2.1. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  2.1. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Bigarren Egintza



Iruditegia, lehenengo egintzan bezala



Lehenengo Irudia



I

Joxpakiña eta Axeria. Azkenean Narxixo.



AXERIA Eta, nola dago Joxe Ramon?

JOXPAKIÑA Ondo. Gaua hainbestean igaroa izan behar du; eta goizean oso suspertua iruditu zait.

AXERIA Halere, halere…

JOXPAKIÑA Badakizu, nola horrek jokotik ez duen behin ere itxaropenik izan, batetan entzun zuenean gure uste gabeko zori neurri gaineko hau, barrenak jira egin zion.

AXERIA Zilipurdi egiteko ere bada.

JOXPAKIÑA Neroni ere gau guzian begirik itxi gabe egon naiz. Goiz aldera, loak hartu nau nonbait… eta haiek ametsak! Alde guzietan mila pezetako billeteak ikusten nituen.

AXERIA Nahiago nuke neronek ere horrela ikusi izan banitu; eta ez izan dudan ametsa.

JOXPAKIÑA Zer amets izan duzu bada?

AXERIA Nik? emazteak erratzaren kirtenarekin hebain-hebain egiten ninduela. Eta garrasika oihu egiten zidala: zurrutak kenduko dizkizut nik. Eta guzia hemen hartu nuen baxoerdiren batengatik izango zen.

JOXPAKIÑA Baina, zuk amets hori oheratu baino lehen izango zenuen.

AXERIA Oheratu baino lehen, eta oheratu eta gero ere bai.

JOXPAKIÑA Bada, nik, mila pezetako billeteak nituen. Maindireari teink egiten nion eta billeteak barra-barra azaltzen ziren. Lastaidari heltzen nion, eta txurikinen ordez billeteak aurkitzen nituen. Eta gauza harrigarria, billete guziak, azpikoak eta gainekoak, batean ikusten nituen; guziak mila pezetakoak ziren, eta denek ertz batean jarria zeukaten: tantarrantan.

AXERIA Zorioneko tantarrantan! Horrexek buru guziak nahastu behar dizkigu.

JOXPAKIÑA Ni behintzat ondo nahastu nau. Ez dakizu zer gaua igaro dudan.

AXERIA Bai, baina, hemen gaude gu. Badakizu, Joxpakiña, zerbait behar baduzu, ez duzu agindu besterik.

JOXPAKIÑA Zure nahi ona asko eskertzen dizut.

AXERIA Triputz edo pixtola edo beste gaitz bat denean elkarri laguntzen zaio; eta honelako nahigabeetan ez laguntzez gero, auzoak noizko dira?

JOXPAKIÑA Gizajo horrek ahaleginak egiten dituzu behintzat.

AXERIA Baita egingo ere.

JOXPAKIÑA Eta, oroitzen al zara zenbat esan zuen Narxixok erori zitzaigula?

AXERIA Askoak esan zituen hark, askoak.

JOXPAKIÑA Baina, zenbat asko?

AXERIA Nik uste dut hamazazpi mila milioi esan zituela.

JOXPAKIÑA Ez zen horrenbeste. Eta gainera, isatsa ere bazuen.

AXERIA Narxixok?

JOXPAKIÑA Ez; hark esan zuen diruak.

AXERIA Egia esan, ez naiz batere oroitzen.

JOXPAKIÑA Ikusten dut, atzo gertatutakoaz, gauza batez bakarrik oroitzen zarela.

AXERIA Zer gero?

JOXPAKIÑA Emaztearen erratzaren kirtenaz.

AXERIA Ametsetan zen ordea, ametsetan.

JOXPAKIÑA Bai, bai. (Narxixo atzean eskuin aldean azaltzen da)

AXERIA A! Hara bera! Hator Narxixo, sar hadi. Bi zahagi hor zeudek, neronek ekarriak; eta beste bi ekarriko dituztela. Hator… (Axeria baserrian sartzen da. Narxixo Joxpakiñagana alderatzen da)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org