1.6. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  1.6. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Seigarren Irudia



VI

Lehengoak, Antton Miel, Martxela. Azkenean Joxe Ramon.



NARXIXO Ikaragarrizko dirutzak badituzu, Joxpakiña.

JOXPAKIÑA Bai, bai; niri behintzat ikara hezurretaraino sartu zait.

NARXIXO Ikara? Honelakoan poza izan behar da.

JOXPAKIÑA Poza eta ikara; biak, Narxixo. (Atzeko ezkerretik Antton Miel azaltzen da)

ANTTON MIEL Zer dugu, etxekoak.

NARXIXO Hator hona, Antton Miel. (Antton Miel aurreratzen da).

ANTTON MIEL Zer da?

NARXIXO Begira iezaiok Joxpakiñari, eguberrietako premio maiorra erorita.

ANTTON MIEL Makallon krixketa! Baina egia al da hori?

TIBURTXIO Bai, bai; horren numeroari erori zaio.

ANTTON MIEL (Joxpakiña marruskatuaz). Joxpa Akiña! Makallon krixketa! Hori ere badugu! (Narxixo barrez baserrian sartzen da)

JOXPAKIÑA Utz nazazu, gizona.

TIBURTXIO Utz iezaiozu, Jainkoaren izenean. (Axeria gazta eta ogia eskuetan dituela baserritik ateratzen da)

JOXPAKIÑA Lehertu behar nau honek.

ANTTON MIEL Makallon krixketa! (Axeriak Antton Miel, Joxpakiñagandik ateratzen du).

AXERIA Aizak, hi: arrantxoa han barrenean daukak.

ANTTON MIEL Baina, aditu al duk? Joxpakiñari premio maiorra. Makallon krixketa! (Antton Mielek Axeriari heltzera egiten dio, baina honek bidaltzen du).

AXERIA Han dagoela arrantxoa. Hoa hemendik.

ANTTON MIEL (Baserrira joanaz) Premio maiorra! Makallon krixketa! (Baserrian sartzen da)

JOXPAKIÑA Hori gizon aspergarria.

AXERIA Hori horrelakoa duzu. Bere nahi ona ez daki erakusten ez bada estutuaz, marruskatuaz…

JOXPAKIÑA Ni behintzat ondo marruskatu nau.

AXERIA Etxean asto koxkor bat jaio zitzaien, bere harekin txoraturik zegoen, eta egin zizkion teinkadekin belarri bat oso-osorik atera zion.

JOXPAKIÑA Niri ere, ez dakit nola bizkarrezurra atera ez didan.

AXERIA Horrelakoa da eta. (Miel Mai gazta eta ogia eskuetan dituela baserritik ateratzen da).

JOXPAKIÑA (Tiburtxiori) Hik ez al duk joan behar txurrut bat egitera?

TIBURTXIO Otordutik kanpora ez dut hartzen.

JOXPAKIÑA Mutil txintxoak horrela behar dik. Hi izango haiz, hi, gure etxerako.

AXERIA Eta non dugu Joxe Ramon?

JOXPAKIÑA Gizajoa. Etortzen denean, hark hartu behar duen zarrara.

AXERIA Ez al da etxean? (Narxixo gazta eta ogia eskuetan dituela baserritik ateratzen da).

JOXPAKIÑA Ez; bazkalondoan Goiko errota xaharrera joan da, hango aberiak nola dauden ikusi behar duela eta… baina honezkero hemen izan behar du.

AXERIA Gizajoari poz bat emateko, etortzen denean, ziririzko batzuk bota behar genituzke.

NARXIXO Zer hasi behar duk orain, ziririzko bila. Hemen, inguruan, izango duk eskopeta duenen bat, eta tiro batzuk bota ditzala.

MIEL MAI Errotaburuko Tomaxek bi kanoiko eder bat badik…

NARXIXO Ba, doala bat hara...

TIBURTXIO Ni joango naiz.

AXERIA Bai. Esan iezaiok Tomaxi, Joxe Ramon ikustean lau tiro botatzeko.

TIBURTXIO Berehala. (Lasterka joaten hasten da)

NARXIXO Hi: hago, hago! (Axeriari) Zoroa duk hura, eta Joxe Ramoni berari botako lizkiokek tiroak. (Tiburtxiori) Esan iezaiok, tiroak gora botatzeko, gora.

AXERIA Ziririzkoak balira bezala.

TIBURTXIO Bai, bai. (Atzeko ezkerretik lasterka joaten da)

MIEL MAI Horrela, ondo zegok. (Axeria baserrian sartzen da)

NARXIXO Bai, noski. Bestela ea zer negarra jarriko genukeen.

MIEL MAI Ez dugu orain negarrik behar, Joxpakiña.

JOXPAKIÑA Ez, ez; bestela ere nahikoa negar izaten da.

MIEL MAI Hori esan. (Miel Mai baserrian sartzen da)

NARXIXO Orain, egun on batzuk igarotzera egin behar da.

JOXPAKIÑA Lehenago ere ez ginen gaizki bizi, baina…

NARXIXO Orain, dirutza horrekin guziarekin hobeto ordea. (Antton Miel gazta eta ogia eskuetan dituela baserritik ateratzen da)

ANTTON MIEL Makallon krixketa! Premio maiorra! Ez duk ezer ere!

NARXIXO Hi, orain hago isilik, e?

