2.6. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  2.6. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Seigarren Irudia



VI

Joxpakiña eta On Braulio. Gero Axeria



(On Braulio atzeko ezkerretik azaltzen da)



ON BRAULIO Agur, Joxpakiña.

JOXPAKIÑA Ongi etorri, On Braulio. Zer dabil alderdi hauetan?

ON BRAULIO Urrutikoetxe-n izan naiz. Mañaxi zaharra ikusten.

JOXPAKIÑA Gaixoa. Zer du?

ON BRAULIO Urteak nahi baino gehiago.

JOXPAKIÑA Ondo emakume sendoa izana da bada.

ON BRAULIO Orain ere, biziari sendo heltzen dio. Uste baino hobeto utzi dut.

JOXPAKIÑA Hobe, hobe. Betor aurrera, ardo pixka bat hartuko du.

ON BRAULIO Eskerrik asko, Joxpakiña. Hartzekoak hartuta etxetik atera naiz.

JOXPAKIÑA Baina, pixka batek ez dio kalterik egingo.

ON BRAULIO Onik behintzat ez.

JOXPAKIÑA Zergatik ordea?

ON BRAULIO Neurriraino iritsiz gero, handik gorakoa kalterako bestetarako ez da. Abereek behar adina edaten dutenean, ez dute tanto bat gehiago nahi izaten. Gizonak bakarrik, abereak ez duen adimenaren jabe den gizonak, gainezka, leher egin arte, zurrutari ekiten dio.

JOXPAKIÑA Bai; berenkalte batzuk badira.

ON BRAULIO Berenkalte asko, Joxpakiña, asko. Hortik etortzen dira gero, ondoezak eta gaixotasunak. Orduan, sendalariarengana; sendalariak zuzendu ditzala tabernetako okerrak. Nik berenkalte horietako asko, tabernariarengana bidaliko nituzke. Senda ditzala tabernariak.

JOXPAKIÑA Badaki, On Braulio, zerbait pozgarri ere nahi izaten da eta.

ON BRAULIO Hori ez da gaizki, baina, bere neurrian. Benenoak ere, neurrian hartuz gero, sendatu egiten du. Edaririk onenak, neurriz gain hartzen bada, kalte handia. (Axeria atzeko eskuinetik sartzen da eta hitz eginaz baserrira joaten da)

AXERIA Txekorra eraman dut… Tiburtxioren aitari esan diot ukuiluan ondo lotzeko… Ez da gehiago etorriko.

JOXPAKIÑA Ondo da. (Axeria baserrian sartzen da) (On Brauliori) Izaten dira etxeetan ere, halako gertaera alai batzuk eta orduan…

ON BRAULIO Neroni ere, inor baino alai eta jostailuago naiz. Hori, bai, Joxpakiña. Baina, orduan ere, edaria neurrian. Beharbada, neurria pixka bat handixeagoa izan liteke, baina, neurria.

JOXPAKIÑA Loteriarena ere jakingo zuen noski…

ON BRAULIO Ez diezadazula aitatu, Joxpakiña. Horrelakorik ez da behin ere gertatu.

JOXPAKIÑA Behin ere gertatu ez dena noizbait ere gertatu behar zuen. (Honi begira berriz).

ON BRAULIO Nire bizian ez dut beste horrenbeste entzun.

JOXPAKIÑA Ez, noski. Beti aberatsak irabazten ohituak gaude eta…

ON BRAULIO Ez da hori…

JOXPAKIÑA Besteek ere zerbaitetarako jokatzen dute. (Har ezak hori).

ON BRAULIO Sari nagusiarengatik, zuek premio maiorra deitzen diozuen sari nagusiarengatik, esaten nizun…

JOXPAKIÑA Bai, ba: premio maiorra. Gai honetan ondo eskolatuak gaude, bai.

ON BRAULIO Madrilen numeroak hartzerakoan bia bataren aurrean hartu, zabaldu hori bazter guzietan; eta orain oker hartu zutela, eta bata dela biaren aurrean, eta ez bia bataren.

JOXPAKIÑA Begira beza, On Braulio: gauza horiek galtzen dutenen berriketak izaten dira.

ON BRAULIO Ez, ez. Lehenago esan zen saria zuela bostehun eta hogeita batak.

JOXPAKIÑA Ez, jauna: hamar mila bostehun eta hogeita bat.

ON BRAULIO Berdin zait.

JOXPAKIÑA Niri ez ordea.

ON BRAULIO Zabaldu zen saritua izan zela: hamar mila bostehun eta hogeita bata.

JOXPAKIÑA Bai, jauna; horrelaxe da.

ON BRAULIO Baina, orain gaztigatu dute berriro, numeroa gaizki hartu zutela, eta sari nagusia duela: hamar mila bostehun eta hamabiak.

JOXPAKIÑA Ez jauna, ez: hamar mila bostehun eta hogeita bata.

ON BRAULIO Hori da lehenbizitik zabaldu zena…

JOXPAKIÑA Eta hori da egia.

ON BRAULIO Ezetz. Orain berriro gaztigatu dutela.

JOXPAKIÑA Berriketa horiekin ez dugu zer ikusirik. Gu lehengoan gaude.

ON BRAULIO Nahi duzun bezala. Ni banoa orain… baina gero esango didazu.

JOXPAKIÑA Lehen, orain, gero eta beti, gauza bera esango dut.

ON BRAULIO Ikusiko dugu. Agur Joxpakiña.

JOXPAKIÑA Bihoa ondo, On Braulio. (On Braulio atzeko eskuinetik joaten da. Joxpakiñak pixka bat laguntzen dio eta gero bihurtzen da) Bekaizkeriak, inbidiak esanarazten dizkio. Besteren ona ezin eramana zer ote da! Horrelako gizon bati, ez nioke ezerengatik alaba emango. Lehenago neskazahar.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org