|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
IV
Tiburtxio, Martxela. Barrendik Joxpakiña
MARTXELA Zer esan dizu amak?
TIBURTXIO Oso ondo hartu nau. Bazeneki zer poxa daukadan.
MARTXELA Nik ere bai.
TIBURTXIO Ez nik adina ordea.
MARTXELA Zuk zurea eta nik nirea.
TIBURTXIO Ez; zuk zurea eta nik biena.
MARTXELA Hori xelebrea zara, Tiburtxio.
TIBURTXIO Kanpandorreko kanpaia baino xelebreagoa.
MARTXELA Zergatik?
TIBURTXIO Kanpandorreko kanpaia beti tilin, tilin, tilin, aritzen delako; eta ni, berriz, zuri kontu potxoloak esaten; talan, talan, talan.
MARTXELA Horiek aterakaiak dituzu, Tiburtxio.
TIBURTXIO Zu barrez ikusteagatik, Martxela.
MARTXELA Hori da hori, mutilen sasoia, hori…
TIBURTXIO Bai; zuk beti esaten duzu: hori, hori, hori; eta, Txuri, gure txakurrak berriz: au, au, au…
MARTXELA Bat esan ordurako bestea. Betiko badituzu, Tiburtxio.
TIBURTXIO Betikua gure baratzeko pikua.
MARTXELA Pikua!
TIBURTXIO Bai, pikua; eta txori bat adar gainean jartzen denean, egiten du: pik, pik, pik. Eta nik esaten diot: ua, ua, ua.
MARTXELA Baina, non gordetzen dituzu horiek guztiak, Tiburtxio?
TIBURTXIO Kol… kol… kol…
JOXPAKIÑA (Barrendik) Martxela! Nahikoa duzue.
MARTXELA Bai, ama. Banoa berehala. (Tiburtxiori). Igandean etorriko zara, e?
TIBURTXIO Bai, Martxela; bezpera ondorean, plazara joan eta etorri ibiliko naiz.
MARTXELA Zergatik bertan gelditzen ez zara?
TIBURTXIO Tabernako atean dauden mutilak barre egiten didatelako.
MARTXELA Eta zer?
TIBURTXIO Niri, mutilen barreek ez didate onik egiten. Zureak bai, Martxela.
MARTXELA Zure ondoan egonez gero barrerik egin gabe egoten ez da errax.
TIBURTXIO Ezta zure ondoan ere.
MARTXELA Esaera batzuk badituzu, Tiburtxio…
TIBURTXIO Eta zuk, Martxela, algara batzuk… garak ez, gariak dira!
MARTXELA Gariak!
JOXPAKIÑA (Barrendik). Martxela! Nahikoa duzuela.
MARTXELA Bai, ama; oraintxe noa. (biak baserriko atera biltzen dira) (Tiburtxiori) Igandean dantzan egingo dugu, e?
TIBURTXIO Bai; pixka bat iluntzen hasten duenean zuregana joango naiz.
MARTXELA Betiko tokian itxoingo dizut.
TIBURTXIO A zer arin-arinak dantzatuko ditugun.
MARTXELA Baina, ez barrerik eginaraztera, e?
TIBURTXIO Ez; jendeen aurrean ez. Zer esango lukete!
MARTXELA Horrengatik bada.
TIBURTXIO Gero, etxerakoan esango dizkizut: bidean, bi idi han zeudela eta…
MARTXELA Bi idi!
JOXPAKIÑA (Barrendik) Baina, Martxela: etorriko al zara edo ez?
MARTXELA Hemen naiz, ama. (Tiburtxiori) Igande arte, Tiburtxio.
TIBURTXIO Igande arte, Martxela.
(Martxela baserrian sartzen da)
|