1.5. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  1.5. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Bostgarren Irudia

V

Tiburtxio, Axeria, Narxixo, Miel Mai eta Joxpakiña



(Tiburtxio etxe aldera hasten da, baina beti baserrira burua bihurtuaz. Atzera iristean, eskuinetik lasterka, eta eskuan paper mutur bat duela Axeria azaltzen da, eta uste gabean Tiburtxio lurrera botatzen du)



AXERIA Erori dela! Erori dela!. (Narxixo eta Miel Mai, atzeko ezkerretik etortzen dira eta Tiburtxiori altxatzen laguntzen diote).

NARXIXO Erori dela ikusi diagu.

MIEL MAI Erori, ez; bota egin dik.

AXERIA (Baserriko atera joanda) Erori dela! Erori dela! Joxpakiña! Erori dela! (Joxpakiña baserriko atean azaltzen da).

JOXPAKIÑA E?

AXERIA Erori dela!

JOXPAKIÑA Gure numeroa?

AXERIA Bai: hamabost mila…

JOXPAKIÑA E?

AXERIA Ez, ez: hamar mila… Hamar mila bostehun eta hogeita bat. Hona hemen papera. (Joxpakiñari papera ematen dio) (Narxixori) Mai Pillipak eman zidak.

NARXIXO Esan diat hark jakingo duela.

JOXPAKIÑA (Papera irakurriaz) Hamar mila bostehun eta hogeita bat. (Paperari musu emanaz) Nire Aita gureak ez dira alferrik izan.

NARXIXO Eta, zer esan dik? Asko erori zaiola edo…

AXERIA Berebizikoak.

JOXPAKIÑA Ai, Jaungoiko maitea! Zer esan ez dakidala gelditu naiz.

AXERIA Esan du dela… premio… premio… mailuketako zerbait da.

JOXPAKIÑA Mailuketa?

NARXIXO Ez zioat antzik ematen.

MIEL MAI Ezta nik ere.

TIBURTXIO Mailuketa…

AXERIA Mailuketako zerbait, bai: mailu edo maila…

JOXPAKIÑA Ez dakigu zer izango den.

NARXIXO Nolanahi dela ere, zorion.

MIEL MAI A! Bai. Zorion.

TIBURTXIO Andre Joxpakiña: zorionak.

JOXPAKIÑA Eskerrik asko.

AXERIA Nola esan duen ere… premio mailu edo, premio maila edo, premio mailo edo… ez dakit nik.

NARXIXO Ez zian ba esango: premio maiorra.

AXERIA Hori, hori! Banekien nik mailuketako zerbait zela.

MIEL MAI Aldean henbilen.

NARXIXO Orduan, Joxpakiña, berebiziko diruak badituzu.

JOXPAKIÑA Egietan?

NARXIXO Mandioan ezin kabi ahala.

JOXPAKIÑA Jesus, mila bider!

AXERIA Sekulakoak direla esan dizut.

NARXIXO Ea, Eguberrietako premio maiorra.

MIEL MAI Hori ez da “gordoa” deitzen diotena?

NARXIXO Ez ezakela “gordoa” esan , Esan ezak lodia edo gizena; eta nahi baduk, tripaundia.

MIEL MAI Nik hala aditu izan diat eta…

NARXIXO Bada, izango dituzu… bai… Zazpi milioi t’erdi pezeta. Pezetak gero!

JOXPAKIÑA Erotzeko ere bada. Barrenak jira egin behar didala iruditzen zait.

AXERIA Ez duzu horrengatik estutu behar, Joxpakiña. Jaungoikoaren laguntzarekin larritasun hauek eramaten dira.

JOXPAKIÑA Zer esan ere ezin asmatu dut. (Axeriari) Zu ere, gizajo hori nekatuko zinen.

AXERIA Arnasa hartzeko betarik gabe etorri naiz.

JOXPAKIÑA Gizajoa. Ba guztiei ere ondo etorriko zaizue eta…

NARXIXO Ez ezertan ibili, Joxpakiña.

JOXPAKIÑA (Baserrira oihuka) Martxela: ea gizon hauei ogia, gazta eta ardoa ematen dizkiezun.

AXERIA Eskerrik asko, Joxpakina. (Besteei) Goazemazue.

(Axeria baserrian sartzen da. Ondoren Miel Mai).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org