ANTTON MIEL Bai, bai.

JOXPAKIÑA Horrek esan eta gogoratzen naiz. Papera numeroarekin nire oheburuan han dago, eta Martxelak ekar diezadala Joxe Ramon datorrenean erakusteko.

NARXIXO (Antton Mieli) Martxelari esan iezaiok oheburuko papera ekartzeko.

ANTTON MIEL (Baserrira oihuka) Martxelari: oheburuko papera ekartzeko.

AXERIA (Barrenen oihuka).Martxelari: oheburuko papera ekartzeko.

MIEL MAI (Barrenen oihuka) Martxelari oheburuko papera ekartzeko.

NARXIXO Harrera on bat egin behar diogu Joxe Ramoni. (Narxixo baserrian sartzen da)

JOXPAKIÑA Bai, gizajoari.

ANTTON MIEL Nik atzaparretan harrapatzen dudanean, a zer marruskaldia eman behar diodan.

JOXPAKIÑA Astakeriarik ez egitera, e?

ANTTON MIEL (Joxpakiñari heldu eta marruskatuaz) Helduko diot honela, eta, Makallon krixketa!

JOXPAKIÑA Egon zaitez geldirik, gizona. (Axeria baserritik ateratzen da)

AXERIA Hi, hi: geldirik egongo al haiz?

ANTTON MIEL Hau duk, Joxe Ramon etortzen denean, hari egingo diodana erakusteagatik.

AXERIA Nahikoa ikusi diagu ba, eta orain hago geldirik.

ANTTON MIEL Barrenak ematen duena duk hau… badakik…

AXERIA Barrenean, han ematen ditek eta hoa hara.

ANTTON MIEL Makallon krixketa!

AXERIA Hoa, hoa. (Antton Miel baserrian sartzen da) Hori aberia hori!

JOXPAKIÑA Purrukatu behar ninduela uste nuen.

AXERIA Izan ere, horren atzaparretan eroriz gero… (Martxela paperarekin baserritik ateratzen da)

MARTXELA Ama: hona hemen papera. (Papera amari ematen dio)

JOXPAKIÑA Ekarzu alaba, ekarzu. Hamaika Aitagure eder errezatutako papera. (Paperari muin egiten dio) (Tiburtxio atzeko ezkerretik sartzen da)

TIBURTXIO Tomaxek, esan bezala, botako dituela.

AXERIA Ongi zegok.

TIBURTXIO (Martxelari) Martxela…

MARTXELA Tiburtxio… (Biek hizketan jarraitzen dute) (Miel Mai baserritik ateratzen da).

JOXPAKIÑA Nire senarra etortzen denean, paper hau erakutsiaz azalduko natzaio.

AXERIA Eta berehala zer den antzemango dio.

JOXPAKIÑA Bai zera. Den adina ez du behintzat usteko. Jokorako oso hotza duzu. (Narxixo baserritik ateratzen da)

AXERIA Guk ere, Joxe Ramon etortzean zerbait oihu egin behar genikek.

NARXIXO A, bai! Egin genezakek: Biba loteria! (Antton Miel baserritik ateratzen da)

MIEL MAI E!… “Biba” ez zegok ondo. Izatekotan: “gora!” Euskara jatorragoa duk.

NARXIXO (Antton Mieli) Hik zer oihu egingo huke: “biba!” edo “gora!”

ANTTON MIEL Nik? Makallon krixketa!

AXERIA Bazekiat zer oihu egin behar diogun, hara: Tantarrantan!

MIEL MAI Zer da gero hori?

AXERIA Loteriako billetea erosi zen mila pezetakoak zeukana.

MIEL MAI Ederki zegok.

NARXIXO Badakizue zer oihu egin behar den: Tantarrantan!

AXERIA Ea nola egiten dugun guztiek batean.

GUZTIAK Tantarrantan!

AXERIA Goazemak orain.

(Bata bestearen ondoan lauek baserri aldera egiten dute, baina atera iristean bi tiro entzuten dira, eta guztiak bihurtzen dira)

AXERIA Hemen duk!

JOXPAKIÑA Hemen da!

AXERIA Jarri gaitezen.

NARXIXO Badakizue zer oihu egin behar den (Joxe Ramoni harrera egiteko eran jartzen dira) (Beste bi tiro entzuten dira) (Joxe Ramon atzeko ezkerretik azaltzen da)

JOXE RAMON Zer ote dute gaur tiro horiekin. (Joxe Ramon aurreratzen da)

GUZTIAK Tantarrantan! Tantarrantan! Tantarrantan!

JOXE RAMON Nire etxean guztiak erotu egin ote dira?

GUZTIAK Tantarrantan! Tantarrantan! Tantarrantan!

JOXE RAMON Zer duzue garrasi horiekin?

JOXPAKIÑA Loteria erori zaigula.

NARXIXO Premio maiorra.

AXERIA Hamazazpi mila milioi.

JOXE RAMON (Ikaraturik) E? Loteria! Loteria!… (Minak ematen dio eta erortzera doa. Besteek heltzen diote)

JOXPAKIÑA Nire senarra!

MARTXELA Aita!

NARXIXO Joxe Ramon!

ANTTON MIEL Makallon krixketa!

AXERIA Orain bai egin dugula: Tantarrantan!

Ezkutazapia jaisten da



Lehenengo Egintzaren Amaia













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org