xaldagarbik kokotseko bixarrak bi erreal horietan sartuak izan behar ditik.

AXERIA Orduan, horri zerbait erortzez gero, biboteak izango dituk.

NARXIXO Badakik, e: diru gutxi, baina jende askoren artean.

AXERIA Hori duk. Horrexengana joango nauk.

NARXIXO Inork jakitez gero, horrek jakingo dik.

AXERIA Banoak ba.

NARXIXO Ikusi arte, orduan.

AXERIA Agur, Narxixo.

(Joaten dira: Axeria atzeko eskuinetik eta Narxixo ezkerretik).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org